Kolaboratzaileak behar dira Wikipediarako

Badirudi irakasle eta kazetari euskaldun askori ez zaiela gustatzen Wikipedia. Bestela, sareko entziklopediaren euskarazko bertsioak beste itxura bat izango zukeen. Hau idazten ari naizenean 43.668 sarrera ditu euskarazko Wikipediak, txarto ez.

Baina nahikoa da bilatzea Wikipediak zer dioen Luis Villasante, Mikel Zarate, Orixe edo Jakin aldizkariaz, ikusteko erantzuna penagarria dela, denetan oso informazio eskasa agertzen baita. Joan Mari Torrealdai edo Joxe Azurmendi idatziz gero, informazio apur bat gehiago agertuko da, baina hala ere, gutxi. Eta alferrik bilatuko duzu informazioa bertan Joseba Intxausti edo Patxi Altunaren gainean, ez dira-eta agertzen.

Argi daukat euskarazko Wikipediaren ekarpenik handiena izan beharko dela informaziorik ahalik eta osoena eskaintzea batez ere euskara, euskal kultura eta Euskal Herriari buruz, gainerakoa baztertu barik. Eta informazio hori guk sartu beharko dugula, irakasleok, kazetariok eta herritarrok. Gure kasuan baina, sarrera asko ditugu hor, sakontasun gutxikoak.

Gorago aipatu ditudan izenak esanguratsuak dira, oso, euskal kulturan, eta euretariko bakoitzak mereziko luke sarrera osatua eta zehatza, edozein euskaldunek ahalik eta informaziorik osatuena izan dezan, haietaz galdera egindakoan. Hala ere, ez dut negar egin nahi. Aitzitik, gonbidatu nahi zaituztet parte har dezazuen euskarazko Wikipedian, denon artean primerako baliabidea egin dezagun geuretzat eta geure ondorengoentzat.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

4 Responses to Kolaboratzaileak behar dira Wikipediarako

  1. egilea: Unai Fdz. de Betoño

    Dena ez da iluna, hala ere, gure Euskal Wikipedian. Zerrenda bat daukagu ganorazko artikuluekin; ikus hemen. Helburua zerrenda hori luzatzea litzateke, artikulu-zirriborroen kopurua handitzea baino.

  2. egilea: Theklan

    Ba ea egia den eta jendea animatzen den zure bidalketa honekin. Bertan lan asko egiten dugu, baina ziur nago beste 10 pertsona animatuko balira hilabetero 200-300 artikulu gehiago edukitzea erraza izango zela!

  3. egilea: assar

    Norbaitek behartu egin beharko lituzte euskal-irakasle-langile-publikoak, beren eguneroko lanean ekoizten dituzten material guztiak lizentzia libre batekin argitara ditzaten eta, ahal bada, informazio hori Wikipedian jar dezaten, Wikipedia baita gaur egungo ikasleek erreferentzia nagusi gisa erabiltzen dutena. Hala ere, eduki libreen uhina ez da oraindik administraziora eta eskoletara iritsi: nahiago dute informazioa http://www.hiru.com webgunean jartzea copyright-arekin.

  4. egilea: patxi lurra

    Gaur egun 200 “artikulu laburregi” baino gehiago dagoz, horiek behintzat zirriborro izatera igarotzea komeniko zan egitea. Bestela, 44.000 artikulu eta piko horietatik zenbat zirriborro dagoz jakitea ondo egongo zan.

    Lan handia, txingurriena. Eta neuk behintzat faltan sumatzen dot lehenago zelan “Asteko gaia” ikusgai egoanean azal nagusian. Gida ona zan apurka-apurka kalitatea hobetzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude