Urteberri on!

Gabon Zaharreko afarian, Oñatin
Oraingoan onik iritsi gara 2010era, bai Gabon Zaharreko afaria eta baita Urteberriko bazkaria patxadaz igarota, ezelango eragozpenik barik. Atzo Oñatin izan ginen, Pikupe elkartean, hantxe izan baikenuen Gabon Zaharreko afaria. Gaur, berriz, Esteñibarren izan gara, Gazeta auzoan, Elorrion. Bietan giro ona eta jateko aparta izan dugu.

Bien artean baina, Urteberriko kontzertua ikusi dut, Vienakoa. Bigarren zatiarekin batera, dokumental bat ikusi dut, zelan antolatzen den kontzertu hori. Biak gozatzeko modukoak. Orain etxean, lasai-lasai. Urteberri on denoi! (Argazkia: Juan Bautista Aranzabal)

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Urteko gailurra, Vancouver

Espedizioa, prest
Gezurra dirudi, 365 egun joan dira urtea hasi zenetik, eta dagoeneko zahartu egin zaigu. Badoa. Zerbait gogoratu beharko banu 2009 zahar honetatik, zalantza barik izango litzateke udan Vancouverren igaro genuen denbora.

Hogeita sei urte ziren Vanouver utzi genuenetik. Orduan bi ginen, Bego eta biok. Oraingoan, berriz, hiru joan ginen, Miren alaba gurekin etorri baitzen. Dena Prowse familiari esker, eurenera joatera gonbidatu gintuen-eta. Hamabost egun zoragarriak izan ziren. Ni horrekin geratuko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Far Westeko Euskal Herria

Liburu bikaina da Far Westeko Euskal Herria. Irakurri berri dut, eta izugarri gustatu zait. Asun Garikanok idatzi du, Pamiela argitaletxean, eta jakin nahi baduzue zelakoa izan zen euskaldunen emigrazioa AEBetara, bertako Mendebaldera batez ere, hauxe duzue liburua. Ondo dokumentatuta dago, ederto antolatuta eta bikain idatzita.

Euskaldun askoren kontuak kontatzen dizkigu liburu honetan Asun Garikanok, gizonenak batez ere, baina egileak ahalegin berezia egin du emakumeenak ere lurpetik ateratzen, orain arte ia inork egin ez duena, eta eskertzen zaio saioa, emankorra izan baita.

Bainaren bat ipintzekotan, argitalpenari ipiniko nioke, argazki asko eta asko kromoen tamainakoak agertzen baitira. Nahiago nukeen Pamielak argazki gutxiago aukeratuta, handiagoak atera balitu. Emaitza ederragoa zatekeen. Nik erositako liburuak, bestalde, zortzi orrialde ditu amaieran inprimatu barik, zuriz. Ez dakit nire alearen arazoa bakarrik izan den ala zabalagoa.

Edozelan ere, liburu bikaina duzue, monumentu bat etorkizun hobearen bila AEBetara joan ziren gizon-emakume euskaldunei.

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Gabon gaueko afaria

P1080831
Patxadan igaro genuen Gabon afaria, eta are patxada handiagoan Eguberri eguna. Afaria gurean egin genuen. Bertan elkartu ginen Aitor koinatua, Idoia koinata, Jon iloba, Zanna iloba, beronen laguna Catia eta gu hirurok. Ordu txikietan, berriz, auzoen bisita izan genuen, Begoña, Josean eta Josebarena.

Gabon afariko argazkiak Flickr-en daude ikusgai. Hasierako laupabostak izan ezik, gainerakoak dira Aitorrek ateratakoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Aurten, Gabonetako arbolarik ez gurean

Olentzero gurean
Aurten eten egin dugu hogeita bost urteko tradizioa gurean. Gabonetan ez dugu arbolarik ipiniko. Horren ordez, mahai bat jarri dugu balkoi ondoan, eta berorren gainean Olentzero, zenbait apaingarriz lagunduta. Erabat minimalista. Begok atondu du, eta besteok pozik aldaketarekin.

Alde batera geratu da arbola artifiziala, Bergaran bizi ginela Eroskin erositakoa.

Eguberri on!

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Bilbon, Egunkariaren alde

Bilbon, Egunkariaren alde
Orain zazpi urte ezin izan nintzen joan Donostiara, artean ohean nengoen-eta, kimioaren ondorioak pairatzen. Atzo, berriz, Bilbon izan nintzen, ondo jantzita, hori bai: lau elastiko termiko, jertse lodi bat eta anorak potoloa, txanoa eta eskularruak. Lineako autobusa hartu genuen hara egiteko.

Hasi aurretik, menda poleo beroa hartu Aita Donostia plaza inguruan, eta hara joan ginen. Hotz egiten zuen, baina giro ona. Berehala hasi ginen aurpegi ezagunak ikusten: Joserra Etxebarria adierazpenak egiten ingelesez telebista bati, Asier Irizar lankidea, Itziar Irizar ikaslea Mexikotik ailegatu berria, bere ahizpa Ihintza, HUHEZIko beste zenbait ikasle, Xabier Elorza HABEkoa, Jesus Garmendia aspaldiko adiskidea… Berbaldi bat honekin, hitz batzuk harekin, noizbehinka gelditu, txaloak jo… Gu atze aldean gindoazen, eta Zabalburura iritsi orduko, aurrekoan udaletxean ziren.

Bukaeran, Lazkaoko aspaldiko lagunak agurtuta, Alejandro eta Itziarrekin alkartu ginen, eta haiekin joan ginen taberna batera, zerbait beroa hartzera. Handik pauso bizian, Termibusera. San Mamesetik jende irteten. “Athletic, Athletic…!”, entzuten zen kanpotik. Autobusaren zain ginela, jakin genuen, lekeitiar athletic zale batek esanda, Athleticek 2-0 irabazi ziola Osasunari, eta Barçak ere 1-2 irabazi zuela Munduko Kopan. Oraingoan, zutik egin genuen Durango arterainoko bidea. Barruan, bero itzela, giza beroa. Jende gehiena, manifestazioan eta San Mamesen izandakoa. Denak pozik.

Elorrion, izotza. Pinto tabernara joan ginen, egunak amaiera ona merezi zuen-eta. Mahai gainean, entsalada, arrautzak pernilarekin eta gazta irasagarrarekin. Edateko, ura eta ardoa, Ostatu. Handik, zuzenean etxera.

Postdata: Orain urtebete luze Mondragoen izan nintzenean Isaias Carrasco hil berriaren omenaldian, orduan euskaradun jendea sentitu nuen faltan Arrasateko plazan. Atzo, berriz, erdaldun jendea sentitu nuen falta zela Bilboko kaleetan. Hemen transbersalitaterik ez da inon ikusten.

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Nire lankideak

Irakasleak, kalistroan
Argazki honi begira nagoela —kanpoan elurra ari du, barruan Nabucco entzuten da, Verdirena—, pentsatu dut zelako lankide onak ditudan: langileak, amoltsuak, esker onekoak, dedikatuak, solidarioak, beti laguntzeko prest… Euren ondoan ondo sentitzen naiz, etxean beti.

Hirugarrena ez dakit nor den, baina besteak bai: Goio, Pili, Onintza, Nerea eta Karmele. Plazer handia da zuekin lan egitea. (Argazkia: Yera Sanchez)

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Epaiketa lotsagarria

Egunkariako epaituak
Ausartu ziren Euskaldunon Egunkaria ixtera, eta, zazpi urte geroago, ausartu dira Egunkariako bost lagun akusatuen aulkietan jezarraraztera, Auzitegi Nazionalean. Lotsabakoak!

Antolatu nahi ditut neure ideiak auzi honen inguruan, baina oso zaila egiten zait: hitz eta adjektibo potoloak datozkit bor-borka etengabe, minduta nago-eta kasu honekin. Espainia (estatua, gobernua, justizia, hedabideak…) injustizia handia egiten ari da euskaldunokin, pertsona hauek auzibidean jarrita, gaizkileak balira bezala.

Orain zazpi urte ezin izan nintzen joan Donostiara Egunkariaren aldeko manifestaziora, ohean nengoen-eta, kimioak hartaratuta. Datorren larunbatean, berriz, Bilbon izango naiz, askatasuna eskatzeko Egunkariako lagunentzat, zirko iraingarri horrek erantzun irmoa behar du-eta. (Argazkia: Hitza.info)

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Itsasoen itsasoa eta Tomas Ondarra

Bego eta Tomas
Joan den ostiralean Bilbon izan ginen Bego eta biok, gure lagun batek, Tomas Ondarrak, margo erakusketa bat inauguratu baitzuen BBK Kultur Gelan, Elkano kalean.

Erakusketa ederra egin du Tomasek, itsasoa gai hartuta. Zehazkiago esanda, itsasoa, olatuak, aparra, ura, haizea… Sartu egin da Tomas uretan eta ikuspegi oso berezia lortu du, uretan bertan sartu bailitzan.  Erakusketa irekita egongo da 2010eko urtarrilaren 9a arte.

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Post-Nothing: 2009ko 16. diskorik onena

Japandroids: 2009ko 16. diskorik onena
SPIN aldizkariak argitaratu berri duenez, Japandroids taldearen lehen diskoa, Post-Nothing, izan da 2009ko 16. diskorik onena. Aldizkariak sailkatu ditu urteko 40 diskorik onenak, eta Vancouverko mutilek aise gainditu dituzte U2, Lily Allen, Wilco, the Flaming Lips eta beste talde ezagun asko.

Bi mutilek osatzen dute Japandroids: Brian King eta David Prowse. Azken
hau nire haur besoetakoa izan zen, 80. hamarraldiaren erdi aldean, Bego
eta biok Vancouverren bizi izan ginenean.

Halako batean —berandu baino lehen, espero dut—, Japandroids taldea Euskal Herrira etorriko da. Ordurako, izan gogoan talde hau, hots handia egingo du-eta.

Egunkaria libre!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1