Arkaitz Zubiagaren balentria

Joan den astea ezkero, euskal blogosfera aztoratuta dabil. Izan ere, orain euskaldunok ere modua dugu geure gustuko albisteak toki batean argitaratzeko, puntuazio bat eman ondoren. Ingelesez Digg eta gaztelaniaz Meneame.net dauden bezala, euskaraz Zabaldu.com dugu orain, Arkaitz Zubiagari esker, berau Mondragon Unibertsitateko ikaslea.

Zer da Zabaldu.com?

Zabaldu.com webgune bat da, baina bere oinarrian sistema bat du, aukera ematen duena irakurle euskaldunek Interneten aurkitutako albisterik interesgarrienak konpartitzeko. Horrela dabil, gutxi gorabehera: irakurle batek albiste bat aurkitzen du Interneten, eta interesgarria iruditzen zaio. Zabaldu.com-era bidaltzen du, gainerako irakurle euskaldunek ere izan dezaten horren berri. Beste irakurleek interesgarri iritziz gero, boto bat emango diote. Hainbat boto jasotakoan, albistea azalean agertuko da, boto gehien jasotzen dituzten albisteen ondoan.

Aste bat baino ez darama sarean Zabaldu.com-ek, baina sekulako zirrara sortu du euskal blogosferan. Arkaitz Zubiagak horrela kontatzen du nola sortu duen webgune berria:
Zabaldu.com nik, pertsonalki, duela hiru-lau aste hasi nuen proiektua da, lehenagotik neukan ideia bat zen arren. Meneame.net kode irekian oinarrituta, aldaketak egin, interfaze osoa itzuli eta abian jarri nuen. Orain, behin martxan jarri eta gero, Mutilmediako kideek, teketen-ek eta aitor.mundua.com-ek bezala, besteak beste, proiektuan laguntzeko ideiak emanez laguntza ugari eskaini dituzte, pluginak sortuz, esate baterako.

Hori guztia boto ponderatu sistema baten bidez, zeini deitzen zaion karma. Horren arabera, albisteak sarri bidaltzen dituenaren botoak gehiago balio du behin bakarrik bidaltzen duenarenak baino. Prozedura guztiak oso ondo azaltzen dira orri honetan

Zergatik Zabaldu.com?

Arrasaten jaio zen, eta Ingeniaritza Informatikoa ikasi du Mondragon Unibertsitatean. Gaur egun karrera amaierako proiektua egiten ari da Ulma Handling Systems kooperatiban.

Zergatik sortu duen Zabaldu.com ere esan digu:
Proiektua zergatik jarri nuen martxan? Ba egia esan ia-ia hasi zirenetik irakurtzen ditut Digg.com eta Meneame.net-eko albisteak eta laster izan nuen egitasmoa euskaraz abiarazteko asmoa, euskal blogosferan ere eragina izango zuelakoan, baina guztia zerotik hasita garatzeak lan asko zuela-eta, ez nuen egiteko denborarik izan. Meneame.net-eko Ricardo Gallik kodea denon eskura jarri zuenean (urte hasieran, gaizki gogoratzen ez badut) izan zen benetan proiektuari ekitea erabaki nuen unea. Eta horrela, otsaila bukaera-martxoa hasieran kodean behar ziren aldaketa guztiak egin eta euskarazko klon batetara egokitu nuen. Eta horrela gaur arte. Harritu egin nau blogosferan eta baita zenbait erakundetan ere izan duen oihartzuna, baina pozgarria da euskarak Interneten bere lekutxoa baduela ikustea.

Arkaitz Zubiaga

Web diseinua eta programazioa ditu gustuko. Berak sortu du Berri Txarrak euskal musika taldearen webgunea. Euskarazko softwarea erabiltzea gustatzen zaio, eta zenbaitetan itzulpenak ere egin izan ditu (eMule eta WordPress 2.0, besteak beste). Horrez gain, noizbehinka artikuluak idazten ditu euskarazko Wikipedian.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Arkaitz Zubiagaren balentria-ri

  1. egilea: Aitor

    Etxeako moduko mutilla!!!!
    Nire amonak esaten duen bezala 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude