UPSN

Abisatu zigun Aurelio Arteta irakasleak El País egunkarian: disparate
hutsa da esatea “biolentziarik ezean, proiektu politiko guztiak direla
zilegi”. Premonizio kutsua hartu nion orduan esaldiari, eta Twitter-en
aipatu nuen.

Geroago, berriz, Miguel Sanzek adierazi zuen NaBai
eta Ezker Batua epelegiak zirela terrorismoa bere osoan kondenatzeko
orduan. Hori dela-eta, hordagoa jo zien Nafarroako sozialistei, hauts
zitzatela harremanak NaBairekin, eta orain, atzo, halaxe gertatu da.
PSNk amore eman eta apurtu egin du NaBairekin.

Nafarroan zer
gertatzen ari den ikusita, badirudi transbertsalitatea ere beste
disparate bat dela, hauteskunde kanpainetan erabiltzen diren lelo txoro
horietako bat. Buruan garaipen militarra besterik ez duenak uste du garaia dela,
ETAren ahultasun erabatekoa baliatuta, abertzale guztiak erabat
zokoratzeko, biolentzia babestu ala ez. Zenbait hedabidek “iraultza
lasaia” esaten diote horri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Txantxibiri kaleko jaia

Antolatzaileak
Aurten laugarrengoz, Txantxibiri kaleko jaia ospatu genuen atzo Elorrion. Betiko moduan, ospakizunak arrakasta itzela izan zuen: jende ugari, eta ia 100 bazkari eman genituen, kale erdian antolatutako herri bazkarian. Haurrak ere, mordoa, bazkalosteko jolasetan parte hartzen.

Honez gero jakingo duzue berez ez dagoela Txantxibiri kalerik Elorrion. Izatez Berrio-Otxoa kaleari dagokio gure zatia, Elorrioko kale nagusiari, baina bertan hobekuntzak egiten diren aldiro alde batera uzten gaituztenez, orain lau urte erabaki genuen gure aldeari beste izen bat ematea, Txantxibiri, oso izen lotua Elorriorekin, eta festa bat antolatzea, hobekuntzak aldarrikatzeko gure kalerako.

Orain badakigu Elorrioko Udalean badagoela egitasmo bat zati hau erabat eraldatzeko, Txantxibiri alde hau ibiltarientzako kale egin nahi dute-eta. Egitasmoak itxura ona du, baina ez dakigu noiz egingo den, udala urri baitabil diruz. Egiten bada ere, segituko dugu jaia antolatzen, ondo pasatzen dugulako, eta festak adiskidetasuna zabaltzen duelako auzokoen artean.

Aipatzeakoa da, eta goraipatzekoa, batzorde antolatzaileak egindako lana —goiko argazkian dituzue batzordekideak. Aurretik lan sendo eginda atera dute aurrera festa hau, eguraldiaren laguntzarekin. Bejondeiela! Gainerako argazkiak ikusi nahi izanez gero, egin klik sorta honetan, Flickr-en.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Erasmus ikasleak, Udalatxen

Erasmus ikasleak Udalatxen
Aurten, Erasmus ikasleetatik zortzi
animatu dira Udalatx mendia igotzera, HUHEZI fakultatera etorritakoak denak
ere. Joan den asteko astelehenean Corina, Morten eta Tiina joan ziren
Udala auzotik abiatuta, eta, hain pozik itzuli ziren, ze bi egun
geroago beste bost irten ziren Udalatik gora: Valerie, Feryal, Sanne
Vanmechelen, Dexter eta Evelien. Webgune berezi batean ikus daitezke
igoerako argazkiak.

Horrela jarraituz gero, ohitura bihurtuko da gure Erasmus ikasleek Udaltx igotzea. Iaz Tieme Hermans holandarrak
igo zuen, beste lagun batekin batera: orduan Mondragoetik abiatu ziren
oinez, eta, guztira, zortzi orduko ibilaldia egin zuten, bidean galdu
ere egin ziren-eta.

Irail
hasieran Udala auzoan izan ginenean Erasmus ikasleekin, kontatu egin
nien Tiemek eta bere lagunak egindako balentria, eta badirudi
kontakizun hark bultzatu dituela aurtengo ikasleak eurek ere
ahalegintzera. Egia esan, ez nuen horrelakorik espero, ez baitzeuden
prestatuta horrelako ibilaldirik egiteko, non eta Udalatxen, mendi
garaia (1.117 m.), erpina eta harriz josia. Baina argi dago gustuko
gauzetan aldaparik ez dela. Bejondeiela!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Kolaboratzaileak behar dira Wikipediarako

Badirudi irakasle eta kazetari euskaldun askori ez zaiela gustatzen Wikipedia. Bestela, sareko entziklopediaren euskarazko bertsioak beste itxura bat izango zukeen. Hau idazten ari naizenean 43.668 sarrera ditu euskarazko Wikipediak, txarto ez.

Baina nahikoa da bilatzea Wikipediak zer dioen Luis Villasante, Mikel Zarate, Orixe edo Jakin aldizkariaz, ikusteko erantzuna penagarria dela, denetan oso informazio eskasa agertzen baita. Joan Mari Torrealdai edo Joxe Azurmendi idatziz gero, informazio apur bat gehiago agertuko da, baina hala ere, gutxi. Eta alferrik bilatuko duzu informazioa bertan Joseba Intxausti edo Patxi Altunaren gainean, ez dira-eta agertzen.

Argi daukat euskarazko Wikipediaren ekarpenik handiena izan beharko dela informaziorik ahalik eta osoena eskaintzea batez ere euskara, euskal kultura eta Euskal Herriari buruz, gainerakoa baztertu barik. Eta informazio hori guk sartu beharko dugula, irakasleok, kazetariok eta herritarrok. Gure kasuan baina, sarrera asko ditugu hor, sakontasun gutxikoak.

Gorago aipatu ditudan izenak esanguratsuak dira, oso, euskal kulturan, eta euretariko bakoitzak mereziko luke sarrera osatua eta zehatza, edozein euskaldunek ahalik eta informaziorik osatuena izan dezan, haietaz galdera egindakoan. Hala ere, ez dut negar egin nahi. Aitzitik, gonbidatu nahi zaituztet parte har dezazuen euskarazko Wikipedian, denon artean primerako baliabidea egin dezagun geuretzat eta geure ondorengoentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | 4 iruzkin

Baroja revisited

Joan den astean Pio Barojaren liburu bat irakurri nuen, Zalakain abenturazalea, euskaraz, eta izugarri ondo pasatu nuen. Aurretik irakurriak nituen Barojaren zenbait liburu —El árbol de la ciencia, El cura de Monleón eta Las inquietudes de Shanti Andia, azken hau Martutenen—, baina bat ere ez hau bezain entretenigarria.

Liburuan aurrera egiten ari nintzela, pentsatu nuen zein era kontrajarrian ikusi zuten Santa Kruz apaiza Orixek eta Pio Barojak. Lehenarentzat Elduaiengo abadea Jainkoaren hurrengo zen; bigarrenarentzat, berriz, hiltzaile basatia.

Oro har, iruditu zait Barojaren luma eta begirada freskoak eta zorrotzak direla, kostunbrismo ukitu zenbait gorabehera. Aukerarik baldin baduzue, irakurri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Amateurra eta profesionala

Amateurra eta profesionala
Joan den asteazkenean argazkilari eta kameralari asko etorri ziren HUHEZI fakultatera, bereziki lehendakaria bertara etorri zelako Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldira. Gehienak, bistan da, profesionalak ziren, eta kamera oso sofistikatuak ekarri zituzten. Beste batzuk, berriz, etxean ibiltzeko moduko kamera txikiekin konpondu ginen, ahal bezain ondo.

Yera Sanchez lankideak ezin hobeto harrapatu zuen unea, non amateurra eta profesionala elkarren ondoan saiatzen ari ziren beren lana ahalik eta txukunen egiten, bakoitza bere baliabideekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Disney estiloa albistegietan

“Disneyk habia egin du gure
baratzean”. Horrela amaitu zuen Oier Araolazak artikulu interesgarri
bat,
non aztertzen baitzuen zelan azken urteotan bigundu ditugun
folklorearen eta jaien zenbait adierazpen. Gauza bera esan daiteke
telebistako albistegien gainean. Begiratu, bestela, lau aurkezle hauei.
Laurek dituzte Barbie haragizkoaren ezaugarriak: politak, gazteak,
argalak, ilehoriak, begi argiak…, nahiz eta errealitatean lau katu
baino ez diren horrelakoak.

Neskak-telebistan-1

Izango ote da, Oierrek dioen
bezala, indarkeria larregi dagoela mundu honetan —zenbat odol eta
zenbat hildako albistegietan!—, eta leundu beharra dagoela berau
aurkezteko modua, janaria joan ez dakigun okerreko eztarritik? Edo
izango ote da gaztetxoak ohitu egin direla Disney Channel telebistaren
estilora, eta telebistako exekutiboek egokitu nahi dutela aurkezleen
itxura haiek jasotako ereduetara? Ez dakit

Peter Pan aurkezleak
Baina
ez pentsa emakumeekin bakarrik ezartzen ari direla Disney estilo light
hori, gizonezkoekin ere gauza bera hasi baitira egiten, batez ere
kiroletan. Joera laster hedatuko da albistegietara, ikusiko duzue.

Mutilak-telebistan-1

Aukeratutako
adibide guztiak Espainiako telebistei dagozkie, baina esango nuke
laster izango ditugula Euskal Herrian ere horrelako esatariak albisteak
aurkezten. Antza denez, EITBko agintari berriak ahalegindu ziren
Lourdes Maldonado fitxatzen, aurkezteko ETB2ko albistegiak. Oraingoan
ez zaie ondo irten,
baina asmoa agerian geratu da. Nik, berriz, nahiago
dut jende egiantzekoagoa, bere “inperfekzio” eta guzti. Disney estiloa
biguna eta indargea begitatzen zait, irreala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Mondragon, enpresa miretsienen artean

Noiz edo behin, gutxitan egia esan, iritzi baikorrak iristen zaizkigu kanpotik gure erakunde edo enpresen gainean. Oraingoan, Harvard Business aldizkariak Mondragon taldea aipatu du enpresa miretsienen artean, bere komunitate zentzu handiagatik. Hauxe dio aldizkariak:

  • Gehien miresten ditugun enpresetariko batzuek –Toyota, Semco (Brasil), Mondragon (Euskal Herriko kooperatiba federazioa), Pixar eta abarrek– komunitate zentzu handia izan ohi dute.

Harvard Business aldizkariak hori esatea –Euskal Herriko enpresa talderik handien eta bereziena, Mondragon, munduko enpresa miretsienen artean dagoela–, hori ez da marketin kanpainarik garestienarekin ere ordaintzen. Bejondeiola, beraz, Mondragon taldeari. Hala ere, dir-dir egiten duen oro ez da urre, alegia, hobetu behar asko dagoela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Ekitaldi baten ondokoak

Lehendakaria ikasturtea irekitzen
Atzo ekitaldi handia izan genuen HUHEZIn, Mondragon Unibertsitateak ikasturte hasiera egin baitzuen bertan, lehenbiziko aldiz gurean. Hainbat ondorio atera nituen ekitalditik:

  • Arraro egiten da, oso, ikasleek sartzerik ez izatea horrelako ekitaldi batean, batez ere fakultatean bertan egiten bada.
  • HUHEZIko klaustroa leku aparta izan daiteke horrelako ekitaldiak egiteko, batez ere eguraldiak laguntzen duenean, atzo bezala.
  • Mahaia hobeto antolatuta egon zen aurrekoetan baino: jende gutxiago, hitzaldi gutxiago. Hala ere, bi orduz luzatu zen ekitaldia.
  • Ekitaldia beti bezain akademiko eta zurruna izan zen, baina lekuagatik-edo, dezente eramangarriagoa egin zitzaidan aurrekoetan baino.
  • Harritzekoa da zelako aurrekontua izan behar duen lehendakariaren eta gainerako agintarien segurtasunak. Aurreko egunetan, eta atzo bertan, ertzain mordoa zebilen inguruan.

Berebiziko poza hartu nuen ustekabean Hilario Arbelaitz sukaldaria etorri zitzaidanean agurtzera. Aspalditik ezagutzen dugu elkar —ikaskide izan ginen Saturraranen—, eta beti bezain jatorra segitzen du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Umezain ibili nintzenekoa

Ingelesa ikastera joan ginen Ipar Ameriketara Bego eta biok, 1981ean izan zen hori, baina lana ere egin behar izan genuen han bizi ahal izateko, zeren joan urtebeterako joan ginen, baina azkenean ia bost urte geroago itzuli ginen etxera. Horietatik hiru Kanadan egin genituen, Vancouverren urte eta erdi, eta Ottawan beste horrenbeste.

Batean eta bestean umezain eta etxezain lanak egin genituen. Nik ere horrela atera nuen bizimodua han nenbilen bitartean. Lan horri esker, aukera izan nuen bertako familia batean bizitzeko eta hango jendearen ohiturak-eta bertatik bertara ezagutzeko. Ingelesa ere ikasi nuen murgiltze eredu erabatekoan.

Mutila izanda ere, umezain izan nintzen zenbait jendek konfiantza izan zuelako ondo egin nezakeela lan hori, aurreiritziak alde batera utzita. Esate baterako, Clif eta Janet Prowse senar-emazteek. Janetek berak arazo asko izan zituen lan egiteko abokatu bezala lehendabizi, eta epaile gisa gero, emakumea zelako, eta, horregatik, ez zuen nahi izan nik arazorik izatea, kasu horretan mutila nintzelako, jeneralean emakumeek egiten duten lan batean. Clif-ek beso zabalik onartu ninduen, bitxia benetan, zeren kasurik gehienetan gizonek ez zuten nahi izaten mutil bat etxean sartzerik, badaezpada.

Ez da harritzekoa hogeita zazpi urte hauetan harremana gorde izana eurekin. Uda honetan ere, euren etxean izan gara, Vancouverren izan garen bitartean, eta erabat etxekotzat hartu gaituzte. Eskerrik asko, berriro ere!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina