Larrimina

Atzo ospitalean egin nuen denbora dezente, bi kontrol nituen-eta Galdakaon egiteko: kardiologian lehendabizi, eta hematologian gero. Itxaron gelan sartu nintzenean, kardiologian, eseri eta irakurtzen hasi nintzen, eguneko Berria. Itxaron gela, beteta. Halako batean, emakume bat jarri zen nire eskuinean, hola, hola. Irakurtzen segitu nuen, gustura. Halako batean, hasperen sakon bat. Alboko emakumea zen. Ez nion begiratu, baina iruditu zitzaidan presak janda zegoela gaixoa, noiz sartuko kontsultan, dena oso astiro zihoan eta. Handik minutugarreneko, beste hasperen bat, hori ere barru-barrutik aterea. Eta orduan, galdetu nion, “zer, presaka zabiltza ala?” Eta orduan, ustegabean, andrea hitz egiten hasi zen, gelditu barik, eta bere barrua hustu zuen, denon aurrean.

Ez, ez daukat presarik —esan zidan, gaztelaniaz, baina galiziar doinuarekin—, munduko denbora guztia daukat, baina sekulako estuasuna dut hemen barruan, senarra oso gaixorik dut-eta. Estuasun hori askatzeko modu bakarra da noizbehinka hasperen luze bat egitea. Hori egiten dudanean, esan liteke lasaitu egiten naizela. Beraz, barkatu traba egin badizut; semeak ere esaten dit, zertan zabiltza ama, denak aidean jartzen gaituzu hasperen horiekin.

Larriminak jota nago

Gaur bakarrik etorri naiz, analisi batzuen emaitzak jasotzera. Gure senarrak denetik du, bihotza gaizki, gibela, tentsioa… eta baita eskizofrenia ere. Nik uste dut diabetesa baino ez duela falta gizajoak. Ermuan bizi gara, baina zaharretxe batean sartu dugu, Durangon, bestela hil egingo ninduen-eta, eskizofreniak jota. Jo egin nahi izaten nau, eta sekulako itsusikeriak esaten dizkit, gizajoak, baina eskizofreniak eraman du horretara. Aurreko batean, bera garbitzen eta orrazten ari nintzela, esan zidan: “Ez zaitut bat ere maite!”. Eta nik erantzun orduan: “Bada nik, bai, asko maite zaitut!”, eta besarkatu egin nuen… Ez dakit, baina, ezer geratzen zaion nire hitzetatik.

Gizon onik bada, bera izan da bat, baina eskizofreniak jo zuenetik, lotu behar izan dugu, bestela edozer egiteko gai zen. Ez dakizu zein gogorra den zure senarra ohera lotu behar izatea. Eta 65 urte baino ez ditu, bi baino ez dizkit ateratzen niri, ez dakizu zer guapoa den oraindik. Hasi behar ginenean bizitza gozatzen, hauxe.

Hori dena boz goraz esan zuen, denok entzuteko moduan. Batzuetan eten egiten zitzaion jarduna, eta behin baino gehiagotan, busti egin zitzaizkion begiak. Berba egiteko premia zuen, eta askatu egin zuen barrena.

Agur

Orduan, erizainak nire izena esan zuen, sartzeko kontsultan. Irtendakoan, hantxe ikusi nuen jarrita, lehengo lekuan. Berarengana joan, eta bi musu eman nizkion, animoarekin batera. “Eskerrik asko entzuteagatik”, esan zidan, eta han geratu zen larrimina menderatu ezinik, baina apur bat lasaiago.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Larrimina-ri

  1. egilea: Ima

    Emakume horrenak irakurri eta negar-anpuluz bete zaizkit begiak, Joxe; pentsakor utzi nau zure kontakizunak: zein ondo bizi naizen!!!

    Ima

  2. egilea: Iturri

    Aspaldiko, Joxe:

    Zer moduz zabiltzan galdetu behar nizun, baina kontakizun honek trabatu egin du nire galdera. Begiak lehor-lehorrak ditudalako, bestela malko batzuk botako nituzke Sanpermin egun honetan.

    Animo eta eutsi goiari.

    Aio.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, lagunak! Ni ondo nabil, baina zuen begiak busti diren bezala, edo galderak trabatu, ni ere erasanda etorri nintzen ospitaletik, emakume gaixo horren kontakizunak erasanda. Ondo bizi gara, bai, eta askotan konturatu ere ez gara egiten. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude