Apture: gehigarri harrigarria blogentzat

Atzo ezkero, eta Gari Araolaza adiskidearen laguntzarekin, Apture aplikazioa erabiltzen ari naiz blog honetan. Gehigarri honi esker, testuari testuinguru multimedia erants diezaioket —dela argazki bat, dela bideo bat, dela aipamen bat Wikipediatik hartuta—, halako moldez non ohiko loturak zaharkituak gelditzen baitira. Apture honekin, hipertestuak pauso bat gehiago egin du, eta baita Interneteko idazkuntzak ere. Aukera eskaintzen du, gainera, irakurlea orrian gera dadin, hortik zehar joan beharrik barik.

Probatzeko, pasatu kurtsorea hemengo loturen gainean. Horietako zenbaitetan, leiho bat irekiko da, eta hor ikusiko da, bertatik alde egin barik, loturaren bestaldean dagoena: argazki bat, bideo bat, edo aipu bat. Han eta hemen begiratuta, konturatu naiz oso ondo dabilela Flickr, YouTube eta Wikipediarekin.

Zelan instalatu
Printzipioz, Apture prestatuta dago Blogger eta Typepad blog plataformentzat, baina gurean ere erabil daiteke. Horretarako, izena eman behar da aplikazioan, eta kode puska bat itsatsi albo-zutabean, hor egon daitezkeen beste kode batzuen ondoren. Guk horrela egin dugu Faroan, nahiz eta beste plataforma batzuetan Apturek gomendatzen duen diseinuko plantillan txertatzea.

Loturak betiko moduan egiten dira, baina emaitzak ezin dira ikusi artikulua argitaratu arte. Hala ere, lan asko ondoren egin behar izaten da, aplikazioak tutorialean erakusten duen moduan. Egoki ikusten baduzue, probatu.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

5 Responses to Apture: gehigarri harrigarria blogentzat

  1. egilea: newton

    Ez da ideia batere txarra, baina Firefoxekin NoScript instalatuta baldin baduzu ezinezkoa da bideoak nahiz argazkiak ikustea.

    Ikus ahal izateko apture.com partzialki irekita utzi beharra dago, beno esanahi dudana da, NoScript izanez gero hasiera batean ezinezkoa dela ikustea; hori bai ez dakit zenbat jendeek erabiliko duen Firefox + NoScript.

  2. arantzabal egilea: Iban Arantzabal

    Eta horrek zer bentaja du argazkia zure sarreran jarri edo bideoa zure sarreran klik bakarrera jartzearen kontra?

    Nik nahiago testuan integratua dagoen bideoa eta dagoen argazkia. Gainera,  argazkia zein  bideoa ikusteko moduan egotea testua erakargarri egiteko eta irakurtzeko amu izan daitezke eta ikonotxo horiek…

    Ez dakit, ez dakit. Diozu “halako moldez non ohiko loturak zaharkituak gelditzen baitira” baina uste dut jarraitzen duela hobeto izaten edukia berak ikonoak baino.

    Eskerrik asko baliabide hori ere erakustearren, hala ere.

  3. egilea: Luistxo

    Snap Sucks, eta Apturek berdin, pop-up guztiek bezala.

  4. egilea: Gari

    Hara!  Azkenean nik errua!  😉

    Nik lagundu dizut, Joxe, baina ez nago tresna horien alde. Traba egiten didate zenbait blogetan sartu eta klik egin gabe xagua gainetik pasatu eta eskatu gabeko leihoak zabaltzen zaizkidanean.

    Sarean kontrola erabiltzaileok daramagu, eta horren alde nago. Nahi duenak egingo du klik.

    Bestalde, alde teknikotik soluzioa ikaragarri ona iruditu zait, martxan jartzeko erraza eta ondo egina.

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Izugarri estimatzen zaituztet, baina ez nago ados zuekin. Snap-ek loturen atzekoa erakutsi baino ez du egiten, eta, egia da, bizpahiru egun igarota, nekatu egiten du.

    Baina Apturek aukera ematen du loturen edukiak aberasteko, gunetik irten barik. Eta hor ere, irakurleak erabakitzen du noiz egin klik gehigarri batean eta noiz egin paso. Uste dut programa horrek ondorioak izan ditzakeela gure artikuluak pentsatzeko orduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude