Amazon eta Euskaltzaindia

Orain astebete Amazon.com liburu denda birtualak iragarri zuen ireki egingo zuela Alexa web biltzailea, horrela, nahi duten programatzaileek eraiki dezaten Alexaren gainean beraiek sortutako bilatzaileak. “Euskaltzaindiak” beste horrenbeste egin lezake Orotariko Euskal Hiztegiarekin.

Web biltzailea elementu ezinbestekoa da bilatzaile bat sortzeko, zeren software horrek irakurri eta indexatu egiten baititu milaka milioi webgune. Ondoren, bilatzaileak bilatu egiten du hark sortutako aurkibidea. Alexa bezalako software bat sortzea izugarri garesti da, eta denbora mordoa behar da horretarako. Orain, berriz, edozeinek erabil dezake Alexa, Amazonek oso gutxi kobratuko baitio erabilitako gigabyte bakoitzeko. Halaxe dio Business 2.0 aldizkariak.

Erabaki horrekin, Amazonek askatu nahi du jende askoren sormena eta garatu bere teknologia, lehia gogorrean Google, Yahoo! eta Microsoft enpresekin.

Amazon.com liburu dendak nola, Euskaltzaindiak ere beste horrenbeste egin lezake Orotariko Euskal Hiztegiarekin. Sarean ipini hiztegi osoa modu irekian, nahi duenak nahi dituen soluzioak asma ditzan, herritarrok erabil ditzagun, doan ala kobratuta.

Euskaltzaindiaren txanda

Horrelako erabaki batek ateak irekiko lizkioke sormenari, eta euskaldun guztiok irabaziko genuke, modu batean edo bestean, etekin handia aterako genioke-eta OEHri. Bestela egitea, alegia, denon diru gehiago eskatzea soluzio itxi bat asmatzeko, Euskalterm dagoen moduan, iruzurra egitea izango litzateke.

Informazio gehiago gai horren inguruan, hemen eta hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zaborretan miatzen

Gaur goizean sekula egin ez dudana egin behar izan dut: zabor ontzira joan, eta zaborra miatzen hasi, denen bistan. Asko nuen jokoan.

Goizean Lagun Arora joatekoa nintzen, Arrasatera, hainbat mediku txosten eramatera, nire gaixotasunari buruzkoak, Lagun Aroko medikuak horrela eskatuta. Joan den ostegunetik nituen fotokopiak prest, orijinalekin batera, aldizkari baten barruan. Gaur, berriz, hasi naizenean aldizkariaren bila, berau aurkitu ez. Konturatu barik, zaborretara bota genuen, Gabon gauerako afaria prestatzen hasi ginenean.

Anoraka eta txanoa jantzi, eta kalera irten naiz, aldizkaria eta mediku txostenak berreskuratzeko asmoz. Zorionez, artean zaborrak jaso barik zeuden. Beraz, izan nezakeen aukeraren bat.

Zabor ontzi urdina ireki, eta hasi naiz egunkariak eta kartoiak ateratzen. Halako batean, guk botatako hainbat aldizkari atera ditut, baina ez Nabarra, hantxe bainituen txostenak. Segi paperak ateratzen, jendea albotik pasatzen zen bitartean. Une batez, lotsa nolabait gainditu behar-eta, gogoratu naiz CSI telesailean ere noiz edo behin ikusi izan ditudala Las Vegasko detektibeak zaborrak miatzen, baina haiek okerrago, zabor organikoetan ibiltzen baitira.

Lotsa irentsi

Zortzi bat minutu baneraman miaka, etsitzen hasita, zirrikitu batean eskua sartu, eta aldizkaria atera dudanean, barruan txostenak zituela, txukun-txukun. Lasaitu ederra hartu dut orduan. Ateratako paperak berriro bere lekuan ipini, eta etxera joan naiz, kriskitinak baino alaiago, aldizkaria eta txostenak eskuan neramatzala.

Zortea izan dut, zalantzarik gabe:

Zorte ona

  1. Bota banitu zaborrak lur azpiko zabor ontzian, beste batzuetan egiten dudan bezala, ezin izango nuen ezer miatu.
  2. Ni joan aurretik pasatu izan balitz kamioia, zaborrak biltzekoa, ezin ezer jaso.
  3. Euria egin izan balu, seguruenik txostenak hondatuta egongo lirateke, ontzia irekita zegoen-eta.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

“Euskal Herria”, ukatua

Bernardo Atxagari irakurri diot, bere azken liburuan, Lekuak, Pio Baroja zenari nola murriztu dioten liburu baten edukia, zergatik eta Euskal Herria bere osoan hartzen zuelako aintzat.

1953an Destino argitaletxeak argitaratu zuen *El País Vasco* liburua, Pio Barojarena, eta horrek 519 orrialde zituen, eta gai hartzen zituen Bilbo eta Donostia ez ezik, baita Iruñea eta Donibane Garazi ere.

Ia berrogei urte geroago, 1992an, “Círculo de Lectores”:http://www.clubcirculo.com/doc/full_site_enrollment/fse_homepage.jhtml argitaletxeak berriz argitaratu zuen liburua, baina orduko hark 207 orrialde besterik ez zuen, bertan ez baitira agertzen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba ez diren lekuak.

Anekdota hau testuinguru zabalagoan aipatzen du Atxagak, gure herriaren izenak aztertzen dituenean, eta merezi du irakurtzea. 96. orrialdean duzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Lehen opor eguna

Lasai jaiki naiz gaur, presa barik. Patxadaz gosaldu, egunkaria aurrean nuela, eta Mirenek alde egin eta gero —gaur baserritar jantzita irten da, San Tomas biharamuneko azoka dutelako herriko plazan—, kaleratu egin naiz errekadutan.

Pipas agurtu dut, fotokopiak egin bitartean. Gabon kantak entzuten ari zen AEBetako irrati batean, Internetera baitu hark lotua musika ekipoa. Roman ikusi dut kalean, Arrasaten egiten du lan, baina gaur ez du asmorik hara joateko, nahiz eta santamasak ospatu, “nahikoa egun egiten xuat bestela be Mondragoen”, esan dit. Juanjorekin ere egin dut trill, nik bezala berak ere burua txano batekin estalita. Etxera bueltatu aurretik, baina, Karmelok txiste bat kontatu digu, pasadizo bat, gaur bezalako egun hotz batean gertatua.

Etxetik bueltan gozodendara joan naiz, bi egunkarirekin. Kafesne bero bat eskatu, eta mahai batean jarri naiz, kazetak irakurtzera, andrez inguratutik eta opor giroaz gozatzen. Plazara joan naiz gero, eta neska-mutiko piloa ikusi dut, ortuariak eta pastelak saltzen, gure Miren tartean. Hotz egiten zuen, baina gaztetxoak, pozik.

Lerro hauek idatzi, eta Mondragoera egingo dut, han familia bazkaria dugu-eta, urtero moduan. San Tomas eguna urteko egunik politenetakoa da niretzat, eta gaur patxadaz bizi nahi izan dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Blogofobia

Txuma Murugarrenek abenduaren 11n argitaratu zituen ondoko lerroak Gara egunkarian. Saiatu naiz artikuluaren bertsio elektronikoa bilatzen, baina ez dut aurkitu. Horregatik ekarri dut hona. Merezi du irakurtzea.
Blogariek irauliko dituzte informazio eta komunikaziorako bideak. Tribu berri baten oldar geldiezinaz sartu dira euskal kultura-iritzi esparruetara, hain sutsuki nola barbaroak Erromako inperiora. Oinak sarrerako lanpasean (ongietorrian, alegia) garbitu gabe barruratu dira idazle-kazetarien klub txukunera, kaleko basaz bazterrak zipriztinduz. Baina, kezkatuta nabil. Zer gertatzen ote zaio aldra inbaditzaile horri, maizenik, kanpoko iritzietan blogofobia zantzuak ikusteko? Arduratuta daude gehiegizko arretarengatik, eta horrek minberegi bihurtu? Edo egia al da, batzuek esaten duten bezala, idazleen stablishment-a beldurtuta dagoela eta eraso egiten ari zaiela? Gehiegi iruditzen zaizkit, bata eta bestea. Blogariak gelditzeko etorri dira, ez da dudarik, eta errezelo horiek guztiek (alde batekoak zein bestekoak) baretzen joan beharko dute ezinbestean.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Amaia eta Andoni

Atzo goizean Galdakaoko Ospitalean izan nintzen TAC eskaner bat egiten. Txanda iritsi zitzaidanean, erizain gazte batek hartu ninduen, euskaraz. Galderak egin eta egin ari zen, ea honi edo hari alergiarik nion, eta, halako batean, esaten dit: “gainera, zu ezagutzen zaitut. Bai, zure liburua irakurri dut, eta oso ondo dago”.

Etzan nintzenean eskanerrean, orratz bat sartu behar zidan eskuin besoan, gero handik kontrastea sartzeko, likido berezi bat. “Jo. Nerbiosa nago, jakin dudanetik zu zatozela. Ea asmatzen dudan orratza sartzen”. Nik, lasai egoteko, ez zegoela ezeren beldurrik. Eta halaxe izan. Amaiak egin beharreko guztiak azaldu zizkidan, ni lasai egon nendin.

Bakarrik geratu nintzenean, ordea, gorputza eskanerraren barruan, gogoa Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finalera joan zitzaidan. Errepaso moduko bat egin nion telebistaz ikusitakoari, eta oroitu nintzen “Andoni Egañaren saioaz,”:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00172.htm bereziki behiak jezteko aulkiaz. Eta pentsatu nuen Andoni fenomeno bat dela, jantzia, iradokitzailea, umoretsua, eta inork baino hobeto josten dituela bertsoak.

Bertsolariak gogoan

Maialen Lujanbio, berriz, triste sumatu nuen, Jon Maia bezala, beharbada uste baino beherago geratu zirelako. Eta pena eman zidan. Baina orduan berotasun handi bat sentitu nuen gorputzean zabaltzen, eta apur bat estutu egin nintzen. Kontrastea zen, Amaiak aurrez esan bezala, nire zanetan zabaltzen. Eta arnasa hartu behar nuen, eta eutsi minutu batez-edo, eskanerraren sabeletik zarata sarkor bat irteten zen bitartean. Eskuak atzean neuzkan, besoak luze, San Sebastian irudi, baina gezi barik.

Amaia berriz agertu zenean, apur bat zorabiatuta nengoen, eta ondoez puntu batekin. Ea ondo nengoen, eta baietz, nik. Alde egin aurretik, musu bi eman nizkion, esker onez. Hamabost egun barru-edo jakingo dugu eskanerraren emaitza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Larrazabal, K.O.

Retegik %80, Larrazabalek %20. Emaitzak ez du zerikusirik pilotarekin. Biak ziren hautagai lehendakari izateko Eusko Ikaskuntzan. Aspaldiko partez, gainera, hautagai ofizialak lehiakide bat zuen, eta horrek jakinmin handia piztu bazterretan. Baina oposizioko hautagaiak huts egin du.

Nik bat egiten dut Larrazabalen taldeak Eusko Ikaskuntzarentzat hautatutako leloarekin: “gaztetu, sendotu eta zabaldu”, eta euskarari eman nahi dion indarrarekin. Hala ere, joan den ostegunean Larrazabali entzun nionean Euskadi Irratian, iruditu zitzaidan entzuten ari nintzela ume bati, pertsona heldu baten ahotsean. Orduan ez nuen ezer idatzi horretaz, ni mondragoetarra izanik, inork pentsa ez zezan Retegiren alde egiten ari nintzela.

Ez dut zalantzarik: Jesus Mari Larrazabal pertsona argia da, eta zintzoa. Baina oraingoan ez du asmatu bere taldearen mezua plazaratzen. Hari entzunda bazirudien, aprobetxaturik orain badagoela dirua Eusko Ikaskuntzan, talde berria etorriko zela, eta, Olentzerok bezala, mundu guztiari kontratu iraunkorrak egingo zizkiela, eta, aurrerantzean ez zela mugarik egongo ikertzaileei dirua banatzeko. Eta euskara ez dakiten elkarteko kideek zintzo bete beharko zituztela hizkuntza eskakizunak, Eusko Ikaskuntzan segitu nahi bazuten behintzat.

Mezu horrekin —pentsatu nuen—, gauzak oso gaizki egon behar dira Eusko Ikaskuntzan Larrazabalek irabazteko. Eta ez daude: erakundeak inoiz baino diru gehiago bide du, eta sekula baino harreman sare sendoagoa. Hala ere, garbi geratu da kide multzo bat badagoela, alienatuta sentzitzen dena, gaur egungo zuzendaritzatik urrun, eta Bizkaian oposizio horrek irabazi duela lehendakariorde bat. Retegik lege onez irabazi du, eta ondo egingo luke bere bigarren agintealdian sektore horren eskariak kontuan hartzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Web 2.0

Astiro-astiro, softwarea aldatzen ari da: orain arte programa gehienak gure ordenagailuen disko gogorretan zeuden. Azken aldi honetan, ordea, gero eta programa gehiago ostatuta daude kanpoko zerbitzarietan, gure ordenagailuetatik at. Web aplikazio horiek Interneten jarduteko eginak daude, edozein ordenagailu edo nabigatzaile erabilita. Fenomeno horri Web 2.0 deritzo, eta orain puri-purian dago.

Hona hemen zerrenda txiki bat, web aplikazio zenbaitekin. Badira gehiago, hala ere:

  • Writely. Idazteko eta idazlanak partekatzeko.
  • Flickr. Argazkiak kudeatzeko.
  • del.ico.us. Gogoko irakurketak gorde eta sailkatzeko.
  • Bloglines. Blogak bilatu eta berauek kudeatzeko.
  • Tagzania. Mapak markatu eta gordetzeko sailkatuta.
  • Backpack Agenda moduko bat, nork bere bizitza antolatzeko.
  • Windows Live Zenbait aplikazio bilduko ditu.

Programa hauek badute beste ezaugarri bat komunean: doakoak dira. Horrek eta berauen funtzionaltasunak jende asko erakarri du modelo horretara. Hala ere, adituek diote Web 2.0 horrek oraindik ez dituela desagertaraziko beste programak, ordenagailuan ezartzekoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Le Cirque du Soleil

Beautiful. Bikaina. Merveilleux. Perfecto. Ez daukat adjektiborik Le Cirque du Soleil izendatzeko, hain da zoragarria. Atzo iluntzean izan ginen Bilbon zirkua ikusten. Miren, Bego eta hirurok. Eta harrituta itzuli ginen hango ikuskizunarekin. Aukera baldin baduzue ikusteko, ikusi. Ez zarete damutuko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Lantokian ere, Firefox 1.5

Etxeko ordenagailuan (mac) joan den astean ezarri nuen Firefox 1.5 euskaraz, baina lanekoan (PC) atzo instalatu nuen. Bietan, arazorik ez: jaitsi, instalatu, era automatikoan inportatu Explorerren nituen laster-markak, eta kito. Ondorengo ordu erdia erabili nuen faboritoak antolatzeko nabigazio barran, karpetatan banatuta.

Firefox gozamen hutsa da: bizkorra, jan egiten ditu eskatu gabeko leihoak, traba egiten die birusei, eta aukera ematen du orri asko batera irekita izateko fitxak erabilita. Hiru lankidek instalatu genuen, zein baino zein gusturago.

Orain arreta piska bat jarriko diot orrialde honi, hor aukeran baitaude gehigarri asko, doakoak eta nabigatzailea eraginkorragoa egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin