Maitasuna eta amorrua

JulRIP2

Atzo arratsaldean Mondragoen izan nintzen, Jul Bolinaga RIP taldeko kide ohiaren agurrean. Ekitaldi ederra izan zen, leku paregabe batean, Monterron jauregiko parkean. Hunkituta irten nintzen.

Parkean sartzerakoan, berriz, outsider bat nintzen, sekula ez dut-eta ondo ezagutu RIP taldea. Batetik, taldearen une gorenak atzerrian bizi izan nituelako. Eta, bestetik, nire musika joerak beste era batekoak izan direlako. Hala ere, ondo gogoan nuen Arrasate Press-ek 100. zenbakia bete zuenean, RIPek musutruk parte hartu zuela Mondragoen bertan egin zen makro jaialdi hartan. Behin baino gehiagotan, bestalde, harritu nau RIPek hainbat belaunalditan utzitako arrasto sakona. Alegia, zorretan nengoen eta ikusmina nuen hobeto ulertzeko taldearen arrastoa.

Monterronen, jende piloa, gehienak zutik anfiteatroaren alde batetik bestera eta behetik gora. Ikusgarria. Ni, lagun on batzuen ondoan. Behin ekitaldia hasita, maitasun adierazpenak entzun nituen oholtzan, eta baita amorruzkoak ere, Julen heriotza ustekabekoagatik. Eta maitasun adierazpenetan, batek eragin zizkidan barrenak: emakume batek gaztelaniaz irakurritako poema. Ederra bezain hunkigarria.

Amaitzeko, The Potes agertokian, azken aldi honetan Julekin jotzen zuen taldeak, hainbat lagunekin batera, Arrasateko musikari gazteak. Zelako gogo biziz jo zuten! Emozioz beteriko piezak izan ziren. Jendearen bategite emozionala erabatekoa izan zen joandako lagunarekin.

Ekitaldia amaitutakoan, lagunak agurtu, eta automobilera joan nintzen. Eta pentsatu nuen oraindik ere outsider bat nintzela, adinez, esperientziaz eta gusto musikalez, baina ez lehen bezainbeste seguruenik. RIP taldearen jarraitzaileek erakutsi zidaten musika ondare unibertsala dela, eta bere adierazpiderik gogorrenetan ere, maitasuna dariola. Eskerrik asko. (Argazkia: Imanol Soriano, Goiena)

Kategoria: Musika Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude