Hileta zibilak Mondragoen

Ikusi mapa handiagoa
Aurrekoan lagun batek esan zidan Arrasateko Udalak toki bat atondu nahi duela hileta zibilak egiteko… non eta hilerrian, alegia kasakriston. Mondragoeko hilerria San Kristobal gainean dago, oso goi eta urruti hirigunetik. Deserrian ia. (Goiko mapan, ikono urdina da hilerria).

Hori ikusita, irudi luke hileta zibilak zerbait lotsagarri direla, ezkutuan egin beharrekoak. Eta ez zait iruditzen horrela denik. Niretzat, kristauenak edo beste edozein fededunenak bezain errespetagarriak dira. Horregatik, beste leku bat proposatuko dut hileta zibilak egiteko Mondragoen: Biteri etorbideko zabalgunea. (Goiko mapan, ikono arrosa). Handia du, herriaren erdian dago, eta euritik apur bat babestua.

Eibartarrek erakutsi digute bidea. Han, hileta zibilak Unzaga plazatik hurbil egiten dira, anfiteatro batean, aire zabalean, kiosko eta guzti. Haiek urteetan egin dituzte hileta zibilak, herritar askoren babesarekin. Oraingoan guri tokatzen zaigu ikastea.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

3 Responses to Hileta zibilak Mondragoen

  1. egilea: sioux

    Ados nago hileta zibilak ez direla ezkutuan egin bihar, ez dira batere lotsagarriak.
    Baina hurrengo komentarioak kezka sortu dit “Aurrekoan lagun batek esan zidan Arrasateko Udalak toki bat atondu nahi duela hileta zibilak egiteko… non eta hilerrian”. Lagun horrek esandakoa kontrastatutakoa da?Hau da, Arrasateko Udalak notizia edo erabaki hori plazaratu du?Nik ez dut notizia hori orain arte entzun, ez nintzateke “lagun batek esandakoaz” horrenbeste fidatuko, eta gutxiago ez nuke hain erraz eta kontrastatu gabe publikatuko.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Lagun ezezagun eta anonimo hori. Saiatuko naiz zure kezka argitzen:

    1. Faroa ez da Arrasateko Udalaren edo beste erakunde baten buletina. Nire bloga da, eta hor nik neure kontuak idazten ditut: kontrastatuak, kontrastatu bakoak, erabat subjektiboak… Bloga hori da, eguneroko pertsonal bat.
    2. Hasieratik utzi dut garbi nire informazio iturriaren fidagarritasuna: “lagun batek esan zidan”. Horrek adierazten du informazioa ez dela oinarritzen ezein informazio ofizialetan. Beraz, ez naiz inor engainatzen ari.
    3. Mezu hau kaleratzeak berak aukera ematen du informazioa kontrastatzeko, blogetan askotan gertatzen den moduan, askotan kontrasteak erantzunetan etortzen baitira.
    4. Nik parte hartu nahi izan dut interesatzen zaidan gai batean, pentsaturik nire iritzia plazaratuta beste norbait ere anima daitekeela bere iritzia ematera.

    Nire kezka zure erantzunaz
    Orain, berriz, ahaleginduko naiz nire kezka agertzen zure erantzunaren aurrean:

    1. Niri fidagarritasuna eskatzen didazu, baina zure nortasuna ezkutatuta. Ez dirudi oso koherentea.
    2. Badirudi zuk baduzula informazioa gai horren inguruan. Aukera izan duzu gaia argitzeko, erantzunean bertan, baina ez duzu horrelakorik egin
    3. Idatzi duzun moduan idatzita, zalantzan jarri nahi izan duzu nire mezua. Badirudi ez duzula nahi gai hori plazaratzea.

    Hurrengoan, utzi kareta alde batera, eta izan zaitez eraikitzaileagoa. Ondo segi.

  3. egilea: Unai Fdz. de Betoño

    Gai interesgarria, Joxe. Nire ustez gorpuak agurtzen ditugun unean eta gunean egin beharko genituzke hiletak.

    Gorpua ehorzten bada, bada hilerrian (hileta erlijiotsua izan daiteke, apaiz batek zuzendua, edota zibila, familiako batek zuzendua). Hilerrian bertan antolatu beharko lirateke bi ereduak bereizteko tokiak.

    Gorpua errausten bada, bada erraustokian, edota errautsak haizatzen diren lekuan (kasu honetan zibilak izango dira gehienetan).

    Ondoren, bestelako oroipen-jarduera bat ospatu nahi bada, bada bakoitzak hauta dezala eliza edo norbere etxearen artean. Azken kasuotan ikusten dut nik arazoa: Udalak espazio bat erraztu beharko luke horrelako jarduerak aurrera eramateko, norberaren etxea ez delako beti leku aproposa jende asko biltzeko.

    Herriko plaza ez dut oso egoki ikusten, horrelakoetan jendeak intimitatea bilatzen duelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude