ETAren su-etena

Atzo eguerdian Mondragon Unibertsitatean geunden berrogei bat irakasle, Finlandiatik etorritako beste irakasle batzuei entzuten. Halako batean, jendea telefonoak jasotzen hasi zen: batzuk dei diskretuak; beste batzuek, esamesak: ETAk su-etena iragarri du. Atsedenaldian ez zegoen beste mintzagairik euskaldunon artean.

Arratsaldean, berriz, dei bat jaso nuen etxean Goienkaritik, ea erantzungo nituen bi galdera su-etenarekin lotuta. Baietz, nik. Hona hemen galderak eta erantzunak:

Nola jaso duzu ETAren iragarpena, eta su-etena iraunkorra izatea?

Lehendabizi pentsatu dut bazela garaia, eta poztu egin naiz, albiste ona delako, ez beharbada onena —ETA desegin dela—, baina bai ona, eta hori abiapuntu egokia izan daiteke ona dena hobea izan dadin.

Zer baldintza eman behar dira, zure ustez, hemendik aurrera?

Orain pazientzia izan beharko dugu denok, eta odol hotza, probokazioak etorriko baitira, bake bidea oztopatu guran. ETAk pauso bat eman duen legez, Espainiako eta Frantziako gobernuek ere beste horrenbeste egin beharko lukete, presoekin adibidez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Saturraran, espetxe

Orain gutxi arte ez dut jakin izan gerra ostean Saturrarango seminarioa emakumeentzako espetxe izan zela. Bi urte igaro genituen han, eta aztarrenik ere ez kontu horretaz. Ezta Donostian egindako aldian ere. Atzo Arantza Ugartek utzi zidan mezu bat nik iazko udan idatzitako artikuluan, eta hor zenbait datu ematen ditu guretzat paradisu antzekoa (ez beti), baina askorentzat infernu izan zen hartaz:
Apaizgaitegiari buruz ari zara Joxe eta aurretik egon zen kartzela. Non dira haren aztarnak? 1.700 emakumetik gora egon ziren uneren batean. Beharbada zu apaizgaitegian egona zara eta gogoratzen duzu espazioa, 45 zm zeukan bakoitzak lotarako, hor barruan sartu behar zuten, agian hasieran izango zuten arazoa baina gero ez, jateko gutxi zuten eta presoen gorputzak laister ihartu eta mehetzen ziren. Datu gogorragoa: 177 emakume eta ume hil ziren 1938tik 1944ra bitartean. Memorian gordetzeko datua. Ari gara bilketan, beharbada, ikusiko dugu guztiok liburuan argitaratuta.

Mila esker, Arantza, eta zorterik onena liburuarekin. Zain izango gaituzu berau erosi eta irakurtzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Jakintza partekatu

Ikastaro bat ematen hasi naiz HUHEZIn, Web 2.0. Komunikazio eraginkorra Interneten, eta erabaki dut han esandako guztiak sarean jartzea, Gizakom blogean. Erabaki soil horrek jakin mina piztu du sarelari euskaldun askoren artean, seguruenik material gutxi dagoelako euskaraz gai horren inguruan. Atzo Klik bikoitza eta Sustatu blogek atera zuten ikastaro horren berri, eta jende mordoa sartu zen Gizakomen informazio bila, inoiz baino gehiago.

Irakatsiko dudan softwarea egokia da, oso, lanak partekatzeko, eta nik ere horixe egin nahi dut, besteengandik ikasitakoa denen esku ipini, beste batzuek ere balia dezaten material hori, beraiek egoki ikusiz gero, behintzat

Orain arte lau artikulu argitaratu ditut Web 2.0 ikastaroari lotuta:

Web 2.0

Zehazki, programa hauek ikasiko dituzte ikasleek Web 2.0 ikastaroan: blog bat eta posta zerrenda bat egiten, CalendarHub, del.icio.us, Bloglines, Flickr, Tagzania eta Writely. Horrekin batera, ikasleek ikasiko dute netiketa, hau da, nola idatzi Interneten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Castellano ala español?

Egun hauetan bilera dezente egiten ari gara Mondragon Unibertsitatearen webgunea berritzeko. Horietako batean, eztabaida piztu zen: webguneko edukiak gaztelaniaz irakurri nahi dituenari nola adierazi behar diogu goiko loturan, castellano ipinita ala *español* idatzita? Ni bigarrenaren aldekoa naiz.

Kasu honetan, abiapuntua da Internet. Horrek esan nahi du MUren webgune horretan edonor sar daitekeela: Australia, Malasia, Quebec, Hego Afrika, Israel, Erresuma Batua, Egipto, Suedia, Hego Amerika, Alaska, Errusia, Polonia… edonondik sar daiteke jendea informazio bila. Hori dela eta, webguneko edukiak seguruenik lau hizkuntzatan ipiniko ditugu: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Zalantza, ordea, zegoen gaztelania nola adierazi, castellano ala *español. Ni español jartzearen aldekoa naiz, hitz hori askoz ere ezagunagoa delako munduan castellano* baino, baita Hego Ameriketan ere. Beraz, logikoa da adieraztea jende gehienak ezagutzen eta erabiltzen duen hitza.

Español hitza jartzeak ez du esan nahi webgune hori espainola denik, nola english ipintzeak ez baitu esan gura webgunea ingelesa denik, aitzitik, esan nahi du lotura horretan klik eginez gero, webgune horretako edukiak hizkuntza horretan irakurri ahal izango direla.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Jakin aldizkariak, mende erdi

Jakin aldizkariak 50 urte bete ditu, mende erdia. Nik lau urte nituela sortu zuen seminarista talde batek Arantzazun. Gorabehera dezente izan zituen, batez ere hasieran, baina sekulako eragina izan du euskal kulturan. Eta nigan ere bai.

Denetik ikusi du Jakin aldizkariak urte horietan. Joan Mari Torrealdaik honela azaldu ditu urte hauek, azken alean:
Bide luzea 1956tik 2006ra doan bidea! Mundu oso bat ikusi du aldatzen: ciclostila eta interneta, Francoren autarkia eta amerikarren glogalizazioa, zentsura eta informazio gehiegizkoaren desinformazioa, maisu pentsalarien garaia eta adituen garaia, euskararen debekua eta euskararen ofizialkidetasuna, ideologien loraldia eta desideologiaren basamortua. Lagun batek dioenez, azken 50 urteotan gehiago aldatu omen da mundua aurreko 500etan baino.

Zenbakiek ere ez dute gezurrik esaten: 196 zenbaki, 27.000 gora orrialde, 2.300 lan baino gehiago (tartean bat nirea, Herri aldizkari baten tajuketa, 1992an argitaratua) eta milatik gora lankide. Bada zerbait. Hala ere, kontsulta moduan erabili izan dut Jakin batez ere. Edozein gairen inguruan informazioa behar nuenean, Jakinera jotzen nuen.

Berrogeita hamarren urteurrena ospatzeko, Jakinek berritu egin ditu bai aldizkaria, baita webgunea ere. Azken honek aukera eskaintzen du aspaldiko aleak arakatzeko, PDF formatuan ditu-eta gordeta.

Nire partetik, zorionik beroenak Jakin egin duten eta egiten duten guztiei. Harro egon daitezke egindako lanarekin. Eutsi goiari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Debarroa

XX. mende hondarrean gure lurraldean aldatu egin zen paraje hura izendatzeko modua. Ordua arte Deba Garaia eta Deba Behea erabili genituen, baina harrezkero, Debagoiena (Leintz Gatzagatik Osintxura) eta Debabarrena (Osintxu-Eibartik Debaraino). Oraindik orain Euskaltzaindiak berretsi egin ditu garai hartako aholkuak.

Egun hauetan Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria jaso dut, eta Onomastika atalean horren berri ematen du, euskal akademiak Gipuzkoako herri izendegia aurkeztu duela-eta. Akademiak Debarroa hobetsi du Deba Ibarra izenaren kaltetan, Deba ibaiak bustitzen dituen lurrei deitzeko. Eta, antza denez, ez du ontzat jotzen eskualde osoari Deba bailara deitzea.

Badaezpada deitu diot Sergio Azkarateri, bera baita euskara zuzentzailea Goiena Komunikazio taldean, eta hark ere berretsi egin dit Euskaltzaindiaren erabakia, beraiek ere horrela erabiltzen dute izen multzo hori. Xuxeni ere egin diot kontsulta, baina hor gorriz agertzen zaizkit Debagoiena, Debabarrena eta Debarroa, hirurak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

101 vascos y medio

Egun hauetan irakurri dut Mitxel Ezquiaga kazetariaren azken liburua, 101 vascos y medio. Alberdania argitaletxeari gaztelaniaz irakurri diodan lehen liburua. Liburuak 101 vascos y medio du izenburua, baina izan zitekeen 101 donostiarras y medio, liburuan agertzen diren pertsona gehienak agertzen baitira Donostiarekin duten harremanagatik.

Mitxel Ezquiaga Donostian jaio zen, nahiz eta Tolosan ere sustrai sakonak dituen. Hori dela eta, tolosar mordoa aurkezten ditu liburu honetan, Donostian lekututako tolosarrak. Hori da Gipuzkoa Mitxel Ezquiagarentzat. Inoiz Goierriraino iristen bada, “Gipuzkoa sakona” deitzen dio horri. Debarroko eta Urolako alerik apenas agertzen den.

Inork ez ditu liburu honetan aurkituko Alberto Iñurrategi, Jabier Retegi, Jose Mari Velez de Mendizabal, Jesus Catania, Jon Sarasua, Josean Sagastizabal, Jesus Mari Lazkano, Juan Martin Elexpuru, Luistxo Fernandez, Juanito San Martin, Felipe Juaristi edo Pello Zabala, besteak beste. Jakina, berak aukeratzen du noren gainean idatzi, baina argigarria da batzuek nola ulertzen duten Gipuzkoa.

Bestela, liburua nahiko gustura irakurri dut, eta argi dago pertsonaia horien gainean bezainbat bere buruaz idazten digula Mitxelek. Ez da txiripa: denetan artikulurik onena azkena iruditu zait, bere buruaz idatzi duena. “Soy timido, pero escribo de mí porque soy el hombre que mejor conozco” dio, eta arrazoi osoz. Alde horretatik, eta neurria ere hartua diolako artikuluen luze-laburrari, blogari ona izan liteke Mitxel Ezquiaga.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Elkarlana

Atzo egun berezia izan zen Mondragon Unibertsitatean: arratsaldeko 17:00etan, webgune berria estreinatu genuen. Beta bertsio bat, osatu gabea, baina lan eta neke askoren ondorio. Orain hiru aste hasi ginenean lanean, helburu estu bat ipini genuen mahai gainean: martxoaren 13rako zerbait egon behar zen sarean, ikasleak garai horretan hasten baitira pentsatzen zein unibertsitatetan ikasiko duten hurrengo ikasturtean. Bi enpresak egin dute lan hori, eta, egia esan, bikain portatu dira, aintzat hartuta inoiz elkarrekin lan egin gabeak zirela, eta kultura oso bestelakoetan edaten dutela.

Beharbada hori izan da elementurik deigarriena esperientzia honetan, nola konpondu diren Vocento Mediatrader eta CodeSyntax proiektu horren lehen aldia di-da batean egiteko. Batzuk Zamudion, besteak Eibarren, erakutsi digute ohitura, teknologia eta enpresa kulturen gainetik, gizakiok balio dugula elkarlanerako, baldin eta borondaterik badago horretarako. Eta emaitza begi bistan dago, webgune sinplea, argia eta erabilerraza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Camino

Egun hauetan, Writely programan ezin sarturik nenbilela-eta, Camino nabigatzaile berria jaitsi dut Mozilla Fundaziotik, ohar batek esaten baitzidan Caminorekin ondo sartuko nintzela sareko testu prozesadorean. Nire harridurarako, erabateko nabigatzaile bat aurkitu dut, erabilerraza, dotorea, eta bizkorra.

Mozilla Fundazioak egin du Camino, Mac sistema eragilearentzat, eta, egia esan, oso nabigatzaile ona da. Safarin dauzkadan laster-markak inportatu ditut eta nabigatzailearen barran atondu, txukun-txukun. Esperientzia atsegina izan da niretzat, trakets samarra bainaiz horrelako gauzetarako, baina Caminorekin erraz egin dut dena.

Mac erabiltzailerik baldin badago zuen artean, kontuan hartu Camino, alternatiba bikaina baita Safarirentzat. Une hauetan, nabigatzaile hauek dauzkat instalatuta: Safari, Camino, Firefox, Opera eta IE. Aurrerantzean, lehen biak erabiliko ditut gehien, baina Camino izango da besterik ezeko nabigatzailea nire ordenagailuan, alegia, mezu batean klik egiten badut lotura batean, Camino irekiko zait, eta ez Safari, orain arte bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Bilduma interesgarria

Egun hauetan liburu bat erosi dut Amazon liburu dendan, baina Peachpit Press argitaletxeak kaleratua: Creating Keynote Presentations with iWork. Erosi nuen ikasi nahi dudalako Keynote erabiltzen, programa bat Apple enpresak aurkezpenak egiteko egina, eta pare bat egunean liburua irakurri eta programan saltseatu ondoren, pozik geratu naiz erosketarekin.

Liburua bilduma erakargarri batean dator, Visual QuickProject, zeinek antolatzen baititu liburuak proiektu baten inguruan, grafiko eta azalpen oso argiekin. Hori dena koloretan. Liburu txikiak dira —erosi dudanak 146 orrialde ditu—, eta xehetasun tekniko gutxi dakar, inor ez itotzeko. Hona hemen bildumako beste izenburu zenbait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina