Zergatik Apple

Applek 30 urte bete ditu, osasuntsu dirudi, eta ni pozik, ze nik ere 18 bat urte daramat mac ordenagailuekin lanean, lehenengo Arrasate Pressen eta gero etxean. Baina zergatik iraun dut hainbeste denbora enpresa horrekin, zenbait unetan desagertzeko zorian egon bada?

  1. Baldar samarra izanik ordenagailuekin, hasieratik askoz ere errazagoak aurkitu ditudalako macintosh ordenagailuak.
  1. Behin hainbat programa ikasita (Word, PageMaker, FreeHand, FileMaker, etab.), izugarri kostatzen zitzaidalako denak utzi eta hutsetik hastea, horixe egin beharko bainuen Windowsera pasatuz gero.
  2. Ez nuelako nahi egindako inbertsioa leihotik behera bota.
  3. Gustatzen zitzaizkidalako macintosh ordenagailuak.

Beharbada motibo horiek ez dira oso harro egoteko modukoak, erakusten baitute ez naizela oso iaioa kontu horietan, baina horiek dira.

Behin, New Yorketik hegazkinez nentorrela, HP enpresako goi teknikari espainiar bat nuen ondoan jarrita, mutil jatorra oso, eta Madril arteko bidaiaren zati handi bat teknologiaz hitz egiten igaro genuen. Urte eskasak ziren Applentzat, hilzorian zegoen, noraezean eta merkatua galtzen. Halako batean, esan nion mac batekin egiten nuela lan, eta ea nola ikusten ninduen ni handik hiru urtera: “bada, seguruenik HP, Dell, Compaq edo enpresa handi horietako batek erosiko du Apple, eta zu hiru urte barru horien ordenagailu bat erabiliko duzu. Beraz, hasi pentsatzen nola egin trantsizioa”.

Uste ustela

Erratu egin zen. Larrienen zebilenean, Steve Jobs itzuli egin zen Applera, 1997an izan zen hori, eta harrezkero sekulako arrakasta izan du enpresak (iMac, ipod eta Mac OS X). Ordenagailuetan merkatuaren %4 omen dauka, gutxi, baina musika birtualean jaun eta jabe bihurtu da iTunes eta ipod bikoteari esker.

Zenbait jarrera ez zaizkit gustatzen Applen, ikusten baitiot Microsoften tankerako joera monopolio izateko, ez ordenagailuekin, ezin duelako, baina bai musikarekin, adibidez.

Hala ere, gaur egun oraindik mac bat daukat, PowerBook G4 bat, eramangarria, eta pozik nago berarekin, ezin hobeto dabilkit-eta. Beraz, HP, Dell, Compaq edo enpresa handiek itxaron beharko dute apur bat gehiago ni harrapatzeko.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

3 Responses to Zergatik Apple

  1. egilea: patxi lurra

    Eutsi Joxe! Besteok askoz arruntagoak gara eta Microsoft-ek harrapauta gagoz, tamalez. Neuri be ez jataz monopolioak gustetan, baina honetan ez naz bape koherentea. Inoiz aldatuko badot, pentsauko dot “sagar-ordenagailua” hartzen… Ondo segi.

  2. egilea: Joxe Rojas

    Ni askoz ere maczale sutsuagoa nintzen garai batean, baina urte batzuetatik hona gero eta gutxiago gustatzen zait Appleren jarrera: erdipurdiko zerbitzu teknikoa, dolarra euroaren azpitik egon arren prezio politikan darabilten gehiegikeria, erabiltzaileak gero eta gutxiago hartzen dituzte kontuan, printzipioz “bizitza osorako dohainik” eskainitako produktuak kobratzen hasi izana, Mac OS X euskaratzeko dohainik egindako lana bertan behera uztera behartu izana… Oso urruti geratu da publizitatea dohainik egiten nien garaia!

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Arrazoi duzu, Joxe, ahaztu zitzaidan puntu ilun horiek aipatzea, baina bat nator zurekin. Horiek dira txanpon distiratsuaren alde ilunak, Applek ere baditu-eta.

    Hurrengo ordenagailua erosterakoan, horiek ere kontuan izan, Patxi. Besarkada bat bioi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude