OpenStreetMap ikasten

Mikel eta Juan Bautista
Atzo Eibarren izan ginen, Tagzania zerbitzuen bulegoetan, bertako lagunek erakutsi behar ziguten-eta zelan erabili JOSM editorea Euskal Herria mapeatzeko OpenStreetMap proiektuaren barruan. Guztira hamabost bat lagun elkartu ginen, gehienak adituak eta arituak —Etxebeste anaiak adibidez (beheko argazkian)—, eta gutxi batzuk piperrik ere ez genekienak, baina gogo biziz ginenak zerbait ikasteko —Juan Bautista anaia eta biok, esate baterako.

Pozik irten ginen handik, oso ondo hartu gintuztelako eta, behar izan genuenoi, gidaritza pertsonalizatua eskaini zigutelako. Gure kasuan Mikel ordiziarra eta Dani gasteiztarra izan ziren irakasle adeitsuak. Bestetik, Mikel Lizarraldek eta Gari Araolazak OSM proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkiguten, testuinguru eta baliabide egokiak eskainita.

Etxera iritsi bezain laster, ordenagailua piztu, OSM ireki, eta hasi nintzen ekarpen txikiak egiten Elorrioko mapari, bere garaian Mikel Lizarraldek eta Luistxo Fernandezek landutakoa: tabernak, jatetxeak, dendak, etab. gehitzen. Hasi gara lanean. Mila esker Tagzaniako kideei!

Etxebeste anaiak

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Anbulatorioan, zain

Betiko moduan, atzo ere lanera joan nintzen. Hala ere, ez nengoen ondo. Hirugarren egunez, eztarriko mina, buruko mina, flema ilunak eta begiak siku nituen. Horrela egonda, pentsatu nuen hobe nuela medikuenera joan, eta lehenbailehen konpondu egoera. Beraz, Elorrioko anbulatoriora deituta, esan zidaten goizeko 09:55etan egoteko han, larrialdiko dei moduan hartuko ninduela nire medikuak.

Hantxe nengoen, agindutako orduan. Hamarrak pasata, medikua sartu zen bulegoan, eguneko bileratik. Jendea hasi zen sartzen. Bat, beste bat, hirugarrena… Horrela ordubetez. Hori ikusita, harrerara jo eta galdetu nuen ea zerrendan nengoen, eta baietz, deituko zidatela.

Ordurako Berria goitik behera nuen irakurrita, tartean Mikel Morrisen artikulu aipagarria. Horrela, 11:55ak iritsi ziren, eta ni hantxe, zain. Berriro harrerara. Ea normala zen hitzordua 09:55etan emanda hainbeste denboran itxaron behar izatea. Ezetz. Neskak telefonoz deitu medikuari, ea zerrendan nindukan, larrialdi moduan nengoela. Hark, baietz, laster deituko zidala. Orduan bai, deitu zidaten, bi ordu itxaroten igarota.

Total, orain pare bat aste emandako antibiotikoak ez direnez nahikoa izan, oraingoan antibiotiko gogorragoak agindu zizkidan, hamar egunez hartzeko. Eragindako itxaron aldiaz, berriz, hitz erdirik ere ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Aspaldiko bideoa

1990ean izango zen, Arrasate Telebistaren hastapenetan, Elton John abeslariaren bideo bat ikusi nuen, Club At The End Of The Street, eta liluratuta geratu nintzen.

Harrezkero ez dut ikusi… gaur arte. Igartzen zaio denboraren joana, baina oraindik ere ederra da. Gozatu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Twitpic, txikerra baina gogorra

2008an, Noah Everett gazteak nahi zuen argazkiak partekatu Twitteren. Artean ez zegoenez modurik horrelakorik egiteko, zerbitzari zahar bat hartu eta Twitpic sortu zuen proiektu osagarri gisa. Begira zer lortu duen aldi labur horretan, Mixergy aldizkariaren arabera:

  • Trafikoari dagokionez, Alexak dio Twitpic 100 webgune bisitatuenen artean dagoela.
  • 2009an 1,5 milioi dolar irabazi zituen publizitatean.
  • Saldutako milioi bakoitzeko, enpresa geratzen da 700.000 dolarrekin.
  • Webguneak ditu 6,5 erabiltzaile izen emandakoak.
  • Oraindik orain baten batek egin omen dio Noah-ri zortzi zerotako eskaintza bere negozioarengatik.
  • Lau lagun bakarrik ari dira lanean enpresan, Noah-ren gurasoak barne.

Oraintsu bete da urtea hegazkin bat erori zenetik Hudson ibaira, New Yorken. Oraindik ere, orduko argazkirik gogoangarriena da turista batek bere telefonoarekin atera eta Twitpicen argitaratu zuena, hegazkinekoei laguntzera zihoazela ferry batean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Normaltasuna ala asimilazioa?

Atzo Euskadi Irratiak honela ireki zuen eguerdiko albistegia:  “Ordu erdi barru iritsiko da Maria Teresa Fdz de la Vega Haitira”. Hori ote da normaltasuna, Gasteizko gobernu berriak hainbestetan aldarrikatzen duena?

Euskadi Irratiak horrela irekitzea albistegi bat —eta hori behin eta berriro errepikatzen ari da—, hori ez da normaltasun seinale. Hori da ahalegin garbia entzule euskaldunak Espainiara begira jar gaitezen. Normaltasuna baino, euskaldunok asimilatzeko ahalegina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Johan Cruyff, futbolaz

Orain hilabete-edo jakin nuen Johan Cruyff futbolista eta entrenatzaile ohiak astero idazten duela El Periódico de Catalunya egunkarian. Futbolista moduan paregabea izan zen. Baita entrenatzaile gisa. Eta, zer esanik ez, nire harridurarako, iritzi emaile moduan.

Johan Cruyff-ek asko daki futbolaz, eta oso ondo idazten du, nahiz eta kazetariren baten laguntzarekin izan. Kontua da bere iritziak oso landuak direla, eta erabat zentzuzkoak, nire iritzian behintzat. Noiz edo behin aukerarik baldin baduzue, irakurri. Ez zarete damutuko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Kaikua bezain ergela

Kaiku halakoa!
Herenegun izan zen. Goizeko lehen orduan lanera nindoala autoan, Kaiku enpresaren iragarki bat entzun nuen Euskadi Irratian. Bukaeran, harri eta zur geratu nintzen, entzun nuenean zioela “Ni Kaiku naiz!”. Kaikua izan behar, bai, horrelako zerbait esateko, kaikua bezain ergela.

Ez dugu barkamenik. Aurreko batean Iñigo Fernandez Ostolazari irakurri nion Euskal Herrian egiten den publizitate diglosikoaz. Hauxe da horren adibide negargarri bat, beste bat. Iragarki hori gaztelaniaz pentsatu da, eta euskarara ekartzeko orduan, hitzez hitz itzuli da, kontuan hartu barik euskaraz irain bat erabiltzen ari zirela, kaiku izatea ergel izatea baita.

Kanadan ginela, Mitshubishi enpresak Pajero izenarekin merkaturatu zuen beribil bat Ipar Ameriketan. Hala ere, Espainian aldatu egin zioten izena, pajero hitzak konnotazio negatiboak zituelako, eta Montero izena jarri zioten, soinuz antzekoa, baina ez esanguraz. Japoniakoa bada ere, Mitshubishik  zaindu egiten ditu horrelako xehetasunak, tokian tokiko errealitateak aintzat hartuta. Kaiku hemengoa da, baina, bistan denez, jakin ere ez daki zer dioen euskara darabilenean. Kaiku halakoa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Joxe, besterik gabe

Egun hauetan Anjel Lertxundi idazlearen azken liburua irakurtzen ari naiz, Eskarmentuaren paperak, eta hor pasarte polita aurkitu dut pertsonon izenen gainean:

  • Izenen hautapen hutsak, ekintza poetiko horrek, arrasto bat baino gehiago eman dezake umearen gurasoen jatorri, ikasketa, gustu edo joera politikoari buruz. Izen baten hautapen hutsak, begi-bistakoa da, asko marka ditzake izenaren jabea eta jabearen bizitza. (38. or.)

Hori irakurri, eta pentsatzen jarri naiz neure izenari buruz. Jose jarri zidaten izena jaio berritan, baina ez dakit zergatik, ez bainintzen jaio San Jose egunean. Gogoan dut, bai, mutiko nintzela, jende askok galdetzen zidala ea Jose ote nintzen, besterik gabe, ala Jose Mari, Jose Antonio, Jose Juan edo Jose Julian. Nik, behin eta berriro azaldu behar izan nuen nire izena hitz bakarrekoa zela.

Aukera izan nuenean izena euskaratzeko, Joxe hobetsi nuen, Josebaren ondoan, hark zuelako antz handien nire izenarekin, eta Mondragoeko Bake Epaitegian galdetu zidatenean ea beste inork bazuen izen hori, nik baietz, Joxe Azurmendi idazleak, bat aipatzearren.

Idahon ginela, berriz, lagun batek gomendatzen zidan erosoago ibiliko nintzela aurkezten banuen neure burua Joe moduan, amerikarrei errazago egingo zitzaielako. Nik, ezetz, Joxe nintzela. Eta amerikarrek errazago ikas zezaten nire izena, horrela letreiatzen nien: [hoshe].

Gaur egun, bestalde, familiako txikien aurrean nire burua aurkeztu behar dudanean, esaten diet Joxe-moxe naizela, eta tio Julian zenak kantatzen zidana kantatzen diet:

  • Joxe-moxe gitarra,
    Ahuntzak hainako bizarra,
    Botako leuke, botako leuke
    Frantziarainoko buzkarra…!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

2009an irakurritako liburuak

Iaz 34 liburu irakurri nituen. Horietatik, erdia baino apur bat gehiago
(%53) izan ziren fikziozkoak. Hizkuntzei dagokienez, gehienak euskaraz
irakurri nituen (%64,7), baina baita gaztelaniaz (%23,5) eta ingelesez
ere (%11,7). Hurrenkera honetan joan nintzen irakurtzen:

  • Zorion perfektua. Anjel Lertxundi. (Alberdania)
  • Momentos estelares de la humanidad. Stefan Zweig. (Acantilado)
  • Bilbao-New York-Bilbao. Kirmen Uribe. (Elkar)
  • Abestitzak eta poema kantatuak. Xabier Lete. (Elkar)
  • Darwin. Johannes Hemleben. (Alianza editorial)
  • Gau ilunekoak. Joseba Sarrionandia. (Elkar)
  • El lector. Bernhard Schlink. (Anagrama)
  • Twitter revolution. Deborah Micek & Warren Whitlock. (Xeno Press)
  • Zazpi etxe Frantzian. Bernardo Atxaga. (Pamiela)
  • Tribes. Seth Godin. (Portfolio)
  • Medikuak esan dit minbizia dudala. Joxe Aranzabal. (Elkar)
  • Euskal kultura? Antton Luku. (Pamiela)
  • Gaueko hegaldia. Antoine Saint-Exupéry. (Igela)
  • Ez ezkondu, aita! Fina Casalderrey. (Elkar)
  • What Would Google Do? Jeff Jarvis. (Collins Business)
  • El blog del Inquisidor. Lorenzao Silva. (Destino)
  • Momentos estelares de la ciencia. Isaac Asimov. (Alianza editorial)
  • The Twitter Book. Tim O’Reilly & Sarah Milstein. (O’Reilly)
  • Los hombres que no amaban a las mujeres. Stieg Larsson. (Destino)
  • Etxe hutsean. Karlos Linazasoro. (Alberdania)
  • Kolosala izango da. Joseba Sarrionandia. (Txalaparta)
  • Hildakoek ez dute hitz egiten. Arthur Schnitzler. (Alberdania & Elkar)
  • Axular. Mendea. Gizona. Liburua. Aita Luis Villasante. (Jakin liburu sorta)
  • Londres kartoizkoa da. Unai Elorriaga. (Elkar)
  • Zalakain abenturazalea. Pio Baroja. (Alberdania & Elkar)
  • Elkano, itsasoak emandako bizitza. Gari Berasaluze. (Txalaparta)
  • Caín. José Saramago. (Alfaguara)
  • Carlos esaten zioten gizona. Pedro Alberdi. (Alberdania)
  • Zeruan zer berri. Pello Zabala. (Alberdania)
  • Castellio contra Calvino. Stefan Zweig. (Acantilado)
  • Far Westeko Euskal Herria. Asun Garikano. (Pamiela)
  • Manuel Iradier. Afrikako arimaren esploratzailea. Ramon Olasagasti. (Elkar)
  • Izan bainintzen Nafarroako errege. Aingeru Epaltza. (Elkar)
  • Musika airean. Karmele Jaio. (Elkar)

Denak
ez ziren lehen aldiz irakurritakoak, hiru bigarrengoz irakurri baititut
(Darwin, Axular eta Medikuak esan dit minbizia dudala, azken hau
hitzaldi bat prestatu beharra nuelako).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Asteburu zuria

Bego, Mikel eta Fatima Gazetan
Asteburu zoragarria izan da joandako hau. Aspaldi ez bezala ikusi dugu elurra mara-mara egiten, batez ere larunbat iluntzean, eta aukera baliatu dugu bazterrak beste ikuspegi batez ikusteko. Mendiko botak eta neguko jantziak aldean, oinez ibili gara batera eta bestera, eta poza ikusi dugu bazterretan. Flickr-en duzue argazki sorta, bi eguneko lekuko gogoangarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina