Hileta zibilak Mondragoen

Ikusi mapa handiagoa
Aurrekoan lagun batek esan zidan Arrasateko Udalak toki bat atondu nahi duela hileta zibilak egiteko… non eta hilerrian, alegia kasakriston. Mondragoeko hilerria San Kristobal gainean dago, oso goi eta urruti hirigunetik. Deserrian ia. (Goiko mapan, ikono urdina da hilerria).

Hori ikusita, irudi luke hileta zibilak zerbait lotsagarri direla, ezkutuan egin beharrekoak. Eta ez zait iruditzen horrela denik. Niretzat, kristauenak edo beste edozein fededunenak bezain errespetagarriak dira. Horregatik, beste leku bat proposatuko dut hileta zibilak egiteko Mondragoen: Biteri etorbideko zabalgunea. (Goiko mapan, ikono arrosa). Handia du, herriaren erdian dago, eta euritik apur bat babestua.

Eibartarrek erakutsi digute bidea. Han, hileta zibilak Unzaga plazatik hurbil egiten dira, anfiteatro batean, aire zabalean, kiosko eta guzti. Haiek urteetan egin dituzte hileta zibilak, herritar askoren babesarekin. Oraingoan guri tokatzen zaigu ikastea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Ezin bereiztu webgunea eta web orria

Euskaltzaindiak ere arazoak bide ditu bereizteko webgunea eta web
orria.
Atzo bertan, abenduaren 17an, Andres Urrutia euskaltzainburuak
Plazaberri albiste emaile elektronikoan egindako idatzian, non
iragartzen baitigu Euskaltzaindiak “blogaren aldeko apustua” egingo duela
–inoiz ez da berandu, nahiz eta lehen bloga erabat euskaraz orain
zazpi urte plazaratu zen–, behin eta berriro erabiltzen du
“web-orria”, adierazteko Euskaltzaindiaren webgunea.

Anglofonoek —beraiek asmatu zuten Internet— oso garbi bereizten dituzte
website eta web page, alegia, webgunea eta web orria, eta horrela
erabili dituzte hasiera hasieratik. Gaztelaniaz, berriz, jende piloa
ari da nahasten sitio web eta página web, eta gaur egun hedabide
gehienetan sitio web esan beharrean, asko eta asko, gehienak esango
nuke, página web ari dira erabiltzen.

Euskal blogosferan, adibidez, orain gutxi arte jende gehienak ondo bereiztu
ditu bi izen horiek, webgunea eta web orria, baina Internet zabaldu
denean hedabide tradizionaletara eta ikasgeletara, hasi da nahasketa,
kazetari eta irakasle askok gaztelaniazko hedabideetatik edaten
baitugu, eta, oharkabean, geure egiten ditugu kazetari espainiarrek
gaizki erabilitako moldeak. Ikusten denez, euskal akademikoak ere ez dira libratzen eragin horretatik.

Hitz bien esanahia bereizte aldera, beharbada lagungarri gertatuko zaio
Andres Urrutia jaunari jakitea zer dioen gure glosategiak, Glosategia
Komunikazioaren gainean,
hitz horren gainean:

  • webgune. (Internet) Web orri bilduma bat da, helbide bakarrean batuta.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Aurten zer ikasi duzu Web 2.0ren inguruan?

Web 2.0ren
barruan zer da ikasi duzun gauzarik
garrantzitsuena 2008an? Eskertuko dizuet zuen iritziak euskal
blogosferako beste kideekin partekatzea. Beharbada horrek lagunduko
digu aurrerantzean gauzak hobeto egiten.

Niri dagokidanez, aurten ikasi dut zelan dinamizatu proiektu bat
sarean,
zenbait jende koordinatuta, barrukoa eta kanpokoa, horretarako
Web 2.0ren hainbat erreminta erabilita: wikia, posta zerrenda eta
bloga. Glosategiaz ari naiz, irailaren amaieran sortu genuen Glosategia
Komunikazioaren gainean
horretaz. Hor egin behar izan dut wiki bat,
asmatu
modua hiztegi bezala aurkezteko, jendea gonbidatu bertan parte har
dezan, arrazoitu proiektua irekia izan dadin, irakatsi jendeari zelan
erabili wikia, etab.

Ikasi dut, halaber, erabil ditzakedala sare sozialak nire blogaren
mesedetan
eta nik nahi dudan kausaren alde. Baina horretarako,
buru-belarri sartu behar naiz sare sozialak erabiltzen, erabiltzeak
berak erakusten baitu zelan erabili hobeto baliabide horiek.

Eta zuk, zer ikasi duzu Web 2.0ren inguruan 2008an?

Animatu eta idatzi zure esperientzia erantzun batean. Mila esker.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

1.0tik 2.0ra berriro

2008an 1.0 aroko bi hedabidetan egin dut lan apur bat, kolaborazioak-eta eginez: Euskadi Irratian eta Jakin aldizkarian. Joan den uztailean amaitu nuen lehenbizikoa, eta oraintsu bukatu dut bigarrena.

Agur Jakin aldizkariari
Niretzat ohore bat izan da Jakin aldizkarian idaztea, oso gazte nintzenetik erreferentzia argia izan delako niretzat. Guztira 16 artikulu idatzi ditut bertan, denak teknologia berriekin lotuak. Gustura amaitu dut lehen urtea. Hala ere, erabaki dut utzi egingo dudala.

Uhinei eta paperari begira nenbilen bitartean, konturatu naiz gauza asko gertatzen ari zirela 2.0 esparruan, batez ere sare sozialetan. Azken bi hilabeteotan ia egunero jasotzen nuen zerbait Facebook sare sozialetik: gonbita bat, gutun bat, iruzkin bat… Nik banuen kontu bat Facebook-en, baina, egia esan, inoiz ez diot kasu handirik egin. Orobat, ohartu naiz Twitter zelan hazi den munduan, batez ere Mumbaiko erasoak zirela-eta, non milaka eta milaka lagunek txioka ari baitziren zer geratzen ari zen Indiako hiriburu ekonomikoan.

Hori ikusita, erabaki dut 1.0 utzi eta 2.0 honetan murgiltzea, batez ere sare sozialetan. Horretan dezente lagundu dit Jun Loayza gaztearen bideoak, non azaltzen baita zelan erabili hedabide sozialak. Hortxe ulertu dut nire lanaren ardatza bloga izan daitekeela, Faroa, baina bai Twitter eta baita Facebook blogaren zabaltzaile eraginkorrak izan daitezkeela.

Kaixo Twitter eta Facebook
Horrela, orain bi astez gero, Twitter eta Facebook erabiltzen hasi naiz, bertako komunitateak eraikitzen. Horretan Ping.fm dut bidelagun orain, baita Gmail bera ere, zenbait kasutan bertatik egiten baitut txio, aldi berean Twitterrera eta Facebookera, komenientziaren arabera.

Ikasten nabil, zenbaitetan trakets samar, baina sinetsita nago ibiliaren ibiliaz hobeto ezagutuko ditudala sare sozialak, gaur egun Web 2.0 esparruaren alorrik bizienetakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Hiru liburu interesgarri

(Artikulu hau Jakin aldizkarian atera dut, 168. zenbakian)

Udako oporretan hiru liburu
irakurri ditut, zein baino zein interesgarriagoa. Hirurek gaurkotasun
handia dute, lotuta baitaude gaur egungo egoerarekin, batez ere
teknologia berriak gure gizartean eragiten ari diren aldaketen
inguruan. Ondo baderitzozue, aurkeztu egingo dizkizuet liburuok:

The world is flat
The world is flat da lehena, Thomas L. Friedman kazetariak idatzia. Gaztelaniaz ere aurki daiteke, La tierra es plana
izenburuarekin, Planeta argitaletxean. Mundua laua dela dio egileak,
eta horrekin esan nahi du konektatuta dagoela: hesi ekonomikoen eta
politikoen jausteak ekarri du, iraultza digitalarekin batera, aukera
paregabea negozioak egiteko milioika lagunekin munduan barrena. Hau ez
da gertatu goizetik gauera, baina bai oharkabean askorentzat, guztion
begiak irailaren 11n eta Irakeko gerran zeuden bitartean. Glozalizazioa
3.0, berak horrela deitzen baitio, ez da enpresa handiek bultzatua,
baizik eta gizabanakoek eraginda: freelance eta enpresa hasi
berriak mundu osoan, baina batez ere Indian eta Txinan, gero eta pisu
handiagoa hartzen ari dira, gai baitira lehendabizi soldata txikiko
lanak bereganatzeko, baina baita goi mailako lan sofistikatuak ere.

Friedman-en
iritziz, mendebaldarrok azti eta zuhur jokatu beharra dugu mundu lau
honetan, mundu bat non indiarrak eta baita txinatarrak ere,
nabarmentzen ari diren. Ikasi beharra dugu merkatu global batean lan
egiten. Horrek arriskuak ekarriko dizkigu, orain lehen baino milioika
lagun ari baitira beharrean, guk egiten ditugun lan asko guk bezain
ondo eta merkeago egiteko prest. Baina, azti jokatuz gero, aukerak ere
ikusten ditu egileak. Liburu mardula da, 660 orrialde, baina erraz
irakurtzekoa, oso estilo bizian idatzita baitago.

The big switch
The big switch
da bigarren liburua, (Aldaketa handia), Nicholas Carr idazleak egina.
Azpititulua ere adierazgarria du: “mundua birkableatzen, Edisonengandik
Googlera”. Dirudienean gaudela aurrekaririk bako iraultza teknologiko
baten erdian, egileak dio iraultza digitalak antz handia duela, gero
eta handiagoa, orain mende bat argindarrak ekarri zuenarekin.
Informatika dagoeneko ez da pertsonala, Carr-en ustez, eta laster bihur
daiteke zerbitzu publiko bat, zenbait enpresak eskainia, eta gobernuek
gainbegiratua. Garai batean, enpresek eurek sortzen zuten argindarra,
joan den aleko artikulu batean idatzi nuen bezala, harik eta zenbait
enpresa agertu ziren arte, Iberdueroren tankerakoak, zerbitzu hori
merkeago eskaintzen zutenak. Carr-en aburuz, antzeko iraultza baten
erdian gaude, aurrerantzean gero eta zerbitzu informatiko gehiago hodei
informatikoan aurkituko ditugu, hor nonbaiteko zerbitzarietan.
Trantsizio horren ondorio sozialak eta ekonomikoak ilun samarrak izango
dira, egilearen ustez. Aberastasuna gutxi batzuen esku finkatuko da,
eta zenbait industria, prentsa idatzia bereziki, desagertzeko zorian
izango da.

Don’t bother me mom
Hirugarren liburua da Don’t bother me mom —I’m learning,
(Ez gogaitarazi ama —ikasten ari naiz), Marck Prensky-rena. Gure
seme-alabek gero eta denbora gehiago igarotzen dute pantailaren
aurrean, bideo edo ordenagailu jokoetan, eta horrek ika-mika ugari
sortzen ditu gurasoon artean. Marc Prensky hezkuntza software
garatzailea da, eta bideo jokoen alde dago. Haren ustez, “gazteak askoz
ere gauza positiboagoak eta erabilgarriagoak ikasten ari dira bideo
jokoetan eskolan baino”. Prensky saiatzen da gurasoon eta irakasleon
beldurra uxatzen, eta azaltzen du gaztetxoek zelan ikasten duten
jolastu bitartean. Tartean, informazio ugari ematen du bideo jokoen
gainean, eta argibide ugari, zelan hurbildu gazte horiengana.

Hiru
liburuak oso ondo idatzita daude, eta erraz irakurtzen dira. Hirurek,
gainera, lan ona egiten dute gure inguruan gertatzen ari diren
aldaketak hobeto ulertzen. Horregatik, hirurak dira gomendagarriak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Bideo jokoak eskolan

(Artikulu hau Jakin aldizkarian atera dut, 168. zenbakian).

Behin eta berriro aipatzen
dugu teknologia berriak zein inportanteak diren, zer betebehar
interesgarria duten irakaskuntzan, zelako garrantzia duten
euskararentzat…, baina bideo jokoak erabat ahaztuta ditugu, munduan
horrelakorik ez balego bezala. Hala ere, estatistikek erakusten digute
AEBetan bakarrik 2007an 9.500 milioi dolar saldu zirela bideo eta
ordenagailu jokoetan. Hori nahikoa ez-eta, uste dugu bideo jokoak ez
direla onak, bakartu egiten dituztela gure seme-alabak, eta biolentziaz
josita daudela. Alemanian, berriz, bertako gobernuak erabaki du Bideo
Jokoen Garatzaileen Elkartea bertako Kultura Kontseiluan sartzea, eta
horrekin ezin garbiago adierazi du bideo jokoak kultura direla.

Errepikatzen
ari gara gure gurasoen jokabidea komikien inguruan: haserretu egiten
ziren komiki asko irakurtzen genituelako, esanez tontotu egingo ginela,
haiek ez zirela gauza serioak. Ez zuten ulertzen oso ondo pasatzen
genuela, eta, komikien bidez, irakurtzen ari ginela, eta sozializatzen,
behin komikiak irakurrita, trukatu egiten baikenituen. Handik
liburuetara pasatzea jauzi naturala izan zen. Baina orain, guraso egin
garenean, gauza bera egiten ari gara bideo eta ordenagailu jokoekin.
Haserretu egiten gara geure seme-alabak ikusten baditugu pantaila
aurrean jolasten.

Hala ere, berandu baino lehen, hobe dugu
aurreiritziak astintzea. Bideo jokoak aspaldi sortu ziren, lehena,
1947an. Hala ere, gizarte fenomeno bihurtu zirenetik, era askotako
bideo jokoak egin dira, batzuk oso arrakastatsuak, eta milioika lagunek
erabili dituzte denbora pasa moduan. AEBetan, batez besteko jokalariak
35 urte ditu eta 12 urte daramatza jokatzen. Ikusita bideo jokoen
eragina jende horren heziketan, gero eta jende gehiago ari da eskatzen
bideo jokoak erabiltzea irakaskuntzan.

Zorionez, gure artera ere
iritsi dira ahots horiek. Uda honetan, EHUren Udako Ikastaroetan, gai
hori jorratu zen: “Bideo jokoak: hezkuntza, sozializazioa eta
berrikuntza”. Eta bertako zuzendariak, Javier Etxeberriak garbi
adierazi zuen hezkuntzan bideo jokoei eman beharko zaiela duten
garrantzia. Horretarako komeni dela helduei, irakasleei bereziki,
erakustea zelan dabiltzan bideo jokoak. “Beste proposamen bat izan
daiteke
hautazko ikasgai moduan bideojokoak erabiltzen ikastea. Hobe da hau
taldean egitea bakarka baino, honela, buruko nahasteak saihestuko
bailirateke (…)”. Javier Etxeberria ez da edonor, curriculum zabala
du eta CSIC erakundean irakasten du, Zientzia Ikerkuntzen Kontseilu
Gorenean. Bada, haren iritzian, “Bideojokoek xehetasuna, azkartasuna,
egokitzapena,
ikasketa eta gaitasun kognitiboak garatzen dituzte. Gainera,
hezkuntzarako, berriztapenerako eta sozializaziorako garrantzitsuak
dira. Era berean, hauei esker haurrak autodidaktak eta kooperatiboak
dira eta sozializatzen laguntzen die (…)”. Zeri begira gaude bideo
jokoak gure curriculumean sartzeko?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Euskara eta indarkeria

Inork pentsatzen badu ETAk mesede egiten diola euskarari bere komunikatuak euskaraz egiten dituelako, pentsa dezala birritan.

Hizkuntzei
buruz hitz egiten dugunean, pertsonen gainean ari gara hitz egiten,
pertsona horien jardueraren alor batez. Pertsona horiek izugarrikeriak
egiten badituzte, gorrotatu egingo ditugu pertsonak, eta gorrotatu
egingo ditugu pertsona horien gainerako jarduerak. Horrela gertatu da
lehendik ere, eta horrela gertatzen da gaur egun.

Hiru adibide

  1. Joan den ostiralean bazkaldu genuen Johan D´haenen
    irakasle belgikarrarekin, eta hark esan zigun Belgikan, oraindik ere,
    jende askok ez duela nahi alemana ikasi laugarren hizkuntza gisa,
    besteak beste jende horrek oraindik oso bizirik dituelako alemanek
    Bigarren Mundu Gerran Belgikan egindako izugarrikeriak.
  2. Frankismoaren
    hondarretan, bestalde, izututa bizi ginen Goardia Zibilak eta
    Espainiako poliziek egiten zituzten gehiegikeriengatik. Hori zela-eta,
    behin baino gehiagotan, ikusten genuenean gutariko baten bat
    gaztelaniaz egiten, galdetzen genion zergatik hitz egiten zuen Goardia
    Zibilen hizkuntzan.
  3. Gu iritsi baginen horrenbesteraino, zelan ez
    dira, bada, iritsiko horrenbestera ETAk kaltetutako guztiak eta berauen
    iritzikideak? Zeren gaur egun, ETA egiten zaigu gorrotagarri, hilketa
    eta estortsioa erabiltzen dituelako bere helburuak lortzeko. Mehatxatuak oharkabean parekatzen ditu borreroa eta borreroaren hizkuntza. Testuinguru horretan, zenbaitek eskatu dute “Euskara askatasunez” erabiltzeko. Harritzekoa?

Euskarak,
alegia guk, ezinbestekoa du ETA eta beronen biolentzia desagertzea gure
mapatik. Denok eskertuko dugu, euskarak eta guk.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 11 iruzkin

Huheziko kontua eta del.icio.us

Ikasturte honen hasieran
Informazio eta Komunikazio Departamenduko kideok Huhezi fakultatean erabaki genuen kontu
bat sortuko genuela del.icio.us-en, eta bertan kide guztiok joango
ginela gordetzen sarean irakurritako irakurgai interesgarriak. Era
horretan hasiko ginen jakintza partekatzen, irakurritakoari dagokiona
bederen, gure artean eta ikasleekin batera. Esan eta egin. Sortu genuen
kontua eta izena eman genion Huheziko, alegia Huezi + IKO, horixe baita
Ikus-entzunezko Komunikazioa karreraren izena.

Hasi ere hasi
gara irakurgaiak gordetzen –dagoeneko 277 ditugu hor– eta sailkatzen,
horretarako etiketak erabilita, gehienak komunikazioarekin lotuta. Hori
nahikoa ez-eta, Huheziko buletina sortu genuen, egunero-egunero
jakin genezan zer motatako irakurgaiak ari garen gordetzen. Eta
horretarako IKTeroen tutoriala erabili genuen lotsa barik (Mila esker, bide batez!). Oraindik
kostatzen ari zaigu del.icio.us erabiltzea, ez zaila delako, baizik eta
oraindik ez dugulako barneratu haren premia eta beharrezko
automatismoak.

Nahi baduzue Huheziko zuen del.icio.us sarean
sartu —network erabilita— egizue lasai asko, hor gordetakoa ez baita
guretzat soilik, nahi duzuen guztientzat baizik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Nekatuta nago

Pozik irten nintzen Erasmus ikasleekin izandako bazkaritik, eurak ere oso pozik ari direlako gure fakultatean eta Euskal Herrian oro har. Handik puntuko, berriz, Aitorrek esan zidan: “Badakizu?”. Kito. ETAk beste pertsona bat hil du, ustez, oraingoan Azpeitian.

AHTren aitzakian aukeratu dute biktima. Nire herriaren izenean sakatu dute pistolaren katua. Askatasunaren gorazarrez hil dute kondenatua. Euskara ahotan hartuta erreibindikatuko dute hilketa. Nazkatuta nago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Afari lasaia

Arrasate Pressek, 20 urte
Arratsaldeko 20:00etan jarri genuen hitzordua, Portaloian, Arrasateren
bihotzean. Hotz egiten zuen. Iñaki, harrituta, zer aldatuta dagoen
Mondragoe. Aspaldi etorri barik zegoen, antza. Kajoi tabernan trago bat
jota, Erreka jatetxera egin genuen. Han Gontzal Landa agertu zitzaigun,
Mondraberri agerkari digitaleko kazetaria, eta argazki batzuk atera
zizkigun. Bederatziak inguruan, mahaira egin genuen.

Ondo afaldu genuen, hitz eta pitz denbora guztian: hirigintza, krisi
ekonomikoa, bihotzeko kontuak… denetik apur bat egin genuen berba,
Arrasate Pressen gainean izan ezik. Bukaera aldera, argazki batzuk
atera Joxeferen argazki makina marabillosoarekin, eta konturatu orduko,
ia gauerdia. Ordaindu, eta joan egin ginen, bakoitza bere habiara,
hitzordu jakin barik hurrengo baterako. Dena ondo badoa, bost urte
barru izan daiteke, 25. urteurrenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin