Giro bitxia Elorrion, hauteskundeak direla eta

Egun hauetan giro bitxi samarra sumatzen dut Elorrion, ezker abertzaleak alkatetza gal dezakeela-eta. Igandean Bilduk eta EAJk seina zinegotzi irabazi zituzten, nahiz eta Bilduk 200 bat boto gehiago irabazi jeltzaleek baino. PPk, azkenik, zinegotzi bat.

PPko zinegotziak dagoeneko adierazi du ekainaren 11n EAJri emango diola botoa, eta horrek asaldatu egin du ezker abertzaleko zenbait jende.

Asko baina, ez dira gogoratzen Lizarra-Garaziko itunaren garaian, indar abertzaleek akordio bat sinatu zutenean orduko hauteskundeetan errespetatuko zituztela alderdi abertzaleen arteko zerrendarik bozkatuenak, ez dira gogoratzen orduan EAJk irabazi zuela Elorrion, eta ezker abertzaleak kendu egin ziola alkatetza, bertako independenteekin hitzarmena eginda. Joseba Permach etorri behar izan zen Elorriora, bere alderdikideei eskatzera errespeta zezatela Lizarra-Garaziko alderdiek hitzartutakoa, baina alperrik. EAJk zinegotzi bat gehiago zeukan ezker abertzaleak baino, baina azken honek oposiziora bidali zituen Sabinoren jarraitzaileak.

Dozena bat urte pasatxo gertatutakoa legezkoa eta balekoa izan bazen, bi aste barru gerta daitekeena ere halakoxea izango da. Hala ere, interesgarria izango da ikustea alderdiek eta berauen jarraitzaileek zelan erantzuten duen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

8 Responses to Giro bitxia Elorrion, hauteskundeak direla eta

  1. egilea: Ima

    Hala da Joxe, bazter guztietan ez dago beste gairik. Arrazoia daukazu, zerrenda bozkatuena errespetatzeko printzipio hori norberaren komenentziara erabiltzen da, hau da, komeni zaidanean bai eta komeni ez zaidanean jai.

    Inozo samarra izango naiz, baina zergatik ez Bildu eta EAJ-PNV batera gobernuan? Hainbeste aipatzen dugun herriak hautestontzietan esan du zer nahi duen, erdi eta erdi, gutxi gorabehera. Ez diezaiotela utzi herrikoa ez den PPko zinegotziari erabakitzen nor izango den hurrengo alkate. Atzo Intereconomian elkarrizketatu zuten…. beldurgarri.

    Ikuskizun dago dena. Ekainaren 11n argituko da.

     

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Nik uste dut hori konpromiso ona izan daitekeela. Eta bat dator Mikel Irizarrek dionarekin, udalbatzak ez direla parlamentuak: udaletan kudeatu egin behar da, eta onena izango litzateke lana banatzea ordezkaritza jaso duten zinegotzi guztien artean. Ikusi egin behar zer gertatzen den. Ondo segi.

  3. egilea: txantxibiri

    Joxe zeharo oker dabil bere idatzian, ezin baita manipulatu egin duen moduan. Orduan ezker abertzalea ahaleginak egin zituen PNVrekin akordio batetara iristeko, beti ere zerrendarik bozkatuena errespetatzeko printzipioan eta hau ezinezkoa izan zenez orduan beste bide bati ekin zion bertoko indepedienteekin akordio baten bidez. Oraingoan PNV hasieratik jarri da espainiako eskuin muturrekoaren eskuetan, inolako lotsarik gabe eta helburu bakar batekin,  Alkatetza edozein preziotan lortu asmoz. Bejondeiola Otaduyri bere ausardia, baina bere kurrikuluma horrela osatuko da:

    .- Legebiltzarkidea Ezker Abertzalea ilegalizatua izan zelako eta Alkatea PPren laguntzarekin.  Ederra zinez!!

  4. egilea: Laino

    Oker dabil Joxe, nere ustez PNVren alkatetza justifikatu nahi du konturatu gabe Elorrion eta Euskal Herrian haize berriak datozela.
    Ederto dakite Egibarrek, Iñigo Agirrek eta Joseba Permachek elorrioko EHk PNVri orduan egindako proposamena: Alkatetza bai, baina Arroyaberen diktadura-politika ez. Eta berriro ere…  PNVko batzuen podere-goseak irentsi zituen.
    Elorriok badaki zer gertatu zen orduan eta zer den gure herriak orain behar duena: euskaldunen arteko akordioak, Elorrixon eta Euskal Herrian.

  5. egilea: kattalin

    Lizarra-Garazi sasoian ezker abertzaleak EAJ baztertu egin eban boto gehien lortutako herri batzuetan eta Elorrixon be bai. Hori holan da eta ezin da ukatu. Inork egiten dabenian txarto dago eta norberak egiten dabenian ondo??. Ez, txarto dagona beti txarto. Bakoitzak bere akatsak onartu beharko gendukez eta aurrera begiratu. Uste dot sasoia dala politikariak herriak nahi dabena entzun eta horren alde lan egiteko, hika-mikak alde batera utziz. Zaila izango da urteetan zehar bakoitzak besteari egin deutsona ahaztea. Ez dago alderdirik ezta pertsonarik dana ondo egiten dabenik, danak daukagu gagozan egoeraren erantzunkizuna. Ezin dogu jarraitu iraganean alkarreri egindakoak aurpegira botaten, zeozer konpondu nahi badogu behintzat. Abertzaleon garaia da, herriak horrela esan eban maiatzaren 22an eta. Alkar errespetatu eta alkarregaz herriaren alde lan egiteko garaia dala uste dot, indarra horretan erabili behar da eta ez besteakatik kristonak esateko. Bakoitzak berea egin eta defendatzeko garaia da. Abertzaleok batu eta herrixaren alde egin daigun, geure hizkuntziak eta kulturiak premina ederra dauke eta.

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko Txantxibiri, Laino eta Kattalin zuen ekarpenengatik. Lehenengo biei argitu nahi dizuet ez nabilela EAJren balizko alkatetza justifikatu nahian, eta ez dudala ezer manipulatu:

    1. Lizarra-Garaziren garaian itun bat egin zen alderdi abertzaleen artean, errespetatzeko euren arteko zerrendarik bozkatuena.
    2. Urte hartan egin ziren udal eta foru hauteskundeetan, Elorrion EAJk irabazi zuen.
    3. EAJk lortu zuen ezker abertzaleak baino zinegotzi bat gehiago.
    4. Joseba Permach Elorriora etorri zen, Elorrion ere errespeta zedin ituna, Lizarra-Garaziren inguruan egindakoa.
    5. Azkenean, ezker abertzaleak eta herriko independeteek hartu zuten Elorrioko alkatetza.

    Datu horiek egiazkoak dira, eta hor ez dago manipulaziorik. Ni ez naiz sartu aztertzera ezker abertzaleak zergatik kendu zion alkatetza EAJri. Ez eta PPk zergatik emango dion —ematen badio— Eusko Alderdi Jeltzaleari.

    Kontua da orain dozena bat urte ezker abertzalea baliatu zela hauteskunde legeaz egin zuena egiteko. Hortaz, egin zuena erabat legezkoa izan zen. Eta PPk egiten badu agindu duena, izango da hauteskunde legeak aukera ematen diolako, eta hori ere legezkoa izango da, guri gustatu edo ez.

  7. egilea: petro

    Datu horiek egiazkoak dira bai, baina ez dira datu guztiak. Nik ez diot manipulatu duzunik ez behintzat intentzio hori izan duzunik baina bai arriskutsua dela datu partzialekin balorazioak egitea. Ondoko balorazioa egin duzu bukaeran: erabaki bien zilegitasuna berdina da.
    Ez dut uste horrela denik, lehenik eta behin orduan EH-k akordioa bilatu zuelako PNV-rekin eta honek ez du gauza bera egin oraingoan Bildurekin, orduan akordio nazionala zegoen eta oraingoan ez, orduan independienteekin elkartu zen EH eta oraingoan PNV PPko zinegotziaz baliatuko da…
    Gauza desberdin asko dira gauza bera dela esateko.

  8. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Petro, gutxienez intentzio txarrik ez leporatzeagatik. Hala ere, ez dut esan “erabaki bien zilegitasuna berdina dela”, baizik eta erabaki biak bata bestea bezain “legezkoak” izango direla. Uste dut balorazioak alde batera utzi ditudala. Ondo segi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude