Jon Salaberri Goiena Telebistan

Salaberri

Datorren igandean 20 urte beteko dira Jon Salaberri hil zela, HIESaren kontrako aktibista mondragoetarra. Bost egun lehenago, atzo, Goiena Telebistak opari ederra egin zion, 45 bat minutuko erreportajea eskainita.

Erreportajerako Goiena Telebistak elkarrizketatu zituen hainbat pertsona, zelan edo halan harremana izan zutenak Jon Salaberrirekin: Idoia Salaberri arreba, Aitor Iturriaga laguna, Txerra Bolinaga laguna, Domi Korta lagun eta lankidea, Jose Manuel Agud medikua, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Josu Unanue lagun eta lankidea.

Horrezaz gain, Goienak erabili zituen Arrasate Telebistak zituen artxibo-irudiak (Jon prentsaurrekoa ematen, zuzenean adierazpenak egiten, herriko plazan biribilketan herritarrez inguratuta, omenaldia jasotzen…) eta Rifi-rafe saiokoak, ETBren bigarren kanalak sasoi hartan zuen eztabaida saio arrakastatsua, non Salaberri birritan izan baitzen. Eta erreportajea amaitzeko, audio labur bat, hil baino hilabete batzuk lehenago Maider Egues kazetariak Jon Salaberriri Arrasate Press-erako egin zion elkarrizketarena, non sumatzen baitzen Jon Salaberri neke handiz hitz egiten bizitzaren ederraz.

SalaberriATB

Dena oso ondo lotuta, eta baliabide bisual ederrekin. Erreportaje ederra izan zen, opari bat Jon Salaberri ezagutu zutenentzat eta belaunaldi berrientzat.

Nire zorionik beroenak egileei: Oihane Agirre, Julen Iriondo, Andoni Goiti eta Monika Montero. Baita Goiena taldeari ere, hasiera-hasieratik inplikatu zelako proiektu honetan.

Pentsatzen dut oraindik ere Goienak emango duela erreportajea eta zabalduko duela Tokiko bidez euskarazko toki telebisten artean, baina Interneten ere jarri beharko luke, Youtuben eta Vimeon, ahalik eta jende gehienaren eskura egon dadin, behar den moduan etiketatuta. Merezi du.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Jon Salaberri Goiena Telebistan bidalketan

  1. egilea: Iban

    Eskerrik asko, Joxe. Zuk egindako aurrelan guztiari esker egin ahal izan du Goienak bideoa.

    Zabaltzearena… egingo da, noski. Hasteko, Arrasateko Udalari erabiltzeko aukera eskaini diogu. Akaso hitzaldi batekin, dokumentala proiektatu eta solasaldi bat… ez dakit interesik izango duten, ikusiko dugu.

    Eta gero tokikoetara eta abarrekoetara ere bai, noski.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude