Zergatik Apple

Applek 30 urte bete ditu, osasuntsu dirudi, eta ni pozik, ze nik ere 18 bat urte daramat mac ordenagailuekin lanean, lehenengo Arrasate Pressen eta gero etxean. Baina zergatik iraun dut hainbeste denbora enpresa horrekin, zenbait unetan desagertzeko zorian egon bada?

  1. Baldar samarra izanik ordenagailuekin, hasieratik askoz ere errazagoak aurkitu ditudalako macintosh ordenagailuak.
  1. Behin hainbat programa ikasita (Word, PageMaker, FreeHand, FileMaker, etab.), izugarri kostatzen zitzaidalako denak utzi eta hutsetik hastea, horixe egin beharko bainuen Windowsera pasatuz gero.
  2. Ez nuelako nahi egindako inbertsioa leihotik behera bota.
  3. Gustatzen zitzaizkidalako macintosh ordenagailuak.

Beharbada motibo horiek ez dira oso harro egoteko modukoak, erakusten baitute ez naizela oso iaioa kontu horietan, baina horiek dira.

Behin, New Yorketik hegazkinez nentorrela, HP enpresako goi teknikari espainiar bat nuen ondoan jarrita, mutil jatorra oso, eta Madril arteko bidaiaren zati handi bat teknologiaz hitz egiten igaro genuen. Urte eskasak ziren Applentzat, hilzorian zegoen, noraezean eta merkatua galtzen. Halako batean, esan nion mac batekin egiten nuela lan, eta ea nola ikusten ninduen ni handik hiru urtera: “bada, seguruenik HP, Dell, Compaq edo enpresa handi horietako batek erosiko du Apple, eta zu hiru urte barru horien ordenagailu bat erabiliko duzu. Beraz, hasi pentsatzen nola egin trantsizioa”.

Uste ustela

Erratu egin zen. Larrienen zebilenean, Steve Jobs itzuli egin zen Applera, 1997an izan zen hori, eta harrezkero sekulako arrakasta izan du enpresak (iMac, ipod eta Mac OS X). Ordenagailuetan merkatuaren %4 omen dauka, gutxi, baina musika birtualean jaun eta jabe bihurtu da iTunes eta ipod bikoteari esker.

Zenbait jarrera ez zaizkit gustatzen Applen, ikusten baitiot Microsoften tankerako joera monopolio izateko, ez ordenagailuekin, ezin duelako, baina bai musikarekin, adibidez.

Hala ere, gaur egun oraindik mac bat daukat, PowerBook G4 bat, eramangarria, eta pozik nago berarekin, ezin hobeto dabilkit-eta. Beraz, HP, Dell, Compaq edo enpresa handiek itxaron beharko dute apur bat gehiago ni harrapatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Arkaitz Zubiagaren balentria

Joan den astea ezkero, euskal blogosfera aztoratuta dabil. Izan ere, orain euskaldunok ere modua dugu geure gustuko albisteak toki batean argitaratzeko, puntuazio bat eman ondoren. Ingelesez Digg eta gaztelaniaz Meneame.net dauden bezala, euskaraz Zabaldu.com dugu orain, Arkaitz Zubiagari esker, berau Mondragon Unibertsitateko ikaslea.

Zer da Zabaldu.com?

Zabaldu.com webgune bat da, baina bere oinarrian sistema bat du, aukera ematen duena irakurle euskaldunek Interneten aurkitutako albisterik interesgarrienak konpartitzeko. Horrela dabil, gutxi gorabehera: irakurle batek albiste bat aurkitzen du Interneten, eta interesgarria iruditzen zaio. Zabaldu.com-era bidaltzen du, gainerako irakurle euskaldunek ere izan dezaten horren berri. Beste irakurleek interesgarri iritziz gero, boto bat emango diote. Hainbat boto jasotakoan, albistea azalean agertuko da, boto gehien jasotzen dituzten albisteen ondoan.

Aste bat baino ez darama sarean Zabaldu.com-ek, baina sekulako zirrara sortu du euskal blogosferan. Arkaitz Zubiagak horrela kontatzen du nola sortu duen webgune berria:
Zabaldu.com nik, pertsonalki, duela hiru-lau aste hasi nuen proiektua da, lehenagotik neukan ideia bat zen arren. Meneame.net kode irekian oinarrituta, aldaketak egin, interfaze osoa itzuli eta abian jarri nuen. Orain, behin martxan jarri eta gero, Mutilmediako kideek, teketen-ek eta aitor.mundua.com-ek bezala, besteak beste, proiektuan laguntzeko ideiak emanez laguntza ugari eskaini dituzte, pluginak sortuz, esate baterako.

Hori guztia boto ponderatu sistema baten bidez, zeini deitzen zaion karma. Horren arabera, albisteak sarri bidaltzen dituenaren botoak gehiago balio du behin bakarrik bidaltzen duenarenak baino. Prozedura guztiak oso ondo azaltzen dira orri honetan

Zergatik Zabaldu.com?

Arrasaten jaio zen, eta Ingeniaritza Informatikoa ikasi du Mondragon Unibertsitatean. Gaur egun karrera amaierako proiektua egiten ari da Ulma Handling Systems kooperatiban.

Zergatik sortu duen Zabaldu.com ere esan digu:
Proiektua zergatik jarri nuen martxan? Ba egia esan ia-ia hasi zirenetik irakurtzen ditut Digg.com eta Meneame.net-eko albisteak eta laster izan nuen egitasmoa euskaraz abiarazteko asmoa, euskal blogosferan ere eragina izango zuelakoan, baina guztia zerotik hasita garatzeak lan asko zuela-eta, ez nuen egiteko denborarik izan. Meneame.net-eko Ricardo Gallik kodea denon eskura jarri zuenean (urte hasieran, gaizki gogoratzen ez badut) izan zen benetan proiektuari ekitea erabaki nuen unea. Eta horrela, otsaila bukaera-martxoa hasieran kodean behar ziren aldaketa guztiak egin eta euskarazko klon batetara egokitu nuen. Eta horrela gaur arte. Harritu egin nau blogosferan eta baita zenbait erakundetan ere izan duen oihartzuna, baina pozgarria da euskarak Interneten bere lekutxoa baduela ikustea.

Arkaitz Zubiaga

Web diseinua eta programazioa ditu gustuko. Berak sortu du Berri Txarrak euskal musika taldearen webgunea. Euskarazko softwarea erabiltzea gustatzen zaio, eta zenbaitetan itzulpenak ere egin izan ditu (eMule eta WordPress 2.0, besteak beste). Horrez gain, noizbehinka artikuluak idazten ditu euskarazko Wikipedian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

SMSak Israelgo hauteskundeetan

Lerro hauek asteartean ari naiz idazten, arratsaldeko 19:55etan, eta oraindik ez dira itxi hauteslekuak Israelen. Parte hartzea oso bajua da, inoizko bajuena. Sharonek eta Peresek sortutako alderdia, Kadima, larri dabil, uste baitu hain parte hartze bajuarekin berak galdu lezakeela gehien. Hori dela eta, azken orduko kanpaina bat hasi du, gaur bertan, eta SMS mezuak ari zaie bidaltzen militanteei, batez ere botoa Alderdi Laboristari eman liezaketenei. “Irten eta bozkatu”, horixe dio Kadimaren mezuak. Ez harritu hurrengo hauteskundeetan hemen ere horrelako zerbait ikusten badugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Unibertsitatea saltzen

Atzo Donostian izan nintzen beste bi lankiderekin —Bixente eta Jon Ander— Mondragon Unibertsitatea saltzen, nolabait esatearren. Autobusa, hogei eguneko kanpaina honetan herriz herri ibiliko dena, Koldo Mitxelena kulturunearen aurrean utzi, ateak ireki, eta hantxe izan ginen egun osoan, zetozenei azalpenak emateko gertu. Iragarki panel gisa eraginkorra izan zen autobusa, jendeari atentzioa ematen zion-eta. Bestela, ez dakit egunagatik edo zergatik, jende gutxi hurbildu zen autobusera informazio bila.

Eskerrak tarteka hainbat jenderekin hitz egiteko aukera izan genuela: Juan Antonio Urbeltz, Izaskun Irizar eta Aizpea Goenaga, besteak beste.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Arizmendi pizzeria

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Oakland hirian, San Frantzisko ondoan (AEB), badago pizzeria bat, Arizmendi pizzeria, Jose Maria Arizmendiarrietaren omenez sortua. Bitxia iruditu arren, pizzeria hori kooperatiba da, Arrasateko kooperatiben erara antolatua, eta arrakasta handia omen du.

Googlek informazio dezente ematen digu pizzeria horren inguruan: mapa, prentsan jaso dituen kritikak, eta gida liburuek zer esaten duten, besteak beste. Oaklandeko hori da Arizmendi frankiziako bat gehiago, guztira lau pizzeria eta okindegi baitira, denak kooperatibak. Udan inguru hartara baldin bazoazte, probatu Arizmendiren pizzak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Wi-fi, alferraren panazea

“Internet da gaur egungo alferren erreminta”. Harkaitz Cano dixit. Atzo esan zituen horrelakoak Literatura Astearen barruan, nagikeria zuela hizpide. “Bestela nola aurkituko nituen hainbeste erreferentzia literario, gero zuen aurrean ondo geratzeko?” gehitu zuen bromoso. Alferraren panazea, ordea, wi-fi delakoa, alegia, haririk gabeko konexioa Internetera.

Hiru aldiz alfer sentitu nintzen atzo Harkaitz Canori entzunda, alferra Internet erabiltzen dudalako, alferra etxean wi-fi sarea dudalako (homo wi-fi, haren hitzetan), eta alferra bloga egunkari moduan erabiltzen dudalako. Izan ere, azken Euskadi saridunak jakinarazi zigun nagiaren genero kutuna diarioa dela.

  • Egunkaria idazten duenak idazten du nahi duenean.
  • Idaz lezake labur nahiz luze.
  • Ez dauka trama bat landu beharrik, ez eta pertsonajerik ere, bera baita pertsonajea.
  • Kontraesanak abantaila bihurtzen ditu.
  • Terapia gisa baitarabil, perezosoa da.

Gaitzerdi, horiek esan ondoren, aitortu zuen gero eta gehiago gustatzen zaiola egunkaria genero moduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

ETAren su-etena

Atzo eguerdian Mondragon Unibertsitatean geunden berrogei bat irakasle, Finlandiatik etorritako beste irakasle batzuei entzuten. Halako batean, jendea telefonoak jasotzen hasi zen: batzuk dei diskretuak; beste batzuek, esamesak: ETAk su-etena iragarri du. Atsedenaldian ez zegoen beste mintzagairik euskaldunon artean.

Arratsaldean, berriz, dei bat jaso nuen etxean Goienkaritik, ea erantzungo nituen bi galdera su-etenarekin lotuta. Baietz, nik. Hona hemen galderak eta erantzunak:

Nola jaso duzu ETAren iragarpena, eta su-etena iraunkorra izatea?

Lehendabizi pentsatu dut bazela garaia, eta poztu egin naiz, albiste ona delako, ez beharbada onena —ETA desegin dela—, baina bai ona, eta hori abiapuntu egokia izan daiteke ona dena hobea izan dadin.

Zer baldintza eman behar dira, zure ustez, hemendik aurrera?

Orain pazientzia izan beharko dugu denok, eta odol hotza, probokazioak etorriko baitira, bake bidea oztopatu guran. ETAk pauso bat eman duen legez, Espainiako eta Frantziako gobernuek ere beste horrenbeste egin beharko lukete, presoekin adibidez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Saturraran, espetxe

Orain gutxi arte ez dut jakin izan gerra ostean Saturrarango seminarioa emakumeentzako espetxe izan zela. Bi urte igaro genituen han, eta aztarrenik ere ez kontu horretaz. Ezta Donostian egindako aldian ere. Atzo Arantza Ugartek utzi zidan mezu bat nik iazko udan idatzitako artikuluan, eta hor zenbait datu ematen ditu guretzat paradisu antzekoa (ez beti), baina askorentzat infernu izan zen hartaz:
Apaizgaitegiari buruz ari zara Joxe eta aurretik egon zen kartzela. Non dira haren aztarnak? 1.700 emakumetik gora egon ziren uneren batean. Beharbada zu apaizgaitegian egona zara eta gogoratzen duzu espazioa, 45 zm zeukan bakoitzak lotarako, hor barruan sartu behar zuten, agian hasieran izango zuten arazoa baina gero ez, jateko gutxi zuten eta presoen gorputzak laister ihartu eta mehetzen ziren. Datu gogorragoa: 177 emakume eta ume hil ziren 1938tik 1944ra bitartean. Memorian gordetzeko datua. Ari gara bilketan, beharbada, ikusiko dugu guztiok liburuan argitaratuta.

Mila esker, Arantza, eta zorterik onena liburuarekin. Zain izango gaituzu berau erosi eta irakurtzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Jakintza partekatu

Ikastaro bat ematen hasi naiz HUHEZIn, Web 2.0. Komunikazio eraginkorra Interneten, eta erabaki dut han esandako guztiak sarean jartzea, Gizakom blogean. Erabaki soil horrek jakin mina piztu du sarelari euskaldun askoren artean, seguruenik material gutxi dagoelako euskaraz gai horren inguruan. Atzo Klik bikoitza eta Sustatu blogek atera zuten ikastaro horren berri, eta jende mordoa sartu zen Gizakomen informazio bila, inoiz baino gehiago.

Irakatsiko dudan softwarea egokia da, oso, lanak partekatzeko, eta nik ere horixe egin nahi dut, besteengandik ikasitakoa denen esku ipini, beste batzuek ere balia dezaten material hori, beraiek egoki ikusiz gero, behintzat

Orain arte lau artikulu argitaratu ditut Web 2.0 ikastaroari lotuta:

Web 2.0

Zehazki, programa hauek ikasiko dituzte ikasleek Web 2.0 ikastaroan: blog bat eta posta zerrenda bat egiten, CalendarHub, del.icio.us, Bloglines, Flickr, Tagzania eta Writely. Horrekin batera, ikasleek ikasiko dute netiketa, hau da, nola idatzi Interneten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Castellano ala español?

Egun hauetan bilera dezente egiten ari gara Mondragon Unibertsitatearen webgunea berritzeko. Horietako batean, eztabaida piztu zen: webguneko edukiak gaztelaniaz irakurri nahi dituenari nola adierazi behar diogu goiko loturan, castellano ipinita ala *español* idatzita? Ni bigarrenaren aldekoa naiz.

Kasu honetan, abiapuntua da Internet. Horrek esan nahi du MUren webgune horretan edonor sar daitekeela: Australia, Malasia, Quebec, Hego Afrika, Israel, Erresuma Batua, Egipto, Suedia, Hego Amerika, Alaska, Errusia, Polonia… edonondik sar daiteke jendea informazio bila. Hori dela eta, webguneko edukiak seguruenik lau hizkuntzatan ipiniko ditugu: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Zalantza, ordea, zegoen gaztelania nola adierazi, castellano ala *español. Ni español jartzearen aldekoa naiz, hitz hori askoz ere ezagunagoa delako munduan castellano* baino, baita Hego Ameriketan ere. Beraz, logikoa da adieraztea jende gehienak ezagutzen eta erabiltzen duen hitza.

Español hitza jartzeak ez du esan nahi webgune hori espainola denik, nola english ipintzeak ez baitu esan gura webgunea ingelesa denik, aitzitik, esan nahi du lotura horretan klik eginez gero, webgune horretako edukiak hizkuntza horretan irakurri ahal izango direla.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin