Galde-eskeak

Joan den astean sei galdera jaso nituen Berria egunkaritik, egunean bat, eta nik txintxo-txintxo erantzun Galde-eskeak atalean argitaratzeko. Berriaren edizio elektronikoan ezin zirenez ikusi, hona dakartzat, sarean ere ager daitezen.

Medikuak esan dit minbizia dudala kronika osatuta, hasierara jo eta zer pentsatzen duzu orain orduan idatzitakoaz? (Iñaki Galparsoso)

Asmatu egin nuela erabaki nuenean idaztea nire gaixotasunaren gainean. Nik asko irabazi dut erabaki horri esker. Izan ere, idazteak lagundu zidan hasierako mamuak menderatzen. Baita pentsamenduak antolatzen eta lagunak egiten ere. Jendea konturatu zen bihotzetik hitz egiten nuela, eta askok halaxe erantzun. Elkartasuna oparitu zidaten, babesa eta maitasuna.

Horrez gain, somatzen hasia naiz zenbait jenderi oso lagungarri izan zaiola nire liburua, eta horri esker orain lehen baino indartsuago egingo diotela aurre minbiziak eragindako minari.

Beraz, atzera egiteko aukera izango banu, berriro erabakiko nuke nire gaixotasunaren gorabeherak partekatzea irakurleekin. (2005.04.05)

Zer suposatu dizu Internet zure egoera pertsonalaren lekuko bihurtzeak? (Ane Garmendia)

Nire kasuan, Internet izan da baliabide bat jende askorengana iristeko. Internetek, eta zehazkiago esanda Sustatu.com-ek, aukera eman dit jendearekin elkarrizketa sortzeko, minbiziaren inguruan hitz egiteko.

Elkarrizketa horretan, biluzik agertu nintzen askoren aurrean, baina Internetek ez ninduen biluztu, minbiziak baizik. Beraz, erabaki nuen agertzea gaixotasunak utzi ninduen moduan, ezer ezkutatu barik. Trukean, berriz, jendeak animoa eman dit, indarra aurrera egiteko.

Gaixotasunak etxean nindukala, bestalde, Internet izan da leiho bat irekita mundura, eta horri esker harremanetan izan naiz jende askorekin. Beraz, plaza eta leiho izan da niretzat Internet, sendaleku eta atsedentoki. (2005.04.06)

Minbiziari aurre egin eta onik atera ondoren, nola begiratzen diozu bizitzari? (Monika Etxaide)

Bizitzari begiratzen diot opari bat bailitzan, gaixotu nintzenetik eman zaidan bigarren aukera bat bezala. Eta berriro sumatzen dudanean Herio dantzan nire inguruan (halaxe sumatu nuen lehen aldiz ospitaleratu nindutenean, eta ikaratu egin nintzen), aurpegira begiratuko diot, lasai, onartua baitut nire egunak gutxi izan daitezkeela.

Baina ordu hori iritsi bitartean ahaleginduko naiz bizitza gozatzen eta aprobetxatzen, opari ederregia baita ez aprobetxatzeko. Familia eta lagun zoragarriak ditut, maite ditut oso, eta beraiek ematen didate indarra aurrera egiteko. Eta, noski, prest nago berriro gaixotzen banaiz ostera ere borroka egiteko, batak ez du-eta kentzen bestea. (2005.04.07)

Zein irakaspen nagusi atera duzu igaro duzun ataka larri horretatik? (Argi Goikolea)

Ikasi dut ona dela Heriori begietara begiratzea. Ikasi dut, halaber, bizitzak merezi duela, lotura asko ditugula hemen, zein baino zein ederragoak. Ikasi dut denok dugula kemena egoera zailei aurre egiteko, baina asmatu egin behar dugula barne indar hori bilatzen eta erabiltzen. Ikasi dut, orobat, ona dela partekatzea besteekin gaixotasunaren gorabeherak, pozak eta penak. Ikasi dut familia eta lagunak helduleku paregabeak direla ataka gaiztoetatik irteteko. Ikasi dut, azkenik, egoera txar guztiek dutela alde positibo bat, eta merezi duela alde horiek indartzea.

Hainbat gauza ikasi dut, eta, zorionez, ikasten ari naiz oraindik ere. (2005.04.08)

Munduan gero eta hedatuago dago Blogaren kultura, eta kazetari asko ere hasi dira horretan, baita euskaldunon artean ere. Kazetaritzan aldaketa ekarriko al du Blogaren kulturak? (Tomas Errasti)

Uste dut baietz, zeren blogak hautsi egiten du kazetaritzaren inguruko monopolioa, eta blogari guztiok bihurtzen gaitu berriemaile, kazetari eta iritziemaile. Eta horrek sakon eragin lezake nola ulertzen dugun komunikazioa.

Donostiako azken Zinemaldian, hantxe izan ziren zenbait blogari, kazetaritza lanak egiten. Baita Ibarretxe plana onartu zen egunean, Eusko Legebiltzarrean. Politikariak ere igo egin dira gurdi horretara.

Blogintza hasi baino ez da egin, baina dagoeneko hasi da hedatzen eta indartzen: moblogak (blogak sakelako telefonoen bidez eginak), edo podcastinak (soinu grabazioak blogean txertatuak) dira horren adibide. Hiritarrok aprobetxatu egin behar aukera hau. (2005.04.09)

Arrasate inguruko proiektu mediatikoaren bultzatzaile izanda, kazetaritza lanaren falta sumatzen duzu? (Oihana Artazkoz)

Ez. Arrasaten nenbilenean intentsitate handiz egiten nuen lan, erlojuaren kontra. Orain, berriz, modu lasaiagoan lantzen dut kazetaritza, besteak beste, tartekatzen dudalako beste lan mota batzuekin.

Komunikazioaz arduratzen naiz Mondragon Unibertsitatearen Humanitate Fakultatean, kanpo eta barne komunikazioa lantzen ditut han. Gainera, talde batean nabil, Humanitateak eta Komunikazioa ikasketak prestatzen. Eta nire denbora librean, blog bat daukat, Faroa, eta hor ia egunero idazten dut zerbait

Beraz, kazetaritzan dihardut, baina beste modu batean. (2005.04.10)

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Galde-eskeak bidalketan

  1. egilea: Edorta Arana

    Aupa Joxe.
    Oso gustora nabil irakurtzen zuk idatzitakoak, oraingoan liburuan. Berriro ere, hunkitu egiten nau gauzak nola joan ziren irakurtzea eta bereziki zuen alabaren eta Begoren “agerraldiak”.

    Niri berbekin jolastea asko gustatzen zait eta azken denboraldian “Medikuak esan dit…” esamoldea sarritan erabiltzen dut gero benetakoa den zerbait, garrantzia duena, zintzotasunez esandako zerbaiten hasiera modura. Hitz makulu modura erabiltzen dut, kariño eta errespetu osoz. Zor dizkizudanak, bestalde.
    Besarkada bat,

    Edorta Arana

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude