Tu quoque, Odon?

Donostiako alkate hogei urtez izanda, eta sinistuta berriro irabaziko zituela joan den igandeko hauteskundeak —beste askok ere horixe uste genuen—, Odon Elorza eskuzabal agertu zen donostiarren artean. Halaxe idatzi zuen bere blogean, fair play dotoreaz:

  • Respeto a la lista mas votada por la ciudadanía, de manera que ya anuncio que no pactaré con nadie para quitar la Alcaldía al candidato-a de dicha lista. Solo aspiraré a la Alcaldía si somos la lista mas votada. Dudo que otros puedan decir lo mismo.

Atzo, berriz, eta behin hasierako ezustekoa igarota, ez zigun esan, bada, ezetz, goiko hori adierazi zuenean ez zela ari Bilduri buruz, artean Bildu legeztatu barik baitzegoen, eta orain ahaleginak eta bost egingo dituela Bilduri alkatetza kentzeko, oso kezkatuta dagoelako Donostiaren etorkizunaz?

Twitter-en haserre galanta eta katxondeo latza eragin du Donostiako azken alkatearen txiribueltak. Ez da gutxiagorako. Nik, egia esan, ez nuen espero horrelako itsusikeria bere partetik. Hala ere, egia baldin bada EAJk esan duena, uste dut bere zoria erabakita dagoela. Alea jacta est.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Etorri zatoz ala joan zoaz?

Atzo bi lankideren arteko elkarrizketa entzun nuen telefonoz, kafea hartzekotan zirela. Halako batean, batek galdetu zion besteari: “Hator ala hoa?”, eta arraroa egin zitzaidan, hori esateko, bizkaieraz behintzat, guk aspalditik erabili baitugu beste esamolde hau, orain urte dezente Derion ikasitakoa, euskara berreskuratzen hasi ginenean: “Etorri hator ala joan hoa?”.

Ez dakit beste euskalkietan zelan adierazten duten une berezi hori, non ez baitakigu laguna etorri datorren ala joan doan, egoera anbiguoa delako. Badakit, ordea, bizkaierazkoa formula dotorea bezain eraginkorra dela, eta euskara batuan ere balio lezakeela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Nire botoa

Bildu legeztatu zutenean, izugarri poztu nintzen, pentsatu bainuen aro berri bat ireki zitekeela Euskal Herriko politikan. Hala ere, maiatzaren 22an Aralar izan zen nire aukera. Eta ez naiz damutzen, nahiz eta ikusi Bildu eta Aralar artean 7 eta 1eko proportzioan egon zirela botoak, hor nonbait.

Orain hamar urte Aralarrek bide politikoen alde egin zuen, garbi, eta banandu egin zen Batasunetik. Artean ni ez nengoen ez batean, ez bestean —gaur ez nagoen legez—, baina niretzat oso garrantzitsua izan zen erabaki hura. Eta, harrezkero, Aralarri eman diot botoa hauteskunde gehienetan. Euskaltzaleak dira, ezkerrekoak, eta jokatzen dute errespetuz eta errealismoz. Gauza guztietan ez nago ados eurekin, baina azken aldi honetan aukera hori aurkitu dut hurbilen nigandik.

Eta Bildu? Bi urtean erakutsi beharko du gai dela koalizio bat lideratzeko, bidelagunak zaintzeko, aurkariak errespetuz tratatzeko, koalizio zabalagoak lantzeko eta malgutasunez jokatzeko. Barruan ere, ikustekoa izango da zelan moldatzen diren guardia zaharra eta aurpegi berriak. Koalizioak eskuzabaltasunez jokatzen badu, sari are handiagoak jasoko ditu, joan den igandekoa baino. Aitzitik, harrokeriaz ibiliz gero, atzera egin lezake.

Susmoa dut ezker abertzalearen balizko batasuna ere faktore horien pean egongo dela. Nire botoa ere bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 8 iruzkin

Partitokrazia Euskal Telebistan

Atzo iluntzean haserretu egin nintzen Euskal Telebistarekin, berau erabili bainuen batez ere udal eta foru hauteskundeen jarraipena egiteko. Eta haserretu egin nintzen politikariei eman zien protagonismo neurrigabeagatik.

Atzokoan ez zen nahikoa izan gauan barrena zuzeneko konexioak egitea alderdi politikoen egoitzekin, beraien iritziak jakiteko. Horrezaz gain, lehen kateak bost politikari eraman zituen platora, hor ere monopoliza zezaten iritzia. Eta, zelan ez, hainbat momentutan, ETB1eko platoak oilategi bat ematen zuen, politikariak elkarri mokoka.

Hain zaila da soziologo, politologo, kanpainetan aditu eta kazetari zenbait eramatea platora, lagun diezaguten ulertzen emaitzak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Ez dago zerurik. Horiek maitagarrien ipuinak dira

Beste behin, Stephen Hawking zientzialari britainiarrak hautsak harrotu ditu, oraingoan The Guardian egunkarian egindako adierazpenekin. Esan du ez dagoela zerurik, hori dela maitagarrien ipuin bat, iluntasunari beldurra dion jendearentzat. Hona hemen esaldia, hitzez hitz:

  • Garuna ordenagailu moduko bat da, eta bere osagaiek pot egiten dutenean ez du lan gehiago egingo. Ez dago zerurik edo hil ondoko bizitzarik ordenagailu apurtuentzat; hori da maitagarrien ipuin bat, iluntasunari beldurra dion jendearentzat.

Hogeita bat urte zituela, esklerosia diagnostikatu zioten Hawking gazteari, eta, gehienez jota, bi urteko bizi-itxaropena eman. Horregatik berak dio azken 49 urte hauetan —69 urte ditu gaur egun— heriotza oso gertu sentitu duela. “Ez diot beldurrik hiltzeari, baina presarik ere ez dut hiltzeko. Hori baino lehenago, gauza asko egin nahi ditut”, adierazi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kable bidezko telebistaren argi-ilunak

Pare bat aste izango dira kable bidezko telebista dugula etxean, Euskaltelen kablea sartu digute-eta atarian. TDT aparailua kendu eta kable bidezko telebista ikusten dugu orain.

Alde onak
Kable bidezko telebistak baditu alde onak:

Alde txarrak
Gezurra dirudi, baina kable bidezko telebistak badu alde txar nabarmen bat:

  • Ez du aukerarik ematen filmak, dokumentalak eta telesailak jatorrizko hizkuntzan ikusteko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Artikuluak ere, Kindlen

Twitter-en jakin nuen —beste behin, zenbat informazio interesgarri jasotzen dudan Twitter-en—, Mikel Lizarralde lagunari esker, jakin nuen badagoela aplikazio bat, Send to Kindle, aukera ematen duena, erabiliz gero Google Chrome nabigatzailean, webgune batean irakurritako artikuluak Kindle irakurgailu digitalean gordetzeko.

Etxean ez daukat Google Chrome, nire macintosh ordenagailua zaharra baita, baina lanean PC bat daukat, eta hor bai. Hortaz, di-da instalatu nuen Send to Kindle Chrome nabigatzailean, eta berau sinkronizatu Amazonen zerbitzuarekin. Atzo bertan, proba bezala, Nicholas Carr-en artikulu ospetsu bat bidali nuen nire ordenagailutik Kindle-era, Is Google Making Us Stupid?, nahi dut-eta berau hor gordeta eduki. Etxeratzerakoan, Kindle piztu, sinkronizatu, eta ziztu batean jaitsi zen goizean bidalitako artikulua.

Probak sekulako poza eman zidan, hemendik aurrera artikulu luze eta interesgarriak ere gorde ahal izango ditut nire Kindlen. Era horretara, nire irakurgailuak badu balio erantsi bat, lehen ez zuena, ez behintzat modu automatikoan eta doan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Kartel baten harira

Atzo, espetxetik irten berritan, Ander Errandoneak kartel bat erakustsi zuen, eskuz egindakoa. Bertan botoa eskatzen zuen Bildu koalizioarentzat. Kartelak bi elementu grafiko nagusi zituen: hainbat esku bozkatzen hautestontzi batean eta esaldi bat: “Independentzia eta sozialismoa”. Horrek sekulako gaitzezpenak ekarri ditu, baita lehendakariaren partetik ere, eta zutik jarri du Espainiako prentsa, betikoa.

Zer dela eta? Nik argazki horretan ikusten dut hiritar bat, bere eskubide zibil guztien jabe, adierazten duena nori eman nahi dion botoa udal hauteskundeetan. Ander Errandoneak 25 urteko kondena bat egin izana ETAko kide izateagatik ez du aldatzen aurrekoa, bete beharreko zigor guztiak bete dituelako, eta bere eskubide zibilen jabe delako. Bilduk, bestalde, ez dauka zer ikusirik Errandonearen adierazpenarekin.

Bildu legeztatu izanaren ajea oraindik gainetik kendu ezinda dabiltza betikoak eta atzoko eta gaurko hautsak horren harira ikusten ditut: edozer gauzaren bila dabiltza Bildu hauteskundeetatik kanpo uzteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Inoren musikan dantza egiten

Atzo liburu bat erosi nuen, Itzalak harturik, Kepa Larreak idatzia, eta lehen atalean Mikel Atxagaren aipu bat aurkitu dut, atentzioa eman didana:

  • Gorriekin bat egin omen zuten euskaldunek munduko katolikorik sustuenak eta zintzoenak zirela erakutsi behar izan zuten Erroman eta Eliza osoan, gerra aurretik, gerratean eta gerra ondoan. Geroxeago, munduko marxistenak, ezkertiarrenak eta aurrerakoienak ginela erakutsi behar izan genuen. Larderiaren kontrako borrokalari trebe, ausart eta bortitzenak ginela hurrena. Orain, berriz, demokratenak garela erakustera behartu gaituzte. Hau da bestek jotako soinuarekin dantza egin beharra beti! (17. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bildu, hauteskundeetan

Azkenean, zentzua zabaldu da, eta Bildu hauteskundeetan izango dugu. Pozten naiz, ez bainengoen bat ere seguru zer gerta zitekeen. Gauzak ederto asko lerra zitezkeen alde batera, zein bestera.

Gure txikian, Twitter manifestazio handi bihurtu genuen bart gauean, eta horren froga, #freebildu etiketak lortu zuen oihartzuna. Aspaldiko partez, inork ez du beharko bizkarzainik eta inor ez da baztertua izango bere iritzietatik.

Erabaki inportantea izan da, eten duelako orain arteko gurpil zoroa. Ea honek balio duen ETA behin betiko desager dadin. Zorionak denoi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin