Miguel Delibes

Berau da, Miguel Delibes, gaztelaniaz gehien irakurri dudan idazlea. Hil egin da, baina bere lanak hemen segituko du, edonoiz eta edonon irakurtzeko moduan. Horregatik, ez dut hainbesteko pena hartu.

Haren prosak liluratu nau beti, zein ondo, zein sinple eta zein argi idatzi duen. Bere begiekin ikusi dut Gaztela, eta bere iritzien bidez ikasi dut izadiaren gainean. Gizon aparta iruditu zait, zentzuz betea literaturaz kanpo ere hitz egiten zuenean.

Neure-neurea dut Miguel Delibes, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia edo Stefan Zweig ditudan bezainbeste.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Komunikaldi emankorrak

Bukatu dira Komunikaldiak, eta, ni behintzat, pozik geratu naiz, uste dut-eta oso emankorrak izan direla. Aitor Arregik eta Amaia Txintxurretak sekulako lana egin dute jardunaldia prestatzen, eta baita beraien inguruan eratu zen talde laguntzaileak. Denoi, zorionik beroenak.

Pozik nago hizlariek eman zuten mailarengatik. Ruben Sanchezek oso ondo azaldu zuen egoera, Internetek eta telebistak bizi dutena. Goizeko mahai inguruan ere informazio ona azaldu zen hango eta hemengo kasuen gainean. Eta arratsaldean gauza interesgarriak irten ziren, euskarazko esperientzietatik abiatuta.

Gustura nago Komunikazioko ikasleek (eta Hezkuntzako zenbaitek) aukera izan zutelako informazioa jaso eta ideiak kontrastatzeko gaiaren inguruan, puri-purian gaur egun. Badakit asko etorri zirela unibertsitateak kredituak ematen zizkielako edo lanak agindu genizkielako jardunaldiaren inguruan; hori ere irakaskuntzaren barruan sartzen da, eta zilegi iruditzen zait.

Kontent nago sekula baino jende gehiago etorri zelako kanpotik: profesionalak, irakasleak, ikasleak, jakinminak jotakoak, sarelariak…, denetik izan genuen 35 lagun horien artean. Aurretik ere, Twitter-en nabari zen Komunikaldion gaiak jakinmina piztu zuela bazterretan.

Bozkariotan nago atzo bertan HUHEZI TB estreinatu eta Komunikaldiak zuzenean eskaini genituelako streaming bidez, Interneten. Goizean 23 bat lagunek ikusi zuten, eta arratsaldean 17 inguruk. Txarto ez lehen eguna izateko. Antza denez, soinuarekin izan genituen arazoak. Hala ere, baliatu nahi genituen Komunikaldiak guk geuk telebista bat sortzeko Interneten, eta lortu genuen. Hemendik aurrera, hausnartu egin beharko dugu zelan erabili telebista hori, ahalik eta emankorren izan dadin.

Pozarren nago Twitter-en ere oihartzun dezentekoa lortu genuelako Komunikaldiak zirela-eta. Bertan irakasleok, zenbait ikaslek eta kanpoko lagunek hartu genuen parte.

Ikusi nahi badituzue argazkiak, atzo Yera Sanchez lankideak hartutakoak, Flickr-en dituzue ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 3 iruzkin

Zenbateraino aldatu zaitu Internetek?

Edge aldizkariak galdera
egin die munduko zientzialari, pentsalari, kazetari eta teknologo
zenbaiti, denak goi mailakoak, Internet zelan ari den aldatzen euren
pentsatzeko modua, eta jaso ditu erantzun interesgarri askoak.

Erantzun
dute Internetek egin dituela zuhurragoak, azalekoagoak, azkarragoak, ez
hain sakonak, aztoratuagoak, ez hain sortzaileak, ukiberagoak, ez hain
ikusgarriak, altruistagoak, ez hain harroak. Esan dute Internetek
izugarri hedatu duela gure memoria, baina aldi berean egin gaituela
orainaldiaren gatibu. Alderatzen dute web globala ekosistema batekin,
garun kolektibo batekin, memoria unibertsalarekin, kontzientzia
globalarekin, geografia eta historiaren mapa erabateko batekin.

Gauza
bat da segurua: zaleak izan edo kritikoak izan, denek erabiltzen dute
Internet eta denek aitortzen dute sareak inor ez duela uzten hotzepel.
Inor ezin da bizi Wikipedia edo Google ez baleude bezala, eta denek
bizi dute bat-bateko komunikazio eta jakintza globalaren lilura.

Interesgarria iruditu zait artikulua, patxadaz irakurtzekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Elurrak ipurdi bistan utzi gintuen

Atzoko elurrak ustekabean harrapatu gintuen, ni behintzat bai. Beste behin, elurrak ipurdi bistan utzi gintuen:

  • Jaiki bezain laster hartu nuen ezustekoa, Elorrio zuri-zuri baitzegoen. Euskadi Irratian, berriz, hitz erdirik ere ez elurraren gainean. Ezta Radio Euskadin ere. Autoan nindoala ere, tutik ere ez. Ezin nuen sinistu: ordu erdiro sekulako matraka emakumearen eguna, oskarrak eta kirolak zirela-eta. Elurra, berriz, missing. Lanera iritsi nintzenean, deitu egin nuen Euskadi Irratira, eta esan egin nien zer gertatzen ari zen. Gero, arreta handiagoa eskaini zioten gaiari, baina kostata.
  • Kanpazar mendateko gaina hartu nuenean —elurra mara-mara ari zuen, sendo— hara non ikusi nuen kamioi erraldoi bat pasatzen, garraio berezietakoa, Elorriorantz. Eta nire artean: zer demontre egiten du horrek hemen, errepidea horrela egonda? Gero, noski, Kanpazar itxita egon zen, ez dakit zenbat orduz, kamioi bat bidetik irten zelako, ez dakit handi hura edo beste bat.
  • Lanera bidean ez nuen ertzain bat bera ere ikusi errepidean, trafikoa zuzentzen edo laguntzen. Etxera bidean ere ez (autobidea hartu nuen horretarako, Eibar eta Durangotik zehar). Zer dela-eta gertatzen da hori?
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 3 iruzkin

Jai flamenkoa Begoñarentzat

Erretiro festa Begoñari
Larunbata egun berezia izan zen gurean, ospatu egin genuen-eta Begoña arrebak erretiroa hartu izana. Hori zela-eta, festa flamenkoa antolatu genuen Esteñibar baserrian, Elorrion, bagenekien-eta Begoñari beti gustatu izan zaiola dantza mota hori.

Norbaitek ikusi nahi baditu argazkiak, Flickr-en daude, Begoñaren erretiroa izeneko sortan. Egindako dantzaren bideoa ere bertan ikus daiteke, Dantza Begoñaren omenez bideoan. Egun gogoangarria benetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Konponbit

Mondragon Unibertsitateko zenbait ikaslek, Ingeniaritzakoak, Konponbit
enpresa sortu dute, berorren bidez dirua ateratzeko, ikas bidaia
ordaindu nahi dute-eta.

Japoniara edo Kazakhstan-era joan nahi dute,
eta horretarako, dirua behar. Horregatik, prest daude informatika kontuetan
koponketak-eta egiteko, borondatea kobratuta.  PC eta Macintosh ordenagailuak konpontzeko gai dira.

Beren zerbitzuen berri lau haizeetara zabaltzen ari dira, webgunea
sortu baitute, eta kontu bana ireki bai Facebooken eta baita Twitter-en ere. Iruditzen zait ekintzailetasun adibide bikaina dela, eta horregatik erabaki dut publizitate apur bat egitea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Putiferio

Gaztetan sarri erabiltzen nuen hitz hori, putiferio,
adierazteko egoera ustela edo txarra. Aspaldi, ordea, ez dut berau ahotan
hartu. Horregatik, gaur, irakurri dudanean Crónica de 10 años de
putiferio y desparrame,
nire begiak giltzatu egin dira Jose A. Perezen
artikuluan. EITBez ari da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ordezko medikuarekin ere, primeran

Atzo Galdakaoko Ospitalean izan nintzen, kontrol arrunta egiteko. Jesus Ojanguren nire ohiko medikua ez zegoen kontsultan, Josune erizainak esan zidanez, atzo bertan hil zitzaion-eta ama. Berria entzunda, nik ere pena hartu nuen, imajinatzen bainuen zelan sentituko zen Jesus.

Haren ordez, Koldo Atutxak hartu ninduen, berau ere Hematologia taldeko medikua. Koldok ederto egiten du euskaraz —bizkaieraz, zehatzago esateko—, eta euskaraz egin genuen geure arteko jarduna: berak itaundu, eta nik erantzun. Ondoan, neska gazteago bat entzuten, hura ere medikua.

Koldok esan zidanez, analitikaren emaitzak onak dira. Berak egindako miaketa ere, halakoxea. Beraz, San Fermin bezperako egin zidan hitzordua, hurrengo kontrola egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hiru kazetari bikain

Larunbatetan Berriak Paperezko bloga ekartzen dit opari, Imanol Muruaren asterokoa. Gustura irakurtzen dut, arretaz, informazioa eta interpretazioa eskaintzen baitizkit, zorroztasunez. Imanoli esker, egunean jartzen naiz gauza askotan, bereziki Euskal Herriaren gorabehera politikoen inguruan. Zain nago noiz kaleratuko duen hurrengo liburua, di-da batean irakurtzeko.

Igandeetan, berriz, nire begiek Igandea izaten dute helburu, Serio demonio irakurtzeko, Juan Kruz Lakastak eta Zaldieroak egindako orria. Hor ere Euskal Herriaren egoera politikoa izaten da mintzagai, baina umore klabean, eta askotan beste inon agertzen ez diren gakoak emanda, berebiziko graziarekin.

Noiz edo behin, bai Argian edo baita Berrian ere, Miel Anjel Elustodoren piezak etortzen dira: erreportaje bat dela, elkarrizketa bat dela… denak interesgarriak, eta denak oso ondo idatzita, oraindik orain Argian Junes Cassenaveri egin dion elkarrizketa bezalakoa.

Nire ustean, hiru kasu hauek erakusten dute euskarazko kazetaritzak oso elementu onak dituela, beste hizkuntzetakoak bezain onak, bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Wi-fi barik etxean

Joan den larunbatean haizeteak argi barik utzi gintuen etxean ordubetez-edo. Argia itzuli zen, baina ez wi-fia, itzalaldiaren ondorioz, berorren kablea erre egin zen-eta.

Arraro egiten zait sarbiderik ez izatea Internetera, niretzat eguneroko ogia bihurtu da-eta sarea, hortxe baitaukat informazio eta dokumentu pila, egutegi elektronikoa, etab. Ea gaur kable berria erosi eta konpontzen dugun sarbidea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin