Bildu, hauteskundeetan

Azkenean, zentzua zabaldu da, eta Bildu hauteskundeetan izango dugu. Pozten naiz, ez bainengoen bat ere seguru zer gerta zitekeen. Gauzak ederto asko lerra zitezkeen alde batera, zein bestera.

Gure txikian, Twitter manifestazio handi bihurtu genuen bart gauean, eta horren froga, #freebildu etiketak lortu zuen oihartzuna. Aspaldiko partez, inork ez du beharko bizkarzainik eta inor ez da baztertua izango bere iritzietatik.

Erabaki inportantea izan da, eten duelako orain arteko gurpil zoroa. Ea honek balio duen ETA behin betiko desager dadin. Zorionak denoi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Florentinoren esnetegia

Josep Guardiola Bartzelona futbol taldeko entrenatzaileak horrela izendatu zituen, central lechera, Real Madrilen sokako hedabideak, madrildarren jantzia zuria baita, esnearen kolorekoa. Astearteko prentsaurre entzutetsuan adierazi zuenez, Madrilgo esnetegia oso indartsua da, eta horretaz baliatzen da Jose Mourinho bere mezua zabaltzeko.

Hasi naizenean zerrendatzen zer hedabidek osatzen duten Florentinoren esnetegia, konturatu naiz ia bat datorrela Brunete mediatikoarekin, hedabide multzo bat nabarmendu dena gogor egiteagatik euskal nazionalismoaren kontra, nahiz eta esnetegia gehiago kokatzen den Madril inguruan. Biak ala biak —Florentinoren esnetegia eta Brunete mediatikoa— nazionalismo espainiarraren defendatzaile sutsuak dira.

Gure garaiko Voldemort edo Darth Vader bailitzan (haiek bezala, beltzez janzten da bera ere), Jose Mourinhok trebetasun handiz erabiltzen du Florentinoren esnetegia arbitro zein futboleko estamentuetan eragin eta bere aurkari nagusiaren lorpenak zikindu eta gutxiesteko. Sekulako abilezia du beti Barçaren alde iluna proiektatzeko, horretarako egi-erdiak erabili behar baditu ere. Horretan, bidelagun txintxo du kiroletako Brunete mediatikoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Agur, Benidorm!

P1020147
Aurten ere astebete egin dugu Benidormen, igandetik igandera. Iaz gustura ibili ginen han, eta aurten, errepikatu nahi izan dugu esperientzia. Oraingoan hotel apal batean izan gara, Hotel Internacional izenekoa. Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu, prezio onean. Eragozpen bakarra, gauak: gure logelak alde zaharreko kale nagusira ematen zuenez, sekulako zarata nozitu behar izan dugu. Bestela, ondo.

Goiz jaiki eta lasterka egitera joaten ginen Sartaldeko hondartzara, 40 bat minutu joan-etorrian. Ondoren, luzatze-ariketak, dutxa eta gosaltzera. Ordenagailua hartu eta liburutegira, apur bat nabigatu eta irakurtzera.

Lagunekin elkartu eta txikiteoan ere ibili gara, neurriz, badaezpada ere. Txokolatea eta txurroak ere probatu ditugu, onak. Baita Asturiasko sagardoa ere.

Atzo itzuli ginen, autobusean hamar ordu eginda, baina entretenituta, asko irakurri bainuen: eguneko bi egunkari, National Geographic azkena, eta beste hainbat aldizkari. Flickr-en ezarri ditut Benidormen ateratako argazkiak, inork ikusi nahi izanez gero.

Behin etxean, sakon egin dugu lo, etenik barik. Ariniketan ere egin dut, baina euripean; zerikusirik ez Benidormeko ariniketaldiekin. Hala ere, pozik, oraindik astebete dut-eta fakultatera itzuli aurretik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Bergarako Gaztetxean

Txapa Irratian
Larunbata egun emankorra izan zen guretzat, batez ere arratsaldea. Anaia Ramonen erakusketa ikusi ondoren, Gaztetxera joan ginen, Bergaran bertan, eta han jendea jo eta ke lanean ikusi genuen, musika jaialdi bat prestatzen.

Gure zorionerako, bertan Ander Bolibar aurkitu genuen, nire ikasle ohia, hura ere lanean, eta berak gidatu gintuen Bergarako kartzela zaharrean barrena, bertan dago-eta gaur egun Gaztetxea. Angiolilloren ziega ikusi genuen, gaur egun gaztetxeko liburutegi bihurtua, espetxe zaharreko galeria, sukaldea eta Txapa Irratia.

Denok ere harrituta geratu ginen zelako lana egiten duten Bergarako Gaztetxean. Bejondeiela!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Ramon Aranzabalen estudioan

P1020136
Larunbat arratsaldean Bergaran izan ginen, Ramon anaiaren erakusketa bat ikusten, hil honen amaiera arte Nahikari tabernan baitauka erakusketa. Bestelako erakusketa esan behar, oraingoan erabat aldatu baitu estiloa Ramonek: alde batera utzi ditu kolore biziak eta buru-belarri sartu da zuri-beltzezko eremuetan.

Nahikari taberna berezia da, sortu zenetik 80. hamarraldian, aukera ematen die-eta Bergarako pintoreei bertan erakusteko beren lanak. Hantxe daude Ramonenak ere, eta hantxe izan ginen lagunarte ederrean.

Ondoren Ramonen estudiora joan ginen, eta, egia esan behar badizuet, harri eta zur geratu nintzen ikusita zelako lanak egiten ari den Ramon. Uste dut orain ari dela unerik emankorrena bizitzen, pinturari dagokionez, behintzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Txantxibiri aurrera doa

Txantxibiri, aurrera
Noiz edo behin argazkiren bat ateratzen dut Txantxibiri kalean, gordetzeko zelan doazen lanak. Gaur goizean, ikusi dudanean auto bat zetorrela —pentsatu dut udaltzainak zirela—, argazki bat atera diot. Ertzaintzarena zen, ordea.

Autoa nire parera iritsi denean, geratu, ertzain bat irten eta nortasun txartela eskatu dit. Ea zergatik atera dudan argazki hori, etab., etab. Azkenean, barruko ertzainak ordenagailuan nire nortasuna egiaztatu ondoren, itzuli egin didate txartela, eta joan egin dira. Noiz normalduko dira gauza hauek?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Zortzigarren probintziaz, bi urte geroago

Joan den larunbatean Josi Sierra izan nuen Elorrion bisitan. Zortzigarren lurraldeaz hitz egin genuen, berak esku artean duen proiektuaz. Eta, horren barruan, 8. probintziaz galdetu zidan, orain bi urte Euskadi Irratian egin nuen irratsaioaz. Bideo honetan dago emaitza.

Harrigarria izan zen ikustea Josik zelan prestatu zuen grabazioa, di-da, Elorrioko plazan, kafea hartzen ari ginen mahaian bertan. Eguraldi zoragarria egiten zuen, eta jende asko zebilen inguruan, baina inor gutxi konturatu zen grabatzen ari ginela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Xabier Gereño

Garai batean, hainbat liburu irakurri nituen Xabier Gereñok idatzita. Euskara irakasle nintzen, eta liburu peskizan ibiltzen nintzen, gero liburuok ikasleekin erabiltzeko. Bestela ere, irakurri nizkion hainbat. Hala ere, idazle gisa ez zen nire gogokoenetakoa. Argitaratzaile gisa, berriz, mirestu egin nuen, izan zuen ausardiagatik, argitaletxe handien bideetatik irten eta bere kasara jarduteko.

Behin batean, erreportaje batean entzun nion esaten bere emaztea hil ondoren zelan hasi zen bizitzen zahar etxe batean, horrela bide zuten-eta erabakita egingo zuela bietarik bizirik geratzen zenak. Hunkitu egin ninduen gizonak, adierazpen haietan erakutsi zituen erabakimen eta apaltasunagatik.

Hemen ez diogu kasu handirik egin Xabier Gereñori, baina kanpoan gure erreferentzietako bat izan da, hainbat jendek bere metodoak-eta erabili baititu euskara ikasteko. Gizonak euskara maite zuen, eta lan piloa egin zuen euskal kulturaren alde, baliabidez urri ibili bazen ere. Nik gogoan izango dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Paseatzera

Atzo, lanetik etxera egin ondoren, eta sofan etzanda egon eta gero, bisera jantzi eta paseatzera irten nintzen. Eguraldi ederra, beroegi aukeran.

Igarri egiten dut ezker hankako galtza estua, tronboa izan ezkero janzten dudana; bero ematen du. Uda honetan, igarri egingo dut, ezin izango ditut-eta jantzi praka piratak. Hala ere, banoa.

Eroskira iritsi aurretik Josu ikusi dut, mendiko bizikletan datorrela. Geratu egin da, eta elkar agurtu dugu. Bizkar zorroan patinak dakartza, fraideetan izan da-eta, patinatzen beste lagun batzuekin batera. Berbetan hasi gara, hilabete luze bada-eta ez dugula elkar ikusi. Pozik dabil, eta halaxe esaten du. Hizketan ari garela, zaldi baten perra-hotsak entzun ditugu, arraroa Elorrion. Mutil bat pasatu da gure ondotik, zaldi dotore batean tente. Biok bat etorri gara zaldiaren dotorezia azpimarratzen.

Ima agertu da gero, Eroskira bidean. Gurekin geratu da, bera ere aspaldik ez dugu ikusi-eta. Lehen sarri egoten ginen elkarrekin, gure seme-alabak txikiak zirenetik. Nerabezaroan sartu zirenez gero, ostera, askoz gutxiago egoten gara. Horregatik izaten dira une hauek bereziak. Nik, behintzat, horrela hartzen ditut.

Elkar agurtu ondoren, bakoitza bere bidetik joan ginen, ni Txanberitik aurrera, hankak astintzera. Pozik abiatu nintzen, aspaldiko lagunak gogoan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Haurtzaroa, ustekabean

Aurrekoan, gasolina hartzen ari nintzela, hodia bere lekura itzulita, atzera begiratu eta, autoan sartu aurretik, ikusi nuen aspaldiko lagun bat, haurtzaroan nirekin eskolan ibilitakoa, baina urteak eta urteak ikusi bakoa.

Aurrez aurre begiratu, eta bere izena ozen ahoskatu nuenean, bera ere konturatu zen nor nintzen: “Aiba la ostia, Josetxu!”. Eta eskua eman genion elkarri, biok pozik topaketarekin. “Hire anaia askotan ikusten juat, baina hi, ene, noiztik ikusi barik…”. Biok lanera gindoazen, bera Logroño aldera eta ni Eskoriatzara.

Amaieran, esan zidan: “Irakurtzen jituat hire artikuluak Goienan”. Elkar agurtu ondoren, pentsatu nuen ondo geratzearren esan zuela hori. Autora itzulita, berriz, motorra pizterakoan, tok-tok kristalean. Laguna berriro. Kristala jaitsi eta berak: “Hik idatzi huen ‘Ateoa naiz, eta zer?’, ezta? Ba nik irakurri egin najuan. Oso ondo. Gero, beste baten erantzuna ere irakurri najuan, hire kontra egiten, con mala baba, ez dakik?”. Lotsatu egin nintzen, ez niolako sinistu hasieran. Argi zegoen gauza batzuk, behintzat, irakurri zituela.

Topaketa laburra izan zen, baina sekulako poza eman zidan, une labur haiek trumilka ekarri zizkidaten-eta haurtzaroko oroimenak, Musakolako eskolan genbiltzanekoak. Lanerako bidean, irribarre zabala loratu zitzaidan ezpainetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina