Besta Elgetan

Arratsaldeko 19:30etan hogei bat blogari bildu gara Espaloian, Elgetan. Jende asko zegoen bertan, baina blogariok txoko bat hartu dugu,, hiru mahairekin. Erramun Errikagoitia, Luistxo Fernandez, Gari Araolaza, Mikel Larreategi, Angel Bidaurrazaga, Elena Laka, Xabier Mendiguren Elizegi, Mikel Iturria, Julen Gabiria, Josu Martinez, Eneko Astigarraga, eta Iban Zaldua, besteak beste.

Hemen ibili gara Julen Gabiriari ikastaro bat ematen, nola eskegi argazkiak blogean. Julenek laster berrituko du bere bloga, ikusiko duzue zer blog polita egin dion Maite Rementeriak, eta hori ikasteko gogoz zebilen. Hortaz, argazki hau berak ipini du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Kontrarreforma

Atzo “Iñaki Aldekoa”:http://www.armiarma.com/zaldiero/114.htm ikusi nuen Sautrela saioan, Ereineko editorea eta Historia de la literatura vasca liburuaren egilea. Eztiki, baina ezin garbiago, esan zuen eliza katolikoaren kontrarreformak (Trentoko kontzilioa: 1545-1563) eten egin zuela euskal literaturaren bilakaera, eta horrek Europakoarekin zuen paralelismoa.

Leizarragaz gero, hurrengo laurehun urteak, euskal letren panorama katiximaz eta eliza liburuz bete zen. Elizak berak ezetz esango du, baina ezin ukatu begi bistakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Gora Susa!

Gaurko lerro hauen bidez txalotu nahi dut Susa argitaletxea sarean egiten ari den lan handia. Atzo bertan irakurri nuen Sustatun Klasikoen Gordailua sortu duela, eta hor ipini dituela gure klasiko mordoren lanak. Sartu nintzen, eta saltseatu apur bat, eta han zeuden, nire esku, milaka eta milaka lerro, euskal klasikoek idatziak. Zorionak, bada, Susari eta Patxi Salaberriri, berak ere parte handia izan baitu lan horretan.

Hori izan da azkena, baina, lehendik ere, Susak sekulako oparia egin zigun Armiarmarekin, non denetik eskaintzan digun, literaturarekin lotuta.

CodeSyntax enpresarekin batera, Susa ari da urrats esanguratsuak egiten euskalgintzak izan dezan lekutxo bat sarean. Susako taldea lan eskerga egiten ari da, eta merezi du gure txaloa. Gora Susa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Emakume amerikarrek, titirik ez

Pamela Anderson aktore amerikarrak adierazi zuen herenegun, bere telesail berria aurkezten ari zela, Fox kateko zentsuratzaileak etorri zitzaizkiola grabazio lekura, eta esan ziotela ezkutatzeko titiburuak, “ezin duzu-eta titirik izan gaueko 22:00ak baino lehen”.

Buzz Machine webgunean irakurri dut horren berri, eta garbi erakusten du puritanismoaren ergelkeria. Gaueko hamarrak arte amakume amerikarrek ezin dute erakutsi koskorrik txikiena ere bularretan. Aitzitik, eta hori da harrigarriena, ordu horretatik aurrera, orduan bai. Bushen aroan, edozer gauza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Txurdinagan ere, gozo-gozo

Atzo egin nuen liburuaren azken aurkezpena. Berezia zen niretzat, irakurle talde batek deituta nindoan eta. Iritsi baino ez, hantxe nuen Aritza, kultura eragile eta gidari aparta.

Jende gutxi etorri zen aurkezpenera, sei lagun, baina, ordainetan, oso giro hurbila sortu zen gure artean. Nik, behintzat, eroso sentitu nintzen, eta familian bezala. Batzuek irakurria zuten liburua, eta beste batzuek ez, baina hitz egiteko orduan gehienok hartu genuen parte.

Eskerrak eman nahi dizkiot Asapala euskara elkarteari, salbuespen bat eginda, leku bat egin zidalako bere egitarauan, kontuan hartuta jeneralean literaturagileak gonbidatzen dituela horrelako solasaldietara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Aldus Manutius

Egia esanez gero, Aldusen berri izan nuen programa informatiko baten bidez, garai batean PageMaker programa Aldus PageMaker baitzen. Gero jakin nuen Aldus izen hori eman ziotela programari Berpizkunde garaiko inprimatzaile eta tipografo handi baten omenez, Aldus Manutius italiarra. Gutenbergen ondoan Aldus izango da, seguruenik, Berpizkundeko inprimatzailerik garrantzitsuena Europan. Bera hasi zenean negozio horretan baziren berrogeita hamar bat urte alemanak asmatu zuela moldiztegia, eta Europan mila bat irarkola bai, izango ziren lanean.

Aldusek, berriz, berrikuntza galantak ekarri zituen: berak asmatu zituen letra erromatarrak, Bembo letratipoarekin. Baita letra italikoak edo kurtsiboak. Bereak dira, halaber, octavoak edo sakelako liburuak, garai hartan iraultza demasekoa jende ikasiarentzat, Europan batetik bestera ziharduena.

Erregistratu egin zuen letratipo italikoa, haren monopolioa izateko, bai eta lortu ere: garai hartako Aita Santuak dekretu bat sinatu zuen Aldusen monopolioa ziurtatzeko. Alferrik, ordea. Halako arrakasta izan zuen, non mundu guztiak kopiatu baitzuen estilo hori, kasurik egin gabe Aita Santuari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Linfoma baten historia

Igande iluntzean Fatimak deitu zidan, arreba gazteak, eta esan zidan El Mundo egunkariak zekarrela blogari baten kasua, Bartzelonakoa, eta Ivan Noblek bezala, mutil horrek bere gaixotasunaren berri kontatzen zuela bere blogean. Atzo goizean, berriz, Gari Araolazak bidali zidan antzeko mezua. Ordenagailura joan, eta sartu egin nintzen Fatimak emandako helbidean, La historia de un linfoma, eta hor aurkitu nuen Eduardo Garcíaren historia, Bartzelonako produktu ingeniari baten kontakizuna. Eduardok 36 urte ditu, eta bere blogean kontatzen du nola aurkitu zioten Hodgkin linfoma bat, eta handik aurrerako tratamendua.

Bloga bitxi samarra egin zitzaidan, eta nabigazio sistema berezia du artikulutik artikulura joateko. Egunkari moduan idatzita dago, nahiz eta ez zuen egunero idatzi. Tonua, berriz, ezaguna egin zitzaidan, argi erakusten baitu horrelako egoeretan bizi izaten diren gorabeherak.

Gaixotu zenetik bi urte igarota, Eduardo García hasi da maratoi erdiak egiten, eta, berak dioenez, ondo dabil. Poztu egin naiz hori irakurrita. Horrek, gainera, ematen dit itxaropen apur bat nik ere maratoi erdirik ez, baina Arrasate-Oñati gutxienez, inoiz egingo dudala berriro.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Galde-eskeak

Joan den astean sei galdera jaso nituen Berria egunkaritik, egunean bat, eta nik txintxo-txintxo erantzun Galde-eskeak atalean argitaratzeko. Berriaren edizio elektronikoan ezin zirenez ikusi, hona dakartzat, sarean ere ager daitezen.

Medikuak esan dit minbizia dudala kronika osatuta, hasierara jo eta zer pentsatzen duzu orain orduan idatzitakoaz? (Iñaki Galparsoso)

Asmatu egin nuela erabaki nuenean idaztea nire gaixotasunaren gainean. Nik asko irabazi dut erabaki horri esker. Izan ere, idazteak lagundu zidan hasierako mamuak menderatzen. Baita pentsamenduak antolatzen eta lagunak egiten ere. Jendea konturatu zen bihotzetik hitz egiten nuela, eta askok halaxe erantzun. Elkartasuna oparitu zidaten, babesa eta maitasuna.

Horrez gain, somatzen hasia naiz zenbait jenderi oso lagungarri izan zaiola nire liburua, eta horri esker orain lehen baino indartsuago egingo diotela aurre minbiziak eragindako minari.

Beraz, atzera egiteko aukera izango banu, berriro erabakiko nuke nire gaixotasunaren gorabeherak partekatzea irakurleekin. (2005.04.05)

Zer suposatu dizu Internet zure egoera pertsonalaren lekuko bihurtzeak? (Ane Garmendia)

Nire kasuan, Internet izan da baliabide bat jende askorengana iristeko. Internetek, eta zehazkiago esanda Sustatu.com-ek, aukera eman dit jendearekin elkarrizketa sortzeko, minbiziaren inguruan hitz egiteko.

Elkarrizketa horretan, biluzik agertu nintzen askoren aurrean, baina Internetek ez ninduen biluztu, minbiziak baizik. Beraz, erabaki nuen agertzea gaixotasunak utzi ninduen moduan, ezer ezkutatu barik. Trukean, berriz, jendeak animoa eman dit, indarra aurrera egiteko.

Gaixotasunak etxean nindukala, bestalde, Internet izan da leiho bat irekita mundura, eta horri esker harremanetan izan naiz jende askorekin. Beraz, plaza eta leiho izan da niretzat Internet, sendaleku eta atsedentoki. (2005.04.06)

Minbiziari aurre egin eta onik atera ondoren, nola begiratzen diozu bizitzari? (Monika Etxaide)

Bizitzari begiratzen diot opari bat bailitzan, gaixotu nintzenetik eman zaidan bigarren aukera bat bezala. Eta berriro sumatzen dudanean Herio dantzan nire inguruan (halaxe sumatu nuen lehen aldiz ospitaleratu nindutenean, eta ikaratu egin nintzen), aurpegira begiratuko diot, lasai, onartua baitut nire egunak gutxi izan daitezkeela.

Baina ordu hori iritsi bitartean ahaleginduko naiz bizitza gozatzen eta aprobetxatzen, opari ederregia baita ez aprobetxatzeko. Familia eta lagun zoragarriak ditut, maite ditut oso, eta beraiek ematen didate indarra aurrera egiteko. Eta, noski, prest nago berriro gaixotzen banaiz ostera ere borroka egiteko, batak ez du-eta kentzen bestea. (2005.04.07)

Zein irakaspen nagusi atera duzu igaro duzun ataka larri horretatik? (Argi Goikolea)

Ikasi dut ona dela Heriori begietara begiratzea. Ikasi dut, halaber, bizitzak merezi duela, lotura asko ditugula hemen, zein baino zein ederragoak. Ikasi dut denok dugula kemena egoera zailei aurre egiteko, baina asmatu egin behar dugula barne indar hori bilatzen eta erabiltzen. Ikasi dut, orobat, ona dela partekatzea besteekin gaixotasunaren gorabeherak, pozak eta penak. Ikasi dut familia eta lagunak helduleku paregabeak direla ataka gaiztoetatik irteteko. Ikasi dut, azkenik, egoera txar guztiek dutela alde positibo bat, eta merezi duela alde horiek indartzea.

Hainbat gauza ikasi dut, eta, zorionez, ikasten ari naiz oraindik ere. (2005.04.08)

Munduan gero eta hedatuago dago Blogaren kultura, eta kazetari asko ere hasi dira horretan, baita euskaldunon artean ere. Kazetaritzan aldaketa ekarriko al du Blogaren kulturak? (Tomas Errasti)

Uste dut baietz, zeren blogak hautsi egiten du kazetaritzaren inguruko monopolioa, eta blogari guztiok bihurtzen gaitu berriemaile, kazetari eta iritziemaile. Eta horrek sakon eragin lezake nola ulertzen dugun komunikazioa.

Donostiako azken Zinemaldian, hantxe izan ziren zenbait blogari, kazetaritza lanak egiten. Baita Ibarretxe plana onartu zen egunean, Eusko Legebiltzarrean. Politikariak ere igo egin dira gurdi horretara.

Blogintza hasi baino ez da egin, baina dagoeneko hasi da hedatzen eta indartzen: moblogak (blogak sakelako telefonoen bidez eginak), edo podcastinak (soinu grabazioak blogean txertatuak) dira horren adibide. Hiritarrok aprobetxatu egin behar aukera hau. (2005.04.09)

Arrasate inguruko proiektu mediatikoaren bultzatzaile izanda, kazetaritza lanaren falta sumatzen duzu? (Oihana Artazkoz)

Ez. Arrasaten nenbilenean intentsitate handiz egiten nuen lan, erlojuaren kontra. Orain, berriz, modu lasaiagoan lantzen dut kazetaritza, besteak beste, tartekatzen dudalako beste lan mota batzuekin.

Komunikazioaz arduratzen naiz Mondragon Unibertsitatearen Humanitate Fakultatean, kanpo eta barne komunikazioa lantzen ditut han. Gainera, talde batean nabil, Humanitateak eta Komunikazioa ikasketak prestatzen. Eta nire denbora librean, blog bat daukat, Faroa, eta hor ia egunero idazten dut zerbait

Beraz, kazetaritzan dihardut, baina beste modu batean. (2005.04.10)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Historiografia neofrankista

Aurreko batean irakurri nion Julio Llamazares idazle espainiarrari, ez zitzaizkiola bat ere gustatzen Pio Moa eta César Vidal bezalako sasi-historiagileak. Jakin-minez geratu nintzen, nortzuk ote sasikoak. Atzo, berriz, Eroskin izan nintzen, Abadiñon, eta haien liburu mordoa ikusi nituen erakusgai, salduenen artean. Eta gaur goizean, Paul Preston historiagile britainiarrari entzun diot elkarrizketa batean, eta haien berri eman digu, Radio Euskadin.

Antza denez, “Pío Moa”:http://www.esferalibros.com/autores/autordetalle.html?autorID=86 Grapon ibili zen sasoi batean, eta harrezkero habia gozoa aurkitu du Libertad Digital agerkari neofaxistan, “Jiménez Losantosen”:http://www.libertaddigital.com/opiniones/opi_desa_24241.html altzoan, hori ere garai batean ORT hipergorrian ibilia.

“César Vidal”:http://tinyurl.com/4vjnz ere sarri agertzen da bai Libertad Digitalean bai COPE irratian, bietan Jiménez Losantosen magalean, eta, itxura guztien arabera, Espainiako Gotzaitegiaren bedeinkazioarekin, erakunde horrena baita irrati kate hori.

Prestonen esanetan, bi idazle horiek txurroak bezala ari dira ateratzen liburuak. Kalitate eskasekoak omen, baina arrakasta handia dute, idazkera eta tonu entretenigarriari esker. Historiagile frankistek bere garaian idatzitakoak eguneratu, besterik ez omen dute egiten. Batak zein besteak, gainera, diote konspirazio bat dagoela franskismoaren kontrako historiagile guztien artean, Gerra Zibilaren inguruko historia desitxuratzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Karapaixoa

Atzo karapaixoa jan genuen afaltzeko. Mirenek eta Ainhoak esku artean duten hori da karapaixoa: baserriko ogi bat, txorizo eta arrautzarekin. Jeneralean egiten da Garizuma garaian, eta aitapontekoak edo amapontekoak oparitzen dio besoetakoari. Hori da, behintzat, ohitura inguru honetan, nahiz eta ogiaren izena aldatu egiten den batzuetan: Arrasaten karapaixo, Elgetan garipaua, eta Elorrion mokotza.

Guk atzo jaso genuen karapaixoa, gure amak emanda. Bost enkargatu zituen Bedoñako baserri batean, Mondragoen, eta bostak banatu beste horrenbeste seme-alabaren artean. Ona zegoen, eta gustura jan genuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1