Euskal idazlerik jarraituenak Twitterren

Garbi dago euskal eleberrigile askoren artean Twitter ez dela gustuko alorra. Gizonezko bost idazle kanonizatuen artean —beti ere Bost idazle liburuari jarraituta—, inork ez du konturik Twitterren. Emakumezko zortzi idazle kanonifikatuen artean, berriz —eta horretarako Zortzi unibertso, zortzi idazle hartu dugu abiapuntu—, bakarrak du kontua Twitterren: Laura Mintegi.

Saridunei begiratuz gero, Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi duten eleberrigile euskaldunen artean, bakarrak du kontua Twitterren, Unai Elorriagak, baina oraindik ez du txio bakar bat ere idatzi (beste baten mezu bat bertxiotu du). Euskadi Saria irabazitakoen artean, lauk soilik dute kontua Twitterren: Ur Apalategik, Iban Zalduak, Felipe Juaristik eta Aingeru Epaltzak. Hala ere, Laura Mintegi eta Iban Zalduaren kasuak salbu, euskal eleberrigile jarraituenak olinpo horretatik kanpo daude.

Euskal eleberrigilerik jarraituenak Twitterren
Hortaz, horrela geratzen da sailkapena, zeintzuk diren euskal eleberrigilerik jarraituenak Twitterren, 2013ko uztailaren 30ean begiratutakoaren arabera:

1. Laura Mintegi @lauramintegi: 11.972 jarraitzaile Twitterren
2. Hasier Etxeberria @hasier: 2.678
3. Gari Berasaluze @kalaportu: 2.511
4. Iban Zaldua @IbanZ: 2077
5. Xabier Mendiguren @xme64: 1.993

Baten batek esan lezake Laura Mintegik hainbeste jarraitzaile dituela politikaria ere badelako, eta egia izan liteke, baina euskal eleberrigilea ere badenez, hortxe utziko dugu, ezinezkoa da-eta hori bereiztea modu objektiboan.

Munduko eleberrigilerik jarraituenak Twitterren
Intelligent Life aldizkariari kasu eginez gero, hauek lirateke munduko eleberrigilerik jarraituenak Twitterren, baina atzo bertan begiratuta:

1. Paulo Coelho @paulocoelho: 8.282.826 jarraitzaile
2. J.K. Rowling @jk_rowling: 2.367.606
3. Neil Gaiman @neilhimself: 1.877.342
4. John Green @realjohngreen: 1.608.967
5. Salman Rushdie @SalmanRushdie: 610.903

Norbaitek pentsatzen badu Twitterrek zahartuta harrapatu dituela gure idazleak, pentsa dezala berriz, zeren Paulo Coelho bera Ramon Saizarbitoria baino hiru urte gazteagoa da, baina gainerako guztiak baino zaharragoa, eta hor dago, puntaren puntan.

Kategoria: Liburuak, Literatura Etiketak , , , , . Gorde lotura.

5 erantzun Euskal idazlerik jarraituenak Twitterren-ri

  1. egilea: Madalen

    Emakume bi baino ez: Laura eta JK.

  2. Pingback: IDAZLERIK JARRAITUENAK TWITTERREN | Maxixatzen

  3. Pingback: Euskal idazlerik jarraituenak Twitterren | zuzeu.com

  4. egilea: H. etxeberria

    Zer moduz aspaldiko?
    Joxe, sarrera hau ez jatak begitantzen batere serioa. Zerrendak egiteko ohitura horrek ez garamatza inora. Barkatu, baina Laura Mintegi politikaria den bezala, neuk ere beste bat jaukat ogibidea eta ez idazlearena. Bazitxekek twitterreko jarraitzaileren batek edo bestek idazle (ere) banaizelako jarraitzea, baina ez joat uste idazle izatearen kontu hori pisuzkoa denik twitterre nire jarraitzaileen zerrendan. Hala ba, holako eta antzeko kontabilitateak egiten ibiltzea, ametzaren zuztarretatik lizarra erne litekeela pentsatzea bezain alferrikakoa dok. Nere iritzixan.
    Jaso besarkadia eta segi fin.

  5. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Hasier!

    Sailkapenak sailkapen dira, eta modu askotara har litezke. Kasu honetan, adibidez, bat ez da idazle hobea edo txarragoa Twitterren jarraitzaile gehiago edo gutxiago dituelako. Nork esan du, bestalde, sarrera guztiak serioak izan behar direla?

    Beste besarkada handi bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude