Arrasate-Oñati: eginda

Joxe-Bego Oñatin
Atzo arratsaldean bete nuen promesa, osatze bidean nengoela Sustatun egindakoa: berriz egingo nuela Arrasate-Oñati lasterketa. Luxuzko konpainian egin ere: Bego emaztea, Eneko Astigarraga eta Juan Martin Elexpuru lagunak izan bainituen denbora guztian nirekin. Eurei esker iritsi nintzen, justu halabaina, gasolina erreserban. 1h eta 10’tan egin genuen Arrasatetik Oñatirako bidea.

Bero handi samar egin zuen. Abiapuntura iritsi ginenean, 28º C egiten zuen, eta lasterketan, 26ª C inguru. Aurrez uste bezala, irten eta berehala ia denek aurrera egin zuten, ziztu batean. Atze aldean, berriz, taldetxo bat geratu zen, umoretsua oso. San Prudentzioraino martxa onean joan ginen, eta ingurukoen umorea gozatzen. Handik aurrera, atzerago geratu ginen, ni nekatzen hasi nintzen-eta. Zubillagan pasatzerakoan, suhiltzaileek euri artifiziala prestatu ziguten, nahiz eta ni albotik pasatu.

Oñatin sartu orduko justu nindoan, eta ordurako martxa dezente motelduta. Nire lagunek, berriz, etengabe animatzen ninduten, eta aholkuak ematen lasai joan nendin. Horrela iritsi nintzen Oñatiko plazara. Azken metroetan bizkortu egin genuen pausoa, jendearen animoek bultzatuta. Eskutik helduta ailegatu ginen Bego eta biok, Eneko eta Juan Martin ondoan genituela. Bihotz-bihotzetik eskertzen dizuet, Bego, Juan Martin eta Eneko, bidean eman zenidaten laguntza. Baita Joxe Felix Diaz de Tuestari, argazkia atera eta uztearren. Oso eskuzabalak zarete, eta lagun onak. Eskerrik asko.

Azken lasterketa
Ia denak aurrean hartuta iritsi ginen, eta pozik, bete nuelako agindutakoa. Badakit, hala ere, atzokoa izango dela nire azken lasterketa. Segituko dut arineketan egiten, baina nire kasa edo Begorekin, lasai eta gozatzen, horrela nabilenean ez baitut sentitzen lehiak dakarren presiorik.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

17 Responses to Arrasate-Oñati: eginda

  1. egilea: O. eta J.

    Zorionak Joxe, lortu duzu. Besarkada bat.

  2. egilea: piban

    Zorionak Joxe! Azkenean lortu zenuen amaitzea atzo. Zoriondu nizun Oñatiko plazan eta gaur ere blogaren bidez zoriondu egiten dizut.
    Atzo egin zenuena askorentzat kasta ikasketa bat da. Pena eman dit irakurtzeak zure azken lasterketa izango dela, tropel herrikoiak korrikalari handi bat bat galtzen duelako. Jakin ezazu nahi duzunuen gure artera bueltatuko ahal zarela, eta Arrasate-Oñati batean agian ez, baina San Silvestreren batean edo beste lasterketa herrikoiren batean itxarongo zaitugu!!!
    Hurrengora arte, ondo segi eta disfrutatu egiten duzun kirolarekin!!!

  3. egilea: iturri

    Aupa Joxe:

    Zorionak bai… Bete duzu promesa eta lasai zaitezke jada.

    Pena hartu nuen ezin izan nuelako ostegunean IEBra joan. Beste batean beharko du izan.

    Goraintziak Begori.

  4. egilea: luistxo

    Zorionak. Baina zure lasterketak luzerako doaz oraindik!

  5. egilea: Laranja koloreko txapeldunak!

    Gaur ere, beste askotan bezala, zure blog-a irakurri dut, oso gustura nola ez. Gaurkoan gainera, tarte batean behinik behin, elkarrekin egin genuen lasterketa herrikoi baten inguruan idatzi duzu.

    Txapel laranjadun guztion izenean zorionak eta ea beste behin horrelako ekitaldi herrikoi baten elkar ikusten dugun!!

    Segi horrela!

  6. egilea: asier

    zorionak, Joxe, beste urrats bat gaindittu dozu.

    Oin hurrengua! 🙂

  7. egilea: eneko

    gasolina erreserban? bero itzela eta txapel laranjadun koldarrak (aupa zuek!)  ihes egin egin zuten :-),  baina sprintean ailegatu ginen barren, Oñatiko plazari buelta eman eta berriro Arrasateraino antxintxiketan bueltatu behar ginela pentsatu nuen!

    Aupa Joxe! segi gogor!

  8. egilea: eneko

    Ah! eta zorionak Laixanen elkarteko antolatzaileei!

  9. egilea: Patxi

    Zorionak, eta eutsi horri!

  10. egilea: Josi

    Aupa Joxe:
    asko pozten naiz, ekinean ekinaz, lortu duzulako!
    Lasterketa hau bukatu ondoren… hurrengoa(k) prestatzen hasi beharko!
    Zorte ona eta <a href=”http://hezkuntb.blogspot.com/2007/05/euskararen-erronkak-interneten.html”/> ziberespazioan ikusi/entzun/elkartuko</a> gara
    Josi

  11. egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker denoi. Plazer bat izan da. Jose Felix Diaz de Tuestak argazki gehiago jarri ditu Flickr-en, oso politak. Besarkada bat denoi!

  12. egilea: Iban Arantzabal

    Sailkapenak ere jarri ditugu…

    Argazkikoenak:

    121. Joxe Aranzabal Mendizabal. Elorrio. 1:10:23     
    122. Begoña Larrañaga Anzola. Elorrio. 1:10:26
    123. Juan Martin Elexpuru Arregi. Bergara. 1:10:33     
    124. Eneko Astigarraga Arakistain. Eibar. 1:10:40   

  13. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Iban. Ikusi dut Goiena.net-eko informazioa eta oso landua iruditu zait, hainbat informazio iturri eskainita, gainera. Zorionak!

  14. egilea: txantxikuak

    Zorionak Joxe!!

    Larregiko beroa egiten zuen larunbatean, nik lasai irten nuen beste lagun batekin, eta zuekin konpartitu genuen lasterketaren atzekaldea, San Prudentzio inguruan Euskaltelekoekin hurrundu giñan apur bat zuengatik, bai bat gorriz ta bestea beltzez txapel txuri batekin (hori neu nintzan, jeje), azkenian zuek baino 5 minutu lehenago iristeko, nik Zubillagako euri artifiziala ondo probestu nuen freskatzeko!!!!

  15. egilea: Joxe Aranzabal

    Bai, zuek fresko zindoazten, eta eutsi egin zenioten hasierako martxari. Elkarrekin joan ginen bitartean, umore ederra erakutsi zenuten. Segi horrela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude