Lehen opor eguna

Lasai jaiki naiz gaur, presa barik. Patxadaz gosaldu, egunkaria aurrean nuela, eta Mirenek alde egin eta gero —gaur baserritar jantzita irten da, San Tomas biharamuneko azoka dutelako herriko plazan—, kaleratu egin naiz errekadutan.

Pipas agurtu dut, fotokopiak egin bitartean. Gabon kantak entzuten ari zen AEBetako irrati batean, Internetera baitu hark lotua musika ekipoa. Roman ikusi dut kalean, Arrasaten egiten du lan, baina gaur ez du asmorik hara joateko, nahiz eta santamasak ospatu, “nahikoa egun egiten xuat bestela be Mondragoen”, esan dit. Juanjorekin ere egin dut trill, nik bezala berak ere burua txano batekin estalita. Etxera bueltatu aurretik, baina, Karmelok txiste bat kontatu digu, pasadizo bat, gaur bezalako egun hotz batean gertatua.

Etxetik bueltan gozodendara joan naiz, bi egunkarirekin. Kafesne bero bat eskatu, eta mahai batean jarri naiz, kazetak irakurtzera, andrez inguratutik eta opor giroaz gozatzen. Plazara joan naiz gero, eta neska-mutiko piloa ikusi dut, ortuariak eta pastelak saltzen, gure Miren tartean. Hotz egiten zuen, baina gaztetxoak, pozik.

Lerro hauek idatzi, eta Mondragoera egingo dut, han familia bazkaria dugu-eta, urtero moduan. San Tomas eguna urteko egunik politenetakoa da niretzat, eta gaur patxadaz bizi nahi izan dut.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude