Xabier Lete gogoan

Hiru kantari handi
Donostiako seminarioan ikusi nuen lehen aldiz Xabier Lete. Ez dok Amairu taldea hasi berria zen, eta, hastapen haietan, hiruzpalau aldiz etorri ziren apaizgaitegira ikuskizuna prestatzera. Gu mutikoak ginen, 13-14 urtekoak, eta aho zabalik jarraitzen genituen saio haiek antzokiaren goiko pasiloetatik. Han ziren Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Irigarai anaiak, Artze anaiak, Benito Lertxundi, Xabier Lete… Azken hau bereziki jostari eta zalapartasua.

Urte batzuk geroago, Garaia aldizkarian ezagutu nuen. Ni han nenbilen lanean, eta bera kolaboratzailea zen, Anjel Lertxundi eta Edorta Kortadirekin batera, besteak beste. Euskaraz zein gaztelaniaz idazten zuen. Lehendik ere banekien euskaraz oso ondo idazten zuela, baina han ohartu nintzen gaztelaniaz ere prosa ona zuela, oso ona. Garaiak bizi laburra izan zuen, ordea, eta hantxe bukatu zen gure harremana. Harrezkero, jaialdietan-eta agurtu genuen elkar, baina besterik barik.

Ameriketatik bueltan, egun batez Gipuzkoa plazan egin genuen topo, Donostian, Xabierrek ardura politikoak zituela Gipuzkoako Foru Aldundian, eta agurtu egin nuen. Harrera hotza egin zidan. Geroago pentsatu izan dut edo ez ninduela ezagutu edo, bestela, defentsiban jarri zela, pentsaturik zerbaiten eskean nindoakiola.

Azken aldiz Eskoriatzan ikusi nuen, gure fakultatera etorri zenean, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan hitz egitera. Orduan hitzaldi akademiko samarra egin zuen, nahiz eta ordu erdi bat soilik entzun nion. Egun hartakoa da goiko argazkia, Edurne Balzategik atera zuena. Uste dut argazki hori geratuko dela egun hartako oroigarri interesgarrien legez, bertan euskal kantagintzaren hiru belaunaldi agertzen baitira, bat eginda.

Iazko Gabonetan, berriz, Arantxa Iturbek sekulako elkarrizketa egin zion Euskadi Irratian. Hark bai hunkitu ninduen, bertan Xabierrek honetaz eta hartaz hitz egin baitzuen, beretzat inportanteak ziren kontuez. Atzo birritan entzun nuen elkarrizketa hori, Euskadi Irratiak errepikatu egin baitzuen ordu desberdinetan. Eta bietan hunkitu nintzen. Hona ekarri dut, nahi baduzue entzun.

Haren abestiak entzuten, bestalde, ohartu naiz Xabier Letek letra eta musika jarri dizkiela gutako askoren bizitzei. Eskerrik asko, Xabier!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude