Elgeta: bestaren kronika

Zazpiak laurden gutxi izango ziren Elgetara heldu nintzenean, igande arratsaldean. Autoa utzi, ordenagailua hartu, eta Espaloirantz abiatu nintzen. Bidean Xabier Mendiguren Elizegi eta Elena Lakarekin egin nuen topo. Xabier blogaria da, eta Elenak laster hasiko du berea, Goiena.net-en barruan. Espaloira iritsi orduko gurekin genituen Eneko Astigarraga, Julen Gabiria eta Josu Martinez. Espaloian sartu, lagunak agurtu, eta lanean hasi ginen. Aurretik erabakita genuen Julen Gabiriari irakatsiko niola nola zintzilikatu argazkiak blogean. Ordenagailua atera, argazki pare bat egin, eta han hasi ginen, egin beharrekoak egiten. Berandu baino lehen, Julenek bi argazki sartu zituen: bat Faro honetan, eta bestea berean. Beraz, ikasi du hori nola egiten den.

Tarteka, lagunak agurtzen. Aurpegi ezezagun batzuk ere hantxe ziren, adibidez, Erramun Gerrikagoitia. Bere gauzak askotan nituen irakurrita, baina ez nuen bera ezagutzen. Eta, antza denez, ezta berak nik ere, zeren agurtu nuenean, harritu egin zen: “zu zara Joxe Aranzabal?”. Gero pena hartu nuen, ze ez nuen astirik hartu berarekin hitz egiteko, eta konturatu orduko, joanda zegoen.

Denok atera genituen argazkiak, hauxe adibidez. Aurrean ezkerretik, Elena Laka, Maite Rementeria eta Gari Araolaza daude. Atzerago, Julen Gabiria eta Arantza Tamayo, Mungiako blogaria.

Elena Lakak esan zidan zalantzak izan dituela bloga egiteko, baina azkenean, ikusita besteok zer egiten dugun, bera ere animatu egin dela. Goio Arana bere anaiarekin agertu zen, Edorta Aranarekin, hau ere laster hastekoa bloga egiten. Atzo ere barre apur bat egin genuen, zenbait jendek nahastu egiten ditu-eta gure ahotsak, Edortarena eta nirea.

CodeSyntaxeko jende asko izan zen han. Mikel Larreategi, Luistxo Fernandez, Gari Araolaza eta Maite Rementeria. Han zebilen, halaber, Oier Gorosabel. Azken hori, adibidez, ez nuen ezagutu, inoiz ikusi barik nengoen eta. Joandakoan esan zidaten hura zela Oier. Angel Bidaurrazaga ere hantxe izan zen, Euskara zuzendaria Bizkaiko campusean, EHUn. Erramunen ondoan egon zen. Beste argazki honetan ikusiko dituzue han elkartutako ia gehienak, eta pasatzen baduzue punteroa argazkiaren gainean, erraz igarriko duzue nor den nor.

Halako batean, estukada bat sentitu nuen bizkarrean. Mikel Iturria zen, nire aingeru goardetako bat. Bere emaztearekin zegoen, beti bezain abegikor eta umoretsu. Eta, ezustean, hantxe ikusi genuen Iban Zaldua ere, Volgako batelari dotorea. Agurtu nuenean, Igor Leturiarekin zegoen. Ibanek esan zigunez, laster hasiko dira literatura kritikak egiten Volgako batelariak, eta ez prezisamente nik Sustatun emandako gomendioei jarraituz, nola idatzi Interneten. Igor Leturia gu baino bi pauso aurrerago ibili zen, mobloging egiten, hau da, argazkiak atera eta telefonotik zuzenean zintzilikatzen e-gor blogean.

Mobloging

Oraindik jendea ailegatzen ari zen. Adibidez, Jabi Zabala eta Arantza Tamayo, Obabatxue blogeko jabea. Esan nion Arantzari, oso ondo idazten duela ingelesez, eta asko gustatzen zitzaidala Obabatxue. Haren zuritasuna gustatzen zait. Jabik ere kontatu zigun nola hasieran mac erabiltzailea zen, baina gaur egun biak erabiltzen dituela, mac eta windows. Batek baino gehiagok galdetu diotela ea informatikaria den, baina bera kazetaria dela, eta bere kasa ikasi duela informatikaz dakiena.

Bukaera aldera, Xabier Mendiguren Elizegirekin egin nuen trill, eta galdetu nion liburuaren gainean, ea zer moduz doan. Egia esan, lanpetuta ibili dela beste kontu batzuekin, eta ez diola kasu handirik egin, baina laster erantzungo didala.

Ez ginen bakarrik ibili Espaloian: gurekin batera hainbat kazetari, kameralari eta argazkilari ibili ziren, haiek ere bestak erakarrita, baina ez festa egiteko, baizik eta lanean.

Harrituta geratu nintzen, hori bai, zein ondo dabilen Espaloia: herritar asko lekuaz gozatzen, Wi-Fi konexioa bat ere arazorik gabea… gozamen hutsa. Elgetak bikain erantzun die blogari euskaldunen deiari, betiko moduan. Zorionak, Iban, eta zorionak Elgeta!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude