Lance Armstrong: Twitter-en ere, izar

Twitter-en ez da falta izar distiratsurik. Horietako bat da Lance Armstrong, Frantziako itzulia zazpi aldiz irabazitakoa. Joan den urrian hasi zen twitteatzen, eta dagoeneko 145.245 jarraitzaile ditu, herenegun baino hamar mila bat gehiago. Bera, berriz, 38 laguni baino ez zaizkio jarraitzen, tartean bere semeari eta Johan Bruyneel bere kirol zuzendariari.

Bere estatistiketan begiratuz gero, ikus dezakegu sarri twitteatzen duela, batez ere bere Blackberry telefonotik, berdin dio Australian baldin badago hango lasterketa egiten edo Kalifornian, egun hauetan bezala.  Asteburuetan twitteatzen du gehien, eta, orduari dagokionez, lasterketak edo entrenamenduak amaitu ondoren eta gau partean.

Otsailaren 15ean baten batek ostu egin zion bizikleta Lance Armstrongi, berau Kalifornian zela, bertako itzulian erlojupekoa jokatu berritan. Baina ez edozein bizikleta, 20.000 euro inguru balio baitu lapurtutakoak. Txapeldunak laguntza eskatu zien twitterlariei, mezu baten bidez. “Wtf?!?” idatzi zuen, “Who the fuck?!?”.

Egunetik egunera milaka ari zaizkio jarraitzaileak inguratzen Lance Armstrongi. Azkenean, aurten jokatzen badu Frantziako Tourra, Twitter-en apoteosikoa izan daiteke haren inguruko festa. Ez nintzateke harrituko ordurako milioi erdi jarraitzaile izango balitu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

SlideShare, orain bideo eta guzti

Aurkezpen askok bideoa izaten
dute txertatua. Beste zenbait, bideo moduan partekatzen dira.
Zenbaitetan, nahiko zenuke bideo bat txertatu aurkezpen batean, edo
film zati bat. Urtarrilaren amaiera ezkero, SlideShare zerbitzuak
aukera ematen du horretarako. Eta erraza dirudi. Bideo bat igo ondoren,
egin klik “Edit YouTube” fitxan, aukeratu aurkezpena, eta bertan
itsatsi YouTuben kopiatutako kode zatia. Ondoren, aukeratu zein
diapositibatan sartu nahi duzun bideoa, eta kito. Hau guztiau argiago
ikusteko, ikusi goiko aurkezpena; pantaila bideo bat dauka, prozesua
azaltzen.

SlideShare bloga
Irakaslea bazara, edo irakasle izan
barik  ere aurkezpenak interesatzen bazaizkizu, gomendio bat: harpidetu
SlideShare blogera, informazio asko eta ona baitakar zelan hobetu
aurkezpenak, eta adibide bikain mordoa eskaintzen baititu, adibidez,
Shift Happens hau, non esplikatzen baita zer aldaketa gertatzen ari
diren munduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Idazlearen emaztea

Senarra zen idazlea —Farley Mowat, ikono bat
Kanadan—, baina, ez dakit zelan, haren emazte ezezagunaren liburua
erosi nik, The outport people. Artean Ottawan bizi ginen, 1984a
inguruan, eta ez nintzen bat ere damutu hori egin izanaz, liburu
horretan Claire Mowat idazle hasiberriak maisuen pare kontatzen
baitzuen zelan senarra eta biak joan ziren Ternuako hegoaldera bizi
izatera, biderik gabeko herritxo batera, non sukaldea beti zegoen
zabalik, hori baitzen han ohitura, auzoen sukaldeetan sartzea, eta
begira jartzea. Errepiderik ez, autorik ez, telefonorik ez. Hala ere,
bost urte egin zituzten han.

Noiz edo behin denok sentitzen dugu
premia zoro hori, norabaitera alde egitekoa, beste mundu batzuk
ezagutzeko. Baina haiek joan zirenean ez ziren umemokoak, baizik eta
jende heldua eta finkatua.

Aurrekoan, Aitor Arregi lankidearekin
hizketan ari nintzela gogoratu nintzen liburu horretaz, eta horregatik
nahi izan dut hona ere ekarri, orduan oso gustura irakurri nuelako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Hor konpon hauteskunde kanpainari

Nola betiere aprendiz eta ikasbehar baikara –horrela hasten zuen
Estebe Materre idazleak XVII. mendean bere liburu bateko hitzaurrea–,
oraingoan erabaki dut –eta hau ni naiz, laurehun urte geroago–, hor konpon egingo diedala irratiek, telebistek eta egunkariek hauteskunde
kanpainari eskaintzen dieten tarteei. Aspertuta bainago antzezpenaz,
pentsatu dut hobe dela osasuna babestea, mezu toxikoak irenstea baino.
Oraingoz, bego horretan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Kindle, DRM eta liburu zaharrak

Kindle irakurgailu digitalak DRM sistema antikopia darama, eta horren bidez, Amazonek ukatu egiten dio erosleari kopiaren gaineko jabegoa. Horren arabera, ezin sortu Manterola bezalako liburudenda birtualik, espezialdua liburu zaharretan.

Manterola liburudenda
Gogoan dut, ikasle nintzela Donostian, Peñaflorida institututik bueltan, zelan sartzen ginen Manterola liburudendan, liburu erabiliak erosteko. Erosi ere, dezente erosi genituen, merkeak ziren-eta.

Manterola legezkoa zen. Bere negozioa oinarritzen zen irizpide garbi batean: edozeinek erosten duenean liburu bat, jaun eta jabe da ale horrena, eta, behin irakurrita, nahi duena egin dezake berarekin: utzi, eman, saldu, edo bota… Copyright-aren legea horraino iristen zen.

Irakurri dudanez, Kindle irakurgailu digitalak DRM sistema antikopia darama, eta horren bidez, Amazonek ukatu egiten dio erosleari kopiaren gaineko jabegoa, orain arte paperezko liburuen negozioak aitortu diona.

Ikusita DRM sistemak zer ibilbide laburra izan duen musika digitalean —desagertzeko zorian dago—, Amazonek ere alde batera utzi beharko luke giltzarrapoa, eta utzi erosleek egin dezatela nahi dutena erositako liburu elektronikoekin. Are eta gehiago, sustatu lezake irakurritako liburu digitalen sal-erosketa, eta zatitxo bat irabazi saldutako liburu bakoitzeko.

Eta Amazon dioenak, berdin dio Sony eta halaxe Papyre, iLiad, Cybook eta bestelako irakurgailu digitalen enpresak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Charles Darwin

Egun hauetan hainbat informazio jaso dut Charles Darwin naturalistaren gainean. Joan den ostiralean, adibidez, Master & Commander filma ikusi nuen DVDn, eta harrituta geratu nintzen hango pertsonaia nagusietako bat Darwin izan zitekeelako, itsasontziko medikua izateaz gain, naturalista moduan ere agertzen baitzen, baita Galapagos uharteetan ere, Darwinek egindako lanak egiten. Omenaldi moduan ulertu nuen agerpen hori.

Atzo, berriz, YouTuben sartu nintzen, eta hor aurkitu nuen hainbat bideo Darwinen gainean, batzuk oso interesgarriak. Aspaldi nuen irakurrita Darwinen biografia Alianza Editorialen, baina irudi bidezko informazioa ondo etorri zait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Moodle, amorragarria

Atzo ikastaro bat hasi genuen Huhezi fakultatean, ikasteko zelan erabili Moodle plataforma irakaskuntzan. Niretzat izan zen hamar urte atzera egitea bezala. Aurkitu nuen Moodle zaharkitua, bat ere ez intuitiboa, zurruna… Urte hauetan Web 2.0 aplikazioekin ikasi dudanak —badago hor logika bat, batean eta bestean betetzen dena— ez zidan ezertarako balio izan. Erreta irten nintzen.

Esaiozu Windows edo Macintosh sistemeta eragiletan ohitu denari, hasteko MS Dos sisteman lan egiten. Antzeko zerbait iruditzen zait Moodlekin hastea orain, atzerapausoa. Aipatu nionean hori irakasletako bati esan zidan baietz, Moodle zurruna dela, baina segurua.

Kontsuelo bakarra atera nuen ikastarotik, beste lankide batzuek ere antzeko iritzia atera zutela Moodlen gainean. Ikusiku.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 8 iruzkin

Twitterlari bikainak

Bi bat hilabete daramat Twitter ganoraz erabiltzen, eta dagoeneko konturatu naiz badela zenbait jende —twitterlari bikainak edo supertwitterlariak—, bereziki merezi duena jarraitzea, behin baino gehiagotan mezu baliotsuak eskaintzen dizkigutelako, izar batekin gordetzen diren horietakoak, nahiz eta ez diren nabarmentzen zarata handia ateratzeagatik.

Gaur horietako hiru aipatuko ditut, eta konturatzen bazarete, hirurek erakusten digute badakitela zelan kudeatu “zarata” Twitter-en, hau da, mezu hutsalak. Zelan ulertu, bestela, hirurek jarraitzaile gehiago izatea eurek jarraitzen dituztenak baino? Hona hemen nire hiru twitterlari bikainak:

  • Gari Araolaza (39 following, 86 followers) Ez du larregi twitteatzen, baina sarri oparitzen digu perlaren bat, irakurlea aberasten duen horietakoa, informazioa edo ikuspuntua bereziak ditu-eta.
  • Chance Brown (91 following, 110 followers) Honek ere ez du asko twitteatzen, baina asko daki adimen mapen gainean, eta oso informazio ona eskaintzen du gai horretaz.
  • Julen Iturbe (61 following, 340 followers) Hiruretan hauxe da gehien twitteatzen duena, eta honek ere irakurgai onak eskaintzen ditu, del.icio.us-en gordetzeko modukoak.

Eta zuk, irakurle, baduzu twitterlari bikainik? Partekatuko zenituzke gurekin?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Kindle 2, urrats bat harago

Eman dezagun Berria egunkariak erabakitzen duela Kindle 2 irakurgailu digital bana ematea egunkariaren harpidetza egiten duten guztiei. Nik berehala egingo nuke harpidetza, Kindle 2rekin aukera izango bainuke aldean eramateko liburu, blog eta aldizkari piloa, baita Berria bera eta nire intereseko PDF dokumentuak ere. Baina ez dakit zenbat jende egongo litzatekeen prest hori egiteko.

Itxura ona hartu nion atzo Amazon liburu saltzailearen Kindle 2 irakurgailuari: arinagoa da, bereizmen hobea du, botoiak-eta hobeto antolatuta, memoria handiagoa, bateria iraunkorragoa… Hala ere, garesti deritzot, 359 dolar. Oraindik ez dut asmorik horrelako bat erosteko, baina hurbiletik jarraituko dut, irakurtzea baita nire zaletasunik handienetako bat.

Jeff Bezos Amazongo jabeak argi adierazi zuen zein den Kindle 2ren ikuskera edo bisioa: “Inoiz inprimaturiko liburu guztiak, edozein hizkuntzatan, 60 segundoan eskuragai”. Diruaren truke, noski. Amazonek oso garbi ditu ideiak. Eta guk?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Twitter hobeto ulertzeko

Nire nabigatzaileko gogokoen artean, badaukat karpeta bat “Twitter” izenarekin, eta hor, Twitter beraz gain, hainbat aplikazio ditut gordeta, laguntzen didatelako Twitter hobeto ulertzen.

  • Splitweet. Oraingoz bi kontu ditut Twitter-en, eta aplikazio honek laguntzen dit biak batera kudeatzen. Euskaraz dago, gainera.
  • Twitter Search. Oso baliagarria jakiteko Twitteren zer esaten den zutaz edo zure intereseko gaiez. Horretarako, nahikoa da hitz bat sartzea bilatzailean, eta search sakatzea. Hala ere, Twitter Search bilatzaileak beti adierazten du zeintzuk diren unean uneko gai jorratuenak Trending topics atalean.
  • Twitter Alerts. Google Alerts hark bezala egiten du lan. Sartu bertan hitz bat edo izen bat, eta Twitter Alerts-ek mail bat bidaliko dizu Twitter-en izen horrekin zerbait bilatzen duen aldiro.
  • TweetStats. Jakin nahi baduzu gehiago zure jarduerari buruz —edo beste inorenaren gainean— sartu hor zure erabiltzaile izena —edo beste inorena—, eta era guztietako datuak agertuko zaizkizu: zer egunetan twitteatzen duzun gehien, zer ordutan, norekin duzun harreman zuzenena, etab. Datu piloa erakusten du, indiskretoa izateraino.
  • Twittervision. Hauxe da denetan politena, erakusten baitu munduko mapa baten gainean, non ari den jendea twitteatzen, eta zertaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin