Euskal idazlerik jarraituenak Twitterren

Garbi dago euskal eleberrigile askoren artean Twitter ez dela gustuko alorra. Gizonezko bost idazle kanonizatuen artean —beti ere Bost idazle liburuari jarraituta—, inork ez du konturik Twitterren. Emakumezko zortzi idazle kanonifikatuen artean, berriz —eta horretarako Zortzi unibertso, zortzi idazle hartu dugu abiapuntu—, bakarrak du kontua Twitterren: Laura Mintegi.

Saridunei begiratuz gero, Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi duten eleberrigile euskaldunen artean, bakarrak du kontua Twitterren, Unai Elorriagak, baina oraindik ez du txio bakar bat ere idatzi (beste baten mezu bat bertxiotu du). Euskadi Saria irabazitakoen artean, lauk soilik dute kontua Twitterren: Ur Apalategik, Iban Zalduak, Felipe Juaristik eta Aingeru Epaltzak. Hala ere, Laura Mintegi eta Iban Zalduaren kasuak salbu, euskal eleberrigile jarraituenak olinpo horretatik kanpo daude.

Euskal eleberrigilerik jarraituenak Twitterren
Hortaz, horrela geratzen da sailkapena, zeintzuk diren euskal eleberrigilerik jarraituenak Twitterren, 2013ko uztailaren 30ean begiratutakoaren arabera:

1. Laura Mintegi @lauramintegi: 11.972 jarraitzaile Twitterren
2. Hasier Etxeberria @hasier: 2.678
3. Gari Berasaluze @kalaportu: 2.511
4. Iban Zaldua @IbanZ: 2077
5. Xabier Mendiguren @xme64: 1.993

Baten batek esan lezake Laura Mintegik hainbeste jarraitzaile dituela politikaria ere badelako, eta egia izan liteke, baina euskal eleberrigilea ere badenez, hortxe utziko dugu, ezinezkoa da-eta hori bereiztea modu objektiboan.

Munduko eleberrigilerik jarraituenak Twitterren
Intelligent Life aldizkariari kasu eginez gero, hauek lirateke munduko eleberrigilerik jarraituenak Twitterren, baina atzo bertan begiratuta:

1. Paulo Coelho @paulocoelho: 8.282.826 jarraitzaile
2. J.K. Rowling @jk_rowling: 2.367.606
3. Neil Gaiman @neilhimself: 1.877.342
4. John Green @realjohngreen: 1.608.967
5. Salman Rushdie @SalmanRushdie: 610.903

Norbaitek pentsatzen badu Twitterrek zahartuta harrapatu dituela gure idazleak, pentsa dezala berriz, zeren Paulo Coelho bera Ramon Saizarbitoria baino hiru urte gazteagoa da, baina gainerako guztiak baino zaharragoa, eta hor dago, puntaren puntan.

Kategoriak Liburuak, Literatura | Etiketak , , , , | 5 iruzkin

Intelligent life aldizkaria

Bilboko aireportuan ikusi nuen lehen aldiz, alboan The Economist aldizkariaren logoa zuela. Intelligent life zen. Esku artean hartu, eta ikusi nuen kultur aldizkaria zela, itxuraz interesgarria eta dotorea. Erosi egin nuen. Oporretako lehen astean, irentsi egin dut, goitik behera irakurrita, nahiz eta 122 orrialde dituen.

Intelligent life aldizkaria ezusteko atsegina izan da: artikulu oso interesgarriak ditu, idazle paregabeak, argazki bikainak, diseinu argi eta dotorearekin, tipografia barne. Paperean bi hilabetez behin kaleratzen da, eta 8,6 € balio du, baina, oraingoz, bai Interneten eta bai iPadean ere doan irakur daiteke.

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

J.K. Rowling idazlearen liburu sekretua

J.K. Rowling ezagun egin zen munduan Harry Potter eleberri sorta idatzi zuenean, hainbeste ze 450 milioi aletik gora saldu baitzituen, hainbat hizkuntzatan, euskaraz ere bai, Iñaki Mendigurenek itzulita, Elkar argitaletxean. Ondoren beste era bateko liburu bat kaleratu zuen, Eserleku hutsa, Alberdaniak eta Ereinek aterata Batera sailean, baina kritikari askoren egurra jasota.

Horregatik seguruenik, eta nahi zuelako idatzi izen-deitura ezagunen presio barik, J.K. Rowlingek erabaki zuen idatziko zuela polizi eleberri bat, baina beste izen batekin sinatuta. Joan den apirilean The Cuckoo’s Calling argitaratu zuen, Robert Galbraith izenarekin, alegia, izen ezezagun batekin.

Baina joan den astean, Richard Brooks, Sunday Times egunkariko arte editoreak iradokizun bat jaso zuen Twitter-en, eta ikertzen hasi zen, harik eta aurkitu zuen arte liburu hori benetan J.K. Rowling idazle famatuak idatzi zuela. Idazle biek —benetakoak eta asmatutakoak— hainbat elementu partekatzen zituzten: agentea, editorea eta argitaletxea. CBS News kateak eman du horren berri.

The Independent egunkariaren arabera, joan den astea arte liburuaren salmentak oso apalak izan ziren, 1.500 ale saldu baitzituen. Aitzitik, jakin denean egilearen benetako nortasuna, salmentak hazi egin dira ikaragarri, liburua agortu arte. Hori ikusita, argitaletxea 300.000 aleko tirada prestatzen ari da asteburu honetarako. Euskaratuko ote da liburu hau?

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Testu prozesadore sinpleak

Macintoshen nabilenean, TextEdit erabiltzen dut idazteko, testu prozesadore sinple-sinplea. Ondo datorkit, testuak .RTF formatuan gordeta, edozein tokitan txerta ditzaket-eta: blogetan, sare sozialetan, webguneetan…, bertako estiloak aldatu barik. Laneko PCan banabil, berriz, Bloc de notas erabiltzen dut, beste testu prozesadore sinple bat. Idazteko baino, erabiltzen dut beste toki batzuetatik kopiatutako testuei estiloak kentzeko.

Horregatik, antzeko zerbait nahi nuen aurkitu Interneten lan egiteko, aintzat hartuta Google Drivek ere bere estiloak txertatzen dizkiola testuari, alegia ez dela hain sinplea. Chrome nabigatzailearen Aplikazio dendan bilatzen hasi, eta aplikazio bat aurkitu dut, doakoa, lan hori bikain betetzen duena: Writebox.

Writebox
Hau ere testu prozesadore bat da, sinplea, eta lan egiten du Chrome nabigatzailean. Hau da, lainoan. Interfazea sinplea du, oso: zuri-zuria, batere distrakzio bakoa. Hori dela-eta, begiak testuan zentratzen dira, eta esan liteke pentsamenduak ere errazago isurtzen direla atzamarretatik pantailara. Horregatik animatu naiz artikulu hau Writebox aplikazioan idaztera, berau probatzeko.

Pozik nago emaitzarekin, eta gorde egingo dut Chromen, halako eran non, edonora noala, sartzen banaiz Chrome nabigatzaile batean —berdin ziberkafe batean baldin bada ere—, bertan izango ditudan gogoko web guztiak eta bertan gordetako aplikazioak, Writebox barne.

Kategoriak Ordenagailua | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ventoux gora, esprintatzen

Irratian entzun nuen atzoko etaparen lehen orduan 48 km. egin zituztela txirrindulariek, jakinda etapa Mont Ventoux maila bereziko mendatean bukatuko zela, gu mutikoak ginela Tom Simpson txirrindulari ingelesa hil zen hartan. Horregatik, ezin nuen sinistu, zortzi bat kilometroren faltan, ikusi nuenean Chris Froome esprintatzen zoroen pare, atzean uzteko Alberto Contador. Eta aurrerago, beste horrenbeste egin zuenean Nairo Quintana harrapatu zuenean, berau pasatzeko asmoarekin. Eta aurrerago, Quintana atzean utzi arte. Tourraren bigarren astean, ez sinistekoak dira horrelako ikuskizunak, ezer hartu barik.

Orain urte batzuk Pantanik ematen zituen horrelako ikuskizunak. Eta Armstrongek. Eta Contadorrek. Eta Andy Shlekek. Denak positibo emandakoak edo dopatu zirela aitortutakoak. Esaten digute txirrindularitza garbitu egin dela. Sekula baino gehiago 100. edizio berezi honetan. Baina ikusitakoak ikusita, esan liteke Tourreko agintaritzak erabaki duela komeni zaiola Tourra hedatzea Britainia Handira, aurrerago Espainiara, Danimarkara eta AEBetara zabaltzea erabaki zuen bezala, eta  hori lortzeko prest dagoela beste alde batera begiratzeko, globalizazioa errentagarria da-eta, oso.

Kategoriak Txirrindularitza | Etiketak , , , , , , | 7 iruzkin

Concha García Campoy

Atzo gauean, ohean ginela, Uxue Barkosen liburua altzoan utzi —egun hauetan Bego emaztea horixe irakurtzen ari baita, Contra viento y marea—, eta galdetu zidan: “badakizu zelan dagoen Concha García Campoy?”. Azkenengoz entzun genuen berriz gaixotu zela, baina harrezkero, gehiagorik ez.

Eta gaur, hogei ordu geroago, Twitter-en ikusi dut bera aipatzen zutela, baina ez oso modu argian, eta pare bat egunkaritan sartu naiz, edizio digitaletan, eta irakurri dut hil egin dela, 54 urte zituela. Minbizia berriro. Eta pena hartu dut.

Sentipen nahasiak ditut Concha García Campoyren inguruan. Irratian izan nuen lehen aldiz haren berri, A vivir que son dos días saioan; eta gustatu zitzaidan. Geroago, telebistan, arretaz jarraitzen nuen saio berri bat estreinatzen zuenean. Hala ere, eroso ikusten nuen stablishment informatiboaren barruan, eta urruti samar euskal sentiberatasunetik. Gaixotu zenean, ostera, ausart eta baikor ikusi nuen, bai sare sozialetan eta baita aldizkarietan ere. Eta animatu egin nuen, lehenbailehen osa zedin. Baina ez du zorterik izan. Eta pena hartu dut.

Kategoriak Minbizia | Utzi iruzkina

Manuel Castells, irratian

Gaur goizean Manuel Castells soziologoari entzun diot SER irratian, A vivir, que son dos días saioan, eta beti bezala, oso gauza interesgarriak esan ditu gaurko egoeraz eta teknologiaren bilakaeraz. Castells katedraduna da Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn, eta gaur egun Ikerkuntzako irakaslea da Universidad Oberta de Catalunyan. Elkarrizketak 23:15 minutu irauten du, eta izena du “La izquierda perdió su legitimidad cuando empezó a hacer políticas de derechas”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Step Back to Glory, euskaraz

Azken asteetan hiru eskutara jardun dugu Step Back to Glory filmaren azpitituluak itzultzen (eta horretan Goio Arana, Luistxo Fernandez eta hirurok aritu gara), lehenbailehen nahi genuen-eta emaitza bistaratu, filmak kontatzen baitu istorio bat sokatira txapelketa baten inguruan, bertan Euskal Herriko neska talde bat ere agertzen dela. Sokatiralari euskaldunak —Badaiotz herrikoak, arabarrak— bukaeran baino ez dira agertzen, Munduko Txapelketako finalean.

Film moduan ez da beste munduko ezer, baina bertan atentzioa eman dit txinatarrek duten lan etikak. Baita guraso, irakasle eta entrenatzaileen aurrean duten errespetuak, batzuetan gehiegizkoa nire irudirako.  Filma berri-berria da, eta bertan euskaldunak ere protagonistak dira. Ea gustatzen zaizuen.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Berriaren estilo liburua sarean

Kanta dezagun denok, hau dugun alaia-a, sarean dugu-eta Berriaren Estilo liburua. Ni, behintzat, kriskitinak baino poziago nago, oso itxura ona baitu estilo liburuak. Kostatu zaio, hori da egia, baina osasuntsu eta ederra sareratu zaigu. Ibili naiz bertan kuskuseatzen, eta baliabide asko eta onak ditu euskaraz idazten dugunontzat. Gure ikasleentzat ere, ezinbesteko baliabidea izango da. Nire eskerrik beroenak Berriari, egin digun opariagatik. Zorionak!

Kategoriak euskara | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Etorkizunarekin bueltaka

joxe-hitzaldia

Ostiral arratsaldean hitz egitea egokitu zitzaidan Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza eta Komunikazioko ikasleen graduazioko ekitaldian, Arrasaten bertan. Nire harridurarako, Amaia antzokia ia bete egin zen, ikasle eta hauen familiartekoekin.

Ekitaldia bera oso polita izan zen, batez ere ikasleek jarri zuten giroagatik, elkarri bibaka eta txaloka, diplomak jaso ahala. Baita Elai abesbatzak abestutako kantuengatik. Nik, berriz, etorkizunaz hitz egin nien, gure belaunaldiak garai batean amestutako etorkizunaz eta eurek landu behar dutena hemendik aurrera. Bukatzeko, Antonio Machado maisu eta poeta andaluziarraren poema zati bat erabili nuen —Caminante, no hay camino…—, eta berau irakurtzen, hunkitu, eta ia ezin amaituta geratu nintzen. Nahi duenak leitu han irakurritako hitzak, klik egin dezala PDF honetan. Etorkizunarekinbueltaka (Argazkia: Yera Sanchez)

Kategoriak MU | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina