Diseinu ona kirolean

Prakak-eta-giltza.jpg
Lasterka egitea inbertsio bat da guretzat. Gustoz egiteaz gain, ontzat jotzen dugu geure osasunarentzat. Hala ere, merkea da, beste kirol zenbaitekin alderatuz gero. Gasturik handiena zapatillak izaten dira, urtean behin-edo erosten ditugu eta. Prakak eta elastikoak, ostera, oso noizean behin berritzen ditugu. Azken praka luzeak, adibidez, neguan jaztekoak, 22 urtez erabili ditut korrika egiteko.

Horregatik, berriak erositakoan, ez da harritzekoa ezustekoren bat hartzea, diseinuarekin lotuta gehienetan, hor igartzen baita batez ere urteen joana. Oraindik orain erosi ditugun praka luze berriek badute gauzatxo bat txit polita eta, batez ere, praktikoa: poltsikotxo bat gerriaren atze aldean, non gorde daitekeen etxeko giltza. Txikikeria bat, pentsa lezake norbaitek, baina ez da horrela, atxintxiketa egiten dugunon arazo bat horixe izaten baita: non gorde etxeko giltza.

Kasu honetan, beste askotan bezala, diseinu on batek atseginagoa egiten du gure zaletasuna, arineketan egitea, alegia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Trafikoa hizpide Mondragoen

Trafiko kaosa Mondragoen
Egun hauetan jendeak ez du beste berbagairik Mondragoen: udalak eragin dituen aldaketak herri barruko trafikoan. Batez ere Gipuzkoa Etorbidean ipini duten semaforoak eta horrek zirkulazioan eragiten dituen arazoak.

Semaforo hori dela eta —irudian trakets marraztua puntu gorri, berde eta laranjaz—, alboko biribilgunea ataskatu egiten da, Maala kalekoa, eta horrek eragiten ditu auto pilaketa handiak Otalora kalean gora, San Frantzisko atzeko biribilguneraino. Beraz, biribilguneak (garai ez oso urrutian bedeinkazio moduan hartu zirenak, agertu bezain laster konpondu zituztelako sasoi bateko arazo ustez konponezinak)  anulatuta geratu dira orain semaforo berriarengatik.

Hala ere, hori ez da aldaketak eragindako arazo bakarra: orain jende askok sekulako buelta egin behar du autoz ospitalera joateko, etab., etab.

Ona litzateke jakitea udalak apropos egin duen hori, herrian zirkulazio kaosa eragin eta jendea behartzeko garraio publikoa erabiltzera, edo ez delako konturatu. Edozelan dela ere, malo.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Esker oneko hitzak minbizia gaindituta

Lagun bat dut minbizia izan duena. Linfoma bat, nik bezala. Orain dela hilabete inguru hartu zuen azken kimio dosia, eta medikuak esan dio erabat garbi geratu dela. Atzo lerro hauek idatzi zizkidan:

  • Lerro hauen bidez eskertu egin nahi nian Medikuak esan dit minbizia dudala liburua irakurleon eta, bereziki, linfomadunon esku jartzeagatik. Aldean edukitzeak sekulako mesede egin zidak, minbizia nuela jakin nuenean gaitzaren nondik-norakoa eta garapenaren aurrean nire burua kokatzen lagundu zidalako eta, gainera, tratamendua hartzen aritu izan naizen bitartean, oso lagungarri gertatu zaidalako behin eta berriro, bai alde praktikotik, baita borrokarako izan duzun grinagatik ere. Mila esker, beraz, Joxe, eta besarkada bat.

Laster bi urte izango dira liburua argitaratu zenetik —lehen artikulua, berriz, orain lau urte eta erdi, Sustatun. Horrelako mezu bakar batek justifikatzen du bai artikuluak eta baita liburua idatzi izana, nire lagunari atzo bertan erantzun nion bezala. Bejondeiola!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Spama ala captchas, zer amorragarriago?

Atzo jakin nuen nire zenbait ikasleri amorragarri egiten zaizkiela captchas direlakoak, alegia, letra eta zenbaki zerrenda horiek, euskarazko blog gehienetan bete beharrekoak erantzun bat uzterakoan. Onartzen dut traba apur bat egiten dutela, batez ere zenbait kasutan letrak ez direlako ondo irakurtzen, baina gustura sufritzen dut zerga txiki hori, badakit-eta beste gaitz handiago batetik babesten nautela, spametatik, erantzun komertzialetatik.

Captchas sistema hori ezarri aurretik, joan den udan hainbat egunez 250 bat erantzun edo trackback sartu ziren egunero blog honetan, denak spamak, robot ezezagunetatik zetozenak inolako kontrol barik. Bazirudien larrapoteen izurri digitala iritsia zela faraoien Egiptotik, harik eta letra eta zenbaki zerrenda horiek agertu ziren arte. Harrezkero, spam-erantzunik ez. Bakea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Ibarretxe azkenetan?

Gaur jende asko elkartuko da Bilbon Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren alde, baina irudipena dut hauxe izango dela bere azken aginte aldia. Elementu gehiegi ditu kontra:

Partidu Popularra
Aspalditik saiatu dira popularrak Ibarretxe Ajuria Enetik kentzen. Botu bidez lortu ez dutenean —Ibarretxek jipoi galanta eman zion Mayor Orejari— era guztietako boikotez edo epaileak erabilita ahalegindu dira. Popularrek zikindu nahi dute Ibarretxe bera, eta baita lehendakaritza ere.

Partidu Sozialista
Sozialistek erabaki dute Ibarretxek alde egin behar duela, lotzen baitute Lizarra-Garazirekin eta baita Ibarretxe Planarekin, zeinari ukatu baitzioten izatea ere Madrilgo Parlamentuan. Horregatik, ez dute zirkinik ere egin Ibarretxe joan ez dadin auzitegietara. Umiliazio hori pasarazi nahi diote, bera erretzeko.

Eusko Alderdi Jeltzalea
EAJ amaitzear dago basamortuko zeharkaldia, eta hortik irteteko Partidu Sozialista behar du. Zapaterok bidea erakutsi zion Imazi Maragall Kataluniako lehendakaritzatik kendu zuenean. Gaurko manifestazioa egin beharrekoa zen EAJrentzat, baina urtebete barru Ibarretxe Plana eta auzitegietako afera porrot politiko gisa argudiatuko dira lehendakaria aldatzeko.

Batasuna
Ibarretxe auzipetuko dute Batasunako kideekin hitz egin duelako, baina Batasunak ez du zirkinik egingo Ibarretxeren alde, Baskongadetako txotxongilo buru ikusten duelako.

Ez naiz analista politiko, baina egun hauetan, ohean sukarrak jota nengoela, behin eta berriro etorri zaizkit pentsamendu horiek burura. Baliteke ni oker ibiltzea, baina uste dut Ibarretxeren patua idatzita dagoela, lehendakaritzari dagokionez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 4 iruzkin

Saturrarango seminario-kartzela

tagzaniapaste
Saturrarango seminario-kartzela map – Tagzania
Aprobetxatuta orain Euskal Herri osoa ikus daitekeela bereizmen handiarekin Google Mapsen, Saturraran aukeratu dut erakusteko non zegoen garai bateko emakumeen espetxea eta ondorengo apaizgaitegia, non bi urtez ikasi bainuen, 1963an hasita, Donostiara igaro aurretik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Tio Pedro

Dena hasi zen iragan azaroaren 23an. Orduan 20 urteko neska batek, Daniela Aranzabalek, erantzun bat utzi zuen Mexikotik Mikel Iturriaren gaztelaniazko blogean, nirekin jarri nahi zuela harremanetan. Tartean Pedro Aranzabal bere birraitona aipatzen zuen.

Harritu egin nintzen apur bat, guk ere izan dugulako familian tio Pedro bat, aspaldi batean Mexikora joan zena. Gure aita zenaren osaba zen tio Pedro, gure amandrearen neba. Aitak eta amak kontatu zigutenez, behin agertu zen emaztearekin sekulako aiga batean, auto handi dotore batean, gure artean autoak banaka ikusten ziren sasoian. Antza denez, futbol jokalari famatua izan zen Mexikon, eta gero ezkondu egin zen negozio gizon baten alaba batekin. Hori baizik ez genekien guk.

Danielari idatzi nionean, ordea, hark bestelako irudi bat eskaini zigun tio Pedroren gainean. Hauxe zioen bere erantzunean:

  • Mira mi abuelo se llama Pedro Aranzabal la verdad nose bien de ke parte de españa era pero le voy a preguntar a mi abuelo mi bisabuelo llego a mexico joven vivio en un pueblo llamado lequitio de aca luego se paso a la ciudad de torreon coahuila mexico!!!! aca somos muchos familiares por ke tubo 5 señoras por keno con todas se caso!!!!!!!! y tubo alrededor de 20 hijos!!!! ahi tengo una foto de mi abueno en cuento pueda te la mando!!! y tu ke me puedes contar???

Are harrituago geratu nintzen erantzun horren aurrean, hori ez baitzen nik nuen informazioa tio Pedroren gainean. Betiko moduan, erantzun hori nire neba-arrebei zabaldu nien. Eta horietako batek pasarazi zion Zaloña baserriko lehengusina txiki bati, tio Pedro Zaloña baserrian jaio baitzen, Aretxabaletan.

Ostiralean jakin nuenez, Zaloñako lehengusina txiki batek esanda, tio Pedroren seme-alaba “ofizialek” berretsi egin diote Mexikotik tiok beste seme-alaba batzuk izan zituela ezkontzatik kanpo, denak ezkondu aurretik, berandu esposatu baitzen gure senidea, 50 bat urterekin. Beraz, Daniela zuzen dabil antza, eta gure tio Pedro dontsuak 20 bat seme-alaba izan zituen, bost emakumerekin.

Ostiralean bertan idatzi nion Danielari, eta esan nion zer lotura izan dezakegun, non jaio zen bere birraitona, eta mapa batzuk bidali nizkion, erakusteko non dagoen Aretxabaleta. Badakit, halaber, Zaloñako jabeak sekulako ilusioa duela ustekabeko senide horiek ezagutzeko, eta idatzi egingo diela, eta gonbidatu, etor daitezen ostera bat egitera Euskal Herrira. Baldin badatoz, bazkari handi bat egingo dugu aranzabaldarrok. Eta kopak jasoko ditugu eta topa egin tio Pedro emankor haren alde.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Imanol Urbieta

Gustura irakurri dut Jakin aldizkarian Miel Angel Elustondo idazleak Imanol Urbietari egindako elkarrizketa luzea. Gustatu zait elkarrizketatzailearen idazteko modua, eta gustatu zait Imanol Urbieta bera: sortzailea, hurbila, sentibera, ekintzailea, euskaltzalea, artista, abenturazalea… Liluratuta geratu naiz berarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Apple, Microsoften arrastoan

Aspaldion Apple erakusten ari da berak ere monopolio izan nahi duela, Microsoft ordenagailuetan nola. Garai batean saiatu zen Macintosh ordenagailuekin –erabaki zuenean sistema itxi bat eramango zuela, erabat bateraezina artean zebiltzan ordenagailuekin–, baina orduko hartan Microsoft bizkorragoa izan zen, justu alderantzizko estrategiarekin.

Oraingo honetan, berriz, iPod musika jogailuaren arrakastan oinarrituta, berriro ari da helburu bera lortu guran, oraingo honetan musikaren esparrutik abiatuta. Behin erabateko nagusitasuna irabazita musika salmentan, oraingoan beste pare bat esparrutara egin nahi du salto, sakelako telefonoetara (iPhonekin) eta etxeko telebistetara (AppleTV erabilita).

Microsoftek Windows bihurtu zuen bere estrategiaren erdigune, eta Applek gauza bera egin nahi du iTunes denda eta aplikazioarekin. Bai iPod eta baita iPhone kargatzeko eta kudeatzeko iTunes behar da; bestela, ez dabiltza. Eta AppleTVk ere horra jo beharko du telebista saioak lortze aldera.

Miresten dut Applek zer grina duen berrikuntzarako, gehienetan oso produktu onak ateratzen baititu, baina ez zait bat ere gustatzen monopolio bihurtu nahi hori, monopolioek estutu egiten baikaituzte, eta une batetik aurrera, oztopo bihurtzen dira berrikuntza ororentzat. Argigarria da, oso, Timesonline albistariak horren gainean atera duen artikulua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Ama Paulak, 90 urte gaur

Denok berriro
Paula Mendizabal, gure ama, 1917ko urtarrilaren 15ean jaio zen Uritte baserrian, Eskoriatzan. Gaur, hortaz, 90 urte bete ditu. Hori dela eta, atzo festa txiki bat egin genuen Esteñibar baserrian, Elorrion, Kontxa Intxausti bere lagunaren konpainian.

Hamabost lagun elkartu ginen bazkarira. Zaharrena ama Paula bera, eta txikiena Paula txikia, gure amaren birbiloba. Hasteko, menestra jan genuen, Lierni koinatak maisuki prestatua. Ondoren, txuleta hezur bakoa. Eta amaitzeko, bizkotxoa, amak berak eta Begok prestatua. Kafera iritsi aurretik, bertso batzuk kantatu genizkion amari, Mikel Irizarrek atonduak. Eta gero zorionak eta opariak.

Egun biribila izan zen, arratsaldea amaitu aurretik Esteñibarko bizilagun berria ezagutu genuen-eta, Aimar Aranguren, Asier eta Amaia auzoen seme jaioberria. Ongi etorri beroa egin genion Aimar txikiari. Atzoko festako argazki sorta bat ikusi nahi baduzue, klik egin hemen.

Atzo kantatu genizun arren, gaur ere bihotz bihotzez abestu nahi dizut, ama, zorionik beroenak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin