Txaloak Susa argitaletxeari

Egun hauetan esperientzia bikoitza izan dut Susa argitaletxearekin, eta, bezero naizen aldetik, oso gustura geratu naiz zelan tratatu nauen. Dena hasi zen Su zelaiak nobela erosi nuenean. Zoritxarrez, arazo bat sortu zen nire txartelarekin. Amaieran, berriz, proposamen bat egin nion Susari, hobetzeko bere eskaintza. Kontu bietan, Susak erakutsi du badakiela entzuten, eta ondo moldatzen dela sareko merkataritzan.

Arazoak txartelarekin

Su zelaiak erosi eta gutxira, Susa argitaletxeak mezu bat bidali zidan nire posta elektronikora, eta bertan hauxe zioen:

Erosketa egin duzu gure dendan, ebook-ena, eta lehenengo eta behin eskerrak ematea. Kobraketa burutzeko, ordea, arazo bat izan dugu, eta eragiketa ezin izan da burutu. Gure makinak esan digu zure txartelak “inzidentziaren” bat duela. Begira ezazu, mesedez, ea emandako datu guztiak ongi dauden, edo bestela zure bankuan galdetu beharko duzu ea zerbait, inzidentziaren bat, dagoen zure txartelarekin. Azken aldian izan dugu arazorik Kutxabankeko txartelekin, fusioa dela-eta txartelen datuak aldatu egin baitira. Hori balitz, gure webgunean txartelaren datuak aldatu eta guri abisatuta nahikoa da (erosketa berriro egin beharrik ez dago), edo guri bidali txartel berriaren datuak eta guk egingo genituzke aldaketak

Arazoa hori zen: Kutxabank sortu zenean, aurretik Kutxako bezeroa nintzenez, txartel berria eman zidaten, beste zenbaki batekin. Horregatik erosketa ezin izan zen burutu. Susak proposatu bezala, argitaletxearen webgunean sartu nintzen, eta editatu egin nuen nire kontuaren informazioa, tartean txartelari zegokiona. Hori dena, bat ere arazo barik. Handik gutxira, mezu automatiko bat jaso nuen nire postan, esanez, orduan bai, erosketa burutu egin zela. Arazoa, konponduta. Amazonek eta beste multinazional askoren moduan, Susak sistema apal bezain elegantea dauka bezeroak bere kontua kudeatzeko.

Zer egin proposamenarekin

Su zelaiak irakurri ondoren, erabaki nuen artikulu bat idaztea blog honetan, bertan nire iritzia emateko liburuaren inguruan. Artikuluaren bukaeran, proposamen bat egin nion Susari, alegia, liburu digitalekin batera liburuaren azala ere sartzea, bestela “esan liteke liburu digitala umezurtz geratzen dela, kasu honetan nabarmen, Su zelaiak liburuaren azalak sekulako indarra baitu. Seguru zuen informatikari azkarrek erraz konponduko dutela hutsune hori”.

Artikulua kaleratu eta biharamunean, beste mezu bat jaso nuen Susak bidalita, hauxe zioela:

Zuen iradokizunak guretzat… iradokizunak dira, baina batzuk oso pertinenteak. Egin ditugu aspalditik pendiente geneuzkan etxeko lanak eta orain gure ebook-ek azala daukate. Berriro jaitsi ditzakezu, nahi izanez gero.

Susak egun bat behar izan zuen jasotako proposamena betetzeko. Berriz joan nintzen argitaletxaren webgunera, eta jaitsi egin nuen berriro liburua. Eta, probatzeko azala bertan zegoela, Calibre ireki eta bertan sartu nuen liburu berria. Eta, orduan bai, azala argi eta garbi agertu zen.

Laburbilduz

Kasu honetan Susak erakutsi du, batetik, salerosketarako egitura ona duela, eta bezeroak aukera duela bere kontua kudeatzeko, horrela behar izanez gero; eta, bestetik, badakiela entzuten, eta erreflexu onak dituela, kasu honetan, behintzat, berehala gauzatu du-eta nik egindako proposamena.

Hona ekarri dut kasu hau, praktika oneko kasua delako, eta hori euskal argitaletxe batek egin duelako: Susak. Zorionak!

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude