The Sopranos telesaila osorik ikusi dugula-eta, atzo bazkaltzera joan ginen Aitor Arregi, Goio Arana eta hirurok. Telesailaren atalak ikusi ahala, askotan hitz egin dugu New Jerseyko mafiosoen gorabeherez. Baina tarte bat hartu nahi genuen honetaz eta hartaz berba egin eta, aldi berean, amaiera ospatzeko.
Gurean lau hilabete izan gara Sopranotarrak ikusten, egunean atal bat, hor nonbait. Afal ostean harrikoa egin, eta ondoren telebistaren aurrean jartzen ginen Bego eta biok, patxadan, telesaila ikusteko. Etenik barik eta publizitate gabe. Amaitu, ikusitakoaren gainean hitz egin, eta ohera. Horrela, joan den astea arte.
Biharamonean, berriz, Aitor Arregirekin komentatzen nituen bezperan ikusitakoak. Nire zorionerako, Aitorrek zinema zale handi baten ikuspegia eransten zion ikusitakoari. Eta, geroago, polita izan da ikustea Goiok zelan erantzuten zuen ikusitakoaren aurrean, gu baino atzerago ari zen-eta telesaila ikusten.
Aitorrek erein du ikusminaren hazia gure departamenduan, Ikus-entzunezko komunikazioan, eta orain beste lankide batzuk ere ari dira Sopranotarrak ikusten. Guri dagokigunez, pentsatu dugu beste inork nahi badu gure kofradian sartu, telesail osoa ikusitakoan bazkari bat ordaindu beharko digula hiruroi, Sopranotarren tradizioari jarraiki. Eta horrela kofrade gai guztiekin. Amen.