Zilarrezko Euskadi saria

Aurten banuen jakinmin apur bat Zilarrezko Euskadi sariaren inguruan, jakitearren nola moldatuko zen nire liburua, Medkuak esan dit minbizia dudala, orain bi hilabete aurkeztu zena. Apirilaren 23a igaro zen, eta joan den ostiralean jakin genuen Joan Mari Irigoienek eta Martin Berasategik irabazi dutela aurtengo saria. Arrastorik ere ez nola saldu zen nirea, sariaren arduradunek bakarrik jakinarazi baitzituzten lehen bi sailkatuen izenak.

Irakurri dut Andoni Arantzegik emandako informazioa, eta ondorio hauek atera ditut:

  • Liburu gutxi. Atentzioa eman dit zein liburu gutxi saldu dituen liburu irabazleak, bai euskaraz (61 ale) eta baita gaztelaniaz ere (95 ale). Beharbada urteroko kontua izango da hau, baina ni aurten erreparatu diot lehendabizi.
  • Izen egokiagoa. Akaso ez dira hain liburu gutxi, aintzat hartuz gero bakarrik zenbatzen direla egun horretan Donostian saldutako liburuak, ez Euskadin saldutakoak, nahiz eta sariaren izena izan Zilarrezko Euskadi saria. Horregatik, egokiagoa izan liteke Zilarrezko Donostia saria. Horrek zehatzago adiraziko luke sariaren eremua. Edo bestela, zabal dadila eremu hori Euskal herri osora, edo Euskal Herriko hiriburuetara.
  • Argitaletxeen arteko lehia. Durangorako nola, Liburuaren Egunerako ere estrategia berezia dute Euskal Herriko argitaletxeek: aurreko hamabost egunetan liburu mordotxoa aurkeztu zuten, batzuk ospakizunaren bezperan. Beraz, liburu horiek harrapatzen dute hedabideen arreta.
  • Unearen garrantzia. Aurtengo irabazleak, euskarazko liburuen artean, oso lotuta etorri dira une honetan bizi dugun momentuarekin: Komunista .com etorri da justu komunista hitza boladan dugun unean, alderdi komunista batek, EHAKek, 9 jarleku irabazi dituenean Eusko Legebiltzarrean. Eta Don Kijote Mantxako, liburu horren inguruan antolatu diren ospakizun guztien erdian, aurten 500 urte betetzen baitira Cervantesek Don Quijote de la Mancha argitaratu zuela.

Irabazleei, zorionik beroenak. Eta nire liburuari dagokionez, nire editoreari galdetuko diot ea zer moduz saldu zen Donostian, apirilaren 23an.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Erdarakada ote aditza aurreratzea?

Aurreko egun batean, Iban Arantzabal Sustatuko editoreak esan zienean gure ikasleei komeni zela aditza aurreratzea blogetan-eta idazterakoan, gure ikasletako batzuek erantzun zioten hori oso arrotz egiten zitzaiela, erdarakada itxura handia zuela.

Ulertzekoa da ikasleen erantzuna, eskolan hasi zirenetik, horixe esan zaielako urtea joan eta urtea etorri: aditza beti esaldiaren atzealdean ipini behar dela. Horixe izango da, seguruenik, ikastoletan eta gainerako ikastetxeetan euskarari dagokionez ematen den mezurik errepikatuenetako bat. Horretan ez dago zalantzarik Sebero Altubek sekulako arrakasta izan duela.

Baina ez da beti horrela izan. Gure klasikoei begiratuz gero, ikusten da haiek ez zutela inolako lotsarik aditza aurrealdean erabiltzeko, eta, horri esker, komunikagarritasunak izugarri irabazten zuela bere testuetan.

Baina gaur egun ere, idazle batzuk hasi dira aditza aurreratzen bere idatzietan. Horietako bat da Joan Mari Irigoien. Egun hauetan Komunista.com irakurtzen ari naiz (aurtengo Zilarrezko Euskadi saria euskaraz), eta hor ere aurkitu dut adibide argirik:

Beste adibide bat

  • Atera zuen buzoaren poltsiko batean zeukan koaderno txikia, hartu zuen belarrian zeraman lapitza, apuntatu zuen bere telefonoa orritxo batean, kendu zion koadernoari orritxoa, eman zion Teresari eskura, eta honela esan zion: (68. or)
  • Deitu zion, bada, handik astebetera Teresak Tomasi; geratu ziren Donostian, Paseo Berritik itzulalditxo bat egiteko; elkartu ziren eta ibiltzen hasi; zeharkatu zuten Parte Zaharra, portura jotzen duen Urgull mendiaren magalera egiteko; eseri ziren banku batean; miretsi zuten Kontxa, Igeldo eta inguru haren ederra… (69. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

EITB Irratiaren kaparrada

Beribilean noala, askotan pizten dut EITB Irratia, musika entzuteko. Baina nekatu egin naiz gauza batekin. Albiste guzti-guztien ondoren, “EITB… Irratia!” errepikatzen dute, sintonia batekin ez bada, besterekin. Ez digute aukerarik ematen gozatzeko laupabost albiste jarraian. Kaparrada itzela.

Emisora hori aukeratzen dudanean, badakit EITB Irratia dela, ez didate gauza bera gogorarazi behar behin eta berriro, abesti bakoitzaren ondoren. Eta niri bezala, jende askori. Estimatzen ditut era horretako emisorak, batez ere politikariek kokoteraino jartzen nautenean, baina eman diezadatela bake apur bat, horixe eskatuko nieke EITBko lagunei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Orotariko Euskal Hiztegia

Atzo izugarri poztu nintzen irakurri nuenean Sustatun Orotariko Euskal Hiztegiaren azken liburukia kaleratu dela. Oraindik gogoan dut, Ameriketatik bueltan, nola Mitxelenak ekin behar zion proiektu erraldoi bati, eta deitu ere horrela deitzen geniola, Mitxelenaren hiztegia. Lehen liburukia argitaratu zenean, berehala erosi nuen ale bat. Laugarrena, berriz, lagun batek oparitu zidan. Eta horiek baino ez dauzkat, hamaseitik bi. Kontsultatu beharra izan ditudanean falta zaizkidanak, joan behar izan dut udal liburutegira edo fakultatekora.

Hala ere, albistearen bigarren parteak eman dit poz handiagoa, alegia, hiztegiaren edizio digitala ari direla prestatzen. Ea asmatzen duten formatuarekin. Horrelako lan erraldoi batek mereziko luke sarean ere bertsio txukuna izatea. Hiztegian parte hartu duten guztiei, zorionik beroenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elena Lakaren aldarria

Elena Laka abokatu eibartarrak mezu bat utzi zuen atzo arratsaldean Eibartarrak posta zerrendan, irakurlea erraietaraino astintzen duen horietakoa: Oier bi urte eta erdiko semetxoari tumor bat, minbiziduna, aurkitu diote ezker begian. Oraingoan piztiari deritzo retinoblastoma, eta da begiko minbizi bat, haurrengan agertzen dena. Eskerrak eman nahi dizkiot Elenari, erabaki duelako une latz horiek gurekin batera bizitzea. Premia izugarria sentitu du kontatzeko —“Honeraino kontatzeko neukan premia, premia izugarria. Bloga egiten asmatzen badut, bertara joango da”—, eta idatzi izanak on egingo dio, seguru nago.

Ez dakit zenbat aldiz irakurri ditudan bere hitzak baina, zenbat eta gehiago irakurri, hainbat eta garbiago agertzen zait Elena eta bere ingurukoak kementsu daudela: bere lerroen tonuak adierazten du hori, eta baita bere esaldi batek ere, “prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da”.

Nik ere goitik behera sinesten ditut zure hitzak, Elena, eta seguru nago Oier sendatuko dela. Lerro hauen bidez arnasa eman nahi dizuet, aurrera egiteko kemana. Eta besarkada handi bat gu hiruron partetik.

Maite zaituztegu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Banutarrak

Igande gauean Documentos TV ikusi nuen. Zati bat. Errumaniako familia baten kasua erakutsi zuten, Madrilen bizi direnak: hiru anaia Errumaniatik etorriak, euretariko bi beren neskalagunekin, eta hirugarrena, Martxoaren 11ko biktima.

Hiru planotan erakutsi zuten Banutarren historia, familia hark Banu baitzuen abizena: Madrilgo etxebizitza batean, autobusean Errumaniara bidean, eta Errumanian, Banutarren jaioterrian. Bizimodua gogorra zen Madrilen, baina are gogorragoa Errumanian, jasanezina ia.

Eta orduan gogoratu nintzen azkenengoz ospitalean izan ginenean, Deustuan, ospitaletik irtenda Casa Vasca jatetxera joan ginela menua jatera. Eta han zerbitzari gehienak errumaniarrak zirela. Barran zebiltzanak urduri ari ziren, bezeroei ulertu ezinik, eta nola zerbitzatu asmatu ezinka. Esan zigutenez, hilabete zeramaten Euskal Herrian. Dena zen arrotz beraientzat. Gogorra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Etxeparegandik Sintxanengana

Sebero Altube aztoratu egingo litzateke entzungo balu Sintxanen abestia, ETBk arratsaldero ematen duena, bukaeran dioela “…nire izena da Sintxan!”. Baina gure klasikoek horrelako asko idatzi zituzten: aditza elementu osagarrien aurretik.

Aste Santu honetan Patxi Salaberriren azken liburua eraman nuen oporretara, Euskal klasikoen atarian, eta hor adibide mordoa aurkitu nuen idazteko modu horrena. Hona ekarriko dizkizuet horietako hainbat, seguruenik gaur egun erdarakadatzat hartuko genituzkeenak.

Bernard Etxepare: Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita, eta baita, zientzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ezten saiatu bere lengoaje propiaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera eta eskributan imeitera (14. or.)

Estebe Materre: Baina nahi dut jakin dezaten halakoek nik hizkuntza hunetan dakidana Saran ikasia dudala. (25)

Axular: Liburutto haur da emazurtza. Posthumus. Aita hilez gero sortua. (36) Batak erraiten du behatzea, eta bertzeak so egitea. (42)

Juan Tartas: Edirenen duzu laur kapitulu ene liburian: lehenian progatzen dut paganoen erranaz. (50)

Joannes Etxeberri, Sarakoa: Hau da dohain berezi bat, gure Jainko Jaunak gizonari xoilki eman diona. (54) Noeren barka hura gelditu zen Armeniako mendi haren gainean, zeina deitzen baita Baris. (65)

Manuel Larramendi: Irakurriko dute hala eleizetan nola etxeetan, eta Euskaraz hutsik dakitenak ta Gaztelania arrastaka baizikan eztakitenak ere, nahiko dute behin baino gehiagotan aditu. (88)

Sebastian Mendiburu: Loiolan, Jangoikoari eskerrak eta nere zori onez, hasi nintzen soinekoz Aita S. Ignazioren seme izaten. (100)

Bernard Larregi: Bigarrena, Jainkoaren graziarekin, agertuko da heldu den urtean, eta mintzatuko da Testament Berriaz. (110)

Juan Antonio Ubillos: Berezko hitz hoek, hitzkribitzean ta esatean, ezarri behar dira bakoitzari dagokan tokian. (112)

Juan Antonio Mogel: Ekusten ditugu konfesategiak jendez inguraturik, hurbiltzen dira gero aldara santura; uste gentzake poztutzeko gauza dala.. (124) Konfesio onak dakar berez komunio ona. (125) Bere sermoiak ziren txit lauak, berdintza edo konparazio ederrekin eginak. (128)

Bizenta Antonia Mogel: Deritzat entzuten nagoala mutiltxo, neskatxatxo ta nekazari askoren farra ta algara gozoak irakurri edo aituaz ipui honek. (147)

Jean Pierre Duvoisin: Iragan dituzu zelai aberatsak, mendi gogor, itsaso mortuak. (200)

Jean-Baptiste Daskonagerre: Nahi ginuen gure herritarreri eskaini lan xume bat eskaraz egina. (202) Jakintsuek kausituko dute huntan dudarik gabe zenbeit huts handi. (202)

Mixel Elizanburu: Ene liburuan erran dut nola heiek ere zeihar daitezken bide onetik. (213) Orai dugun hirurgarren Errepublika hau, 1848koa bezala, da erdia mentsa edo erdia imizila. (216)

Bazilio Joanategi: Noizbait hasi naiz berriz ere lanean, eta egin dut bertze liburu bat berri-berria. (225)

Jean Pierre Arbelbide: Mintzaira hori da Eskuara; eta nahi banauzu sinetsi, emazu oraino kobla hau izkribatu dituztun kantuen ondotik. (246)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Adi, Craigslist iritsi da

Azken hamabost urteotan munduko egunkari gehienek irakurleak galdu dituzte, eta dirua. Orain, berriz, Craigslist agertu da, eta iragarkiak kendu dizkie, eta diru gehiago. Enpresa argitaratzaileak ikaratan daude. Nola liteke enpresa ipotx batek, 18 langilerekin, dardaratan ipintzea munduko egunkaririk ahaltsuenak? Francis Pisanik horrela azaldu du, artikulu honetan:
*El éxito de Craigslist.org muestra ademas la existencia de amenazas específicas. Lanzada en 1995 por Craig Newmark, un programador en San Francisco ofrece ahora clasificados gratis en 100 ciudades de 20 países entre las cuales Buenos Aires, México, Sao Paolo y, no oficialmente todavía, Madrid. Les quita de esta manera una de sus fuentes tradicionales de ingresos a los periódicos establecidos.*

Zeintzuk dira atalik bisitatuenak Craigslisten? Lana, etxeak, saltzekoak, pertsonalak eta foroak. Eta zergatik sartzen da hainbeste jende? Craigslistek aukera ematen dielako zuzenean negoziatzeko euren artean, bitartekaririk gabe, eta, noski, bitartekariek kobratzen dutena ordaindu beharrik barik. Egunkariak ikaratan, eta inmobiliaria mordoa ateak ixten.

Argibide gehiago jakin nahi izanez gero Craigslisten gainean, klik egin hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Gizakom

Aste honetan bertan blog bat sortu dugu fakultatean, Gizakom, eta hori egin dugu bi karrera plazaratzeko, Enpresarako Giza Zientziak, eta Informazioa eta komunikazioa, biak HUHEZIn. Esperimentu bat da, hala ere. Gure ustez bloga erreminta egokia izan daiteke ikasketa horiek zabaltzeko. Horregatik, informazio asko emango dugu bertan: albisteak direla, iritzi artikuluak, beste nonbaiten aurkitutako gai interesgarriak, elkarrizketak…

Nahi dugu informazio hori iritsi dadin horren premian izan daitezkeenengana: balizko ikasleak, gurasoak, orientatzaileak, tutoreak, Giza Baliabideetako arduradunak. Eta, bueltan, nahi dugu jende horren iritzia ere jaso. Eta horretarako blogak ez du parekorik, ahalbidetzen baitu elkarrizketa irakurleekin. Horegatik, horietako askori bidali diegu mezu bat esanez Gizakom jaio dela, eta horren helbide gorde dezaten beren gogokoenen zerrendan.

Neu izango naiz editore Gizakomen. Baina ez naiz bakarrik ibiliko. Alboan izango dut talde bat laguntzen, bloga ahalik eta aberatsen izan dadin. Lortuko ahal dugu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Izuikara

Atzo ezusteko itzela eman zidan autoak. Etxera bidean nintzen. Kanpoan euria, eta ni ohi baino polikiago Kanpazar igoten. Erraustegi ondoko bihurgunean sartu nintzenean, gurpilak noraezean sentitu nituen. 40ra-edo nindoan, eta beribila justu-justu nire bidetik. Auto bat jaisten, eta ni ezker-eskuin, trastoa menderatu arte. Arnasa barik geratu nintzen. Eta “Oñatiko istripuaz”:http://www.goiena.net/Debagoiena/News/1114066853 gogoratu. Gaur bertan, fakultatera bidean, garajean geratuko naiz, gurpilak aztertzera.

Oñatiar guztiei, eta bereziki hildakoen familiartekoei, besarkada handi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin