Agustin Egurrola, aspaldiko partez

Eguneratzea: Artikulu hau idatzi nuenean, Postdata saioa hasita nengoen, eta ez nekien —irakurle batek abisatu dit, eskerrik asko— Agustin Egurrola hil berria dela. Haren omenez eman omen zuten atzoko saioa. Gugan bego Agustin Egurrola.

Postdata saioan izan zen, ETB1en, atzo, Agustin Egurrola ikusi nuen, ibiltari euskalduna. Harrituta geratu nintzen, jakin nuenean 75 urte dituela dagoeneko, eta poz handia hartu nuen, sekulako sasoian ikusi nuenean.

Ez dut ezagutzen Agustin Egurrola, baina haren gomuta kolpe batez etorri zitzaidan burura, berehala gogoratu nitzen-eta zelan, Bergaran bizi ginela, egun pare batean irakurri nuen haren liburu bat, Euskalerritik ibiltaldi bat, atsegin handiz irakurri ere.

Emaztea eta haurra hartu, azken hau hamazazpi hilabetekoa asto gainean ipini, eta hor abiatu ziren Markina-Etxebarritik Euskal Herrian barrena, euskararen muga geografikoak ezagutzera. Zoro erromantiko baten bidaia zoragarria iruditu zitzaidan orduan, eta, urte batzuk geroago, liburu beraren bigarren argitalpena egin zenean, euskara batuan, orduan ere di-da irakurri nuen, plazer handiz.

Nire bidaia liburuen artean, Agustin Egurrolarenak beti izango du toki bat, berezia. Bejondeiola!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Liliput

2006an blog bat sortu nuen, eta izena eman nion Liliput, bertan esperimentu bat egin nahi nuen-eta: 140 karaktereko mezuak idatzi, neure burua behartzeko labur eta zehatz idaztera. Ez zuen luzaro iraun, hilabete pasatxo, baina gustura geratu nintzen esperientziarekin.

Orain dela gutxi konturatu naiz mikrobloga egiten ari nintzela orduan —“Ulertzaile onari, hitz gutxi. Epistolarik ez hemen”, zioen albo zutabeak, blogaren asmoa azaldu nahian—, alegia, Twitter moduko bat, zeren azken honetan mezuek ezin baitute eduki 140 karaktere baino gehiago.

Twitter erabiltzen dudan bakoitzean Liliput blogaz gogoratzen naiz, eta beste esaera hartaz: “laburra eta ona, bi bider ona”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Ontsa twitteatzeko bidea

Artikulu jakingarria aurkitu dut TwiTip blogean, zelan lortu jarraitzaile asko izatea Twitter-en. Horretarako, Jo-Lynne blogari gonbidatuak zazpi aholku ematen ditu, zazpi, zein baino zein kontuan hartzekoak, eta hemen laburtuko ditudanak:

1. Izan interesgarria
Ondo dago esatea zer jan duzun bazkaltzeko edo zer ordutan joango zaren zinera, baina esan ezazu modu erakargarrian zure jarraitzaileentzat.

2. Eman informazioa
Mezu guztiek ez diote zertan erantzun behar “zertan ari zara orain?” galderari. Parte hartu nahi baduzu Twitter komunitatean, zuk ere zerbait eskaini behar duzu: irakurri berri baduzu artikulu interesgarri bat, partekatu besteekin.

3. Izan interaktiboa
Ez erabili Twitter soilik zure kontuak esateko edo zure blogeko mezuetara lotzeko. Erantzun besteen mezuei, galdetu, erantzun galderei… Twitter elkarrizketa da, ez bakarrizketa, eta zenbat eta gehiago parte hartu bertan, hainbat eta gehiago jasoko duzu.

4. Promozionatu
Bai, ondo dago zure lana sustatzea, non eta ez den denbora guztian zure autobonborako

5. Izan pertsonala
Aldi batez, plugin bat erabili nuen nire blogeko mezuak automatikoki argitaratzeko Twitter-en, baina itzali egin dut, eta orain sarrera hausnartuagoak idazten ditut post horietara lotzeko. Inori ez zaio gustatzen pentsatzea spama jasotzen ari dela. Eta, arren, faborez eta mesedez, itzali robot horiek, erantzunak era automatikoan erantzuten dutenak, ez baitago hori baino gauza inpertsonalagorik. Horrelakoak aurkitzen ditudanean, ezabatu egiten ditut nire zerrendetatik. Kito.

6. Jokatu begirunez
Gogo handia baldin baduzu ere zure anekdotak partekatzeko, ez bete inoren kontuak zure mezuekin, osterantzean segituan ezabatuko zaituzte-eta euren zerrendetatik. Inoiz aurkitzen baduzu zeure burua mezuak etengabe trukatzen beste erabiltzaile batekin, hobe duzu kanal pribatua erabiltzea, gainerako erabiltzaileak ez gogaitarazteko.

7. Izan orekatua
Azkenik, baina ez azkena, bilatu oreka aurreko sei aholkuen artean. Zure burua promozionatu besterik egiten ez baduzu, jendea aspertu egingo da zutaz, inor ez baita hain inportante. Soilik idazten baduzu zure eguneroko kontuez, bueltan ezer eman gabe, jendea aspertu egingo da zutaz. Inor ez da hain interesgarria. Oreka da giltza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Twitter erako eguneroko aspaldikoa

1937tik 1941a bitartean, Genny Spencer gazteak ohitura hartu zuen
egunerokoa idazteko. Gennyk 12 bat urte izango zituen artean, De Soto
herrian bizi zen, Illinois estatuan, eta oso ohar laburrak idazten
zituen bere inguruan gertatutakoaz. Hirurogeita hamar urte geroago,
bere ondorengoek aurkitu zutenean egunerokoa, konturatu ziren 30.
hamarraldiko Twitter erako kontakizuna zela. Hori dela-eta, erabaki
zuten kontu bat irekitzea Twitter-en, bertan Genny gaztearen
kontakizuna isurtzeko.

Beheraldi ekonomikoan murgilduta zeuden, eta bizimodua ez omen zen bat ere erraza inguru haietan. Mezu batek horrela dio:

  • Mark Patterson jaunak bere buruaz beste egin du pistola batekin. Aita herrira joan da. Iluntzean Vernon Gardin etorri da gurera.

Genny Spencer gaztearen kontakizunak arrakasta izan du. Dagoeneko 1.213
jarraitzaile ditu, nahiz eta kontua orain dela ez asko ireki zen. Euskal Herrian izango dira, bada, antzeko istorioak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aupa, Carlos!

Egun hauetan Carlos bakargela batean dago, beiraren bestaldean Santanderko badia duela. Joan den ostiralean hezur-muinaren transplantea egin zioten Valdecillako Ospitalean, bigarrena, orain bost urte ere beste horrenbeste egin baitzioten hantxe bertan.

2003ko uztailean hiru euskaldun elkartu ginen Santanderren, Valdecilla Ospitalean, hiruroi hezur-muinaren transplantea egin behar ziguten-eta: Carlos Igorrekoa, Ramon Usurbilgoa eta ni. Harrezkero, gorde dugu harremana, eta urtean behin, gutxienez, hitz egiten dugu elkarrekin.

Egunotan ere egin dugu berba, eta Carlos ondo dago. Transplantea egin eta ondorengo bi egunetan berotasun handia eta larrigura sentitu zituen, baina atzo txorien pare zegoen, alai eta berba egiteko gogoz. Seguru nago laster itzuliko dela Arrigorriagara, orain han bizi baita, defentsa-sistema berriz ere konponduta. Aupa, Carlos!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Musika hil zeneko eguna

1959ko otsailaren 3an, hiru musikari gazte hil ziren hegazkin istripu batean, Buddy Holly, Ritchie Valens eta J.P. Richardson, hirurak rock-and-roll hasi berriaren ikurrik preziatuenetakoak orduan. Hamaika urte geroago, beste musikari gazte batek, Don McLean-ek, musika hil zeneko eguna izendatu zuen egun hura American Pie abesti gogoangarrian.

Datorren asteartean 50 urte beteko dira istripu hura gertatu zenetik, eta belaunaldi batekook, behintzat, gogoan izango dugu, American Pie berriro entzunda, inoizko abestirik luzeena number one izan direnen artean AEBetan, zortzi minutu eta erdi irauten baitu. Ausartuko al dira gure irratiak osorik ematen?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

ETAri, bere 50. urteurrenean

ETA erakunde armatuak 50 urte egin ditu, mende erdia. Sortu zenean nik 6 urte nituen, mutiko bat artean. Ia bizitza oso bat pasata, neure egiten ditut Xabier Lete idazleak atzo Berria egunkarian ETAri esandakoak:

  • Zuen taldea sortu zenean nik 15 urte nituen. 65 urte kunplitzera noa. Beti istorio berdina ikusten dut: beti aldarrikapen berberak, beti ustezko estrategia izugarria, beti ekintza gogorrak. Eta… zertarako? Ni hiltzera noa. Zer nahi duzue esatea? Pozik noala mundu honetatik zuek egin dituzuenak ikusi ondoren, eta zer lortu duzuen, alegia ezer ez? Ez, ez noa pozik. Bizitza ozpindu didazue, bizitza erremindu didazue. Ezin dizuet esan oso pozik noala. Esan behar dizuet egia. Eta azken batean, zer esan dezake hilotzak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Eraikinek ere hitz egiten dute

“Fabrikaren itxurak asko esaten du enpresaren gainean. Adibide bat: denok dakigu Fagor Elektratresnak gaizki dabilela, baina hori jakin barik ere, begiratuz gero zelan dagoen haren fabrika San Andres auzoan, Mondragoen, ondorio bera aterako genuke, kanpotik itxura negargarria dauka-eta”.

Kooperatibista batek esan zizkigun hitz horiek atzo, berarekin komunikazioaz hitz egiten ari ginela. Egia da. Etxera bidean, ia egunero pasatzen naiz fabrika horren aurrean —non, bide batez, eraiki zen Ulgor lehen kooperatiba mitikoa—, eta oso itxura eskasa du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zertarako adimen mapak

Adimen mapak gero eta gehiago erabiltzen dira, eta gero eta gauza gehiago egiteko. Baina zer dira adimen mapak? Hona hemen definizio bat, Komunikazio-glosategian agertzen dena:

  • adimen mapa. (mapa mental, mind map) (Kom.) Diagrama bat da (alegia, irudikapen grafiko bat), eta erabiltzen da irudikatzeko hitzak, ideiak, egitekoak edo beste kontzeptu batzuk, denak lotuta eta modu erradialean kokatuta ideia nagusi baten inguruan. Adimen mapak erabiltzen dira ideiak sortu, ikusarazi, egituratu eta sailkatzeko, eta elementu lagungarri gisa ikasteko, antolatzeko eta idazteko orduan.

Zertarako
Chance Brown hamar urtez ari da adimen mapak erabiltzen, aholkularitza eskaintzen baitu alor horretan, eta sailkapen hau eskaintzen digu bere blogean, jendeak zertarako erabiltzen dituen adimen mapak:

  • Egitekoak zerrendatzeko
  • Aurkezpenak egiteko
  • Oharrak hartzeko
  • Korapiloak askatzeko
  • Ideia zaparradak bideratzeko
  • Bilerak planifikatzeko
  • Ekitaldiak prestatzeko
  • Proiektuak planifikatzeko
  • Erabakiak hartzeko
  • Ezagutza kudeatzeko
  • Proiektuak kudeatzeko
  • Enpresa prozesuak irudikatzeko
  • Helburuak ezartzeko
  • AMIA taulak egiteko
  • Estrategiak planifikatzeko
  • Ikerkuntza egiteko
  • Lehiakideak aztertzeko
  • Idazteko
  • Webguneak sortzeko
  • Egunkariak eta blogak egiteko

Bi adibide
Chance Brown-ek blog bat gomendatzen digu irakaskuntzan gabiltzanoi, Freedom Class Blog, eta hor adibide bikaina aurkitu dugu, adimen mapa honek erakusten baitigu ikasle bizkorrek dakizkiten 12 oinarriak.

Bigarren adibidea nik egin nuen orain urtebete eta erdi, laburbiltzeko zer egin nuen oporretan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Bilbao-New York-Bilbao

Irakurri berri dut Kirmen Uribe idazlearen azken liburua, Bilbao-New York-Bilbao, gustura irakurri ere. Badakit egurra eman diotela, dezente, liburuari, ustez lotura bako zatiz osatua omen dagoelako, baina niretzat liburuak badu lotura bat, Kirmen bera, liburu honetan bere iragana eta oraina bilatzen ari baita, bidaia baten aitzakian.

Gogoko dut bere prosa, poetikoa eta dotorea askotan, erraz irakurtzekoa. Eta gogoko dut bere zintzotasuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 6 iruzkin