Lotsa

Lotsa sentitu dut azken egun hauetan, ikusirik nola munduko herrialderik ahaltsuenak ez duen ia ezer egin lehenbailehen handik ateratzeko New Orleansen geratzen ziren milaka lagun, harrapaturik, eta urik eta jatekorik gabe.

Lotsa, ikusi dudanean New Orleansen gelditu ziren gehienak pobreak zirela, eta beltzak. Eta susmoa etorri zait ea AEBetan beltzak ez ote diren zuriak bezain amerikar. Ekintzetan horixe erakutsi du Bushen gobernuak.

Lotsa eta amorrua, entzun nionean emakume hari arrenka eskatzen zuela laguntza negar artean, ezinak jota, gose eta egarri zegoela.

Lotsa ikusi nuenean Superdome kiroldegiko jendea banaka ari zirela ateratzen helikopterotik, 10.000tik gora lagun han behean geratzen ziren bitartean.

Lotsa ikusi dudanean Washingtongo agintariak dena larrosez margotzen zutela, eta gobernua laudatzen, egindako “ahalegin erraldoiagatik”.

Nola liteke hori guztia gertatu izana munduko herrialderik boteretsuenean? Bada gertatu da. Balio badu amerikarren artean eredu amerikarra zalantzan jartzeko, gaitzerdi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gorraizea

Atzo Durangoko anbulatorian izan nintzen, etxeko medikuak bidalita, egin ziezadaten audiometria bat. Antza denez, gero eta gutxiago entzuten dut —Begok eta Mirenek, behintzat, horixe esaten didate—, eta ea hori egia den.

Espezialistak barne belarria aztertu eta esan zidan, kanpotik behintzat, ez dudala ezer susmagarririk. Hori bai, litekeena dela kimioak gorraizea eragin izana, hau da, gortasun arina, kimioak berak gai toxiko asko dituelako. Baina hori ziurtatze aldera, itzultzeko irailaren 30ean, orduan egingo baitidate audiometria. “Baina ez didazue gaur egin behar?”, galdetu nien nik. “Ez, gaurkoa kontsulta da. 30ean egingo dizugu audiometria, eta urriaren 20an berriro etorri, emaitzak azter ditzadan”.

Itxura denez, aurpegi arraroa ipini nuen, zeren berehala erantsi zuen: “Dena dela, lasai egon, zeren gortu egin bazara, hori atzeraezina da, hau da, ez dago osatzerik. Beraz, berdin dio analisiaren emaitzak gaur jakitea ala urriaren 20an”.

Niri pasada bat iruditzen zait hiru aldiz joan behar izatea espezialistarengana, analisi soil bat egiteko. Beraz, inguruko beste espezialista bat aukeratuko dut, azter diezadan barne belarria, dena egun berean. Oraingoz, Lagun Arok ematen dit aukera horretarako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Udan irakurritakoak

Aurtengo udan ere dezente irakurri dut, batez ere Andramari egunetik aurrera, Bego lanean hasi zenetik. Baten batek pentsa lezake ea abuztuan irakurtzea besterik egin ote dudan, izan ere, tarte horretan hamar liburu irakurtzeak asko irudi lezake, baina bai, egin dut besterik.

Zenbait liburu euskaraz irakurri ditut, eta beste zenbait gaztelaniaz. Batzuk begiz jota nituen aspalditik, eta beste batzuk abuztuan bertan erosi ditut, erosi eta irakurri. Hauek dira:

  • Kearen truke. Aritz Gorrotxategi (Alberdania). Liburuaren bukaerak galdu antzean utzi ninduen, noraezean. Irakurri ahala, berriz, gustura aritu nintzen Elizalde ikertzailearekin eta Axularren inguruko kontuak ikasten. Beste arlo batzuek, hala ere, merezi zuten lan gehiago, ikertzailearen familia esate baterako, oso modu sinplean agertzen baitzen.

Euskaraz

  • Poxpolo kaxa bat bezala. Patxi Zubizarreta (Pamiela). Oso gustura irakurri dut liburu hau, patxadaz irakurri ere, gozatuz. Seguruenik izango da Patxiri irakurri diodan gauzarik onena. Hamabost lan ditu barruan, bost multzotan banatuta, zein baino zein ederragoa.
  • Garmendia eta zaldun beltza. Kirmen Uribe eta Mikel Valverde (Elkar). Ondarroatik bueltan irakurri nuen, dibertimendu gisa, eta baita dibertitu ere.
  • Eneko Aritzaren hilobia. Patxi Zabaleta (Egileak argitaratua). Ez zait gustatu. Gogotsu hasi nintzen liburu hau irakurtzen, beronen bidez jakin nahi bainuen zer astakeria egin ziren Gaztelu plazan, Iruñean, aurkitutako hilobiekin, baina laster hasi zen hustutzen nire gogoa. Pertsonaien arteko harremanetan kale egiten du Patxik, une askotan hariak ere pot egiten du, eta diskurtso abertzaleak kutsatu egiten du historia, nekagarri egiteraino batzuetan. Amaitu dut irakurtzen, baina kostata, nahiz eta euskararen aldetik ez duen aitzakiarik.
  • Hiru ahizpa. Juan Kruz Igerabide (Erein). Ikaragarrikeria baten historia kontatzen du Igerabidek hemen, modu sinple baina eraginkorrean. Amen jesus batean irakurri nuen.
    • Koldo Mitxelena. Eugenio Ibarzabal (Erein). Liburu hau aspaldikoa da, baina nik oraintxe irakurri dut, eta hau ere, gustura. XX. mendeko pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat izango da Mitxelena, eta liburu honek laguntzen du pertsona bera hobeto ezagutzen. Galdetzailearen zenbait galdera-tesi salbu, liburu bikaina.

Gaztelaniaz

  • Historia de la literatura vasca. Iñaki Aldekoa (Erein). Aldekoak goren gradura eraman du euskal literaturaren azterketa liburu honetan. Hemendik aurrera liburu hau izango da erreferentzia nagusia euskal literaturaz hitz egiterakoan. Txapela kentzeko modukoa.
  • Mentiras en directo. Mariola Cubells (Península). Egileak teleberrien historia sekretua kontatu nahi digu liburu honetan, baina batez ere kontatzen digu azken urteotan zer gehiegikeria egin diren PPk kontrolatutako telebistetan (TVE, TVG, Telemadrid eta Canal 9). Kasu interesgarriak agertzen dira, asko, baina nire iritzirako beste asko falta dira.
  • “Homero, Ilíada.”:http://www.interplanetaria.com/ficha.php?id=iliada_homero Alessandro Baricco (Anagrama). Azkenean irakurri dut Iliada, baina gaur egun idatzitako nobela bat balitz bezala, Alessandro Bariccok bertsio berezi bat prestatu baitu, ondo idatzia eta bizia. Benetan gozatu dut berau irakurtzen.
  • “El regalo de la comunicación.”:http://www.anagrama-ed.es/htdocs/fondo/ficha.php?filaid=2405 Sebastià Serrano (Anagrama). Liburu honek hitzaldi sorta bat jasotzen du, zainketa aringarrietako espezialistei emandakoa, eta bertan azpimarratzen du komunikazioaren balioa, ahozkotik kanpo: ferekak, keinuak, entzutea, etab. Oso interesgarria.

Horiek, irakurri ditudanak, baina beste batzuk leitu barik utzi ditut, asti faltagatik. Badakit hemendik aurrera, behin lanean hasita, zailagoa izango dudala irakurtzea, baina ohitura hori ere ez dut galduko, nahiz eta polikiago joan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Hiritar kazetaritza gurean

Oraindik ezin orokorrean hitz egin, baina teknologia digitala gero eta berriemaile gehiago ari da sortzen gure artean. Atzo oso garbi ikusi nuen CNN telebistan, Katrina urakana zela eta, jende askok argazkiak eta bideoak bidali baitzituen, bakoitza bere inguruaren lekuko. Baina gure artean?

Eta argazkiak aipatu ditugunez, gure artean ere gero eta jende gehiago ari da argazkiak bidaltzen hedabideetara. Berriak, DVk eta beste hainbat egunkarik argitaratu egiten dituzte irakurleek bidalitako argazkiak, festak direla ateratakoak, edo oporren aitzakian.

Baina beharbada arlo horretan ETBk izan du arrakasta handien. Eguraldiaren tarteak egin du mirari hori: eguna joan eta eguna etorri, jende askok bidaltzen ditu argazkiak eguraldia@eitb.com helbidera, sari bakarraren esperoan: norberaren argazkia pantailan agertzea, egilearen izen-deiturak aipatuta. Pantailan ikusten ez duenak, gainera, aukera du argazki horiek ETBren argazki galerian ikusteko, Interneten.

Eguraldia ETBn

Hori dela eta, jende asko dabil gure artean argazki-kamera digitala aldean duela, eta prest argazkia egiteko, baldin eta txismista bat, hodei ikusgarriak, edo ilunabar dotorea ikusten badu. Aurrerago, ordea, jende hori anima liteke beste era bateko argazkiak ere bidaltzera, edo Flickr bezalako zerbitzu batean jartzera, denon ikusgai.

Beraz, esango nuke hiritar kazetaritzaren arlo hori, argazkiena, gurean ere ari dela zabaltzen, eta irudipena dut gehiago ere zabalduko dela, zorionez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Katrina

Atzo arratsaldean aukera izan nuen Katrina urakanaren berri jarraitzeko CNN telebistan. New Orleansen jaikitzen ari zirenean, jo eta su ari ziren telebistako kazetariak ekaitzaren berri ematen. Egia esan, kalean ari zirenak gehiago ari ziren irratia egiten, telebista baino, konexioetan beti leku beretan baitzeuden, hitz eta pitz.

Ulertzekoa da era horretako kazetaritza egitea bizi-bizian, zeren eta haizea oso gogorra baitzen, 170 km/h.koa bai batzuetan, eta euriak ere traba izugarria egiten baitzien berriemaileei. CNN hainbat informazio mota ari zen eskaintzen:

  • Esatari nagusia, estudioan. Esatariak gonbidatu bat zuen bere ondoan, New Orleanseko alkate ohi bat, eta hartaz gain, koordinatu egiten zituen gainerako guztiak.
  • Berriemaileak, kalean. Bat hotel batean, beste bat zubi baten ondoan, eta hirugarren bat estadioaren inguruan.
  • Satelite mapak. Aditu bat ari zen mapak azaltzen, eta aldiro nondik nora zihoan urakana. Unerik onenak izan ziren adituaren eta kanpoko berriemaileen arteko elkarrizketak, izugarri laguntzen baitzuten hobeto ulertzen zer gertatzen ari zen une horietan.
  • Hiritarren argazkiak. CNNk ere dezente erabiltzen du orain tarte bat Hiritar Kazetaritza izenarekin, eta hor erakusten du herritarrek bidalitako materiala, argazkiak eta bideoak batik bat.

Hori guztia emateko, jakina, CNNk eten egin zuen eguneroko programazioa eta, ia arratsalde osoan, urakanean zentratu zen. Interneten ere material ugari zintzilikatu zuen gai horren inguruan.

Louisiana inguruko blogariek ere urakanaren arrasto ugari utzi dituzte beraien blogetan, Technoratin ikus daitekeen moduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Oporrak, hitzez hitz

Oraindik hiru egun geratzen zaizkit lanera itzuli aurretik, baina piztu dut berriro Faroa, egunero argia egin dezan. Hasteko, oporrak izango ditut gogoan, alfabetoaren arabera.

Atrofia. Hasi naiz berriro lasterka egiten, lasterraldiak eta ibilaldiak tartekaturik, baina, behin eta berriro, min hartu dut ezker hankan. Urtebetez galtza berezi bat jantzita, hanka atrofiatu egin zait. Horregatik, futbol zelaiko giltza lortu arren, aldi batez utzi behar izan ditut arineketaldiak, eta bizikletan hasi naiz ibiltzen.

Boulevard. Bigarrengoz, gauez izan nintzen Gasteizen, Boulevard saltoki handietan, eta zinetik irtendakoan, zubitik behera begiratu, eta begitandu zitzaidan, orduan ere, zientzia fikziozko komiki batean nengoela, eraikinak berak, argiek, eta hango kaleek horixe irudikatzen baitzuten.

Clarin. Aurten ere Lizarran izan gara, hiru bat egun egiten, eta, betiko moduan, Clarin liburu dendara joan nintzen, bisita bat egin eta liburu bat erostera. Gogoko dut Clarin liburu denda, eta gogoko hango jabeak.

Dopina. Egun hauetako batean irakurri nuen LEquipe egunkariak esan duela Lance Armstrong dopatu egin zela 1999an, lehen Tourra irabazi zuenean. Sinetsita nago txirrindulari gehienak dopatu egiten direla Tourrean aritzeko, beraz, egia izan daiteke egunkari frantsesak dioena, baina zergatik atera orain Armstrongena, eta ez beste guztiena?

Erromesak. Aurten erromes asko ikusi ditugu abuztuan Done Jakue bidea egiten: batzuk Nafarroan zehar, eta beste batzuk kostaldeko bidean barrena. Villatuertan eta Lizarran zein Ziortzan eta Markinan ikusitakoak nekatuta sumatu genituen, baina pozik.

Fisioterapeuta. Ezker hankako mina zela-eta, fisioterapeuta batengana joan nintzen, Arrasaten. Gomendatu zidan hamabost egunean ez egiteko lasterka, eta horren ordez bizikletan aritzeko, eta oinez, ea bitarte horretan hankak indartzen zaizkidan. Oraingoz, aintzat hartu ditut haren hitzak.

Gasolioa. Egun batean Ondarroara joan ginen, baina ezin hango hondartzan bainatu: ordu batzuk lehenago, gauez, arrain ontzi batek hustu omen zituen gasolio depositoak portuaren sarbidean. Goizean orbain handi bat ikusten zen, ortzadar kolorekoa zenbait lekutan, eta hondartzaraino iristen zena. Bandera gorria.

Hogeita lau ordu. Uda honetan gustura ikusi dut 24 ordu, Kiefer Sutherland aktoreak hirugarren aldiz Antena 3en antzeztu duen telesaila. Gaueko 21:45etan hasten zen, eta hiru orduz luzatu, baina oporretan arazorik ez berandu arte geratzeko. Dagoeneko bukatu da, eta Bauer agentea bizirik dago, laster laugarrenari ekiteko prest, seguru asko.

Jostuna. Panamako Jostuna ere telebistan ikusi nuen, baina gogoratu ez non. Aurretik zatika nuen ikusia, baina inoiz ez osorik. Oraingoan, berriz, hasi eta buka.

Kirmen. Ondarroan ginela jatetxe baten bila, gazte batzuk geldiarazi genituen, eta horiei galdetu. Kirmen Uribe zen horietako bat, eta berak gomendatu zigun Joxe Manuel erretegia, zubi zaharraren ondoan. Aspaldiko partez, bisigu ederra jan genuen han.

Limpias. Asteburu batean Kantabriara egin genuen. Limpiasen aurkitu genuen ibai zoragarri bat, garai batean merkataritza gune inportantea izana. Baita garai bateko Cervera gerraontziaren kanoi bat erakusgai, gerra zibilean Donostiaren kontra hainbat bonba jaurtikitakoa.

Makaltasuna. Hasi naiz, bai, bizikletan ibiltzen, baina hankak oso makal sentitzen ditut, gurinezkoak balira bezala. Hala ere, ibiliaren ibiliaz, igartzen dut badoazela indartzen.

Nagialdia. Abuztuan oso gutxi idatzi dut Faroan. Eta oso gutxitan igo naiz txoritokira, ordenagailuan saltseatzera. Bitartean, irakurri egin dut, ahal izan dudan guztia.

Olioa, olioa eta gatza. Limpiasen ginela, oso gustura probatu genuen inoiz jan gabe genuena: ogia, oliba olio pixka bat gainean, eta gatz larri apur bat.

Pitza. Ondarroan gertatu zitzaidan. Euripean nindoala, pizzeria bateko kartela antzeman nuen: Pitza jartzen zuen, horrela, tz-rekin. Grazia egin zidan.

**Santoña.** Limpias utzita, Santoñara joan ginen, eta han hondartza ederra aurkitu. Gura barik, gerra zibilaz oroitu nintzen, eta Santoñan euskaldunei gertatutakoez.

Tim. Bai, guk ere ikusi genuen Charly eta Txokolate Fabrika, eta izugarri gustatu zitzaigun, hiruroi. Harrituta geratu nintzen Tim Burton zuzendariak zelako ahalmena duen mundu fantastikoak pantailaratzeko.

Uzta. Orain arte, behintzat, urte ezin hobea izan da txakolingileentzat: sikua eta eguzkitsua. Beraz, gauzak okertzen ez badira, uzta ezin hobea aurtengoa ere. “Esteñibarko mahastiak”:http://www.goiena.net/blogak/piperrautsa/66 txukun-txukun daude, eta mahatsez besteak. Aspaldiko partez, hainbat ordu sartu ditut han laguntzen, eta indartsu sentitu naiz. Bizikletak-eta balio dute, bai, norbera indartzeko. Mahastia lekuko.

Villatuerta. Lizarra ondoan dago, eta aurten ere hara joan ginen, igerilekura, baina zorterik ez. Ura aldatzen ari zirela-eta, ezin bainurik hartu. Horrek, ordea, aukera eman zigun herria hobeto ezagutzeko. Ez da marabilla bat, baina jende jatorra bai, hori badauka.

Widget. Uda honetan Tiger sistema eragilea ipini dut nire ordenagailuan, eta horren barruan atentzioa eman didate widget direlakoek, programa txikitxo batzuk, zeinek aukera ematen baitute, era ezin errazagoan, hainbat lan egiteko: hiztegia kontsultatu (ingelesez), jakin zer ordu den New Yorken, ikusi abesti baten letrak iTunes jotzen duenean, etab. Polita.

Zarata. Etxean izan garen egunetan, nabarmena izan da gauez zenbait gaztek Elorrioko kaleetan antolatu dituzten motor lasterketak. Motorrek, berez, isilgailuak dauzkate erosi berritan, baina gazte horiek kendu egiten dizkiete, eta sekulako zarata egiten dute azeleratzen duten bakoitzean. Nola herrian ez dagoen ertzainik (hainbat aldiz su eman zioten kuartel txikiari, eta ertzainak Durangora joan ziren), udaltzainek bulegoa ixten dutenean, orduan hasten da festa zaratatsua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Saturraran

Aurreko batean Saturraranen izan ginen. Ondarroatik iritsi ginen hara, oinez, itsas bazterreko pasealeku berrian zehar. Pasealekua ederra da, eta bat egiten du gure haurtzaroan Saturraranen zegoen ibiltoki laburrarekin. Saturraranen, berriz, ez dago igartzerik garai batean han zegoen eraikin multzoa eta bizitasuna: apaizgaitegiaren bospasei eraikin, Goardia Zibilaren etxea… dena eraitsita dago, desagertuta.

Apaizgaitegiari dagokionez, kostatu zitzaidan Begori eta Mireni esplikatzea non zeuden logelak, non ikasgelak, etab. Orain begiratuta, gezurra dirudi hutsune horietan hainbeste gauza sar zitekeenik. Baina oroimenak huts egiten ez badit, hor zeuden denak, eta inguruan batetik bestera, zarata batean, berrehun bat mutiko, Gipuzkoa osokoak.

Ordu erdi bat-edo egin genuen Saturraranen, eta berriz Ondarroara bueltatu ginen, zaparrada hasi aurretik. Atzera bidean hasi aurretik, Mirenek atera zigun goiko argazkia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Aitor Larrañagaren erakusketa

Aitor adiskidea dut, eta koinatu. Argazki zale amorratua da, eta azken urte hauetan bereziki gozatzen ari da argazkigintza. Olympus kamera digitala alde batetik, eta bi ordenagailu bestetik, Windows sistemarekin bata eta Mac sistemarekin bestea, sekulako laboratorioa dauka etxean, baina lehen erabiltzen zituen likidoen usainik barik.

Herenegun Lekeition izan ginen egun pasa, eta hantxe aprobetxatu genuen Aitor Larrañagaren azken argazki erakusketa ikusteko. Erakusketa Txiki Txoko gozotegian dago, Lekeitioren erdialdean, eta, egia esatera, izugarri gustatu zitzaidan.

Azken erakusketan Aitorrek argazki serie bat antolatu du, ikusgarria, eta hor uztartzen ditu Lekeitio eta Uxue herriak, bata itsas bazterrean, eta bestea Nafarroaren bihotzean, baina orobat itsaso ikusgarri baten jabe, lainoz osatua. Badira beste argazki batzuk ere, Lekeition ateratakoak batzuk, eta Elorrion beste batzuk, Aitorren bihotzeko herriak, bera elorriarra izan arren, bere ama lekeitiarra baitzen.

Lekeitiora bazoazte, joan Txiki Txokora, kafe bat eskatu, eta gozatu erakusketa. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Roquetas del Mar

Espainian jende asko aztoratuta dabil, beste asko ez, Roquetas del Mar herrian Goardia Zibileko bederatzi agentek herriko nekazari bat hil dutelako ustez, kolpeka. Han gertatutakoa salbuespena omen, salbuespen deitoragarria diote Espainiako hedabide gehienek.

Baina Amnesty Internationalek datu batzuk eman ditu gaur, geure burua engaina ez dezagun.

  • 1995 eta 2002 urteen artean, AIk 320 kasu jaso ditu, non presoek tratu txarrak salatu dituzten.
  • Urtebete eta bederatzi hilabetean, 20 pertsona hil ziren Goardia Zibilaren kustodiapean zeudela.

Salbuespena ala araua? El Correo egunkariak eman du horren berri gaur.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Bizikleta

Hiru urte badira bizikleta errepidean erabili ez dudanetik, gaixotu nintzenetik bai. Atzo, ordea, berriz probatu nuen, aldapan behera, eta gaua nagusitzen ari zitzaiola egunari. Eskerrak Bego eta Miren nire atzean zetozela berebilean, argia ematen.

Lasterka hasi, eta min hartu. Horixe gertatzen ari zait behin eta berriro Elorrioko futbol zelaira joan eta entrenatzen hasten naizenean, nahiz eta lasterkaldiak tartekatzen ditudan ibilaldiekin. Ezker hanka ahul daukat, eta argi dago berau indartzeko ez dela nahikoa izango lasterkaldiak eta ibilaldiak uztartzea. Bizikletaldiak ere tartean sartuko ditut. Horregatik eraman nuen txirrindua dendara, presta ziezadaten berriz errepidean ibiltzeko.

Bizikleta horrek 20 urte ditu, izan ere, 1085ean Begok eta biok bizikleta bana erosi genuen Ottawan, Peccos dendan. Prezio onean erosi genituen, eta Guy lagunak esan zigunez, hori zen piezak Japoniatik eramaten zirelako, gero Ottawan denak muntatu eta saltzeko. Etxeratu ginenean, gurekin ekarri genituen.

Japoniatik Euskal Herrira, Kanadatik zehar

Makinatxo kilometro egin ditugu inguru hauetan bizikleta horiekin. Lasterketako bizikletak dira, baina hemengoak baino astunagoak. Guri, baina, horrek ez digu axolarik.

Dendatik Esteñibarrera eraman genuen bizikleta, eta hantxe garbitu, gainean hiru urteko kraka baitzeukan trastoak. Konturatu orduko, baina, iluntzen hasia zen. Afari pasada eginda, Mikelek jaka potolo samarra utzi zidan, gaueko hotzetik babesteko, aldapan behera dezente igartzen da-eta haizearen eragina.

Ume baten antzo

Ni aurretik abiatu nintzen, eta Bego eta Miren atzetik, argia ematen berebiletik. Eskerrak horrela egin genuela, bestela, zenbait lekutan piperrik ere ez nuen ikusten, arbola artean ilun-ilun. Lipar batez, iruditu zitzaidan hamabost urte nituela. Aurpegian, haize hotza, bihotzean emozioa, eta barrenean, oihu egiteko gogo bizia. Mirenek antzeko zerbait sentitu, antza, bera hasi hasi baitzen oihuka nire atzetik: “aupa, aita, txapelduna!”, esaten zidan burua leihotik aterata. Orduan barre egin nuen, zoriontsu, ezkerreko eskua manillerrean tinko, eta eskuinekoa frenoan.

Ia pedalei eragin barik iritsi nintzen errepide nagusira, dena aldapan behera. Handik garajera, berriz, ziztu batean. Iritsi ginenean, Bego barrezka ari zen, eta Miren zer esanik ez. Ez dut uste erraz ahaztuko duenik jaitsiera hori, Nik ere ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin