Benito

Igande gauean Benito Lertxundi izan genuen Elorrion, Musikaire jaialdietan. Plazer handia izan zen hainbeste urteren ondoren berriro zuzenean entzutea Benitori, emanaldia zoragarria izan zen-eta. Asko hobetu du Benitok urteen joanean, eta bete-betean asmatu du musika taldearekin. Han ginen milatik gora entzuleok, adin eta estilo guztietakoak, ederki pasatu genuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Asteburu bat Lesakan

Euskal Eskola Publikoaren jaian Mirenek paper bat bete zuen zozketa batean. Handik egun batzuetara jakin genuen berak irabazi zuela zozketa, eta horrek eskubide ematen zigula bi laguni asteburu bat igarotzeko Atxaspi hotelean, Lesakan. Eta hara abiatu ginen joan den ostiralean.

Ostiralean joan ginen Lesakara, aprobetxaturik Mireni tokatu zitzaiola egonaldi bat bi pertsonarentzat hango hotel batean. Beribila hantxe bertan hondatu zitzaigun, baina kontent itzuli gara.

Autobidean, baina, argi gorri bat piztu zitzaigun minutu batez-edo. Garajera deitu, Elorriora, eta alternadorea izan zitekeela. Argia itzali egin zen, eta guk aurrera. Bera inguruan, aldiz, ostera piztu zen argia, baina orduan segurtasun uhalena izan zen. Aurrera egin, eta hotelaren parera iritsi ginenean, automobila erabat geratu zen, bateria guztiz hustuta. Zorte itzela izan genuen, eguneko etaparen helmugan ginen-eta. Hantxe ziren zenbait gazteri esker, autoa behar zen moduan utzi eta hotelera igo ginen.

Autoak, kale

Larunbat goizean aseguru etxera deitu, Lagun Arora, eta horrek garabi bat bidali zigun Doneztebetik. Ikusirik inork ez zuela alternadore bat eskura inguruko garajeetan, Doneztebera eraman zuen beribila, astelehenean bertan Elorriora eramatekotan.

Eta gu Lesakan geratu ginen, ibilgailurik gabe. Hala ere, pozik ibili gara. Herriko eraikin ederrak miretsi, ibili, lasterka egin… denetik apur bat. Eta hotelaz gozatu. Izan ere, Atxaspi hotelak berriz itzultzeko gogoa eman digu: gela polita izan dugu, gosari paregabeak, bainu berezia, eta Montsek eskainitako arreta.

Lesaka, ederra

Horregatik, eta oraingoan zenbait leku eder ikusi barik utzi genituelako —Etxalar kasu—, geure buruari agindu diogu itzuliko garela Lesakara. Eta Atxaspi hotelera. Biak gomendagarriak, oso.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Telebista ez da irratia

Atzo iluntzean Frantzia eta Espainiaren arteko futbol partida ikusi nuen. Hasieran Cuatro aukeratu nuen, Prisa taldeko telebista katea, baina hura hitz jario amaigabea! Irratikoena baino okerragoa. Tonua, gainera, patriotero nazkagarria. Halako batean, aspertu eta Alemaniako kate bat harrapatu nuen, eta han bai, lasai asko ikusi nuen falta zena. Gutxitan hitz egiten zuten eta, piperrik ere ez ulertu arren, patxadaz ikusi nuen. Lehen zatia ikusgarria iruditu zitzaidan. Bigarrena, ostera, aspergarria. Frantziak merezita irabazi zuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

BBCren azken bloga

BBC hedabideak blog bat sortu du, berezia. The Editors izena du, eta berau bihurtu nahi du eztabaidarako foro BBCren inguruko gaietan. Denetik landuko dute blog berrian: hedabideek zer dakarten BBCren gainean, audientziak, jarraitzaileen iritziak, eztabaidak… BBCren gaineko guztia, hortxe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Aitormena

Aste batzuk lehenago esan zioten minbizia zuela barrabil batean. Indianapolisko Unibertsitate Ospitalean zegoela, hantxe egingo zioten-eta ebakuntza buruan, hango onkologo batekin elkartu zen, prestatzeko bai ebakuntza eta baita ondorengo tratamendua ere. Hizketan ari zirela, bat batean medikuak galdetu omen zion aurretik dopinik hartu ote zuen. Ez hotz ez motz, txirrindulariak baietz erantzun: “EPO hartu dut, hazkunderako hormonak, kortisona, esteroideak eta testosterona”. Gaixoa Lance Armstrong omen zen, eta kontu hau orain egun gutxi atera dute Le Monde eta “El País”:http://www.elpais.es/articulo/deportes/Armstrong/admitio/1996/haberse/dopado/cancer/Le/Monde/elppordep/20060623elpepudep_5/Tes/ egunkariek. Niretzat, sinesgarritun osoa du pasarte horrek.

Minbizia izan duenak badaki medikuaren aurrean jartzerakoan, hor ez dagoela gezurrik esaterik. Gordina izan arren, egia esan beharra dago, esandakoek erabat baldintza bailezake ondorengo tratamendua. Eta, nik dakidala, inork ez du nahi izaten okerreko tratamendua jasotzerik gezurra esatearren.

Miresten dut Lance Armstrong minbiziari aurre egiteko erakutsi zuen adoreagatik. Hala ere, sinestuta nago bai bera eta bai tropel guztia dopinaren eraginpean ibili direla, nola dabiltzan NBAko jokalari erraldoi horiek eta, oro har, kirol elitean dabiltzanak, edozein kirol elitetan. Ikusleok ikuskizuna nahi dugu, antolatzaileek telebistaren erretiluan zerbitzatzen digute, eta kirolariak prestatu egiten dira guk eskatzen dugun maila ematen, horretarako edozer gauza hartu behar baldin badute ere. Negozioa oso handia da, eta berorren inguruan sorturiko gezurra ere bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Beste Aranzabal bat Argentinan

Mikel Iturria lagunak erantzun bitxi bat jaso du bere gaztelaniazko blogean, eta hor Lucas Aranzabal batek galdetzen dio, Argentinatik, nor naizen ni, artikulu horretan Mikelek ni aipatzen baininduen. Horrela dio Lucasek:
Que tal? Soy Argentino, y soy Aranzabal de apellido. Caì aca buscando datos de mi apellido en la internet. No se quien es Joxe pero me gustaria saberlo. Estoy orgulloso de mis raices y me encantaria conocer algo de lo que queda aùn en la madre patra y querida España. Mis bisabuelos son EUSTAQUIO ARANZABAL Y MARCIANA URRIOLABEYTIA. Gracias y espero respuesta. Aranzabal Lucas. DNI: 29.827.157 Chascomùs,Pcia de BS. AS.; Argentina.

Lerro hauek idazten ari naizenean ohera joateko ordua da. Beraz, bihar erantzungo diot Lucasi, huts egin gabe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur, Bertatik bertara

Nonbaiten irakurri dut, Argiaren Harian uste dut izan dela, datorren astean amaituko dela Bertatik bertara saioa ETB1en. Ia dozena bat urte egin ditu pantailan, hamaika, zehatzago izateko. Saioak aurkezle eta zuzendari bat baino gehiago izan ditu, eta berriemaile asko. Eskola ona. Gorabehera eta guzti, gustura ikusi dut Bertatik bertara, eta eskertzen diot ekarri digun estilo bizia, oso telebistakoa. Nire zorionik beroena hor lan egin duten guztiei, merezi dute-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Martzianoen inbasioa

Atzo Patxi Lurra lagunak horrela esan zidan, ikusita spam mordoa sartu zaidala erantzunetan: “Jode, Joxe: Martzianoek bereganatu dabe erantzunen zutabea. Gora gizakiok!” Eta arrazoia du. Azken hilabete honetan gero eta spam gehiago sartzen ari zait erantzunetan, eta, egia esan, ez daukat erremedio eraginkorrik horretarako.

Konturatuta nengoen niri baino lehen Luistxori ere antzeko zerbait gertatu zitzaiola Ingelesen Hilerrian, baina bere blog berrituan erantzun nahi duenak captcha erako galdera bati erantzun behar dio, bestela ezin itsatsi erantzuna. Iban Arantzabalekin hitz egingo dut ea posible den Faroan ere antzeko zerbait ipintzea, bestela barraka ixteko gogoa ematen du, hain da gogaikarria spam hori!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Gomendio bat lasterkarientzat

Joan den ostiral iluntzean euriak harrapatu ninduen arineketan egiten ari nintzela. Amaitu orduko blai-blai eginda nengoen. Kirol oinetakoak ere halaxe nituen, erabat bustita, baina biharamun goizean siku-siku zeuden, berriro asfaltoa zapaltzeko gertu. Nola zitekeen halako aldaketa?

Kanadan erakutsi ziguten kirol oinetakoak sikatzeko modurik onena zela bere barnean egunkari paperak sartzea. Lehenengo atera barne zolak, beraiek ere lehor daitezen. Gero, hartu egunkari bateko orri oso bat, bola bat egin eskuekin, eta sartu zapatilla barruan, estu-estu. Kirol oinetako bakoitzean lau orri sartzen dira, edo lau bola. Utzi ordubete pasatzen, eta kendu paperak. Busti-busti egongo dira, paperak xukatu egingo zuen-eta oinetakoaren ura. Ondoren, errepikatu operazioa, paper sikua sartuta. Handik ordu batzuetara, kirol oinetakoak erabat lehortuta egongo dira.

Nahi izanez gero kirol oinetakoak luze irautea, inoiz ez ipini eguzki galdatan edo berogailu baten ondoan sikatzen, zeren, lehortzearekin batera, askatu egingo dira zolaren gomak. Eta orduan, akabo kirol oinetakoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Lurretik harago joan beharra bizirik irauteko

Stephen Hawking zientzialari ospetsuak esan berri du gizakiak beste planeta batzuk kolonizatu beharra duela, baldin eta bizirik iraun nahi badu espezie gisa. Astrofisiko britainiarrak uste du Lurraren berotzeak, gerra nuklearrak edo genetikoki eraldatutako birusek suntsi dezaketela gure planeta. Aspaldi Arthur C. Clarkek ere antzeko zerbait esan zuen. Adi beraz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina