WordPress plataforman gaude orain

Ez dakit konturatu zaren, irakurle, akaso bai. Kontua da Faroa orain WordPress plataforman dagoela, Goienak horrela erabakita. Hauxe da, hain zuzen, plataforma horretan dagoenetik bertan idazten dudan lehen mezua. Denborak esango digu zer abantaila dituen WordPress-ek.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Lance Armstrong biktima? Capone beste

Artikulu hau berez erantzun bat da, Sustatu agerkarian utzi diodana Xabier Usabiagari, “Lance Armstrong biktima da” artikuluan:

Izenburu moduan oso ondo geratzen da —“Lance Armstrong biktima da”— noiz eta Lance Armstrong txirrindulari ohiak onartzen duenean zazpi Tour irabazi zituela iruzur eginda, Armstrong bera biktimatzat aurkeztuta, “kirolean inoiz izan den biktimarik handiena, beharbada”. Mundua hankaz gora.

Bere taldekideak behartu zituena dopatzera (Tyler Hamiltonen liburua eta USADAren txostena irakurri dituenak horren adibide ugari ditu) Kristo gurutziltzatuaren parean jartzea, zergatik eta bere kideak salatuko ez dituelako, ironia lazgarria da.

Al Capone ere gizartearen biktima izan zen, koitadua, 14 urterekin eskolatik bota, eta gangsterren esku erori zen. Guk ere esan genezake garai hartan prostituzioak, xantajeak eta hilketek ez zutela gaur egungo konotaziorik. Moralki onartuta zeudela. Eta, are gehiago, beharrezkotzat jotzen zirela. Baina ez dugu horrelakorik esango, ez delako egia.

Batak zein besteak agintea erabili zuten beren mesederako, iruzur sistema bat antolatu zuten beren helburua lortzeko —agintea, ospea eta dirua—, behartu egin zituzten beren inguruko ahulenak beren nahiera lan egitera eta gizarte ustela baliatu zuten, ustelkeria gehiago zabalduz.

Baina ez kezkatu, Xabier, Lance Armstrongek oso ondo manejatzen ditu agintearen hariak, eta itzuliko da, amerikarrei hainbeste gustatzen zaien estiloan, bere bekatuak garbitu dituen Akiles baten eran, eta diru mordoa egingo du berriro, eta ospetsuen olinpoan segituko du, forever and ever.

Bitartean, guk galdetu beharko diogu geure buruari, zergatik ez dagoen euskaldunik dopatu direla aitortu duten txirrindularien tropelean, eta horrelako albisteak irteten direnean, zer dela-eta gure komunikatzaile askok esaten duten aurrera begiratu behar dela, gauza horiek antzinako kontuak direla. Eta abar, eta abar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

The Man from Earth: film ederra

Igandean ikusi nuen lehen aldiz, eta liluratuta geratu nintzen The Man from Earth filmarekin. Apala bezain erakargarria, kontatzen baitu John Oldman unibertsitate irakaslearen istorioa, zeinak ziurtatzen duen Kromañon gizon bat dela, eta 14.000 urte dituela. Hortik aurrera, dena gela batean gertatzen da, antzerkia bailitzan.

Lehen aldian zenbait hari-mutur solte geratu zitzaizkidala-eta, atzo berriro ikusi nuen filma, oraingoan gaztelaniazko azpitituluekin. Eta bigarren aldian ere, harrituta geratu nintzen.

Jerome Bixby-k idatzi zuen film honen haria, berau Star Trek eta The Twilight Zone telesailetako zenbait ataletako gidoigilea, eta hil aurretik amaitu zuen. Film laburra da, 87 minutukoa, eta hemen uzten dut, baten batek ikusi nahiko balu. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Papyrus, online editorea

Gaur aurkitu dut Papyrus, online editore bat, liburu digitalak sortzeko, hainbat formatutan: PDF, ePub edo Mobi. Bertako webak iragartzen duenez, Papyrus-ek aplikazio bat dauka —Cover Designer— azalak modu errazean diseinatzeko. Edukiak, berriz, saretik ekar daitezke. Hori dela-eta, erraza omen da norberaren bloga liburu bihurtzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Etxe barruko gauzak euskaraz

Koldo Bigurik azpimarratu du artikulu interesgarri batean, Nola esaten da euskaraz…?, euskararen corpus lexikoaren normalizazioak aurrerapauso nabarmenak egin dituela azken urteotan, batez ere alor formaletan. Baina ez dela berdin gertatzen bizitzaren eguneroko kontuetan, adibidez, etxean. Eta hitz batzuk jartzen ditu adibide gisa, neurtzeko berauak zelan erabiltzen ditugun, euskaraz ala gaztelaniaz:

  • Lanpasa: felpudoa.
  • Izerditzeko jertsea: sudadera.
  • Garbitzeko makina: labadora.
  • Mikrouhin-labea: mikroondasa.
  • txapinak: zapatillak.
  • Plater-ikuzgailua: lababajillasa.
  • Tapiza: alfonbra.
  • Lanbasa: fregona.
  • Tiraderak: kajoiak.

Egia esan behar badut, gurean horietako bat bakarra erabiltzen dugu euskaraz: mikrouhina (labea aipatu barik). Gainerako berbak esateko, gaztelaniaren maileguetara jotzen dugu: felpudoa, sudadera, kajoia… Eta bigarren aitorpena: artikulu horretan jakin nuen felpudoa lanpasa esaten dela euskaraz eta fregona, lanbasa. Ez bata eta ez bestea, sekula entzun barik nituen.

Gure kasuan zergatik erabiltzen ditugu gehiago maileguak euskarazko hitzak baino? Ez nuke jakingo ziur esaten. Batetik, akaso, ahozkoan joera handiagoa dugulako maileguak erabiltzeko. Bestetik, hitz horietako gehienak gaztelaniaz esaten ikasi genituelako. Eta, hirugarrenik, familia giroan ez dugulako agertu nahi pedante moduan, “plater-ikuzgailua”-eta erabilita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Umore freskoa, umore errekipatuegia

 Zazpi urte badira hemen bertan idatzi nuenetik “Wazemank, umore freskoa”. Zazpi urte izan dira, eta Wazemank-en ostean Finlandia etorri zen, gero Oilategia eta orain Atsuak. Anjel Alkain pozik egon daiteke, lortu du-eta erreferentziako umoregilea izatea belaunaldi batentzat. Hala ere, Gabon Zaharreko betekadaren ostean (ETB1ek hiru ordu bete zituen gauerdian, bai ala bai, Alkain faktoriaren esketxekin), ni neu, behintzat, gogaituta jaiki nintzen mahaitik, hiru ordutik bi material zaharra baitzen, lehendik ere behin baino gehiagotan errepikatua.

Telebistak horixe dauka. Momentu batean freskoa denak hurrengoan errepikakorra dirudi, eta akaberan gogaikarria. Alegia, telebistak erre egiten dituela erraz bere umeak. Oker izan naiteke, baina iruditzen zait Alkaini eta bere taldeari horixe gertatu zaiela: agertu beharraren agertu beharraz, erre egin dutela formula bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Euskal literatura, ezin hobeto azalduta

Amaitu berri dut Ese idioma raro y poderoso liburua, Iban Zaldua idazlearen saioa, eta ez dakizue zein ondo pasatu dudan berau irakurtzen, niretzat hauxe baita gaur egungo euskal literaturaz orain arte irakurri dudan libururik onena. Liburu inteligentea da, umoretsua, oso ondo idatzia, eta informazio zein argibide asko eta interesgarriak eskaintzen ditu euskal literaturaz.

Aurretik hainbat liburu irakurriak nituen euskal literaturaz, batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz, besteak beste Koldo Mitxelena, Ibon Sarasola, Luis Villasante eta Iñaki Aldekoarena, baina hau bezalakorik ez. Egia da, ez da aurrekoak bezain akademikoa, bai, ordea, dibertigarriagoa. Egurra ematen duenean ere —bai, ematen du, eta dezente—, kariñoz eta umorez egiten du —horixe iruditu zait niri, behintzat—, beraz, ez dut uste horrengatik etsai asko egingo duenik.

Nire gomendioa: oraindik ez badakizue zeri heldu opor hauetan, joan liburudenda hurbilenera eta erosi liburu hau. Merezi du. Eguberri on!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Elvira Madigan

Elvira Madigan & Co.
“Nor zen Elvira Madigan?”, galdetu diot nire buruari behin baino gehiagotan, autoan melodia eder hori entzun bitartean. “Zer nolako emakumea zen, Mozart handiari halako musika ateratzeko?”. Gauzak, ostera, ez ziren horrela gertatu, Elvira Madigan Mozart bera baino ia mende bat geroago bizi izan baitzen. Nolatan orduan?

Mozartek 1785ean sortu zuen Pianorako 21. kontzertua. Ia mende bat geroago, Elvira Madigan (1867−1889) daniar akrobata gaztetxoa Suedian zebilela, Sixten Sparre kondeaz maitemindu zen. Garai haietarako ezinezkoa zirudien haien arteko maitasunak, kondea ezkonduta baitzegoen, bi seme-alabarekin, Elvirak 19 urte zituela. Hiru urte ezkutuka ibilita, Danimarkara egin zuten ihes, baina bertan bi aste igaro ondoren, esku hutsik geratu ziren. Hilda aurkitu zituzten baso baten ondoan. Dirudienez, jan ondoren, gizonak arma atera, eta hil egin zuen Elvira. Ondoren, bere buruaz beste egin zuen.

1967an film bat egin zen, Elvira Madigan, istorio horretan oinarrituta, eta bertan Mozarten pianorako 21. kontzertuko bigarren mugimendua erabili zen hots bandatzat. Harrezkero, melodia horri Elvira Madigan esan zaio, anakronismo nabarmena. Horra entzungai.

Piano Concerto #21 In C, K 467, “Elvira Madigan” – 2. Andante by Mozart, Wolfgang Amadeus on Grooveshark

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zelan aurre egin minbiziari era holistikoan

Bideo honetako aurkezpenak ia ordubete irauten du, baina jakin nahi duenak zer mekanismoren arabera zabaltzen diren minbizia eta beste hainbat gaixotasun, eta are gehiago, zelan gaixotasunari aitzindu metodo holistikoak edo integralak erabilita, ikus dezala, probetxuzkoa izango du-eta. Hizlaria Alberto Marti Bosch onkologo iruindarra.

Hitzaldian Alberto Marti Bosch-ek aipatzen du ur bero gazian hartutako bainua erremedio eraginkor gisa. Urteak dira bainua baztertu eta dutxa erabiltzen dudala, baina bideo hau ikusita, erabaki dut astean behin bainu bat hartuko dudala ur berotan, bertan bi kilo gatz botata. Egia esan, atzo hasi nintzen, eta ezin hobeto joan zitzaidan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Jaungoikoaren aurrean lehendakari?

Iñigo Urkullu hiritarrak eskubide osoa du sinesteko kristauen Jaungoikoarengan edo Olinpoko deitate guztiengan, berak horrela nahi izanez gero. Baina Euskadiko lehendakari moduan aintzat izan beharko luke XXI. mendean bizi garela eta herri honen ordenamendua laikoa dela. Horregatik, atzerapausoa iruditu zait lehendakariaren zinean bere sinesmen partikularreko jainkoa sartzea:

  • Apal-apalik Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko lur gainean zutik, eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit.

Euskal gizartea asko aldatu da 1936an Gernikako Arbolaren aurrean Jose Antonio Agirre lehendabiziko lehendakariak antzeko formula erabili zuenetik bere karguaz jabetzeko. Horrezaz gain, gaur izendatutako lehendakariak ez luke ahaztu behar kargua Euskadiko herritarren botoei zor diela, azken hauteskundeetan berak atera baitzuen boto gehien, eta ez berak sinesten duen jainkoari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina