Itxaropenaren indarra

Behin eta berriro irakurri dut Elena Lakaren kontakizuna, nola bere semetxo Oierri aurkitu dioten retinoblastoma bat ezkerreko begian. Eta miretsita nago zer indar duen, hor ere, itxaropenak: “prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da”.

Itxaropena ezinbestekoa dugu gizakiok bizitzan aurrera egiteko. Izan ere, itxaropena da gizakiok dugun konfiantza nahi edo desiratzen duguna gerta dadin edo lor dezagun. Nik dakidala, greziarren mito honetan agertzen da lehenengo aldiz itxaropena. Zuri eskaintzen dizut, Oier, eta zure familiari:

“Elezaharrak dio Prometeok, gizateria sortu zuen titan hark, nola oparitu zien hilkorrei sua, berak Olinpon lapurtua, eta jakinarazi zien berak Ateneagandik jasotako jakituria. Ordea, Zeus jainko gorenak horren berri izan zuenean, halako moldez haserretu zen, non kateatu baitzuen erruduna zutabe batera, eta agindu baitzuen sai batek jan zitzala haren erraiak egunez, gauez onera etor zitezen, eta horrela sufritu zezan etengabe.

Pandoraren kutxa

Ondoren, Zeusek agindu zion Hefesto bere seme eta suaren jainkoari sor zezala ahal zuen emakumerik ederrena. Hefestok agindutakoa bete, eta Pandora sortu zuen. Orduan Zeusek Lurrera bidali zuen Pandora, horrek opari ziezaion Prometeori kutxa polit bat, non lehenago berak gorde baitzituen gaixotasunak, bekaizkeria, gorrotoa, bizioak, erokeria, eta gainerako gaitzak. Baina hain suminduta zegoen Zeus, non, oharkabean, itxaropena ere sartu baitzuen kutxan.

Prometeok, sumatu zuelarik Zeusen jukutria, ez zuen onartu kutxa, eta erregutu zion Pandorari ez zezala inoiz ireki. Pandorak, ordea, ezin tentazioari eutsi, eta egun batean ireki egin zuen. Bat-batean, gaitz guztiak irten ziren kutxatik, baina baita itxaropena ere, eta harrezkero gizakiak babesten ditu”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Saturraran

Maiatzaren 5 honetan gogoak Saturraranera egin dit. Aspalditxo, 1964an-edo, hara joan nintzen Arrasateko zenbait mutikorekin, Saturrarango seminariora, abade izateko asmoarekin. Hamaika urte nituen orduan.

Oker ez banabil, 65 ikasle ginen gure kurtsoan. Eta haietatik, bat bakarrik abadetu zen. Geroago, hark ere utzi egin zuen apaizgoa. Beraz, gure koadrilla handi hartatik ez da abaderik geratzen.

Aurrekoan, berriz, nonbaiten irakurri nuen Baionako apaizgaitegia itxi egin behar dutela, ez dagoelako apaizgairik. Non eta Euskal Herrian, katolizismoaren gotorlekuan, Iñigo Loiolakoaren sehaskan. Horrek eman beharko lieke zer pentsatua Ratzingerri eta eliza katolikoaren indarraz hitz egin duten guztiei, Erromako azken hileta jendetsuen aurrean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Albiste onak Galdakaon

Atzo goizean Galdakaoko ospitalean izan nintzen, bi gauza nituen-eta han egiteko: analisi bat, eta kontsulta.

  • Analisia. Hipercoagulabilidad zuen izena han egin beharreko frogak, euskaraz hipergatzagarritasuna, edo horrelako zerbait. Odol analisiak dira, neurtzeko zelan dagoen odola, eta ea joerarik duen tronbosiak-eta edukitzeko. Kardiologoak agindu zidan egiteko, orain bi hilabete Sintrom kendu zidanean. Ateratako odola Kurutzetako ospitalera eraman zuten aztertzera, eta emaitzak hilabete barru jakingo ditugu. Uztailean berriro daukat kontsulta kardiologoarekin, eta orduan ikusiko dugu nolakoak diren emaitzak. Horrekin batera, orduan erabakiko du kenduko ote didan galtza edo ez, tronbosia izan nuenetik jazten dudana ezker hankan.
  • Kontsulta. Analisi kontuak bukatuta, nire hematologoarengana joan nintzen, Jesus Ojangurenengana. Orain hiru bat aste egindako PET analisien emaitzak eman zizkidan: dena normal, ez dago datu kezkatzekorik. Gogoratu eskanerra ere ondo atera zela. Orain datu horiek eraman behar ditut Valdecillara, hil honen hondarrean. Jesusek ahoa aztertuta, esan dit nahiko ondo dagoela, apur bat handituta egon arren. Eta berriro hasi naitekeela poliki-poliki prednisona jaisten, hartzen ari naizen kortikoidea.

Beraz, pozik itzuli nintzen Galdakaotik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Kukua

Atzo kukua entzun nuen aurten lehendabizi. Esteñibar baserrian nintzen, mahastian, mahatsondoei adar berriak bakantzen, eta, halako batean, eguerdi partean, ku-ku! entzun. Eta diru kontuak?

Han ginen guztiok asfaltokumeak ginen, eta aurten lehen aldiz entzuten genuen kukua. Inork ez zuen dirurik aldean, baina bai umore ona. Ondoren, mahaiaren bueltan ginela, baten batek azaldu zuen esaera zahar bat, bitxia, kukuaren ingurukoa: “San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu”, alegia, ekainaren 24an kukua entzuten dela, baina lau egun geroago, sanpedroetarako, desagertu egiten dela.

Harrigarria da kukuak, hegazti bizkarroia izanda, hau da, bere kumeak besteren kontura hazten dituela, nolako arrastoa utzi duen herri folklorean. Gotzon Garatek 31 atsotitz jaso ditu bere Atsotitzak liburuan. “Kirikiñok”:http://www.susa-literatura.com/emailuak/abarrak/ ere ipuin gogoangarri bat eskaini zion: Kukuba entzuten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Erlatibitatea

Maitemindu bikote bat jartzen direnean elkarrekin belarretan ordubetez, iruditzen zaie minutu bat. Baina jar daitezela labe bero batean minutu batez… irudituko zaie ordubete baino gehiago. Horra erlatibitatea. (Albert Einstein).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zilarrezko Euskadi saria

Aurten banuen jakinmin apur bat Zilarrezko Euskadi sariaren inguruan, jakitearren nola moldatuko zen nire liburua, Medkuak esan dit minbizia dudala, orain bi hilabete aurkeztu zena. Apirilaren 23a igaro zen, eta joan den ostiralean jakin genuen Joan Mari Irigoienek eta Martin Berasategik irabazi dutela aurtengo saria. Arrastorik ere ez nola saldu zen nirea, sariaren arduradunek bakarrik jakinarazi baitzituzten lehen bi sailkatuen izenak.

Irakurri dut Andoni Arantzegik emandako informazioa, eta ondorio hauek atera ditut:

  • Liburu gutxi. Atentzioa eman dit zein liburu gutxi saldu dituen liburu irabazleak, bai euskaraz (61 ale) eta baita gaztelaniaz ere (95 ale). Beharbada urteroko kontua izango da hau, baina ni aurten erreparatu diot lehendabizi.
  • Izen egokiagoa. Akaso ez dira hain liburu gutxi, aintzat hartuz gero bakarrik zenbatzen direla egun horretan Donostian saldutako liburuak, ez Euskadin saldutakoak, nahiz eta sariaren izena izan Zilarrezko Euskadi saria. Horregatik, egokiagoa izan liteke Zilarrezko Donostia saria. Horrek zehatzago adiraziko luke sariaren eremua. Edo bestela, zabal dadila eremu hori Euskal herri osora, edo Euskal Herriko hiriburuetara.
  • Argitaletxeen arteko lehia. Durangorako nola, Liburuaren Egunerako ere estrategia berezia dute Euskal Herriko argitaletxeek: aurreko hamabost egunetan liburu mordotxoa aurkeztu zuten, batzuk ospakizunaren bezperan. Beraz, liburu horiek harrapatzen dute hedabideen arreta.
  • Unearen garrantzia. Aurtengo irabazleak, euskarazko liburuen artean, oso lotuta etorri dira une honetan bizi dugun momentuarekin: Komunista .com etorri da justu komunista hitza boladan dugun unean, alderdi komunista batek, EHAKek, 9 jarleku irabazi dituenean Eusko Legebiltzarrean. Eta Don Kijote Mantxako, liburu horren inguruan antolatu diren ospakizun guztien erdian, aurten 500 urte betetzen baitira Cervantesek Don Quijote de la Mancha argitaratu zuela.

Irabazleei, zorionik beroenak. Eta nire liburuari dagokionez, nire editoreari galdetuko diot ea zer moduz saldu zen Donostian, apirilaren 23an.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Erdarakada ote aditza aurreratzea?

Aurreko egun batean, Iban Arantzabal Sustatuko editoreak esan zienean gure ikasleei komeni zela aditza aurreratzea blogetan-eta idazterakoan, gure ikasletako batzuek erantzun zioten hori oso arrotz egiten zitzaiela, erdarakada itxura handia zuela.

Ulertzekoa da ikasleen erantzuna, eskolan hasi zirenetik, horixe esan zaielako urtea joan eta urtea etorri: aditza beti esaldiaren atzealdean ipini behar dela. Horixe izango da, seguruenik, ikastoletan eta gainerako ikastetxeetan euskarari dagokionez ematen den mezurik errepikatuenetako bat. Horretan ez dago zalantzarik Sebero Altubek sekulako arrakasta izan duela.

Baina ez da beti horrela izan. Gure klasikoei begiratuz gero, ikusten da haiek ez zutela inolako lotsarik aditza aurrealdean erabiltzeko, eta, horri esker, komunikagarritasunak izugarri irabazten zuela bere testuetan.

Baina gaur egun ere, idazle batzuk hasi dira aditza aurreratzen bere idatzietan. Horietako bat da Joan Mari Irigoien. Egun hauetan Komunista.com irakurtzen ari naiz (aurtengo Zilarrezko Euskadi saria euskaraz), eta hor ere aurkitu dut adibide argirik:

Beste adibide bat

  • Atera zuen buzoaren poltsiko batean zeukan koaderno txikia, hartu zuen belarrian zeraman lapitza, apuntatu zuen bere telefonoa orritxo batean, kendu zion koadernoari orritxoa, eman zion Teresari eskura, eta honela esan zion: (68. or)
  • Deitu zion, bada, handik astebetera Teresak Tomasi; geratu ziren Donostian, Paseo Berritik itzulalditxo bat egiteko; elkartu ziren eta ibiltzen hasi; zeharkatu zuten Parte Zaharra, portura jotzen duen Urgull mendiaren magalera egiteko; eseri ziren banku batean; miretsi zuten Kontxa, Igeldo eta inguru haren ederra… (69. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

EITB Irratiaren kaparrada

Beribilean noala, askotan pizten dut EITB Irratia, musika entzuteko. Baina nekatu egin naiz gauza batekin. Albiste guzti-guztien ondoren, “EITB… Irratia!” errepikatzen dute, sintonia batekin ez bada, besterekin. Ez digute aukerarik ematen gozatzeko laupabost albiste jarraian. Kaparrada itzela.

Emisora hori aukeratzen dudanean, badakit EITB Irratia dela, ez didate gauza bera gogorarazi behar behin eta berriro, abesti bakoitzaren ondoren. Eta niri bezala, jende askori. Estimatzen ditut era horretako emisorak, batez ere politikariek kokoteraino jartzen nautenean, baina eman diezadatela bake apur bat, horixe eskatuko nieke EITBko lagunei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Orotariko Euskal Hiztegia

Atzo izugarri poztu nintzen irakurri nuenean Sustatun Orotariko Euskal Hiztegiaren azken liburukia kaleratu dela. Oraindik gogoan dut, Ameriketatik bueltan, nola Mitxelenak ekin behar zion proiektu erraldoi bati, eta deitu ere horrela deitzen geniola, Mitxelenaren hiztegia. Lehen liburukia argitaratu zenean, berehala erosi nuen ale bat. Laugarrena, berriz, lagun batek oparitu zidan. Eta horiek baino ez dauzkat, hamaseitik bi. Kontsultatu beharra izan ditudanean falta zaizkidanak, joan behar izan dut udal liburutegira edo fakultatekora.

Hala ere, albistearen bigarren parteak eman dit poz handiagoa, alegia, hiztegiaren edizio digitala ari direla prestatzen. Ea asmatzen duten formatuarekin. Horrelako lan erraldoi batek mereziko luke sarean ere bertsio txukuna izatea. Hiztegian parte hartu duten guztiei, zorionik beroenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elena Lakaren aldarria

Elena Laka abokatu eibartarrak mezu bat utzi zuen atzo arratsaldean Eibartarrak posta zerrendan, irakurlea erraietaraino astintzen duen horietakoa: Oier bi urte eta erdiko semetxoari tumor bat, minbiziduna, aurkitu diote ezker begian. Oraingoan piztiari deritzo retinoblastoma, eta da begiko minbizi bat, haurrengan agertzen dena. Eskerrak eman nahi dizkiot Elenari, erabaki duelako une latz horiek gurekin batera bizitzea. Premia izugarria sentitu du kontatzeko —“Honeraino kontatzeko neukan premia, premia izugarria. Bloga egiten asmatzen badut, bertara joango da”—, eta idatzi izanak on egingo dio, seguru nago.

Ez dakit zenbat aldiz irakurri ditudan bere hitzak baina, zenbat eta gehiago irakurri, hainbat eta garbiago agertzen zait Elena eta bere ingurukoak kementsu daudela: bere lerroen tonuak adierazten du hori, eta baita bere esaldi batek ere, “prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da”.

Nik ere goitik behera sinesten ditut zure hitzak, Elena, eta seguru nago Oier sendatuko dela. Lerro hauen bidez arnasa eman nahi dizuet, aurrera egiteko kemana. Eta besarkada handi bat gu hiruron partetik.

Maite zaituztegu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin