Kindle, DRM eta liburu zaharrak

Kindle irakurgailu digitalak DRM sistema antikopia darama, eta horren bidez, Amazonek ukatu egiten dio erosleari kopiaren gaineko jabegoa. Horren arabera, ezin sortu Manterola bezalako liburudenda birtualik, espezialdua liburu zaharretan.

Manterola liburudenda
Gogoan dut, ikasle nintzela Donostian, Peñaflorida institututik bueltan, zelan sartzen ginen Manterola liburudendan, liburu erabiliak erosteko. Erosi ere, dezente erosi genituen, merkeak ziren-eta.

Manterola legezkoa zen. Bere negozioa oinarritzen zen irizpide garbi batean: edozeinek erosten duenean liburu bat, jaun eta jabe da ale horrena, eta, behin irakurrita, nahi duena egin dezake berarekin: utzi, eman, saldu, edo bota… Copyright-aren legea horraino iristen zen.

Irakurri dudanez, Kindle irakurgailu digitalak DRM sistema antikopia darama, eta horren bidez, Amazonek ukatu egiten dio erosleari kopiaren gaineko jabegoa, orain arte paperezko liburuen negozioak aitortu diona.

Ikusita DRM sistemak zer ibilbide laburra izan duen musika digitalean —desagertzeko zorian dago—, Amazonek ere alde batera utzi beharko luke giltzarrapoa, eta utzi erosleek egin dezatela nahi dutena erositako liburu elektronikoekin. Are eta gehiago, sustatu lezake irakurritako liburu digitalen sal-erosketa, eta zatitxo bat irabazi saldutako liburu bakoitzeko.

Eta Amazon dioenak, berdin dio Sony eta halaxe Papyre, iLiad, Cybook eta bestelako irakurgailu digitalen enpresak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude