Kamerafonoak 10 urte bete ditu

Laster hamar urte beteko dira Philippe Kahn gazteak sortu zuela sakelako telefono kameraduna, kamerafonoa. Atzo Associated Press agentzian Kahn-ek berak zioenez, “tramankulu hark sekulako eragina izan zuen, oso erosoa delako. Jatetxe batera baldin bazoaz, eta urtebetetze bat ospatzen ari badira, konturatuko zara bat baino gehiago kamerafonoa atera eta argazkiak egiten hasiko direla. Itzela da”.

AEBetako etxeen %41ek badaukate kamerafono bat gutxienez, eta nekez aurkituko duzu kamerarik bako sakelakorik, diote adituek. Gartner etxeak, bestalde, aurreikusten du 2007an 589 milioi kamerafono salduko direla eta 2010erako, 1.000 milioi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Goienkaria, eredu

Goienkaria, ikasgai      

Miren alabaren liburu bati begiratzen nenbilela, Euskara 6 Eleketan, Haritza argitaletxearena, hara non aurkitu dudan Goienkaria darabilela egunkarien ezaugarriak azaltzeko, Goiena Komunikazio Taldeak ostiraletan kaleratzen duen astekaria. Poztu naiz, Goienkaria euskarazko prentsaren adibide bikaina delako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Peaceful soldadua

Orain hiru bat hilabete erosi nuen liburu hau, Peaceful soldadua, baina orain heldu diot, ezin gusturago, bikain idatzita baitago, eta halatsu euskaratua.

Peaceful anaien historiak hunkitu egin nau, bai beren herriskan igarotako pasarteak nola Belgikan gertatutakoak, Lehen Mundu Gerraren erdian. Bukaera aldera, Johnny cogió su fusil etorri zait burura, film hura bezala, eleberri hau ere gerraren kontrako aldarri ozena baita, nahiz eta biak oso bestelakoak diren. Ahal baduzue, irakurri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Tintin eta Milou

Albiste hau irakurtzen ari nintzela, alegia Spielberg eta Jackson zinegileek bat egingo dutela Tintinen gaineko film bat egiteko, gogora etorri zait noiz izan nuen Tintinen berri lehen aldiz. Saturraranen izan zen, hango apaizgaitegian. Astean behin, oker ez banabil, hango zine areto txikian elkartzen ginen ikasle guztiak, eta zinea barik, diapositibetan ikusten genituen Tintin eta Milouren abenturak. Frantsesez idatzita zeuden, eta Pablo Areso irakasleak itzultzen zizkigun gaztelaniara, sekulako graziarekin. Une gozoak izaten ziren haiek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Internetek, irakurketa areagotu

Askotan kontrajartzen dira Internet eta liburuak, Internet eta egunkariak, Internet eta irakurketa. Denak, berriz, ez datoz bat konparazio horrekin, adibidez, Jason Calacanis, Interneteko enpresario eta blogari ezaguna. Atzo La Vanguardiak egindako elkarrizketan horrela zioen:

  • “Internetek lortu du denok irakur eta idatz dezagun sekula baino gehiago”.

Merezi du elkarrizketa irakurtzea eta osteratxo bat egitea haren blogean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Zozoa

Egun hauetan ari naiz gozatzen batik bat zozoen kantuarekin. Goizean goiz, gure teilatuen gainean jartzen dira, eta sekulako kontzertua eskaintzen digute. Iluntzean, beste horrenbeste. Baina bai fakultatean eta baita beste edonon ere, kantu betean sentitzen ditut. Bejondeiela!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Arrasate-Oñati: eginda

Joxe-Bego Oñatin
Atzo arratsaldean bete nuen promesa, osatze bidean nengoela Sustatun egindakoa: berriz egingo nuela Arrasate-Oñati lasterketa. Luxuzko konpainian egin ere: Bego emaztea, Eneko Astigarraga eta Juan Martin Elexpuru lagunak izan bainituen denbora guztian nirekin. Eurei esker iritsi nintzen, justu halabaina, gasolina erreserban. 1h eta 10’tan egin genuen Arrasatetik Oñatirako bidea.

Bero handi samar egin zuen. Abiapuntura iritsi ginenean, 28º C egiten zuen, eta lasterketan, 26ª C inguru. Aurrez uste bezala, irten eta berehala ia denek aurrera egin zuten, ziztu batean. Atze aldean, berriz, taldetxo bat geratu zen, umoretsua oso. San Prudentzioraino martxa onean joan ginen, eta ingurukoen umorea gozatzen. Handik aurrera, atzerago geratu ginen, ni nekatzen hasi nintzen-eta. Zubillagan pasatzerakoan, suhiltzaileek euri artifiziala prestatu ziguten, nahiz eta ni albotik pasatu.

Oñatin sartu orduko justu nindoan, eta ordurako martxa dezente motelduta. Nire lagunek, berriz, etengabe animatzen ninduten, eta aholkuak ematen lasai joan nendin. Horrela iritsi nintzen Oñatiko plazara. Azken metroetan bizkortu egin genuen pausoa, jendearen animoek bultzatuta. Eskutik helduta ailegatu ginen Bego eta biok, Eneko eta Juan Martin ondoan genituela. Bihotz-bihotzetik eskertzen dizuet, Bego, Juan Martin eta Eneko, bidean eman zenidaten laguntza. Baita Joxe Felix Diaz de Tuestari, argazkia atera eta uztearren. Oso eskuzabalak zarete, eta lagun onak. Eskerrik asko.

Azken lasterketa
Ia denak aurrean hartuta iritsi ginen, eta pozik, bete nuelako agindutakoa. Badakit, hala ere, atzokoa izango dela nire azken lasterketa. Segituko dut arineketan egiten, baina nire kasa edo Begorekin, lasai eta gozatzen, horrela nabilenean ez baitut sentitzen lehiak dakarren presiorik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 17 iruzkin

Arkaitz eta Iban

Atzo, Donostian nintzela Euskal Informatikarien Bilkuran, jarri nintzen Arkaitz Zubiaga eta Iban Arantzabal blogarien artean. Gozamen hutsa izan zen niretzat ikustea gazte biak zelan idazten ari ziren, bata Mutilmedian eta bestea Sustatun, bilkuran esandakoen jarraipena egiteko. Biek ala biek sekulako ahalmena dute entzunaz batera, hizlarien berbak laburbiltzeko.

Gorka Julioren asmakizunak ere, Popatxat delakoak, arrakasta handia izan zuen, hizlariak jo eta ke ari ziren bitartean, entzuleek ere jo eta su ziharduten-eta txateatzen. Bilkura interesgarria, oso.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Informatikari Euskaldunen Bilkura 07

Donostian nago, Informatikari Euskaldunen Bilkuran. Sarrera hitzaldia egin dut hemen, 250 lagunen aurrean. Web 2.0 izan dut hizpide. Nire esperientzia ekarri dut hitzaldira, eta zenbait hausnarketa. Horretarako testua eta diapositibak erabili ditut.

Hitzaldiaren testua
Nahi duenak irakurri hitzaldiaren testua, hementxe dauka, Scribb aplikazioan. Ikusiko duzue hainbat hitz azpimarratuta daudela. Hitz horiek bide diapositibak markatzen dituzte. Badakizue hortik dokumentuak jaitsi ahal dituzuela hainbat formatutan.

Hitzaldiaren diapositibak
Hitz egin bitartean aurkezpen bat erabili dut, eta hori ikusi ahal duzue Slideshare aplikazioan.

Orain Gorka Juliori entzuten ari gara, bera egiten ari baita bigarren hitzaldia. Gero Gari Araolaza etorriko da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Xabi Paya

Xabi Paya aldibereko itzulpena egiten
Atzo komunikatzaile peto bat ikusi nuen: Xabi Paya bertsolari, itzultzaile eta irakaslea. HUHEZIko Literatura Astean izan zen, Andoni Egaña eta Onintza Enbeitarekin batera, frogatu guran euskara ez dakitenek ere goza dezaketela bertsolaritzaz, itzulpenari esker.

Hori frogatzeko, irakasle, zeremonia maisu, itzultzaile eta bertsolari lanak egin zituen, eta denetan bikain aritu zen. Atentzioa ematen du zer gazte den, eta zelako heldutasuna duen. Komunikazioaren fenomeno bat iruditu zitzaidan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 4 iruzkin