Saturraran

Aurreko batean Saturraranen izan ginen. Ondarroatik iritsi ginen hara, oinez, itsas bazterreko pasealeku berrian zehar. Pasealekua ederra da, eta bat egiten du gure haurtzaroan Saturraranen zegoen ibiltoki laburrarekin. Saturraranen, berriz, ez dago igartzerik garai batean han zegoen eraikin multzoa eta bizitasuna: apaizgaitegiaren bospasei eraikin, Goardia Zibilaren etxea… dena eraitsita dago, desagertuta.

Apaizgaitegiari dagokionez, kostatu zitzaidan Begori eta Mireni esplikatzea non zeuden logelak, non ikasgelak, etab. Orain begiratuta, gezurra dirudi hutsune horietan hainbeste gauza sar zitekeenik. Baina oroimenak huts egiten ez badit, hor zeuden denak, eta inguruan batetik bestera, zarata batean, berrehun bat mutiko, Gipuzkoa osokoak.

Ordu erdi bat-edo egin genuen Saturraranen, eta berriz Ondarroara bueltatu ginen, zaparrada hasi aurretik. Atzera bidean hasi aurretik, Mirenek atera zigun goiko argazkia.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

6 Responses to Saturraran

  1. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Aitor! Hurrengoan hara noanean, begiratuko dut. Ondo segi.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Arrazoi duzu, Aitor, denbora borragoma aparta da, gauza txarrak bezala, onak ere ederki ezabatzen ditu. Hala ere, guk aurrera. Besarkada bat.

  3. egilea: arantza ugarte

    Apaizgaitegiari buruz ari zara Joxe eta aurretik egon zen kartzela. Non dira haren aztarnak? 1.700 emakumetik gora egon ziren uneren batean. Beharbada zu apaizgaitegian egona zara eta gogoratzen duzu espazioa, 45 zm zeukan bakoitzak lotarako, hor barruan sartu behar zuten, agian hasieran izango zuten arazoa baina gero ez, jateko gutxi zuten eta presoen gorputzak laister ihartu eta mehetzen ziren.
    Datu gogorragoa: 177 emakume eta ume hil ziren 1938tik 1944ra bitartean. Memorian gordetzeko datua. Ari gara bilketan, beharbada, ikusiko dugu guztiok liburuan argitaratuta.

  4. egilea: Idoia Fernandez

    Joxeren aipamena ederto etorri zait Arantza Ugarterengana iristeko. Izan ere, saturrarango kartzelari buruzko ikerketa egiten dabilen jendearekin harremanetan jarri nahian nabil. Zelan egin dezaket?

    idoia

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Idoia! Hauxe ikusten dut modurik errazena: bidalidazu mezu bat kontaktu orrira (blog honen eskuineko zutabean, faroaren azpian eta “Honi buruz” atalean) eta hor ipini zure helbide elektronikoa. Arantzak berehala idatziko dizu. Besarkada bat.

  6. egilea: jose antonio Elu Mendoza

    Poztu egin naiz,orri hau ikusi dudanean.Arantza Ugarteren”korreoa”bilatzen ibili naiz interneten eta zure orri honekin topatu naiz.Nire amona,Nieves Vargas Ruiz,Saturrarango kartzelan egon zen.Bera,Extremaduratik ekarri zuten 1.941.eanUrte berean,nire ama etorri zen “Orellana la Vieja” Badajozeko herri txiki batetik,Ondarruraino,bere amari laguntzeko.Urte batzuetara,nire ama Ondarroako gazte batekin ezkondu zen eta horrela, nire aitarekin, eduki zituen 3 semealabak.Nire ama, 2001ean hil zen,hirurogei urte eginda  Ondarroan bizita eta gehienak Lekeition.

    Eskerrak emanez aurretik,Saturrarango informazio zehatza baduzue bidali nire korreoari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude