Debagoiena, zigortuta

Leintz Gatzagan hasi eta Bergara bitartean, badaude hainbat proiektu, behar beharrezkoak, baina geldirik daudenak: tranbia da horietako bat. Aspalditik hasita behar zuen, baina geldirik dago. Olandixoko tunela da beste bat, Mondragoen, eta hori ere geldirik dago. Mankomunitateko presidentea, bestalde, kartzelan dago, Ino Galparsoro.

Sinestuta nago batek baino gehiagok, Madrilen eta hemen, ordainarazi nahi dietela debagoiendarrei ezker abertzaleari eman izana botoa. Horregatik daude proiektu horiek hasi barik.

Arrasateko Udala, geldirik
Mondragoeko Udala, bestalde, geldirik dago, egoera berezian, gai ez dela aurrera eramateko arnas luzeko proiekturik. Horrela egon zen aurreko agintealdiaren azken bi urteak, orduko eskandalu inmobiliarioak zirela-eta, eta horrela segituko du agintealdi honetan, zentsura mozioak aurrera egin edo ez. Mondragoetarrei ez zaie urik faltako etxeko iturrietan, baina hortik aparte, gauza gutxi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Amerikar dinastiak

Gazteagoak ginenean, pozik ikusi genituen Kennedy-tarrak politikaren gorenean (John, Robert, Edward), eta, behin eta berriro, deitoratu genuen bidean izan zituzten kalamitateak. Erabat idealizatuta genituen, eta ez genuen kontuan hartu hor dinastia bat zebilela lanean, koroarik gabea izan arren.

Geroago baina, eskuin muturreko beste bat agertu zitzaigun, Bush-tarrak (George aita, George semea, Jeb, Neil), eta hori hamabi urtez jasan behar izan dugu agintean. Bazegoen hirugarren bat bidean, Clinton-darrak, (Bill, Hillary eta Chelsea), baina badirudi amerikarrak nekatu egin direla dinastien jokoekin. Ni ere bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 33. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 33. saioa. 2008ko maiatzaren 11n egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Arazoak mikroipuinekin

Orain hiru hilabete erosi nuen Karlos Linazasoro idazlearen azken liburua, Diotenez, baina arazoak ditut aurrera egiteko. Ipuin oso laburrez osatua dago liburu gehiena, batzuk zoragarriak, baina nekez egiten dut aurrera, seguruasko liburuak ipuin beste hari dituelako, alegia, mordoa.

Badirudi nik arnas luzeko hariak behar ditudala, eta horregatik, segurutik, erosoago sentitzen naiz eleberriekin ipuin laburrekin baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Safari nabigatzailearen hiztegia

Safari nabigatzaileak badu aplikazio bat oso erabilgarria ingelesezko testuak irakurtzeko: ingeles hiztegi bat. Testu bat irakurtzen ari zarela, estrapozu egiten baduzu hitz batekin ez dakizuna zer esan nahi duen, jarri punteroa hitz horren gainean, eta sakatu komando + control + D: leiho txiki bat irekiko da, eta hor agertuko da hitz horren esanahia, ingelesez.

Firefox erabiltzen dut nabigatzeko, baina topo egiten badut ingelesez idatzitako artikulu interesgarri batekin, eta horren barruan zenbait hitz ezezagun, ireki egiten dut Safari, eta hiztegia erabili. Primeran datorkit.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Kerobiaren musika jaitsi dugu

Jakin bezain laster Kerobia taldeak prest zuela azken diskoa jendeak libre jaisteko, sartu egin nintzen taldearen webgunean, eta jaitsi egin nuen diskoa. Ondoren, iTunes programan sartu, eta entzun egin nuen. Perfect.

Mireni aipatu nion zelan jaitsi nuen diskoa, eta eskatu egin zidan. Orain kopia bat dauka bere pendrivean, eta, seguruenik, pasatu egingo die bere lagunei. Eskerrik asko Kerobia taldeari, eta zorterik onena disko berriarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

8. probintzia, 32. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 32. saioa. 2008ko maiatzaren 4an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Hiru belaunaldi

Hiru kantari handi

Joan den asteartean Xabier Lete eta Fermin Muguruza izan genituen fakultatean, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondokoan. Zoritxarrez, Xabier Leteri ordu erdiz entzun nion soilik, eta Fermin Muguruzari ezta hori ere.

Hala ere, gogoan izango dut luzez Eñaut Elorrietak Xabier Leteri egin zion aurkezpena, bere etxean Xabierren poesiak eta abestiek eragin handia izan bide baitzuten. Amaieran, eta abisu barik, Eñaut Izarren Hautsa hasi zen kantatzen, a capella, Xabier aurrez aurre zeukala, eta gu denok adi-adi. Oilo ipurdia egin zitzaidan omenaldi hunkigarri hartan. Uste dut beste guztiak ere halaxe zeudela, hunkituta, eta, bukatutakoan, txalo zaparrada beroa eskaini genien biei ala biei.

(Argazkia: Edurne Balzategi)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Ramonek erretiroa hartu du

Gaur egun seinalatua da guretzat, gure anaia Ramonek erretiroa hartu baitu. Ez da neba-arrebetan zaharrena, beste bi ditu zaharragoak, baina aukera irten zaio, eta berak heldu aukerari.

Izugarri poztu naiz beragatik, badakit-eta aurrerantzean egingo duela berak gehien maite duena: pintatu. Ramon margolari berantiarra da, baina nahikoa izan zituen erakusketa pare bat, denok aho bete hortz gera gintezen bere artearekin. Zorterik onena, Ramon, eta aldi emankorra izan dezazula!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Justizia baino, mendekua

Garzon epaileak espetxeratu egin du Ino Galparsoro Mondragoeko alkatea. Esperpentikoa iruditzen zait, zentzugabea.

Nik ere uste dut Inok eta bere alderdikideek kondenatu behar zutela Isaias Carrasco herkidearen hilketa. Uler nezakeen, halaber, beste alderdi batzuek alkatea kargutik kentzea zentsura mozio baten bidez, hori ere joko politikoaren barruan sartzen delako, baina gai izan ez direnak kontsentsu zabal bat mamitzeko, orain epaileak hasi dira mugiarazten, eurek lortu ez dutena lortzeko: Arrasateko alkatea kargugabetzea.

Justizia, berriro, beste helburu batzuetarako erabiltzen ari dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin