Benedikto XVI

Atzo arratsaldean beribilean sartu nintzenean jakin nuen Vatikanok aukeratu zuela buru berria: Benedikto XVI. Ondoren, baina, ikasi nuen nor den Erromako apezpikua: Ratzinger kardinala. Eta atsekabetu egin nintzen, elizaren dogmatikoen burua gailendu delako. Lehenengo gauza pentsatu nuen Opus Deik ondo lotuta zituela gauzak.
Euskaltzaindia eta pontifizeak

Ratzinger kardinalak aukeratu du Benedikto izenarekin aginduko duela. Bego horretan. Baina nik zalantza handiak ditut aita santu deitu behar ote diogun, behintzat katoliko sentitzen ez garenok.

Euskaltzaindiak aspalditxo erabaki zuen nola deitu San Petriren ondorengoak. Hemen aurkituko duzue zerrenda luze bat, orain arte izan diren pontifize guztien izenekin. Eta hor agertzen da Benedikto izena ere.

Aita santu?

Beste erlijio batekoa balitz, esango genuke jaun hori dela jauntxo feudal bat, estatu teokratiko bateko buru, non ez dagoen demokraziaren aztarnarik, non elizako printzeak jauntxoak berak aukeratzen dituen, non sekretismoa den araua, eta non emakumeak erauzita baitaude agintetik eta ez baitute bozkatzeko eskubiderik. Horrelako gobernu bat zuzentzen duenari aita eta santu deitu behar diogu?

Ondo deritzot katolikoek horrela deitzen badiote, eskubide osoa dute horretarako, baina uste dut badela garaia besteok beste izen bat erabil dezagun kargu hori izendatzeko, hizkuntzan ere ispila daitezen euskal gizartean gertatu diren aldaketak.

Orain arte hiru modu erabili ditut aita santu izenaren ordez: Erromako apezpikua, baina erretorikoegia iruditzen zait; San Petriren ondorengoa, hori ere lotuegia santutegiari; eta pontifizea. Hau neutroagoa da, baina luzeegia aukeran. Bestelako proposamenik baduzue, eskertuko dizuet esatea.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

9 erantzun Benedikto XVI-ri

  1. Galaxiako sateliteek egin dute hautapena, Eguzki berri bat eta gainera bere buruari jarri dion izenaren arabera “ondo izendatua” gainera.
    Beraz, jainko baten izenean datorren astro berri honek bere argiaz itzalik izan ez dezan inguruko sateliteak, 115 oker ez banabil, aho batez eta lerdena ahotik behera dutela, lau haizeetara zabaldu dute (elkarri begira noski):

    “Eritis sicut Deus”

    Astro berriaren lehen hitzetan, bere burua jainkoaren mahastiko langile apala (izena aukeratzean izan duen apaltasun bera) bezela azaldu zuen.

    Mahastia, apezpikuak, kaliza, ardoa… joder..Angela Chaning dugu eta…

    Pd. Eguzkia Eguzki, jainkoa jainko.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Artikulu hau Benedikto XVI.ari buruz, Wikipediak argitaratu du, eta ez zegoen orain 24 ordu. Adibide ederra, ikusteko auzolanak zein emaitza oparoak izan ditzakeen, baita sarean ere. (Eskerrak Dan Gillmor kazetariari).

  3. egilea: Edorta Arana

    Zaila da “Aita Saindu” etiketa (hitz makulu, esamolde…)saihestea baina polita ahalegina. Nire lagun batek euskaraz aritzean ere “Papa” erabiltzen du baina oso gogorra egiten da, ezta?
    Niri okurritzen zaizkidanak Batikanoko “estatuburua”, eleiza katolikoaren “agintaria” eta horrelakoak dira…baina, jakina, ez dute inongo indarrik eta luzeegiak dira.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Zaila da, bai, ahalegina, baina merezi du beste izen batzuk erabiltzen hastea. Eskerrik asko proposamenengatik.

  5. egilea: Julen

    Nik lagunekin-eta beti erabili izan dut Susan, Su Santidad-en laburtzapena: Susanek esan du, Susan joan da…

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    Gaur goizean Radio Euskadin, Maria Antonia Iglesias kexatu da Benedikto XVI oso izen zaila dela esateko. Katalanak erantzun dio katalanez oso erraza eta kuttuna dela: Benet.

    Orduan katalanak berak galdetu du ea nola esaten den Benedikto euskaraz, eta han ari ziren euskaldunak, Xabier Lapitz eta Jose Manuel Castells, mutu geratu dira, zer erantzun jakin barik.

    Susan hori gustatu zait, Julen. Uste dut hasi egingo naizela erabiltzen.

  7. egilea: mikel

    Ados, utz dezagun aita santua fededunentzat eta har dezagun izen laiko bat. Latinez eta italianoz, Vaticanoko estatuburu karguak badu izen propioa: papa. Nola EAEkoa den lehendakari, edo Britainia Handikoa premier. (Ez ditut gogoratu nahi fhürer, duce edo caudillo, arrazoi nabarmenengatik).

    Euskaraz papa hitzak badu abantaila: ez du beste inongo esangurarik. Beraz nire proposamena: papak esan du edo papa etorri da.

  8. egilea: miren

    Ez daukat Benediktori aita santu esateko inungo arazorik (minuskulaz, noski). Sukaldaria, ikaslea, lapurra, gidaria, okina, aita santua…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude