Guraso bat ikasgelan

Atzo bestelako esperientzia bat izan nuen, irakaskuntzan hasi
nintzenetik: ikasle baten ama eta ahizpa izan nituen ikasgelan, guk
eskola eman bitartean. Ordu batzuk lehenago, Saskia Kamphuis ikasle
herberehetarrak, zeina Erasmus egonaldi bat egiten ari baita gure
artean, mezu bat bidali zidan, galdetuz ea bere ama eta ahizpa etor
zitezkeen eskolara, egun hauetan bisitan baitaude Euskal Herrian,
Saskia bera bisitatzen. Erantzun aurretik zenbait lankideri galdetu
nien, baina inork ez zuen horrelako aurrekaririk: batzuk alde zeuden,
beste batzuk ez, eta zenbaitek ez zekien zer erantzun. Azkenean,
kontuan hartuta Carla eta Patty urrutitik etorriak zirela, eta aukera
hori balia zezaketela hurbilagotik ikusteko zelako giroan ari den beren
senitartea mugitzen, bada erabaki nuen baietz, haiek gonbidatzea
ikasgelara.

Eskola berezia izan zen, neurri batean gonbidatuei esker. Gure hemengo
ikasleek ondo hartu zituzten etorri berriak, eta, seguruenik horregatik
ere, ohi baino adiago eta partehartzaileago aritu ziren, daukaten onena
erakutsiz, gure eskolak ingelesez ematen ditugu-eta. Noiz edo behin,
Carlak ere parte hartu zuen gure arteko eztabaida eta hausnarketetan,
batez ere aztertu genuenean gure haurtzaroan zelako telebista saioak
ikusten genituen, eta alderatzerakoan Herberehetan ikusitako saioak
Euskal Herrian ikusitakoekin. Bukaeran, patxada handiagoarekin hitz
egin genuen, eta pozik agurtu genuen elkar. Esperientzia erabat ona
izan zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Opari ekonomia

Artikulu hau ere Jakin aldizkarirako idatzi nuen, 167. alean ateratzeko.

Sei urtean lehen aldiz,
Sustatu lanean izan da abuztuko oporretan. Hasier Etxeberriak horrela
eskatuta (“Zer egin ez badakizue, antolatu lehiaketa bat, edo
kontratatu beltzen bat orriari jira eta bira emateko noizean behin.
Nahi duzuena, baina egin zerbait, orain artekoaz desberdina dena.
Jaungoikoaren izenean”.), Sustatuk egokitu egin zuen blogaren azala
—“Jamaika ikusteko…” atalari toki nagusia emanda—, eta aukera eman zien
irakurleei eurek betetzeko atal hori, horretarako del.icio.us eta
bildu.net aplikazioak erabilita.



Kontua
da Sustatuko arduradunak oporretara joan zirela, baina Sustatuk egunean
bizpahiru albiste jaso zituela, denen pozerako. Arduradunek egitura
ipini zuten eta irakurleek edukia, musu truk.


The gift economy

Fenomeno
horri the gift economy deitzen zaio, opari ekonomia, eta sutautsa
bezala zabaltzen ari da informazioaren aroan. YouTubek, adibidez,
xemeikorik ere ez die ordaintzen beren bideoak webgune horretan
eskegitzen dituztenei. Horien produkzio kostuak erabiltzaileen bizkar
doaz; eurak dira zuzendariak, ekoizleak, idazleak eta aktoreak. Bideo
horiek igotzen dituztenean YouTubera, oparitu egiten diete beren lana
webguneko jabeei. Horregatik, 2006ko urriaren 9an, Googlek erosi
zuenean YouTube 1.650 milioi dolar ordainduta, webguneko sortzaileek
eskerrak eman zizkieten erabiltzaileei, propio grabatutako bideo
batean,
haiek egin baitzituzten aberats.



2005ean,
bestalde, Yahook erosi zuenean Flickr argazki zerbitzua, horrek 10
lagun baino ez zituen nominan, baina milioika erabiltzaile edukiak
igotzen etengabe, berauek antolatzen eta zabaltzen.



Zabaldu.com
ere modu horretan dabil. Pertsona bat arduratzen da mantentze
zerbitzuaz, baina gero erabiltzaileek aukeratzen dituzte albisteak,
interesaren arabera. Eta hori ere musu truk egiten dute, nahi dutelako.


Bedeinkazio ala maldizio?

Opari
ekonomia bedeinkazio bat izan daiteke sareko hedabideentzat, baina
arazo handi bat da hedabide tradizionalentzat. Zertarako ordaindu
profesional bati, amateur bat pozik izango bada lan hori doan egiten?



Sustatu
eta Zabaldu.com-en egitura ezin txikiagoa da, eta bertan egindako
publizitateak aise ordain litzake gastuak. Berria egunkariak, ostera,
ezingo lioke erantzun Hasier Etxeberriaren eskariari, ez behintzat
paperezko edizioan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Noiz arte IT departamenduak enpresetan?

Hona hemen artikulu bat,  Jakin aldizkariaren 167. zenbakirako idatzi nuena:

Geminis, Elorrion
2008ko
otsailaren 12an, Eroskik inauguratu zuen Elorrion Euskal Herriko
gunerik handiena datuak prozesatzeko. Eraikin bat da 2.500 metro
koadrokoa, Geminis izenekoa, eta bertan dago areto bat, 850 metro
koadrokoa, ekipo informatikoz beteta, zerbitzatzeko Eroskiren 3.000
denda, neurri guztietakoak. El Correo egunkariak biharamunean zioenez,
Geminis kostatu zitzaion Eroskiri zortzi milioi euro, eta bertan lanean
ari dira 10 eta 15 pertsona artean.

Banaketa
enpresa bat izanda, zer dela-eta xahutu ditu Eroskik zortzi milioi euro
berea ez den negozio batean, informatikan? Bere esku izan nahi duelako
bere 3.000 dendek uneoro sortzen duten informazioa: salerosketak,
eskariak… Eta, oraingoz, beste inork eskaintzen ez diolako zerbitzu
hori.

UCEM, Oñatin
Mende bat lehenago, elektrizitatea
zabaldu zenean gure enpresetara, Unión Cerrajera de Mondragón (UCEM)
enpresak antzeko zerbait egin zuen: bere esku hartu argindarra sortzea,
ziurtatzeko Mondragoeko eta Bergarako lantegiak ez zirela geldituko,
eta urtegi sare bat antolatu zuen Oñati inguruko mendietan, Aitzgain,
Jaturabe eta Aloña inguruan, eta urtegi horietatik ura batzen hasi zen
Olateko indarretxean.

UCEMen negozioa ez
zen argindarra, baina garai hartan ez zuen beste erremediorik izan,
munduko beste enpresa gehienek bezala, bere lantegiek behar zuten
argindarra sortzea baino, horiek zekartzan gastu guztiekin. Harik eta
enpresa batzuk agertu ziren arte argindarra modu fidagarrian eta nahi
adina eskaintzen zutenak. Orduan, hasierako beldurrak uxatu (zelan
utziko dugu argindarra beste enpresa baten esku, hori denean gure
jardueraren motor ezinbestekoa?), Olateko indarretxea Oñatiko Udalari
saldu eta argindarra zuzenean erosten hasi zitzaion Iberduero
konpainiari.

Argindarra, zerbitzu publiko
Hori baina, gertatu zen
Iberduero bezalako konpainiak hasi zirenean argindarra sortzen, kopuru
izugarrietan eta inork baino merkeago, halako eran non enpresa
bakoitzak ezin zuen berdindu. Gaur egun, inori ez zaio bururatzen
enpresa barruan departamendu oso bat antolatzea argindarra sortzeko.

Teknologia
berriekin, ostera, ez dugu berdin jokatzen. Eroskik bezala, munduko
enpresa handi guztiek dute departamendu bat, askotan oso garestia,
teknologia berriak kudeatzeko.

Softwarea, zerbitzu publiko
Baina
gauzak aldatzen hasi dira. Sortu dira zenbait enpresa (Google, Amazon,
Salesforce.com…) softwarea eta soluzio informatikoak neurrira
eskaintzen dituztenak… sarean, nork bere aplikazioak erosten eta
eguneratzen ibili beharrik barik. Urte gutxi barru, sareko eskaintza
hobetzen denean eta gure enpresek beldurra galtzen dutenean (zelan
utziko diogu beste enpresa bati gure informazioa erabiltzen?) Eroskik
saretik erosiko ditu behar dituen informatika zerbitzuak, aplikazioak
eta sareak. Eta hori egiten duenean, akaso Elorrioko Udalari saldu nahi
izango dio Geminis erraldoia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Burdinaren arrastoan

Olagizonekin
Atzo txango bat egin genuen Legazpi ingurura. Burdinaren arrastoak ikusi nahi genituen, ugariak dira-eta, eta ondo antolatuak, Lenbur Fundazioari esker.

Erreizabal baserria
Lehendabizi Erreizabal baserria bisitatu genuen, Artzaintzaren Ekomuseoa, eta han ikasi genuen zelan bizi diren senar-emazte batzuk 200 inguru ardi zaintzen eta Idiazabalgo gazta egiten. Bertako andreak bikain bete zuen bere egitekoa, azalpenak ederto eman zizkigun-eta. Hari esker ikusi genuen azken hamabost urteotan artzaintzak zelako aurrerapena egin duen Euskal Herrian. Gazta ere, primerakoa egiten dute han.

Mirandaola burdinola
Espedizioko gazteok gogoan genuen orain hogeita hamar bat urte Mirandaolako burdinola zelan ipini zuten berriro martxan, gu ere hantxe izan ginen-eta, baina horrek ez zion ikusminik kendu atzoko bisitari, ikusgarria, betiko moduan. Handik irtenda, Laura eta Gari aurkitu genituen, haiek ere egun pasa joanda hara zenbait lagunekin.

Mirandaola parkea
Gustura paseatu genuen inguru hartan, zoragarria dago-eta paratuta. Jende asko zebilen, gainera: batzuk bizikletan, beste asko lasterka, seguruenik Behobia-Donostia lasterketa prestatzen, eta, gu lakoak, oinez, trankil asko.

Euskal burdinaren museoa
Hara orduko, gosetuak ginen, eta, egia esan, museoari ez genion arreta handirik ipini. Ikusi bai, baina behar baino bizkorrago, ordurako tripazorriak ulu batean genituen-eta.

Mujika jatetxea
Lierniraino joan ginen bazkaltzera, Mujika jatetxera. Eskerrak gordeta genuela mahai bat, jatetxea beteta baitzegoen. Han ezusteko galanta hartu genuen, Joxe Agustin Arrieta Egiguren agertu zitzaigun-eta, seminarioko aspaldiko laguna, hura ere egun pasa egiten Gabiriako lagunekin. Haren emaztea eta alabatxoa ere ezagutu genituen. Bukaeran, Jon, Bernar eta Gari etorri zitzaizkigun, eta bazkariari erremate ona eman genion.

Egun zoragarria izan zen, lasaia, edonori gomendatzeko modukoa. Flickr-en dituzue argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Pello Zubiria gure artean

Atzo Pello Zubiria izan genuen Huhezin. Hitzaldi bat ematera etorri zen Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei. Aspaldi elkar ikusi barik geunden, eta benetan poztu nintzen tabernan agertu zitzaigunean, adar soinuan, bere garai onenetan bezala. Argi eta zorrotz ikusi nuen, sasoiko. Urte askotarako, Pello!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Obama eta Olano

Gipuzkoarron artean askoz jende gehiagok ezagutzen omen du Barack Obama
Gipuzkoako ahaldun nagusia bera baino, alegia, bertako gobernu
probintzialeko burua, Markel Olano, baino. Lehendabizi entzun nuenean albistea, harritu egin nintzen. Euskarazko
Wikipedian begiratu eta, hara!, Obamak sarrera bat du euskaraz. Olanok,
berriz, ezer ez.

AEBetako hedabideek halako indarra dute, ezen hango presidenteak izar
bihurtzen baitira gure inguruko hedabideetan ere: Europako
egunkarietan, telebista guztietan, irratietan, Interneten…, haiek
agertzen dira gehien albistegietan, onerako edo txarrerako. Berdin
lehendakarigaiekin ere. Begira aurten zelako oihartzuna izan duten
Hillary Clintonek, Barack Obamak, John McCainek, Joe Bidenek eta Sarah
Palinek.

Horri gehitzen badiogu Markel Olanok oso perfil apala duela, dena
esanda dago. Bide batez, Barack Obamak Imanol Muruaren garaian ere –azken ahaldun nagusietan
bera izango zen ezagunena, seguruenik– ez nintzateke harrituko artean Bill Clinton ezagunagoa izango balitz orduko gipuzkoarron artean. Inperioaren indarra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Txatarra garestia

Atzo arratsaldean Steve Jobs Apple enpresako lehendakariak MacBook
ordenagailu berriak aurkeztu zituen. Oraingoan, ahalegin handia egin
omen dute hardwarearekin, ordenagailuak aluminiozkoak eta pieza batean
eginak izango dira-eta. Jonathan Ive diseinu arduradunak ere laudorio
itzelak egin zizkien ordenagailu berriei. Gainera, Nvidia txartelak
eramango dituzte, bideo jokoak eta irudiak hobeto eta bizkorrago ikus
daitezen. Horrezaz gain, LED pantaila bat izango dute, zeinaren bidez
ordenagailua istant batean pizten baita, eta trackpad zabalago bat.
Esandakoa: gehiena, hardwarea, txatarra.

Prezioak berriz, merkeenak 900€ (plastikozkoak), hurrengoak 1.650€tik
gora
eta garestiena 1.750€tik gora. Nire ustez, prezio horiek garestiak
dira gaur egun, kontuan hartuta gero eta aplikazio gehiago ditugula
hodei informatikoan, han, zenbait zerbitzaritan, eta ez gure
ordenagailuetan ostatu hartuta. Ulertzekoa da Applen akzioak beheratu
izana, adituek uste baitute krisialdi honetan Applen produktuak
(jeneralean beste guztiak baino garestiagoak) gutxiago salduko direla.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Gabriel Arestiren urteurrenean

Atzo lanetik irtendakoan, autoan sartu eta Angel Zelaietari entzun nion
Euskadi Irratian, Gabriel Arestiren gainean hitz egiten. Aspaldi
irakurria nuen Zelaietak idatzitako biografia Arestiri buruz; hala ere,
gustura entzun nuen atzokoa. Gogora etorri zitzaizkidan Gabriel
Arestiren irudiak hitzaldi bat ematen Deustuko Unibertsitatean:
irakurri egin zuen euskaraz, azentu arrotzarekin. Baten batek esan zuen
ordurako oso gaixorik zegoela. Handik gutxira, hil egin zen.

Kontakizunean aurrera, Zelaietak ELA berri aipatu zuen, Eladioak, eta
aipatu zituen orduan oso gogor egin zutelako Arestiren kontra. Aurpegia
ilundu zitzaidan orduan, garai hartan neu ere hantxe ibili bainintzen,
nahiz eta artean oso gaztea nintzen. Lotsatu egiten naiz orduan
izandako jarrerarekin, bidegabea zelako, eta jarrera hark elikatu
dituelako, neurri handi batean, gerora etorri diren muturreko beste
asko.

Lotara egiterakoan, liburu apalategian arakatu, eta Gabriel Arestiren
poema liburu bat
hartu nuen. Argia itzali aurretik, hark sortutako
munduan barrena abiatu nintzen. Nire omenaldi xumea izan zen, Gabriel
jaio zela 75 urte betetzen diren honetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Afaria Elorrion Erasmus ikasleekin

Erasmus ikasleak sukaldariekin
Joan den ostiralean afaria antolatu genuen Elorrion, Alkartu elkartean, Erasmus ikasleekin. Zortzi etorri ziren, Huheziko bostak (Chiara, Louise, Sara, Saskia, eta Tieme), bat Goi Eskola Politeknikotik (Julien), eta bi Enpresa Zientzien Fakultatetik (Adriana eta Taric).

Eguraldia primerakoa izan genuen. Hori aprobetxatuz, ostera bat egin genuen herrian, bertako kale eta etxe ederrak ikusten. Trago bat hartu genuen Tanger tabernan, eta gero, afaltzera.

Hasi aurretik baina, Juan Mari Lersundik elkartea erakutsi zigun, eta bertako historia kontatu. Bitartean, Bego emaztea eta Balen laguna azken ukituak ematen ari ziren sukaldean. Afaria zoragarria izan zen. Gure ikasleek apetito ona erakutsi zuten, baita egarri puntua ere. Azkenean, elkartea bete egin zen, eta zenbait mahaitan kantuan hasi ziren. Berandu, baina pozik joan ziren denak Mondragoera. Orduko zenbait argazki Flickr-en ipini ditut ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Amabirjina garotakoa

Nikolas Zendoiari irakurri nion lehen aldiz esapide hori, Amabirjina
garotakoa,
Pilarikaz ari zela, alegia, gaurko egunagatik. Eta harritu
egin nintzen, mutikotan gaurko egunez gu ere Aguletara joaten baikinen,
aitaren baserrira, aitak lagundu egiten baitzien tio Patxiri eta Jose
Kruz lehengusuari garo biltzen. Goizean goizetik etxetik irten,
Kanpazar igo, eta Angiozar aldera egiten genuen, San Migel de Montetik
aurrera, pinudi batzuetara iritsi arte. Han nagusiak jo eta su hasiko
ziren lanean, gu jolasean genbiltzan bitartean, ni bai, behintzat.
Eguerdian, berriz, Jesusa lehengusinak ekarriko zuen bazkaria astoan,
eta hantxe bazkalduko genuen, basoan, nagusiek arratsaldeko saioari
ekin aurretik. Pentsatzen dut beste baserri askotan gauza bera egingo
zutela, eta horregatik emango ziotela Pilarikari izen hori, Amabirjina
garotakoa.

Zorionak!
Gaurko egunez, hiru pertsona oso hurbilek egiten dituzte urteak: Bego
emazteak,
Pili Otxoak eta Joxe Felix Diaz de Tuestak. Hirurei, nire
besarkadarik beroena. Urte askotarako!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1