Su zelaiak

SuZelaiak

Formatu digitalean erosi bezain laster hasi nintzen irakurtzen Su zelaiak eleberria, Mikel Peruarenaren azkena. Eta gustura geratu naiz, nahiz eta, berau erosi nuenean, jakin ez justu-justu zelakoa izango zen.

Erosi nuen gaia interesatzen zaidalako, Gerla Handia, fresko oraindik Eneko Bidegain lankidearen lana eta orain urtebete euskaratu nituen bi film: Paths of Glory, Stanley Kubrick-ena, eta Johnny Got His Gun, Dalton Trumborena, biak garai berean girotuak. Dena esatera, liburuaren azalak ere atentzioa eman zidan.

Eleberri honetan euskaldunak dira protagonista nagusiak, Gerla Handia Frantziaren izenean gudukatu zuten euskaldunak. Bertan egileak fresko handi bat osatu nahi izan du, protagonista xume askorekin, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako txoko askotakoak, indar faktikoak ere bertan daudela, Eliza katolikoa denen gainetik. Eta fresko horretan gerra hedatzen da, politikariek, eliz gizonek eta hedabideek sustatuta, bereziki Eskualduna astekaria.

Goian aipatutako film horietan bezala, nobela honetako antzezlekua danteskoa da, izugarria, Verdun inguruko eremu erreak, non lubaki-gerra zentzugabe luzatzen baita, protagonisten etsipenerako, denborak aurrera egin ahala, euskaldun xehe horiek itzaltzen doaz-eta, beren amets guztiekin, gerrak ez baitu gupidarik. Orduko euskaldunak bezala, fikziozko protagonista hauek ere kanoi bazka izan ziren gerra izugarri hartan, frantsez aberriaren eta elizaren martiri bihurtuta.

Nire ustez, egileak asmatu egin du fresko edo puzzle teknikarekin, eta protagonista txikiak lehenetsita, nahiz eta, hasieran batez ere, zenbait kontakizun errepikakor samarrak egin zitzaizkidan, asko eta antzekoak izanagatik. Zenbait aipamen, bestalde, soberan iruditu zitzaizkidan, Kafka eta dadaistena esate baterako, ez dut-eta uste euskara baizik ez zekiten haiek jakingo zutenik nortzuk ziren jaun-andre haiek. Eta, hala ere, gustatu egin zait. Identifikatu egin naiz pertsona xehe horietako askorekin, sinesgarria egin zait orduko Euskal Herria, eta nazka sentitu dut gerra makineriaren aurrean, berau militarra, laikoa edo eliztarra izan.

Euskara ere ez zait arrotza egin, nahiz eta, zenbaitetan, faltan sentitu dudan euskara hiztegi bat nire Kindlean. Ez dakit Enekok eta Iparraldeko jendeak zer esango duten euskara horren inguruan, baina niri oso hangoa egin zait, eta ulerterraza. Egia esan, eleberria amaitutakoan sinetsita nengoen Mikel Peruarena Iparraldekoa izango zela, eta harritu egin naiz Armiarman irakurri dudanean EreƱotzukoa dela, Hernani ingurukoa.

Amaitzeko, eskari bat Susako lagunei. Zergatik ez diozue jartzen liburuaren edizio digitalari dagokion portada? Berau barik esan liteke liburu digitala umezurtz geratzen dela, kasu honetan nabarmen, Su zelaiak liburuaren azalak sekulako indarra baitu. Seguru zuen informatikari azkarrek erraz konponduko dutela hutsune hori. (Egilearen argazkia: Ruben Plaza)

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

4 Responses to Su zelaiak

  1. egilea: Joxean Amundarain

    Gerla Handiaren gaia interesatuz gero, gomendio bat: 14, Jean Echenozena, Gerardo Markuletak itzulia, oker ez banago.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Joxean. Kontuan izango dut.

  3. kaixo Joxe,

    neu ere “Su zelaiak” irakurtzeko zain šŸ˜‰

    Pare bat kontutxo:
    – Joxe Amundarainek aipatzen duen “14” erabat gomendagarri, bai.
    – Erabat ados Susari hurrengo postean bidali dizkiozun loreekin. Neuk ere sentsazio hori daukat, hurbileko direla, eta bezeroa aintzat hartzen dutela.
    – Eta aipatzen duzun beste kontuetako bat: Kindle-rako hiztegiena. Euskarazko hiztegiak orain urtebete idatzi nuen: http://eibar.org/blogak/sarasua/euskarazko-hiztegia-kindle-irakurgailuentzat-probatzen

    laster arte

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Asier. Zure artikulu hori irakurrita neukan, baina orduan, oso interesgarria iruditu arren, ez nuen ezer egin. Orain, berriz, ostera patxadaz irakurri, eta saiatu egingo naiz. Lortzen badut, esango dizut. Eskerrik asko berriro ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude