Japoniako tsunamia, berriz ikusia

Argazki eta bideo asko ikusi ditut Japoniako azken tsunamiaren gainean, iragan martxoaren 11koa, baina hau ikusteak korapilo bat eragin dit eztarrian, hain dira-eta ikaragarriak irudiak eta jendearen oihuak. Muino batean grabatu zen, Shizugawa institutuan, baina bukaerarako bertan zegoen jendea ere ikaratuta zegoen, ura goraino iritsiko ote zen beldurrez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gerra “profilaktikoaren” ondorioak

Bush semearen gobernua saiatu zen aurkezten Irakeko gerra liskar garbi moduan, profilaktikoa ia. Horretarako, ezkutatu egiten zituen, modu sistematikoan, hildako zibilen kopuruak. Datuak baina, argitzen ari dira, neurri handi batean Wikileaks-ek egindako filtrazioei esker.

Horrela diote David Leigh eta Luke Harding kazetariek Wikileaks y Assange liburuan:

  • A finales de 2010, IBC (Iraq Body Count) llegó a la conclusión de que el total absoluto de muertes de civiles documentadas, causadas por la violencia en Iraq desde 2003 estaban ahora entre 99.383 y 108.501. (149. or.)

Aldi horretan, 3.771 soldadu amerikar eta aliatu hil ziren Iraken, hildako guztien %3,5, hor nonbait. Inork sinisten badu gerra garbietan, pentsa dezala birritan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Souncloud: podcastak egin eta musika zabaltzeko

Aspaldi nenbilen audioak ganoraz kudeatuko zituen webgune edo zerbitzu baten bila, eta atzo aurkitu nuen, txiripaz: Soundcloud. Bi lagunek sortu omen zuten 2007an Berlinen, eta gaur egun 5 milioi erabiltzaile ditu. Hainbat aukera eskaintzen ditu, denak itxura onekoak:

  • Ahozko mezuak bertan graba daitezke, ezer igo beharrik barik.
  • Audioak ere igo daitezke, nork bere ordenagailuan edo estudioan grabatutakoak.
  • Aukera ematen du igotakoa pribatuan ala publikoan uzteko. Lehen kasuan, zerbitzuak esteka berezi bat sortzen du audiorako, lagunek entzun dezaten.
  • Sare moduan antolatuta dago, eta jendeak iruzkinak utz ditzake grabazioetan.
  • Sare sozialekin txertatuta egiten du lan, ziurtatzeko horra igotako lanek zabalkunde handia izango dutela.
  • Player ederra dauka.

Atzo bertan eman nuen izena Soundcloud zerbitzuan, eta lehen podcasta sortu nuen. Mezu bat izan zen, ingelesez, azaltzeko familia amerikar bati zelan esaten diren gure izenak, astebete barru Miren alaba eurenera joango baita hilabeterako.

Musika taldeak ere, adi, zuen afizio eta ofizioko jende asko dabil-eta hemen, beren lanak eskegitzen eta zabaltzen. Hona hemen adibide bat.
Red Bow Girl – Sapphire Powder by Vocalist Day Unvocal P

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Nik ez nuen nahi, baina…

Jokalaria zen garaian, gustuko nuen Josu Urrutia, ausarta ikusten bainuen, eta oso bat eginda Athletic-en koloreekin. Egun hauetan, berriz, ez zait bat ere gustatu zelan aurkeztu duen bere hautagaitza: “Inoiz ez dut nahi izan Ibaiganeko aulkia…”, edo “sekula ez dut izan nahi Athletic-eko presidente…”. Esaldi hutsalak, gehiago ematen dutenak politikari erdipurdiko baten aitzakia gezurrezkoak.

Horrezaz gain, zurrun ikusi dut, eta irten ezinik beste norbaitek idatzitako gidoitik. Merkadotekniaren menpe, alegia. Gustuko nuen jokalari moduan, baina ez diot itxura onik hartzen lehendakarigai bezala. Oker egongo ahal naiz!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Astotxoa, gure astotxoa…

Astoak Gazeta auzoan, Elorrion
Igande gehienetan, bazkaldu ostean, osteratxo bat egiten dugu Gazeta auzoan, Elorrion. 2.840 metro gorabeheratsu izaten dira, baina oso politak, beti dugu-eta ezusteko atseginen bat. Joan den igandean bezala, Barrutieta aldean asto hauek ikusi genituenean, lasai-lasai belarra jaten, tartean astakumea ere bazela.

Etxera iritsi nintzenean, Ipui antzeko hartu nuen esku artean, Mikel Zarateren liburu ederra, eta bertan Ekidazuko astasendia irakurri nuen, ipuin mingotsa bezain ederra.

Postdata: Beste asto bat ere etorri zitzaidan gogora, Platero, Juan Ramon Jimenezek aspaldi sortutakoa. Hona hemen lehen paragrafoa, Platero eta biok euskarazko bertsiotik hartuta, Patxi Ezkiagak itzuli bezala:

  • Platero ttikia da, iletsua, leuna; guztiz biguna kanpotik, erabat kotoizkoa dela, ez duela hezurrik emateraino. Bere begietako arbeltxezko ispiluak bakarrik dira gogorrak, kristal beltzezko kakalardoak balira bezala.

Bingen Ametzagak, berriz, 1953an horrela euskaratu zuen Platero eta biok lanaren lehen paragrafoa, Montevideon bizi zela, Urugain:

  • Txiki, iletsu, leguna da Platero; azalez hain biguina ta dana linaberazkoa dala, hezurrik ez daukala esan liteke. Haren begien azabatxezko ispiluak bakarrik dira gogorrak, bi leiarrezko kakarraldo iduri.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Angiozarren, Darwinekin

Atzo Angiozarren izan nintzen, Bergaran, bertan lurperatu zuten-eta Rufina Zubierrementeria, Zabaleta baserrikoa, emakume berezia inondik ere: irekia, alaia, eskuzabala… Laurogeita hamalau urterekin hil zen, eta, albistea jakin bezain laster, erabaki nuen hara joan behar nintzela, Rufinari agur esatera. Elizara iritsitakoan, bertan sartu nintzen, meza hasita zegoen-eta.

Eliza barruan, gogoak ekarri zidan bezperan ikusitako filma, Creation. Bertan ikusten zen zelako drama bizi izan zuen Charles Darwin-ek eboluzioaren teorian barneratu ahala, teoria hark albo batera uzten baitzuen Jainkoa, ezinbestekoa, bestalde, bere emaztearen bizitzan. Bitxia izan zen, zeren  abadeak ere gogoan izan zuen Darwin, birritan aldarrikatu baitzuen Jainkoaren egitekoa mundua sortzerakoan, eta birritan baztertu eboluzioaren egitekoa.

Elizkizuna amaituta, autorantz nindoala euripean, Rufina zenaren erretratoa ikusi nuen eskela batean, horman, eta haren irribarrearekin itzuli nintzen etxera, Darwini erakusten nizkion bitartean gure arbasoen parajeak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Zelan berreskuratu ordenagailu lapurtua

Joan den martxoaren 21ean Joshua Kaufman gazteari ordenagailu eramangarria ostu zioten bere apartamentuan, Oakland hirian, Kalifornian. Aplikazio berezi bati esker, Hidden, Joshuak ebidentziak jaso zituen lapurraren kontra, Muthanna Albedashi, 27 urteko taxi gidari bat, eta ordenagailua berreskuratu zuen.

Hidden
Hidden aplikazioak 15 dolar balio du, eta Mac ordenagailuetan soilik erabil daiteke. Aktibatzen denean, eramangarriaren nondik norakoak jasotzen ditu eta argazkiak egiten dizkio lapurrari, iSight kamera erabilita. Halaber, pantaila-argazkiak ateratzen ditu, ordenagailuan egiten diren operazioak jasotzeko.

PC Magazine aldizkariak kontatzen duenez, hasieran Joshua Kaufmanek ez zuen arrakasta handirik izan Oaklandeko poliziarekin, azken honen baliabide faltagatik. Aldiz, sortu zuenean blog bat Tumblr-en, Morroi honek dauka nire MacBooka, bertan jarrita lapurraren argazkiak, eta hasi zenean tuiteatzen horren gainean, jende askoren arreta jaso zuen, tartean Good Morning America telebista saioarena, eta, ondorioz, baita Oaklandeko poliziarena ere, zeina, orduan bai, lanean jarri zen, lapurra atxilotu arte.

Prey
Joan den hilean, bestalde, Cult of Mac aldizkariak kontatu zuen zelan Sean Power kanadarrari ordenagailu eramangarria lapurtu zioten, MacBook Pro bat. Prey aplikazioa eta Twitter erabilita, kanadarrak ere berreskuratu egin zuen ordenagailua. Prey software libreaz eginda dago, multiplataforma eta doakoa da, eta Hidden aplikazioaren antzera egiten du lan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Hezur muina Erik haurrarentzat

Erik 8 urteko mutikoa da, eta emaile baten hezur muina behar du leuzemiari aurre egiteko. Bert eta Ainhoa haren gurasoek deia zabaldu dute Euskal Herrian, anima gaitezen hezur muinaren emaile egitera, Erik-ek, eta beste askok, aukera gehiago izan dezaten.

Ni ere hezur muinaren transplante bati esker bizi naiz. 2003an egin zidaten transplantea, Fatima arrebaren hezur muina sartuta. Erik-ek ez du horrelako zorterik izan familian, baina izan lezake inguruan, gutako asko emaile egiten bagara.

Inguru hauetan Josep Carreras fundazioak koordinatzen ditu hezur muinaren emaileak nazioarteko sare zabal batean. Gure kasuan, adibidez, hiru euskaldun elkartu ginen Valdecillako Ospitalean, Santanderren, hezur muineko transplantea egitera: horietarik bik familian genituen emaileak; hirugarrenari, ordea, Alemaniatik ekarri zioten hezur muina, berearekin bateragarria.

Santanderrera egin aurretik, Fatima arrebak hainbat injekzio hartu zituen etxean, zelula amen produkzioa bizkortzeko. Eguna iritsi zenean, berriz, laupabost ordu egin zituen ohe batean etzanda Santanderko Ospitalean, beso biak zabalik. Beso batetik tutu batek odola eramaten zuen, eta beste batek odol hori itzuli beste besora. Tartean, makina batek zurrupattzen zizkion odoleko zelula amak, hezur muina osatzeko beharrezkoak. Egun batzuk geroago, hezur muin hori, hiru bat poltsatan, niri sartu zidaten, odol transfusio bat bailitzan.

Harrezkero, Fatimak ez du bat ere arazorik izan emaile izatearren. Badaezpada, bost urtez, odol analisi bat egiten zuen urtean behin, eta emaitzak Valdecillako Ospitalera bidali, han kontrola zezaten bere bilakaera, osasun sistemak zaindu egiten ditu-eta hezur muinaren emaileak.

Ni, berriz, hemen nabil, berriro bizimodu normala egiten, transplantea egin zidatela laster zortzi urte beteko direnean. Erik txikiak ere merezi du horrenbeste. Egin zaitez hezur muinaren emaile eta emaiozu bizia. Berak, eta beste askok, eskertuko dizute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Sabadell-en elastikoa

Atzo, telebista ikusten ari nintzela, une batez Eibar-Sabadell partidako irudi batzuk ikusi niituen, labur. Eta Sabadell-ekoen elastikoak ikusita, gogoratu nintzen, Sabadell-ekoa izan zela nik izan dudan futbol kamiseta bakarra.

Seminarioan nengoela, amari futbol elastiko bat eskatu nion, eta, zelan ez dakidala, Sabadell-ekoa bidali zidaten, ez titularra (zuri-urdina), baizik eta bigarrena, atzo Sabadell-ek Ipuruan jantzi zuena (publizitate barik, hori bai). Elastiko harekin jokatzen nuen, bai Saturraranen eta baita Donostian ere, gaizki, hori bai, futbolean ez bainintzen bat ere ona.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Giro bitxia Elorrion, hauteskundeak direla eta

Egun hauetan giro bitxi samarra sumatzen dut Elorrion, ezker abertzaleak alkatetza gal dezakeela-eta. Igandean Bilduk eta EAJk seina zinegotzi irabazi zituzten, nahiz eta Bilduk 200 bat boto gehiago irabazi jeltzaleek baino. PPk, azkenik, zinegotzi bat.

PPko zinegotziak dagoeneko adierazi du ekainaren 11n EAJri emango diola botoa, eta horrek asaldatu egin du ezker abertzaleko zenbait jende.

Asko baina, ez dira gogoratzen Lizarra-Garaziko itunaren garaian, indar abertzaleek akordio bat sinatu zutenean orduko hauteskundeetan errespetatuko zituztela alderdi abertzaleen arteko zerrendarik bozkatuenak, ez dira gogoratzen orduan EAJk irabazi zuela Elorrion, eta ezker abertzaleak kendu egin ziola alkatetza, bertako independenteekin hitzarmena eginda. Joseba Permach etorri behar izan zen Elorriora, bere alderdikideei eskatzera errespeta zezatela Lizarra-Garaziko alderdiek hitzartutakoa, baina alperrik. EAJk zinegotzi bat gehiago zeukan ezker abertzaleak baino, baina azken honek oposiziora bidali zituen Sabinoren jarraitzaileak.

Dozena bat urte pasatxo gertatutakoa legezkoa eta balekoa izan bazen, bi aste barru gerta daitekeena ere halakoxea izango da. Hala ere, interesgarria izango da ikustea alderdiek eta berauen jarraitzaileek zelan erantzuten duen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 8 iruzkin