Olentzero

Ikusi duzue EITBk Olentzerori eskainitako bideoa? Nik bai, eta gustatu zait: musika polita, eta ondo uztartutako estiloak. Eskerrik asko Yera Sanchez lankideari gomendioagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Gora Abel Barriola!

Atzo galdu egin zuen lau t’erdiko finala, baina niri Abel Barriola gustatzen zait, zer egingo diogu bada! Iruditzen zait kirolari aparta dela: dotorea, gogorra, ikusgarria, ausarta… eta euskaldun petoa. Erraz identifikatzen naiz berarekin.

Horregatik, atzo bereziki eman zidan pena galdu zuenean, ez berari bestekoa hala ere —ezin izan zuen elkarrizketa amaitu telebistaren aurrean—, bai bainekien urte eta erdi oso gogorrak bizi izandakoa zela, min hartuta infernutik irten ezinik, eta hori gaindituta, lau t’terdiko finalean plantatu zelako, onenen pare.

Ez etsi, Abel, motibo asko dituzu-eta harro egoteko. Pilotari handia zara, eta txapeldun handiagoa. Biba zu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mourinho vs Guardiola

Bi entrenatzaile, bi lider, bi estilo. Bien gainean gehiago jakin guran, egun hauetan Mourinho versus Guardiola liburua irakurri dut, gustura irakurri ere, argia eta entretenigarria egin zaidalako.

Lidergoaren ikuspegitik idatzita dago liburu hau, eta horregatik egin zait interesgarri, aspalditik nuen-eta irudipena gaur egungo entrenatzaileak futbol zale handi baino dezente gehiago izan behar direla, aurrera egin nahi badute: liderrak.

Entrenatzaileak eta teknologia berriak
Atentzioa eman dit egileek zelan alderatzen dituzten bi entrenatzaile handi hauek teknologia berrien esparruarekin:

  • Futbolaren eremuan, Pep Guardiola izango litzateke Googlen tankerakoa (hurbila da, entzun egiten du, konektatu eta erabaki); Jose Mourinhok, aldiz, Apple dakar gogora (diseinua, sinpletasuna, desafioa, Jobs-en erako kontrola). Bi eredu arrakastatsu, aro berri baterako. (34. or.)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Txokolate beltzaren laudorioa

Azken urteotako aurkikuntzarik gozoenetakoa da niretzat txokolate beltza. Arratsaldero, lanetik bueltatzen naizenean, bi xerra ogi eta bi ontza txokolate hartzen ditut, baso bat urarekin, sofan jarri, jeneralean telebistaren aurrean, eta patxadaz jaten dut. Atsegin handia hartzen dut hori egiten, ohartzen bainaiz txokolateak txute moduko bat ematen didala, premiazkoa egunaren ordu horietan, nekatuta iristen naiz-eta etxera.

Gezurra dirudi, zeren urte luzeetan apenas jan dudan txokolaterik, mutikoa nintzela Aretxabaletako dentista batek esan zidanetik txokolaterik ez jateko, haginak oso ahulak nituelako. Eta zelan beldur ikaragarria nien dentistei, bada urteetan egon nintzen txokolaterik probatu barik.

Gaur egun, ostera, delicatessen moduko bat da txokolate beltza, %70koa, Eroski markakoa. Mingots puntu bat dauka, oso erakargarria. Probatu, eta esango didazue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Xabier Lete gogoan

Hiru kantari handi
Donostiako seminarioan ikusi nuen lehen aldiz Xabier Lete. Ez dok Amairu taldea hasi berria zen, eta, hastapen haietan, hiruzpalau aldiz etorri ziren apaizgaitegira ikuskizuna prestatzera. Gu mutikoak ginen, 13-14 urtekoak, eta aho zabalik jarraitzen genituen saio haiek antzokiaren goiko pasiloetatik. Han ziren Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Irigarai anaiak, Artze anaiak, Benito Lertxundi, Xabier Lete… Azken hau bereziki jostari eta zalapartasua.

Urte batzuk geroago, Garaia aldizkarian ezagutu nuen. Ni han nenbilen lanean, eta bera kolaboratzailea zen, Anjel Lertxundi eta Edorta Kortadirekin batera, besteak beste. Euskaraz zein gaztelaniaz idazten zuen. Lehendik ere banekien euskaraz oso ondo idazten zuela, baina han ohartu nintzen gaztelaniaz ere prosa ona zuela, oso ona. Garaiak bizi laburra izan zuen, ordea, eta hantxe bukatu zen gure harremana. Harrezkero, jaialdietan-eta agurtu genuen elkar, baina besterik barik.

Ameriketatik bueltan, egun batez Gipuzkoa plazan egin genuen topo, Donostian, Xabierrek ardura politikoak zituela Gipuzkoako Foru Aldundian, eta agurtu egin nuen. Harrera hotza egin zidan. Geroago pentsatu izan dut edo ez ninduela ezagutu edo, bestela, defentsiban jarri zela, pentsaturik zerbaiten eskean nindoakiola.

Azken aldiz Eskoriatzan ikusi nuen, gure fakultatera etorri zenean, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan hitz egitera. Orduan hitzaldi akademiko samarra egin zuen, nahiz eta ordu erdi bat soilik entzun nion. Egun hartakoa da goiko argazkia, Edurne Balzategik atera zuena. Uste dut argazki hori geratuko dela egun hartako oroigarri interesgarrien legez, bertan euskal kantagintzaren hiru belaunaldi agertzen baitira, bat eginda.

Iazko Gabonetan, berriz, Arantxa Iturbek sekulako elkarrizketa egin zion Euskadi Irratian. Hark bai hunkitu ninduen, bertan Xabierrek honetaz eta hartaz hitz egin baitzuen, beretzat inportanteak ziren kontuez. Atzo birritan entzun nuen elkarrizketa hori, Euskadi Irratiak errepikatu egin baitzuen ordu desberdinetan. Eta bietan hunkitu nintzen. Hona ekarri dut, nahi baduzue entzun.

Haren abestiak entzuten, bestalde, ohartu naiz Xabier Letek letra eta musika jarri dizkiela gutako askoren bizitzei. Eskerrik asko, Xabier!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Arrikrutz bisitatzen, Oñatin

Arrikrutz: bisita bukatutakoan
Atzo Oñatin izan ginen, Arrikrutzeko kobak bisitatzen. Gustura irten ginen handik, koba ikusgarria baita. Eta hori horrela da bertako azpiegitura oso ondo ipinita dagoelako, argiztapena barne. Gidaria ere ederto moldatu zen.

Eguerdian egin genuen bisita. Kanpoan 3ºC zeuden bitartean, barruan, 10ºC. Baina guk arropa egokia generaman, hotzerako aproposa. Bisita Oñatin amaitu genuen, Galicia jatetxean. Eta han ere, primeran.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Miren, Tindufera bidean

Miren etxetik irteten
Atzo arratsaldean Miren alaba eta Elorrioko lagun talde bat —ikasleak batzuk, irakasleak besteak eta herritarrak gainerakoak— Aljerrera abiatu ziren hegazkinez, Tindufera joan dira-eta. Asmoa dute astebete igarotzeko Saharako iheslarien kanpamentuetan, hango bizimodua hurbiletik bizi eta sahararrei elkartasuna adierazteko, han premiazkoa diren gaiak eramanda.

Argazkian, izeko Idoia, ama Bego eta osaba Aitorrekin, etxetik irteteko orduan. Pozik joan ziren denak, eta are eta poziago etorriko diren esperantzan gaude.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Hilobiko isiltasuna

Nahi baduzue Durango aprobetxatu liburu bat erosteko, horra gomendio bat: erosi Hilobiko isiltasuna, eleberri poliziakoa, Arnaldur Indridason idazle islandiarrak idatzia eta Julen Gabiriak euskaratua. Izugarri gustura irakurri dut.

Eskandinaviako eleberri askotan bezala, hemen ere genero indarkeriak pisu handia du, baina hemen ez dago super womanik emakumeen sufrimenduak mendekatuko dituenik, Stieg Larssonen kasuan legez. Hari nagusiaz gain, gustatu zait egileak zelan garatu dituen pertsonaien arteko harremanak. Itzulpena ere, ederra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Alarma faltsua

Atzo goizean Galdakaoko Ospitalera joan nintzen, larunbat arratsaldea ezkero min neukan-eta ezker hankan, eta min horrek antza zeukan 2004ko udan hanka berean izan nuen tronbosiarekin, bi urteko gaixoaldiaren ostean, prestatzen ari nintzela lanera itzultzeko. Orduan izan nuen tronbosi partziala ezker zainean, eta sei egun eduki ninduten ospitalean, kardiologian.

Horregatik, aurrez ez nuen baztertzen atzo ere ospitaleratzea, sei urte lehenago bezala. Zorionez baina, analitika ondo irten zen, eta medikuak egindako miaketak komentzitu zuen haragi etena izango nuela, soleo deituriko giharrean. Beraz, kriskitinak baino poziago joan nintzen fakultatera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Hizkera argiaren alde

Jon Sudupek artikulu interesgarria utzi zigun atzoko Berria egunkarian, beste bat, oraingo hau hizkera argiari buruz. Bertan, hainbat filosoforen hizkera aztertu zuen, apropos iluna: “Intelektual askok esapide misteriotsuak erabili ohi dituzte euren hitzei sakontasun itxura emateko”.

Ahal baduzue, irakurri artikulua, oso ondo eta argi idatzita. Ni bukaerako paragrafo honekin geratuko naiz, erakusgarri gisa:

  • “Ahalik eta argien hitz egin ezazu, anbiguotasunik gabe”. Argiak eta laburrak izan behar dugu. Izurriteari bezala ihes egin behar zaie mendeko perpaus nahasiei. Euskaldunok askotan lanak izaten ditugu euskarazko testuak irakurtzen. Ez dezagun premiarik gabe oztopo gehiago jarri. Ahalegindu gaitezen geure jardunaren astuntasuna arintzen. Hitz egin dezagun argi. Wittgensteinek adierazi zuen bezala, «esan daitekeena argiro esan daiteke». Eta errazkerian erori gabe.

Filosofiarako ez ezik, edozein jarduera idatzirako balio dute hitz horiek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina