Autografo bat ipurdian

Orain arte sekula ez zait egokitu autografo bat idaztea ipurdi batean. Miren alaba udalekuetara joan arte. Maleta prestatzen ari zela amatxorekin, deitu egin zidan bere gelara, begien aurrean ipurdi bat ipini, eta eskatu zidan nire autografoa idazteko ipurdi hartan.
Ipurdia trapuzkoa zen, eta Urdiñeri zegokion, Mirenen panpin gogokoenari. Sinatu nuenean konturatu nintzen bazituela idatzita beste bi sinadura, Mirenena eta Begorena. Beraz, familia santuaren izenpeak eraman ditu Mirenek udalekura, panpinaren trapuzko ipurdian gordeta.

Hasieran, neure artean barre egin nuen Mirenen burutapenarekin, baina, aldi berean, hunkitu ere hunkitu ninduen, atxikimenduzko erakutsi nabarmena baitzen. Gauero Urdiñe estutzen duenean, gu ere besarkatuko gaitu, eta haren belarrietara xuxurlatzen dionean maite gaituela, guk ere halaxe erantzungo diogu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Hasi naiteke ariketa egiten

Urtebetez galtza berezi bat jantzi behar izan dut ezker hankan, tronbosiaren ondorioz. Herenegun, baina, medikuak esan zidan kentzeko galtza hori, eta nahi izanez gero, hasteko ariketa fisikoa egiten, poliki-poliki. Horiek izan ziren ondoriorik behinenak ospitalera egindako bisitatik.
Beraz, 11 hilabete ditut Arrasate-Oñati lasterketa prestatzeko. Mantso hasi beharko naiz, ordea, minik ez hartzeko. Medikuak berak esan zidan ezker hanka apur bat atrofiatuta dudala; beraz, onena izango da hasieran etxeko bizikletan hastea, hankak gogor daitezen apur bat. Eta gero futbol zelaira, arineketaldi kontrolatuak egitera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

Larrimina

Atzo ospitalean egin nuen denbora dezente, bi kontrol nituen-eta Galdakaon egiteko: kardiologian lehendabizi, eta hematologian gero. Itxaron gelan sartu nintzenean, kardiologian, eseri eta irakurtzen hasi nintzen, eguneko Berria. Itxaron gela, beteta. Halako batean, emakume bat jarri zen nire eskuinean, hola, hola. Irakurtzen segitu nuen, gustura. Halako batean, hasperen sakon bat. Alboko emakumea zen. Ez nion begiratu, baina iruditu zitzaidan presak janda zegoela gaixoa, noiz sartuko kontsultan, dena oso astiro zihoan eta. Handik minutugarreneko, beste hasperen bat, hori ere barru-barrutik aterea. Eta orduan, galdetu nion, “zer, presaka zabiltza ala?” Eta orduan, ustegabean, andrea hitz egiten hasi zen, gelditu barik, eta bere barrua hustu zuen, denon aurrean.

Ez, ez daukat presarik —esan zidan, gaztelaniaz, baina galiziar doinuarekin—, munduko denbora guztia daukat, baina sekulako estuasuna dut hemen barruan, senarra oso gaixorik dut-eta. Estuasun hori askatzeko modu bakarra da noizbehinka hasperen luze bat egitea. Hori egiten dudanean, esan liteke lasaitu egiten naizela. Beraz, barkatu traba egin badizut; semeak ere esaten dit, zertan zabiltza ama, denak aidean jartzen gaituzu hasperen horiekin.

Larriminak jota nago

Gaur bakarrik etorri naiz, analisi batzuen emaitzak jasotzera. Gure senarrak denetik du, bihotza gaizki, gibela, tentsioa… eta baita eskizofrenia ere. Nik uste dut diabetesa baino ez duela falta gizajoak. Ermuan bizi gara, baina zaharretxe batean sartu dugu, Durangon, bestela hil egingo ninduen-eta, eskizofreniak jota. Jo egin nahi izaten nau, eta sekulako itsusikeriak esaten dizkit, gizajoak, baina eskizofreniak eraman du horretara. Aurreko batean, bera garbitzen eta orrazten ari nintzela, esan zidan: “Ez zaitut bat ere maite!”. Eta nik erantzun orduan: “Bada nik, bai, asko maite zaitut!”, eta besarkatu egin nuen… Ez dakit, baina, ezer geratzen zaion nire hitzetatik.

Gizon onik bada, bera izan da bat, baina eskizofreniak jo zuenetik, lotu behar izan dugu, bestela edozer egiteko gai zen. Ez dakizu zein gogorra den zure senarra ohera lotu behar izatea. Eta 65 urte baino ez ditu, bi baino ez dizkit ateratzen niri, ez dakizu zer guapoa den oraindik. Hasi behar ginenean bizitza gozatzen, hauxe.

Hori dena boz goraz esan zuen, denok entzuteko moduan. Batzuetan eten egiten zitzaion jarduna, eta behin baino gehiagotan, busti egin zitzaizkion begiak. Berba egiteko premia zuen, eta askatu egin zuen barrena.

Agur

Orduan, erizainak nire izena esan zuen, sartzeko kontsultan. Irtendakoan, hantxe ikusi nuen jarrita, lehengo lekuan. Berarengana joan, eta bi musu eman nizkion, animoarekin batera. “Eskerrik asko entzuteagatik”, esan zidan, eta han geratu zen larrimina menderatu ezinik, baina apur bat lasaiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Zabriskie gizajoa

Orain urte dezente, “Luis Ocaña,”:http://www.step.es/personales/jms/heroes/ocana.htm ezin nozitu-eta Eddy Merck handiaren erasoak, erori eta utzi egin behar izan zuen Tourra, soinean elastiko horia zuela. Iaz, faboritoen urrezko sortan zegoela, Iban Mayok ere muin egin zion lurrari, eta lasterketa utzi egun batzuetara. Joan den ostiralean, Tourra hasteko bezperan, Jan Ullrich zauritu egin zen, auto batek jota. Eta atzo, lider zihoala, Zabriskie jausi egin zen, kilometro bat faltako zela, hor nonbait.
Armstrong, berriz, ez da erortzen. Esan liteke beste guztiak kikilduta doazela, eta ezin dutela agoantatu amerikarrak ezartzen dien presioa. Azkenean, arrazoia izango du Gorka Etxabek, horrek dio Euskaltel nahita dagoela oraingo egoeran, bere txirrindulariei presioa kendu eta gauza handiagoak egin ditzaten, liderren baimenarekin. Nork jakin?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Triunfo

Irakurri dut “El País”:http://tinyurl.com/9yobv egunkarian Salamancako Unibertsitatea hasi dela digitalizatzen Triunfo aldizkariaren ale guztiak. Eta poztu egin naiz, Triunfo sinbolo bat delako niretzat, frankismo garaian bera izan zelako, gutariko askorentzat, arnas zitekeen aire garbi bakanetakoa. Donostiako apaizgaitegian nenbilela, preu egitekotan, hor nonbait, gogoan dut eskutitz bat idatzi niola Enrique Miret Magdalena teologoari, berak orri bat idazten baitzuen astero Triunfon, eta hor aitortzen nion garbi apaizgaia nintzela, baina uste nuela apaizek ere ezkontzeko aukera izan behar zutela, protestanteekin-eta gertatzen zen bezala.

Eskutitza argitaratu zenean (aldizkariaren azalean Bertand Russell filosofoa agertzen zen), harrera ezin hobea egin zioten Peñaflorida institutuan, artean han ikasten baikenuen, eta gogoan dut nola Forradellas irakasleak —literatura irakasten zigun— egun batean eskola ordu osoa eskaini zion eskutiza gure artean eztabaidatzeari. Ni zur eta lur nengoen, pozik eta harrituta.

Seminarioan, berriz, hasieran inork ez zuen ezer esan, baina gutunak hautsak harrotu omen zituen abadeen eta teologoen artean. Hori geroago jakin izan nuen. Aldizkaria agertu eta astebetera-edo, irakasle baten bisita izan nuen nire gelan, abadea bera, eta esan zidan kontsekuente izan beharko nintzela, argi baitzegoen abade katolikoak ez zirela ezkonduko. Hor geratu zen dena. Ikasturtearen bukaeran, utzi egin nuen seminarioa. Triunfon agertutako artikulua izan zen azken tanta, edalontzi betean.

Seminarioa utzi

Horregatik, irakurri dudanean Salamancako Unibertsitatea hasi dela Triunfo digitalizatzen, otu zait oraindik ere aukera izan dezakedala ale haren kopia bat berreskuratzeko, nahiz eta PDF formatuan izan. Ilusioa egingo lidake.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

San Kristobaleko gotorlekua

Lehendik ere banekien San Kristobaleko gotorlekuan, espetxe bat egon zela, Iruñea ondoan, eta han preso asko izan zirela gerra garaian. Baina ez nekien suntsipen esparru gisa erabili zutela faxistek, nola naziek erabili zituzten Treblinka eta beste asko Europan zehar.
Joxemari Iturralde idazleari irakurri diot horren berri asteburu honetako Mugalari gehigarrian, Garan. Antza denez, 1938ko maiatzaren 22an 795 presok ihes egin zuten San Kristobalgo espetxetik, baina faxistek haietarik 207 hil omen zituzten, “hauetatik batzuk aitzurkadaz akabatu ere”.

Horrela zioen Tolosako idazleak, Fuerte de San Cristobal – 1938 liburua irakurrita:
Aurten bertan Nafarroako Parlamentuak sinatu du agiri bat Holokaustoa gogoratuz eta, batik bat, nazien suntsipen esparruetan hil zituzten 10.000 espainiar haiek. Nafarroako agintariek, ordea, hitzik ere ez dute esan Iruñean bertan frankismoak izan zuen beste suntsipen esparru horri buruz. 1938ko maiatza hartan 2.487 preso zeuden San Kristobalen goseak eta gaixotasunak jota.

Alegia, errazagoa egiten zaigula kanpokoari kontuak eskatzea, etxeko trapu zaharrak garbitzea baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Maite Artola

Atzo ikusi nuen, lehen aldiz, nolakoa den Maite Artola kazetaria. Telebistan. Rikardo Arregi Kazetaritza sarien berri ematen ari zirela. Izan ere, askotan entzun dut haren ahotsa, eta uste dut edozein tokitan ezagutuko nukeela, baina haren aurpegia inoiz ikusi barik nengoen.
Rikardo Arregi Kazetaritza sari nagusia eman diote aurten, eta pozten naiz, merezimendu osoz irabazi duelako. Nire ustez azken bi urteotan Maite Artola izan da baliorik sendoena Euskadi Irratian. Mezularia entzun beharreko saio bihurtu da euskaldun askorentzat, eta horretan zerikusi handia du saioko zuzendariak.

Maite Artola azkarra da, serioa, kapaz edozein isilarazteko alperrik luzatzen ari bada, eta baita barre egiteko ere, egoerak eskatzen duenean, entzuten daki, eta gai da galderak ibilian egiteko, elkarrizketatuaren jardunaren arabera.

Gogoan dut nola, behin, bere tertuliakideak beste norbait ari zirela elkarrizketatzen, haietako batek esan zion elkarrizketatuari, zalantza artean: “nik gauza bat… esan nahiko nituzke…”. Eta berehala irten zen Maite: “bat ala nituzke?”, alegia, labur ala luze hitz egiteko asmoa ote zuen. Askotan egin dut barre ateraldi haren gainean. Nik uste dut, gainera, anekdota horrek ondo erakusten duela nolakoa den Maite: erreflexu onekoa, zorrotza, eta umoretsua.

Bat ala nituzke?

Zorionak, bada, Maite Artolari, eta berak zuzentzen duen taldeari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Ana Zubiaga

Oso gustura irakurri nuen atzo Berria egunkariaren udako orrietan Ana Zubiaga ikertzaile gernikarrari egin zioten elkarrizketa luzea. Anak jauzi gogorra eman du baserritik laboratoriora, goi mailako hainbat unibertsitatetatik igarota. Elkarrizketa irakurri ahala, gure arreba Begoñaz gogoratzen nintzen, nolako oztopoak gainditu behar izan zituen, bai etxean eta bai kanpoan, lehendabizi ingeniari tekniko izateko, eta gero fisika ikasteko unibertsitatean.
Kontu asko atera zituen Anak elkarrizketan: euskara, ikerkuntza, antolakuntza, unibertsitatea, esateko manerak, gizonezkoen nagusitasuna ikerkuntzan, etika eta genetika, emakumearen mugak… Horietako arazo asko bere haragietan nozitu ditu, eta nozitzen ditu oraindik ere goi mailako ikertzaileak.

Molde asko apurtzen ari dira Ana, Begoña eta gure artean ditugun emakume aitzindari asko, eta askotan garesti ordainduta, Gaur arratsaldean, Elorriora datorrenean, Musikaire(eusk)/orria.html jaialdietara baitator, zorionak emateko aprobetxatuko dut, Anari eta Fred senarrari, berau lankidea baitut, eta lagun ona.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Vaporware

Baten batek zerbait oinarririk gabea agintzen duenean, esaten dugu kea ari dela saltzen. Informatikan antzeko zerbait adierazteko vaporware hitza asmatu zuten. Vaporware lotuta dago software eta hardware hitzekin, eta atzizki bera du, baina hor hitz erabakigarria vapor da, lurruna, zeina kea bezala, aireak eramaten baitu.
Vaporware da produktu bat, egileak behin eta berriro agintzen duena, baina behin eta berriz atzeratzen dena. Azken aldi honetan Longhorn da vaporware kasurik nabarmenena, Windows sistema eragilearen hurrengo bertsioa. Dagoeneko hainbat aldiz atzeratu da, baina hala eta guztiz ere, Microsoftek segitzen du hartaz hitz egiten bihar bertan atera behar balu bezala, eta ez 2006ko udazkenean, orain horixe baita kaleratzeko data ofiziala.

Hedapenez, esan daiteke gure artean ere vaporware dezente dugula, ke ugari, iragarri bai, baina iristen ez diren zera horiek, ETAren menia, esate baterako, su etena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Iragana eta geroa

Hona hemen gure familiako zaharrena eta gazteena, elkarrekin Esteñibar baserrian, Elorrion. Ama Paula orain 88 urte jaio zen Uritte baserrian, Eskoriatzan, baina aspaldi honetan Mondragoen bizi da. Miren, berriz, orain 10 urte jaio zen halabeharrez Donostian, baina hemen bizi da, Elorrion.
Igandeetan elkartzen dira amama-bilobak Esteñibarren, izeko Fatimaren eta osaba Mikelen baserrian. Paulak pastela ekartzen du igandero, berak egindakoa, eta Mireni irakatsi dio berau nola egin.

Dagoeneko tulipanak desagertu dira Esteñibarren, udaberriko loreak dira-eta, baina aitzakia polita eman didate gure iraganaz eta geroaz hitz egiteko, biak uztartuta baitaude orainaldian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina