Benedikto XVI

Atzo arratsaldean beribilean sartu nintzenean jakin nuen Vatikanok aukeratu zuela buru berria: Benedikto XVI. Ondoren, baina, ikasi nuen nor den Erromako apezpikua: Ratzinger kardinala. Eta atsekabetu egin nintzen, elizaren dogmatikoen burua gailendu delako. Lehenengo gauza pentsatu nuen Opus Deik ondo lotuta zituela gauzak.
Euskaltzaindia eta pontifizeak

Ratzinger kardinalak aukeratu du Benedikto izenarekin aginduko duela. Bego horretan. Baina nik zalantza handiak ditut aita santu deitu behar ote diogun, behintzat katoliko sentitzen ez garenok.

Euskaltzaindiak aspalditxo erabaki zuen nola deitu San Petriren ondorengoak. Hemen aurkituko duzue zerrenda luze bat, orain arte izan diren pontifize guztien izenekin. Eta hor agertzen da Benedikto izena ere.

Aita santu?

Beste erlijio batekoa balitz, esango genuke jaun hori dela jauntxo feudal bat, estatu teokratiko bateko buru, non ez dagoen demokraziaren aztarnarik, non elizako printzeak jauntxoak berak aukeratzen dituen, non sekretismoa den araua, eta non emakumeak erauzita baitaude agintetik eta ez baitute bozkatzeko eskubiderik. Horrelako gobernu bat zuzentzen duenari aita eta santu deitu behar diogu?

Ondo deritzot katolikoek horrela deitzen badiote, eskubide osoa dute horretarako, baina uste dut badela garaia besteok beste izen bat erabil dezagun kargu hori izendatzeko, hizkuntzan ere ispila daitezen euskal gizartean gertatu diren aldaketak.

Orain arte hiru modu erabili ditut aita santu izenaren ordez: Erromako apezpikua, baina erretorikoegia iruditzen zait; San Petriren ondorengoa, hori ere lotuegia santutegiari; eta pontifizea. Hau neutroagoa da, baina luzeegia aukeran. Bestelako proposamenik baduzue, eskertuko dizuet esatea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

Elgeta: bestaren kronika

Zazpiak laurden gutxi izango ziren Elgetara heldu nintzenean, igande arratsaldean. Autoa utzi, ordenagailua hartu, eta Espaloirantz abiatu nintzen. Bidean Xabier Mendiguren Elizegi eta Elena Lakarekin egin nuen topo. Xabier blogaria da, eta Elenak laster hasiko du berea, Goiena.net-en barruan. Espaloira iritsi orduko gurekin genituen Eneko Astigarraga, Julen Gabiria eta Josu Martinez. Espaloian sartu, lagunak agurtu, eta lanean hasi ginen. Aurretik erabakita genuen Julen Gabiriari irakatsiko niola nola zintzilikatu argazkiak blogean. Ordenagailua atera, argazki pare bat egin, eta han hasi ginen, egin beharrekoak egiten. Berandu baino lehen, Julenek bi argazki sartu zituen: bat Faro honetan, eta bestea berean. Beraz, ikasi du hori nola egiten den.

Tarteka, lagunak agurtzen. Aurpegi ezezagun batzuk ere hantxe ziren, adibidez, Erramun Gerrikagoitia. Bere gauzak askotan nituen irakurrita, baina ez nuen bera ezagutzen. Eta, antza denez, ezta berak nik ere, zeren agurtu nuenean, harritu egin zen: “zu zara Joxe Aranzabal?”. Gero pena hartu nuen, ze ez nuen astirik hartu berarekin hitz egiteko, eta konturatu orduko, joanda zegoen.

Denok atera genituen argazkiak, hauxe adibidez. Aurrean ezkerretik, Elena Laka, Maite Rementeria eta Gari Araolaza daude. Atzerago, Julen Gabiria eta Arantza Tamayo, Mungiako blogaria.

Elena Lakak esan zidan zalantzak izan dituela bloga egiteko, baina azkenean, ikusita besteok zer egiten dugun, bera ere animatu egin dela. Goio Arana bere anaiarekin agertu zen, Edorta Aranarekin, hau ere laster hastekoa bloga egiten. Atzo ere barre apur bat egin genuen, zenbait jendek nahastu egiten ditu-eta gure ahotsak, Edortarena eta nirea.

CodeSyntaxeko jende asko izan zen han. Mikel Larreategi, Luistxo Fernandez, Gari Araolaza eta Maite Rementeria. Han zebilen, halaber, Oier Gorosabel. Azken hori, adibidez, ez nuen ezagutu, inoiz ikusi barik nengoen eta. Joandakoan esan zidaten hura zela Oier. Angel Bidaurrazaga ere hantxe izan zen, Euskara zuzendaria Bizkaiko campusean, EHUn. Erramunen ondoan egon zen. Beste argazki honetan ikusiko dituzue han elkartutako ia gehienak, eta pasatzen baduzue punteroa argazkiaren gainean, erraz igarriko duzue nor den nor.

Halako batean, estukada bat sentitu nuen bizkarrean. Mikel Iturria zen, nire aingeru goardetako bat. Bere emaztearekin zegoen, beti bezain abegikor eta umoretsu. Eta, ezustean, hantxe ikusi genuen Iban Zaldua ere, Volgako batelari dotorea. Agurtu nuenean, Igor Leturiarekin zegoen. Ibanek esan zigunez, laster hasiko dira literatura kritikak egiten Volgako batelariak, eta ez prezisamente nik Sustatun emandako gomendioei jarraituz, nola idatzi Interneten. Igor Leturia gu baino bi pauso aurrerago ibili zen, mobloging egiten, hau da, argazkiak atera eta telefonotik zuzenean zintzilikatzen e-gor blogean.

Mobloging

Oraindik jendea ailegatzen ari zen. Adibidez, Jabi Zabala eta Arantza Tamayo, Obabatxue blogeko jabea. Esan nion Arantzari, oso ondo idazten duela ingelesez, eta asko gustatzen zitzaidala Obabatxue. Haren zuritasuna gustatzen zait. Jabik ere kontatu zigun nola hasieran mac erabiltzailea zen, baina gaur egun biak erabiltzen dituela, mac eta windows. Batek baino gehiagok galdetu diotela ea informatikaria den, baina bera kazetaria dela, eta bere kasa ikasi duela informatikaz dakiena.

Bukaera aldera, Xabier Mendiguren Elizegirekin egin nuen trill, eta galdetu nion liburuaren gainean, ea zer moduz doan. Egia esan, lanpetuta ibili dela beste kontu batzuekin, eta ez diola kasu handirik egin, baina laster erantzungo didala.

Ez ginen bakarrik ibili Espaloian: gurekin batera hainbat kazetari, kameralari eta argazkilari ibili ziren, haiek ere bestak erakarrita, baina ez festa egiteko, baizik eta lanean.

Harrituta geratu nintzen, hori bai, zein ondo dabilen Espaloia: herritar asko lekuaz gozatzen, Wi-Fi konexioa bat ere arazorik gabea… gozamen hutsa. Elgetak bikain erantzun die blogari euskaldunen deiari, betiko moduan. Zorionak, Iban, eta zorionak Elgeta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Adobek Makromedia erosi du

Sutautsa baino bizkorrago zabaldu da berria: Macromedia handia Adobe handiagoak irentsi du, 3,4 milioi dolar ordainduta. Zertarako eta aurre egiteko Microsoftek datorren urtearen hondarrean aterako duen Windows sistema eragileari, Longhorn izenekoa, zeinek eramango omen baititu zenbait ezaugarri Adobek eta Macromediak dokumentu elektronikoetan erabiltzen dituztenak. Hori dela eta, Adobe hasiko da Flash teknologia erabiltzen Acrobat programan.

Niri ere atentzioa eman dit albisteak. Izan ere, orain hamalau bat urte hasi nintzen erabiltzen Aldus Pagemaker maketatzeko, eta Aldus Freehand marrazteko. Geroago, Adobek erosiko zuen lehena, eta Macromediak bigarrena. Aurrerantzean, berriz, biak jabe beraren esku izango dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

EAJ-PSE gobernurantz?

Bukatu da Besta, hau da, blogarien festa, eta begiratu bat eman diet hauteskundeen emaitzei. Ez dut asti handirik izan horretaz pentsatzeko, baina uste dut gaurko emaitzetatik oso gobernu bestelakoa irten daitekeela Gasteizen. Nik ondorio hauek atera ditut, botelasterrean:

  1. EAHK. Bera izan da irabazlerik handiena gaurko egunean. Garbi dago Batasunaren botoak jaso dituela, eta are garbiago Batasuna legez kanporatzeak ez duela ezertarako balio izan, ez bada alderdi hori indartzeko: orain lau urte, legearen bedeinkazio guztiekin aurkeztu zelarik, 7 eserleku irabazi zituen; gaur egun, legez kanpo dagoela, bi gehiago.
  2. EAJ-EA. Lau eserleku galdu ditu, baina berak jaso ditu boto gehien; eta irabazi egin du hiru herrialdeetan. Beraz, badu pozik egoteko motiborik.
  3. PSE-EE. Kanpaina kaskarra egin du, baina pozik egon daiteke, eragotzi duelako hirukoak erabateko gehiengoa irabaztea.
  4. PP. Pozik, uste baino gutxiago galdu duelako.
  5. EB. Beharbada parlamentari gehiago espero zuen ateratzea, baina egia da Ezker Batua finkatu egin dela.
  6. Aralar. Lehen aldiz, legebiltzarkide bat lortu du Eusko Legebiltzarrean. Lorpen handia alderdi txiki batentzat. Pozik egon daiteke, beraz, hau ere.

    Orain, berriz, sekulako pastel zaila geratzen da herri hau gobernatzeko: EAJ, EA, Ezker Batua eta Aralar alderdien artean 33 eserleku osatzen dituzte. Beste aldean ostera, PSE-EEk eta PPk ere, 33 eserleku. Ez batean eta ez bestean, EAHK, 9rekin. Nola gobernatzen da hori?

Gobernagarritasuna

Arnaldo Otegik gaur eskuratu du orain lau urte aldarrikatu zuen giltza, eta enpate tekniko horren aurrean, berak erabaki lezake nork gobernatzen duen Gasteizen. Baina iruditzen zait ez batzuek ez eta besteek ere ez dutela hori permitituko. Beraz, nik esango nuke bozketa honetatik oso litekeela dela gobernu berri bat irtetea, non jeltzaleak eta sozialistak berriro elkarlanean arituko liratekeen.

Beharbada goizegi izan liteke bai jeltzaleentzat eta baita sozialistentzat ere, formula hori baliatzeko, baina urtebete barru eginda egon liteke. Lehendik ere badago aurrekaririk: Ardanza lehendakari zela, osatu zuen gobernu bat EArekin eta EErekin, baina iraun zuen pastel batek adina ikastetxen bateko atari aurrean, haren ondoren etorri baitzen EAJ-PSE gobernua.

Beraz, eta hasteko, bai jeltzaleek zein sozialistek ontzat eman dezakete orain arteko hirukoak eta Aralarrek osatutako gobernu bat, eta hemendik urtebetera-edo iritzi publikoa prestatuago dagoela, sortu gobernu egonkorra, gehiengo sendoarekin.

Bukatu aurretik, eta iruditzen bazaizue erabat gertaezina goian esandakoa, zin dagit ez dudala alkohol tantarik edan; ura eta kafea baino ez dut edan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Besta Elgetan

Arratsaldeko 19:30etan hogei bat blogari bildu gara Espaloian, Elgetan. Jende asko zegoen bertan, baina blogariok txoko bat hartu dugu,, hiru mahairekin. Erramun Errikagoitia, Luistxo Fernandez, Gari Araolaza, Mikel Larreategi, Angel Bidaurrazaga, Elena Laka, Xabier Mendiguren Elizegi, Mikel Iturria, Julen Gabiria, Josu Martinez, Eneko Astigarraga, eta Iban Zaldua, besteak beste.

Hemen ibili gara Julen Gabiriari ikastaro bat ematen, nola eskegi argazkiak blogean. Julenek laster berrituko du bere bloga, ikusiko duzue zer blog polita egin dion Maite Rementeriak, eta hori ikasteko gogoz zebilen. Hortaz, argazki hau berak ipini du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Kontrarreforma

Atzo “Iñaki Aldekoa”:http://www.armiarma.com/zaldiero/114.htm ikusi nuen Sautrela saioan, Ereineko editorea eta Historia de la literatura vasca liburuaren egilea. Eztiki, baina ezin garbiago, esan zuen eliza katolikoaren kontrarreformak (Trentoko kontzilioa: 1545-1563) eten egin zuela euskal literaturaren bilakaera, eta horrek Europakoarekin zuen paralelismoa.

Leizarragaz gero, hurrengo laurehun urteak, euskal letren panorama katiximaz eta eliza liburuz bete zen. Elizak berak ezetz esango du, baina ezin ukatu begi bistakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Gora Susa!

Gaurko lerro hauen bidez txalotu nahi dut Susa argitaletxea sarean egiten ari den lan handia. Atzo bertan irakurri nuen Sustatun Klasikoen Gordailua sortu duela, eta hor ipini dituela gure klasiko mordoren lanak. Sartu nintzen, eta saltseatu apur bat, eta han zeuden, nire esku, milaka eta milaka lerro, euskal klasikoek idatziak. Zorionak, bada, Susari eta Patxi Salaberriri, berak ere parte handia izan baitu lan horretan.

Hori izan da azkena, baina, lehendik ere, Susak sekulako oparia egin zigun Armiarmarekin, non denetik eskaintzan digun, literaturarekin lotuta.

CodeSyntax enpresarekin batera, Susa ari da urrats esanguratsuak egiten euskalgintzak izan dezan lekutxo bat sarean. Susako taldea lan eskerga egiten ari da, eta merezi du gure txaloa. Gora Susa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Emakume amerikarrek, titirik ez

Pamela Anderson aktore amerikarrak adierazi zuen herenegun, bere telesail berria aurkezten ari zela, Fox kateko zentsuratzaileak etorri zitzaizkiola grabazio lekura, eta esan ziotela ezkutatzeko titiburuak, “ezin duzu-eta titirik izan gaueko 22:00ak baino lehen”.

Buzz Machine webgunean irakurri dut horren berri, eta garbi erakusten du puritanismoaren ergelkeria. Gaueko hamarrak arte amakume amerikarrek ezin dute erakutsi koskorrik txikiena ere bularretan. Aitzitik, eta hori da harrigarriena, ordu horretatik aurrera, orduan bai. Bushen aroan, edozer gauza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Txurdinagan ere, gozo-gozo

Atzo egin nuen liburuaren azken aurkezpena. Berezia zen niretzat, irakurle talde batek deituta nindoan eta. Iritsi baino ez, hantxe nuen Aritza, kultura eragile eta gidari aparta.

Jende gutxi etorri zen aurkezpenera, sei lagun, baina, ordainetan, oso giro hurbila sortu zen gure artean. Nik, behintzat, eroso sentitu nintzen, eta familian bezala. Batzuek irakurria zuten liburua, eta beste batzuek ez, baina hitz egiteko orduan gehienok hartu genuen parte.

Eskerrak eman nahi dizkiot Asapala euskara elkarteari, salbuespen bat eginda, leku bat egin zidalako bere egitarauan, kontuan hartuta jeneralean literaturagileak gonbidatzen dituela horrelako solasaldietara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Aldus Manutius

Egia esanez gero, Aldusen berri izan nuen programa informatiko baten bidez, garai batean PageMaker programa Aldus PageMaker baitzen. Gero jakin nuen Aldus izen hori eman ziotela programari Berpizkunde garaiko inprimatzaile eta tipografo handi baten omenez, Aldus Manutius italiarra. Gutenbergen ondoan Aldus izango da, seguruenik, Berpizkundeko inprimatzailerik garrantzitsuena Europan. Bera hasi zenean negozio horretan baziren berrogeita hamar bat urte alemanak asmatu zuela moldiztegia, eta Europan mila bat irarkola bai, izango ziren lanean.

Aldusek, berriz, berrikuntza galantak ekarri zituen: berak asmatu zituen letra erromatarrak, Bembo letratipoarekin. Baita letra italikoak edo kurtsiboak. Bereak dira, halaber, octavoak edo sakelako liburuak, garai hartan iraultza demasekoa jende ikasiarentzat, Europan batetik bestera ziharduena.

Erregistratu egin zuen letratipo italikoa, haren monopolioa izateko, bai eta lortu ere: garai hartako Aita Santuak dekretu bat sinatu zuen Aldusen monopolioa ziurtatzeko. Alferrik, ordea. Halako arrakasta izan zuen, non mundu guztiak kopiatu baitzuen estilo hori, kasurik egin gabe Aita Santuari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1