Hiru kazetari bikain

Larunbatetan Berriak Paperezko bloga ekartzen dit opari, Imanol Muruaren asterokoa. Gustura irakurtzen dut, arretaz, informazioa eta interpretazioa eskaintzen baitizkit, zorroztasunez. Imanoli esker, egunean jartzen naiz gauza askotan, bereziki Euskal Herriaren gorabehera politikoen inguruan. Zain nago noiz kaleratuko duen hurrengo liburua, di-da batean irakurtzeko.

Igandeetan, berriz, nire begiek Igandea izaten dute helburu, Serio demonio irakurtzeko, Juan Kruz Lakastak eta Zaldieroak egindako orria. Hor ere Euskal Herriaren egoera politikoa izaten da mintzagai, baina umore klabean, eta askotan beste inon agertzen ez diren gakoak emanda, berebiziko graziarekin.

Noiz edo behin, bai Argian edo baita Berrian ere, Miel Anjel Elustodoren piezak etortzen dira: erreportaje bat dela, elkarrizketa bat dela… denak interesgarriak, eta denak oso ondo idatzita, oraindik orain Argian Junes Cassenaveri egin dion elkarrizketa bezalakoa.

Nire ustean, hiru kasu hauek erakusten dute euskarazko kazetaritzak oso elementu onak dituela, beste hizkuntzetakoak bezain onak, bai.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude