Sintrom

Gure bideak aspaldi banatu ziren, bost bat urte bai, eta, ni, behintzat, orduan izugarri poztu nintzen alde batera utzi nuelako, baina orain adiskidetu egin gara berriro —halabeharrez, dena esatera—, egunero hartzen ari bainaiz Sintrom, botika bat odola mehetzeko.

Orain tokatzen zait Sintromen errutina ikastea berriro: astelehen goizean anbulatoriora joan, eta odola atera. Egun berean, baina 14:30ean, gerturatu berriro anbulatoriora, jasotzeko aginduak hurrengo aste(et)an zenbat Sintrom hartu, odol analisien arabera erabakitzen baitute Galdakaon zenbat hartu behar dudan.

Kardiologoak esan zidanez, oraingoan bizi guztirako hartu beharko dut Sintrom, oraingo hau bigarren tronbosia izan dut-eta. Hortaz, hobe errutina ondo ikasten badut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Nire Kindle gizentzen ari da

Amazonek dio Kindle 3 irakurgailuan 3.500 liburu sar daitezkeela. Ni ez naiz, ezta hurrik eman ere, marka horretara iristen, baina dagoeneko baditut 155 liburu nire Kindlen. Horietatik, bi erosi egin ditut; gainerakoak, doakoak dira.

Ingelesez 60 bat liburu daukat, denak Kindlen dendatik jaitsiak, doan, aspaldiko liburuak direlako: Charles Darwin, Lev Tolstoi, etc. Beste 25 bat euskaraz dauzkat, Armiarmaren webgunetik jaitsita, horiek ere doan jaits daitezke-eta, ePub edo PDF formatuetan. Eta gainerakoak gaztelaniaz daude, lagun batek pasatuta. Horiek iPub formatuan zeuden, baina Calibre aplikazioaren bidez MOBI formatura pasatu ditut, horixe baita Kindlek darabilen formatuetako bat.

Une honetan bi liburu ari naiz irakurtzen Kindlen, bat ingelesez, eta bestea gaztelaniaz, eta biak eroso irakurtzen ditut, ez dut orria ukitzeko premiarik sentitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zelan irakurtzen dugun ibilian gabiltzala

Telefono aurreratuak eta tableta digitalak agertzeaz batera, hainbat aplikazio agertu dira, informazioa zabaltzekoak, eta aplikazio hauek aldatzen ari dira zelan irakurtzen dugun ibilian gabiltzala. Oraingoan hiru aipatuko ditugu: Flipboard, Pulse eta Taptu. Hirurak informazio batzaileak dira, izatez, eta ederto baliatzen dituzte sare sozialak eta ikus-entzunezkoak, informazioa era multimedian aurkezteko.

Natibo digitalek nahiago dute sarean edukiak era multimedian irakurri. Etorkin digital asko ere, konturatzen ari gara era horretara edukiak hobeto sartzen zaizkigula askotan. Horretaz jabetuta, hainbat enpresa ari dira aplikazio bereziak sortzen, informazioa era sinplean, dinamikoan eta ikusgarrian aurkezteko.

Flipboard
Gure inguruan hauxe izango da era horretako aplikaziorik ezagunena, berehala zabaldu zen-eta iPad erabiltzaileen artean. Baita Sustatun ere. Flipboard aldizkari pertsonala izan daiteke, konektatzen baitu erabiltzailearen sare sozialekin, eta erakusten baititu haiek partekatzen ari diren elementurik interesgarrienak: artikuluak, argazkiak, bideoak, aurkezpenak… dena modu ikusgarrian erakutsita, elementu bisual askorekin. Flipboard eguneratzen da lagunek eguneratu ahala euren materiala. iPhone eta iPadetan dabil.

Pulse
Pulse da informazioa irakurtzeko aplikazio bat, eta berau erabil daiteke iPhone, iPad eta Android aparailuetan. Aplikazio honek jasotzen du informazioa erabiltzaileak aukeratutako informazio-iturrietatik: tradizionalak, blogak eta sare sozialak, eta hau guztiau aurkezten du arbel batean, gelaxkaz betea, modu ikusgarrian.

Taptu
Taptu ere informazio batzailea da, eta jasotzen du informazioa erabiltzaileak markaturiko informazio-iturrietatik: lagunak, albistegiak, sare sozialak, kirolak, musika, intereseko tokiak, etab. Berau erabilita erabiltzaileak jakin dezake zer gertatzen ari den Facebook-en, Twitter-en edo Linkedin-en, parteka dezake informazioa bere sarearekin. iPhone, iPad eta Android aparailuetan dabil.

Hiru aplikazioek antzeko ezaugarriak dituzte, eta egiten dute informazioa eskuragarria, dinamikoa, ikusgarria, hurbila eta berehalakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Marijose Oraa

Sautrela saiokoak etorri arte elkarrizketa egitera —abendu amaieran izan zen hori—, ez nekien nor zen Marijose Oraa. Haiek esan zidaten Marijosek ere minbizia izan zuela, bularrekoa, eta liburu bat idatzitakoa zela. Saioak batu gintuen, zeren egun batzuk geroago, Marijosek berak idatzi zidan, bere burua aurkezten. Harrezkero, liburuak eta mezuak trukatu ditugu.

Bere liburua jaso bezain laster —Células caprichosas du izena—, berau irakurtzen hasi nintzen, interes handiz. Gura barik, bere esperientzia irakurtzerakoan, nirearen oihartzunak etortzen zitzaizkidan gogora: beldurrak, nekealdiak, itxaropenak, pozak, familia…

Erabakimen handiko emakumea iruditu zait Marijose, zintzoa bere buruarekin eta bere ingurukoekin. Bizitza maite du, eta zaindu egiten du bere bizitza proiektua. Gaixotasuna ere horrela gainditu du, bizipozez eta elkartasunez, jakin du-eta bere inguruan maitasun sare bat eraikitzen.

Células caprichosas bere esperientziaren isla da. Gustura irakurri dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Galdakaoko Ospitalearen tripak, agerian

Galdakaoko Ospitalearen tripak
Ospitaleetan bero egin ohi du. Aste honetan Galdakaokoan izan naizenean ere, kanpoan hotz, baina barruan bero egiten zuen. 322. gelatik ikuspegi hau neukan: bertan berokuntza zentralaren barrunbeak agertzen ziren, baina Pompidou Center bailitzan antolatuta, dena begi-bistan. Argazkia telefonoarekin atera nuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Lau egun ospitalean

Joxe Aranzabal Galdakaoko Ospitalean
Astelehena ezkero ospitalean izan naiz, Galdakaon, tronbosia izan dut-eta ezker hankan. Orain sei urte bezala, astelehenean Eco Doppler bat egin zidaten, ekografia berezi bat, eta hark salatu zuen zaineko tronbosi partziala izan nuela, ezkerreko femoro poplitean. Orduan ospitaleratuta sei egun egin banituen ere, oraingoan lau izan dira, atzo bidali ninduten-eta etxera.

Larunbatean ohartu nintzen zerbait arraroa gertatzen zela. Berotze-ariketak eginda, eguerdian Begorekin irten nintzen arineketan egitera: ezin izan nuen minutu bat baino gehiago egin, ezker hankan sekulako presioa hasi bainintzen igartzen, hankaren sagarretan. Etxeratzerakoan —oinez egin nuen buelta—, hanka gogortuta neukan, eta apur bat handituta. Igandean ere horrela segitu nuen. Beraz, astelehen goizean Galdakaora joan nintzen, begira ziezadaten hanka, zer gerta ere.

Ikusi zutenean tronbo bat nuela, odolbildua hankako zain batean, esan zidaten ospitaleratu beharra nuela. Larrialdi zerbitzuetan gurpildun aulki bat eman zidaten, eta harekin ibili nintzen atzera eta aurrera. Gelara eramandakoan, ostera, agindu zidaten lehen egunean, behintzat, etzanda egon behar nintzela, bestela odolbildua askatuz gero, biriketara joan zitekeen, eta orduan egoera larria izango bailitzateke.

Irakurtzen
Egun hauek lasai igaro ditut, ez dut-eta minik eduki eta primeran zaindu bainaute. Asko irakurri dut —zoritxarrez, ezin izan nuen ospitalera eraman Kindle erosi berria, igandean hilda moduan geratu zitzaidan-eta etxean, seguruenik lehen aldiz pizterakoan bateria kargatu ez nuelako—, eta irakurri liburuak eta egunkariak batik bat. Hala ere, ezin izan dut Internet erabili, ez nuen-eta sarbiderik Osakidetzaren wi-fian.

Ondorioak
Kardiologoak esan dit 15 egun hartu behar dudala eritasun baimena, baja alegia. Niri askotxo iruditzen zait. Ea astebete eginda nahikoa den. Edozein modutan, etxetik egingo ditut zenbait lan. Halaber, esan dit sei hilabetez, gutxienez, galtza estu bat jantzi beharko dudala ezker hankan, eta, seguruenik, Sintrom hartu beharko dudala bizi guztirako, ziurtatzeko odola mehe-mehe ibiliko zaidala zainetan. Hori ere penitentzia handiegia iruditzen zait niri, baina saiatuko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 12 iruzkin

Mitxel Kaltzakorta

Mitxel liburutegian
Atzo hogeita hamar bat lagunek bazkaria egin genuen Azkoaga-enea hotelean, Eskoriatzan, agur esateko Mitxel Kaltzakorta lankide eta lagunari, oraintsu hartu du-eta erretiroa, 29 urte eginda Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.

Eskoriatzara etorri zenean, bertako Irakasle Eskolan hasi zen lanean Mitxel, euskarazko eskolak ematen. Gero, han eta hemen ibili izan da lan bera egiten, baina askotan fakultatetik kanpo. Artikulu asko idatzi ditu, eta hainbat liburu. Azkena, Prosa komunikagarriago egiten. Zenbait proposamen.

Nik 2001a ezkero izan dut harremana Mitxelekin, HUHEZIn hasi nintzenetik. Orduz gero berba asko egin izan dugu, gehienetan euskararen gainean, eta asko ikasi dut beragandik. Faltan sentituko dut.

Agur-bazkariko argazkiak Flickr-en zintzilikatu ditut, sorta batean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Atabala

Atabala blog bat da, eta sortu du Mondragon Unibertsitateko irakasle talde batek, Ikus-entzunezko komunikazioa lantzen duena Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, Eskoriatzan. Hortaz, bereziki komunikazioa izango da aztergai blog horretan.

Hamasei irakasle txandatuz joango gara, hitz egiteko zineaz, egunkariez, telebistaz, komunikazio korporatiboaz, publizitateaz, sare sozialez, etab. Atabalak MU Komunitatean hartzen du ostatu, Mondragon Unibertsitatearen webgunean. Gonbidatuta zaudete berau bisitatzera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Iritsi da Kindle irakurgailua

Kindle iritsi da
Atzo etxera iritsi nintzenean, postontzian begiratu nuen —orain hiruzpalau egun abisu bat jaso bainuen Amazonena, esanez urtarrilaren 18an-edo jasoko nuela irakurgailua—, baina han ez zegoen ezer. Etxean, berriz, kaxa bat ikusi nuen egongelan, Amazonen logoarekin, eta orduan bai, jakin nuen Kindle iritsia zela.

Hiru elementu zituen kaxak: Kindle 3.0 irakurgailua (wi-fiarekin dabil), funda eta egokigailua. Aparailua piztea di-da batean egin nuen. Baita wi-fia ezartzea ere. Hortik aurrera, saltseatzen ibili nintzen. Probatzeko, liburu bat erosi nuen, ordainduta, eta minutu bat igaro aurretik, bertan neukan. Ondoren, 36 liburu jaitsi nituen, doakoak, denak klasikoak, eta denak ingelesez.

Lehen begiratuan, ez dauka iBooks aplikazioak duen lilura eta finezia, iPad batean ikusten dugunean, baina irudipena daukat Kindle hau eta biok ondo konponduko garela. Esango dizuet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Kindle bat erosi dut

Gabonak aurretik, Mikel Lizarralde lagunak Kindle bat jarri zidan esku artean, Kindle 3.0, Amazonen irakurgailu digitala. Eta erakutsi zidan zelan dabilen. Gustatu zitzaidan. Bego emazteari esan nionean, animatu egin ninduen erostera. Eta, lehendik ere banenbilenez zalantzan —erosi, ez erosi—, ez nuen behar izan bultzada handiagorik berau enkargatzeko. Amazonen sartu, eta erosi egin nuen.

Erosi bezain laster, Miren alabari esan nion irakugailu digital bat erosi berri nuela. “iPad bat?” piztu zitzaion aurpegia. “Ez, Kindle bat, liburuak irakurtzekoa”. “Ah!”, erantzun zidan, interesa erabat galduta. Alde horretatik, beraz, trankil nago, badakit-eta Mirenek ez didala traba handirik egingo aparailu berriarekin.

Kindle berria aste honetan edo hurrengoan iritsiko da. Espero dut Javier Vizcainok bere irakurgailuarekin jasotako ezusteko eskasa ez jasotzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin